Noticias

EUSKAL KULTURAZ LEIPZIG-EN

ikastaroak Leipzig

Abenduaren hasieran, Lourdes Otaegi irakaslea (MHLI) LEIPZIGeko Unibertsitatean izan zen, eta, Unai Lauzirika irakurlea lagun, ikastaro bi eskaini zituen bertan. Hona hemen haien berri laburra.

Lehen saioak La globalización como desafío cultural para las lenguas minoritarias zuen izenburua, eta globalizazio kulturalak hizkuntza gutxitutetako sortzaileei sortzen dien kezkaren inguruan garatu zen. Izan ere, XX. mendean modernitateak euskal kulturaren ateak jo zituenetik hainbat egilek hausnartu du euskarazko literatura produkzioak erronka horren aurrean egin lezakeen ekarpenaz. Hala, Lizardi edo Lauaxeta sortzaileek, nola Bernardo Atxagak edo Kirmen Uribek gai honen inguruan emandako erantzun literarioak alderatu zituen bere hitzaldian Otaegik.

Bigarren saioan, berriz, Desde las ikastolak hasta Xabiertxo: el proyecto educativo en el periodo de entreguerras izenburupean, euskal eskolen sorrera ekarri zuten egitasmoen inguruan mintzatu zen irakaslea. Ekimen hartan parte hartutako pertsonak (Arana-Goiri, Azkue, Elizalde, Munoa, etab.), erakundeak (Foru Aldundiak, Eusko Ikaskuntza, etab.) argitaletxeak (Lopez-Mendizabal, etab.) nahiz testu-liburuak (Xabiertxo, Umiaren laguna, etab.) izan zituen mintzagai. Azkenik, arreta berezia ezarri zuen testuliburuen arrakastan zerikusi nabaria izan zuten Jon Zabalo “Txiki” eta bere arreba Ignazia “Nornai”ren marrazki eta diseinuen ekarpen artistiko nabarian. Adibidetzat baliatu zuen “Txomin Arlote” ipuinean bertsionatutako Joxemiel Barandiaranek XX. mende hasieran Ataunen Bildu zuen “Patxi errementarie” narrazioa. Saioaren osagarri gisa, Paul Urkijok zuzendutako “Errementari” filma (2017) eskaini zen.

Mostrar 1 las 1 | 1 entradas en total