Berriak

SELGyC-EK ANTOLATUTAKO XX. SINPOSIOA

santiago de compostelaselgyc

Iragan 2014ko irailaren 2tik 4ra bitartean, SELGyC-ek (Sociedad Española de Literatura General y Comparada) bere XX. sinposia antolatu zuen Santiago de Compostelako Unibertsitatean. MHLI ikertaldearen hitzaldi proposamena onartu zuten, eta parte hartu ahal izan zuen aipatu sinposioan “Cuerpos ausentes y literatura: aproximación comparatística a la representación literaria de los poetas fusilados” izenburudun hitzaldiarekin.

Argazkian, Alexander Gurrutxaga, Lourdes Otaegi, Facundo Reyna eta Dolores Vilavedra. /MHLI

Federico García Lorcaren gorpua aurkitzeko ezintasuna, balio sinboliko handia hartu duen Gerra Zibileko gertaera bat dugu. Alde batetik, Granadako poetaren gorpua lurpetik ateratzeko nahiak, berreraikitze memorialistiko baten politikaren berri ematen digu. Bestetik, bere fusilamendu eta desagerpenak hausnarketarako espazio bat eraiki dute, hainbat diziplina artistikotan hezurmamitzen dena.

Gure ikerketak, García Lorcaren errepresentazio literarioa aintzat hartzen duten obrak aztertzen ditu, batez ere euskaraz idatzitakoak, beti ere ikuspegi memorialistiko batetik. Alor honetan García Lorcak homologo bat aurkitu du Esteban Urkiaga “Lauaxeta” poeta modernista entzutetsu eta 1937an fusilatutako borrokalari errepublikarrarengan. Lauaxetaren fusilamenduak euskal kulturari egindako eraso bortitza errepresentatzen du, hori dela eta Gabriel Aresti, Bernardo Atxaga edo Koldo Izagirre bezalako idazleek, artean sortzen den ikuspegi humanistaren eta poeten fusilamenduen bortizkeriaren arteko paradoxa izan dute hizpide.

García Lorca eta Lauaxetaren eraginez karga sinboliko altuko motibo literario bat sortu da: fusilamenduarena eta gorpuak ezkutatzearena, euskal literaturan gaur egunera arte bizirik dirauena. Gudari desagertuaren paralelismo modernoa Lasa eta Zabalaren kasuetan islatzen da, bi ETAkide, torturatuak izan ostean 1983an G.A.Lekoek karetan lurperatu zituztenak. Gertakari hauen balio sinbolikoaren eraginez, hainbat obrek, Harkaitz Canoren Twist-ek kasu, edo zenbait poetak antolatutako  Lo que no ha quemado la cal (2013) errezitaldiak, historia ofizialaren eta biktimen historiaren arteko desadostasuna dute mintzagai.

Hori dela eta, galdutako figura horien errepresentazioek dakartzaten testu literarioen analisi konparatuaren bitartez, gure ikerketak, literaturak Historiak ezkutatzen dituen gorpu horiek ikusgarri egiteko dituen aukerez hausnartzen du.

TESTIGANTZA TRAUMATIKOAREN BALIO PEDAGOGIKOA: BIKTIMAK ESKOLAN

biktimakEHUeskolaikastaroak

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta MHLI ikerketa taldeak antolatu zuten “Giza Eskubideetan Oinarritutako Hezkuntza Hezitzaileentzat” izeneko XV. mintegia. Aurreko mintegietan egin den bezala, honakoan ere aztertu ziren Giza Eskubideen gaineko lanketa eskoletan eta horrek sortzen dituen kezkak eta buruhausteak.

Tradizionalki, jardunaldi hauek hezitzaile profesional zein bidean daudenak formatzeko guneak izan dira. Espazio hauen bidez hezitzaileek eskuratu dituzte zenbait baliabide Giza Eskubideen inguruko gaiak landu ahal izateko. Pasa den urtean XV. edizioa egin genuen eta bakearen hezkuntzaz, adiskidetzeaz eta testigantza traumatikoen balio pedagogikoaz jardun genuen. Gure iritziz, Hezkuntza Sistema ezin da gizartetik at aritu, ezin da mundu paraleloan bizi. Azken finean, eskola ezin da urrundu gizartean dauden eztabaida eta kezketatik, gizartearekin bat egin behar du eta, era berean, gizartea bera hobetu.

Jardunaldiak honako helburuarekin egin zen: hezkuntzan testigantza traumatikoaren erabileraren egokitasuna eta testigantzak berak izan dezakeen balio pedagogikoa aztertzea. Diskurtso biografikoetatik abiatuta, gizarte zientzien eta humanitatearen arteko eztabaida eta gatazkaz gain, testigantzak gaitasun pedagogiko izugarria adierazten du. Beraz, guri dagokigu testigantzaren ahalmen pedagogikoa aztertzea eta, era berean, eskoletan erabiltzeko egokitasuna arakatzea.

Argazkian Pio Perez Aldasoro eta Cristina Sanchez, CSIC erakundeko ikertzaile titularra. /MHLI

Euskal Herrian abian jarri dira hainbat esperientzia: “Bakerako urratsak”, “Historias que nos marcan” edota “Biktima-hezitzaileak” izeneko programak. Orain, Eusko Jaurlaritzak Bakea eta bizikidetzako egitasmoan (2013-16) heziketa-praktika hauekin jarraitu du “Adi-adian” ikas-modulua bitartez. Hala ere, 2005 urtetik hona ez dira ugariak izan gai horiek soseguz eztabaidatzeko edota gaiotan hezteko Euskal Eskola Sistemak izan dituen espazio eta aukerak. Hori guztiak ekarri ditu testigantzaren erabileraren aurreko mesfidantzak, gehienbat memoria erabiltzeko duen ahalmenarengatik.

Bizikidetza eta memoria berriarekin lotutako beste gai batzuk bezala, eskoletan testigantza traumatikoen lanketa ez dago alderdien gatazketatik at. Eskola komunitateak auzi sakonak ditu begi aurrean, ezin diogu beste auzi gatazkatsu bat ezarri; gaur egun, biktimen testigantzak lantzeko eta sakontzeko heziketa eta eztabaidarako lanabesak behar dira. Horregatik iruditzen zaigu interesgarriak direla gai honen inguruan sortu daitezkeen eztabaidak edo azterketak, eskola komunitatearen barnean, zein kanpoan. Hori dela eta, jardunaldi horretan jorratu eta sakondu ziren, besteak beste, testigantza traumatikoek izan dezaketen balio pedagogikoa eta eskoletan testigantza horiek duten hezteko potentzialtasuna. Gure herriaren etorkizunak, bizikidetzak, hezkuntza komunitateak ahalegina behar dute.

1 29 30 31 32