Berriak

Irekiera saioa

MEMORIA ETA GATAZKA EUSKARAZKO HEZKUNTZAN: LITERATURA ETA BESTE ARTEAK BALIA(BIDE) (I)

Euskal gatazkaHezkuntzaIrekiera saioaJardunaldiakmemoriamhliWorkshop sorta

Datorren asteazkenean, 2021eko urtarrilaren 13an, MHLI (Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan) ikertalde kontsolidatuak (IT 1047-16) hasiera emango dio FFI2017-84342-P proiektuaren baitan antolatutako Memoria eta gatazka euskarazko hezkuntzan: literatura eta beste arteak (balia)bide workshop sortari. Mintegi tekniko itxiak izango dira, eta telematikoki eGelaPI plataformaren bidez emango dira.

Proiektuaren helburu nagusia da literatura eta bestelako arteek (euskal) gatazken memoriarekiko duten lotura eta balio kritikoa lantzea, baita ikaskuntza-irakaskuntza maila eta agente ezberdinei egokitutako material didaktikoa sortzea ere, lanketa hori euskarazko hezkuntzaren eremura zabaltze aldera.

Ikerketa-Ekintza Partehartzailearen metodologia jarraituz, material pedagogikoak sortzeko lehen pauso gisa adituen ideien, nahiz jadanik martxan jarri diren ekimenen berri izan nahi dugu. Era berean, teoriaren eta praktikaren eremuen arteko hartu-emana eta elkarrekintza sustatu nahi ditugu.

Hori lortzeko, irekiera hitzaldiak eta lau workshop antolatu ditugu laborategi modura, nork bere ekarpena egiteko ez ezik, elkarrizketarako espazio gisa: urtarrilaren 13ko irekiera ekitaldiaren ostean, urtarrilaren 14an izango da lehen workshopa arte praktiken inguruan, urtarrilaren 21ean bigarrena, lantzeko edukien inguruan; hirugarrena urtarrilaren 28an, zeinetan adituek orain artean izan dituzten esperientziak partekatuko dituzten; eta, tresna didaktikoak hizpide izango dituen azkena, otsailaren 4an.

Memoria eta gatazkak euskarazko hezkuntzan: literatura eta beste arteak (balia)bide workshop sortaren egitaraua. Iturria: MHLI

Aste honetan, beraz, bi mintegi ospatuko dira: urtarrilaren 13an, asteazkena, 17:30tan, hasiera emango zaio workshop sortari, eta irekiera ekitaldirako MHLIko didaktika taldearen hitzaldia ez ezik, Jose Miguel Gaston (18:00), Gemma Lluch (18:30) eta Iban Zaldua (19:00) adituen hitzaldiak izango ditugu, hurrenez hurren.

Ostegunean, urtarrilaren 14an, 17:30tan lehen workshopa ospatuko da. Iratxe Jaio (17:30), Xabier Erkizia (17:45), Javi Cruz & Mikel Elorza (18:00) eta Ainara Gurrutxaga & Urko Redondo (18:15) adituen hitzaldiek osatzen dute Arte praktikak izeneko lehen zutabe hau.

Workshopen nondik norakoak gertutik jarraitzeko: https://mhli.net/