Warning: Use of undefined constant php - assumed 'php' (this will throw an Error in a future version of PHP) in /usr/home/mhli.net/web/wp-content/themes/mhli/single.php on line 1 JOSEBA SARRIONANDIAREN LITERATURAZ – MHLI
itzuli

JOSEBA SARRIONANDIAREN LITERATURAZ

Joseba Sarrionandiaudako ikastaroa

Joan den astelehen-astearte bitartean, uztailaren 18 eta 19an, Mari Jose Olaziregik (UPV/EHU irakasle eta ikertzailea) eta Nerea Eizagirrek (UPV/EHUko ikertzailea) zuzendutako Joseba Sarrionandiaren literatura: bitakora kaiera uda ikastaroa ospatu zen bertatik bertara Bilboko Bizkaia Aretoan, eta on-line zuzenean.

Lehen egunean, uztailaren 18an, zuzendarien sarrera ekitaldiak eman zion ikastaroari hasiera, eta lehen hitz horien ostean Beatriz Zabalondo (UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Euskara eta Kultura zuzendaria) eta Xabier Arauzo Uriarte (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia) izan genituen gure artean. Aipatutakoekin batera, Nerea Eizagirrek (UPV/EHUko ikertzailea) ere parte hartu zuen bere Sarrionandiaren herbeste literarioa: kontrapuntuzko idazkerarantz hitzartzearekin, bai eta Joseba Sarrionandiak berak ere. Atsedenaren ostean, Leire Bilbao idazlea eta Aiora Jaka itzultzailea entzun genituen; lehenengoa Poesia dena eta ez dena (ez diren gauzak ere badirelako) izenburupean, eta, bigarrena Tradutore tradittore. Sarrionandiaren liburutegian barna hitzaldiarekin.

Lehen eguneko goizeko saio hau, gainera, hizpide izan zen Berria egunkarian. Informazio gehiago jakin nahi izanez gero: https://www.berria.eus/paperekoa/1872/024/001/2022-07-19/sarrionandia-enigmatikoa.htm

Joseba Sarrionandiaren hitzaldia. Ezkerretik eskumara: Mikel Ayerbe eta Joseba Sarrionandia.
Iturria: MHLI artxiboa

Goizeko hitzaldi-zikloaren ostean, arratsaldean Ines Osinagaren kontzertua izan genuen, zeinak Joseba Sarrionandiarekin elkarlanean eta hura ere oholtzan zela, Sarrionandiaren letretan oinarritutako abestiak abestu zitu(zt)en: Ines Osinaga & Joseba Sarrionandia: “Olatu arteko txalupa arraroa”. Letrak eta doinuak elkarrizketan.

Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandiaren emaldiko kronika irakurri nahi izanez gero, ondokoa da Deia egunkariak argitaratutakoa: https://www.deia.eus/bizkaia/vida-social/2022/07/19/ines-osinaga-joseba-sarrionaindia-ofrecen-5829717.html

Ines Osinagaren eta Joseba Sarrionandiaren emanaldia. Ezkerretik eskumara: Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia.
Iturria: MHLI artxiboa

Bigarren egunean ere, uztailaren 19an, dinamika berarekin jarraitu zuen ikastaroak. Izan ere, goizeko saioan zenbait hitzaldi akademiko izan ziren entzungai; arratsaldean, ostera, Ruper Ordorika musikariaren eta Joseba Sarrionandiaren arteko elkarrizketa musikatuaren testigu izan ginen. Goizeko txandan, Mikel Ayerbek (UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea) eman zion hasiera hitzartzeei bere Sarrionandiaren “Narrazio guztiak” berrirakurtzen parte hartzearekin, zeinak, aldi berean ikastaroaren antolakuntzan eta garapenean ere parte hartu zuen. Jarraian, Eider Rodriguez idazlearen (eta UPV/EHUko irakaslearen) txanda izan zen Kalaportuko marinela. J. Sarrionandiaren itsasoetan barna izenburupean, eta bere ondotik eta goizeko atsedenaren ostean etorri zen Sarrionandiaren bigarren hitzaldia.

Bigarren eguneko goizeko saioez gehiago jakin nahi izanez gero: https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20220720/joseba-sarrionandia-euskal-literatura-barbaroen-zain-dago

Eider Rodriguezen hitzaldia. Ezker-eskuin: Nerea Eizagirre eta Eider Rodriguez.
Iturria: MHLI artxiboa.

Arratsaldean, esan bezala, eta ikastaroaren itxiera ekitaldi bezala, Ruper Ordorika musikariaren eta Joseba Sarrionandiaren elkarrizketa izan genuen entzungai: Ruper Ordorika & Joseba Sarrionandia: Memoriaren mapa. Abesti batzuen inguruko elkarrizketa.

Ruper Ordorikaren eta Joseba Sarrionandiaren emananldia. Ezker-eskuin: Iñaki Gorizelaia, Ruper Ordorika, Eva Ferreira, Joseba Sarrionandia, Nerea Eizagirre eta Mikel Ayerbe.
Iturria: MHLI artxiboa

Sarrionandiaren unibertso literarioaz hausnartzea eta horren inguruan aritzea eta gozatzea helburu izan duen ikastaro honek, finean, diziplinarteko ikuspegitik eta hainbat auzitan aterpe harturik, idazlearekin eta idazleaz hitz egiteko plaza eta espazio bat eskaini digu parte hartzaileoi.