UDA IKASTAROA: MEMORIA ETA GATAZKA EUSKARAZKO HEZKUNTZAN

← All news Hezkuntzamemoria eta arteaMHLI ikertaldeaudako ikastaroaWorkshop sorta

Datorren ekainaren 22 eta 23an Memoria eta gatazka euskarazko hezkuntzan: literatura eta beste arteak (balia)bide uda ikastaroa ospatuko da, zuzenean on-line.

Urtarrilaren 13tik otsailaren 4ra, workshop sorta bat antolatu zuen MHLI ikertalde kontsolidatuko hezkuntza azpi-batzordeak (IT 1047-16), FFI2017-84342-P proiektuaren baitan (https://mhli.net/4663/). Hiru aste horietan gai zentral ugari landu ziren, hala nola, arte praktikak, landu daitezkeen edukiak, adituen esperientzia errealak eta tresna didaktikoak. Hainbat izan ziren bertaratu ziren adituak, nor bere diziplinatik, nor bere ikuspuntutik. Ikerketa-Ekintza Partehartzailea ardatz duen metodologia jarraituz, material didaktikoak sortzeko lehen pausoa izan zen diziplinarteko workshop sorta. Oraingoan, bigarren urrats bat eman dute, formatu laburrago eta trinkoagoan.

Formatua txikiagoa izanagatik, helburuak berbera izaten jarraitzen du: literatura eta bestelako arteek (euskal) gatazken memoriarekiko duten lotura eta balio kritikoa lantzea. Horretarako, ezinbestekoa izango da arlo ugaritako adituekin harreman sareak eraikitzea; bestela esanda, diziplinarteko elkarrizketarako espazioa izan nahiko luke ikastaroak, besteak beste.

Ekainaren 22an emango zaio hasiera ikastaroari, eta Amaia Elizaldek (MHLIko kidea eta UPV/EHUko irakasle eta ikerlaria), ikastaroaren zuzendari bezala, aurkezpen hitzaldia egin ondoren, hizlari arituko dira José Miguel Gaston (Memoriaren Nafarroako Institutuko zuzendaria), Josu Chueca (UPV/EHUko irakasle eta ikerlaria), Aiako Harria Gaztelumendi (Bigarren Hezkuntzako irakaslea eta “Oroimenaren harra” web-orria ekimeneko kidea) eta Ane Villagran (MHLIko kidea eta UPV/EHUko ikerlaria) adituak, hurrenez hurren.

Ekainaren 23an, berriz, gurekin izango dira Alex Carrascosa (Gernika Gogoratuz eta Gernikako Bakearen Museoko kolaboratzailea eta EDE Fundazioko aholkulari eta erraztailea), Esther Uria (EHUko irakasle eta ikerlaria) eta Amaia Arroyo (Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria).

Informazio gehiagorako eta matrikulatzeko, bisitatu: https://www.uik.eus/eu/memoria-eta-gatazka-euskarazko-hezkuntzan-literatura-eta-beste-arteak-baliabide

Matrikulazioa irekita dago, ANIMA ZAITEZ!