NAZIOARTEKO BILTZARRA: "ZENTSURA ETA LITERATURA: MEMORIA EZTABAIDATUAK"

Categorías: kongresuaEHUudako ikastaroazentsura

MHLI ikerketa taldeak, Mari Jose Olaziregi eta Lourdes Otaegi irakasleen zuzendaritzapean, zentsuraren inguruko nazioarteko biltzarra antolatu du. Kongresuak "Zentsura eta literatura: memoria eztabaidatuak" izena du, eta Donostiako Miramar Jauregian ospatuko da ekainaren 21-22an.

Biltzarra ikasle, irakasle eta ikertzaileei zuzendua dago, eta zentsuraren ikerketan diharduten aditu handiak bilduko ditu. Besteak beste, hizlari ariko dira Berta Muñoz (Universidad Autónoma de Madrid), Joan Oleza (Universitat de València), Xosé Manuel Dasilva (Universidade de Vigo), Raquel Macciucci (Universidad Nacional de La Plata), Dolores Vilavedra (Universidade de Santiago de Compostela), Paula Martínez-Michel (Université Tours) edota Xavier Pla (Universitat de Girona). Guztiak ere erreferentzia esanguratsuak dira zentsura-ikerketen egungo nazioarteko panoraman.

Hizlari horiez gain, MHLI taldeko ikertzaileek zentsuraren eta euskal kulturgintzaren arteko harremanak aztertuko dituzte, zentsurak euskal kulturgintzan izan duen eraginaren alderdi askotarikoetan sakonduz.

Kongresuaren baitan antolatutako hitzaldiez gain, azpimarratu beharrekoa da Joan Mari Torrealdairi egingo zaion omenaldia (Andres Urrutia euskaltzainburuaren partaidetzarekin). Torrealdai dugu zentsuraren euskal ikertzaile nagusia, eta bere ikerketak ezinbesteko erreferentzia dira alor honen ikertzaileentzat, hala Euskal Herrian nola nazioartean. Torrealdaik, La censura de Franco y los escritores vascos del 98 (1998) edota Artaziak (2000) bezalako lanetan, zentsurak euskal kulturgintzan eta bereziki literaturan izan duen eragina aztertu du ikerketa soziologiko sakonen bidez. Ikerketa horiek mugarri dira, eta kongresuak omenaldia egin nahi dio Torrealdairen ibilbideari.

Kongresuaren egitaraua eta Online matrikula