← All news biktimakEHUeskolaikastaroak
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta MHLI ikerketa taldeak antolatu zuten “Giza Eskubideetan Oinarritutako Hezkuntza Hezitzaileentzat” izeneko XV. mintegia. Aurreko mintegietan egin den bezala, honakoan ere aztertu ziren Giza Eskubideen gaineko lanketa eskoletan eta horrek sortzen dituen kezkak eta buruhausteak.
Tradizionalki, jardunaldi hauek hezitzaile profesional zein bidean daudenak formatzeko guneak izan dira. Espazio hauen bidez hezitzaileek eskuratu dituzte zenbait baliabide Giza Eskubideen inguruko gaiak landu ahal izateko. Pasa den urtean XV. edizioa egin genuen eta bakearen hezkuntzaz, adiskidetzeaz eta testigantza traumatikoen balio pedagogikoaz jardun genuen. Gure iritziz, Hezkuntza Sistema ezin da gizartetik at aritu, ezin da mundu paraleloan bizi. Azken finean, eskola ezin da urrundu gizartean dauden eztabaida eta kezketatik, gizartearekin bat egin behar du eta, era berean, gizartea bera hobetu.
Jardunaldiak honako helburuarekin egin zen: hezkuntzan testigantza traumatikoaren erabileraren egokitasuna eta testigantzak berak izan dezakeen balio pedagogikoa aztertzea. Diskurtso biografikoetatik abiatuta, gizarte zientzien eta humanitatearen arteko eztabaida eta gatazkaz gain, testigantzak gaitasun pedagogiko izugarria adierazten du. Beraz, guri dagokigu testigantzaren ahalmen pedagogikoa aztertzea eta, era berean, eskoletan erabiltzeko egokitasuna arakatzea.

Euskal Herrian abian jarri dira hainbat esperientzia: “Bakerako urratsak”, “Historias que nos marcan” edota “Biktima-hezitzaileak” izeneko programak. Orain, Eusko Jaurlaritzak Bakea eta bizikidetzako egitasmoan (2013-16) heziketa-praktika hauekin jarraitu du “Adi-adian” ikas-modulua bitartez. Hala ere, 2005 urtetik hona ez dira ugariak izan gai horiek soseguz eztabaidatzeko edota gaiotan hezteko Euskal Eskola Sistemak izan dituen espazio eta aukerak. Hori guztiak ekarri ditu testigantzaren erabileraren aurreko mesfidantzak, gehienbat memoria erabiltzeko duen ahalmenarengatik.
Bizikidetza eta memoria berriarekin lotutako beste gai batzuk bezala, eskoletan testigantza traumatikoen lanketa ez dago alderdien gatazketatik at. Eskola komunitateak auzi sakonak ditu begi aurrean, ezin diogu beste auzi gatazkatsu bat ezarri; gaur egun, biktimen testigantzak lantzeko eta sakontzeko heziketa eta eztabaidarako lanabesak behar dira. Horregatik iruditzen zaigu interesgarriak direla gai honen inguruan sortu daitezkeen eztabaidak edo azterketak, eskola komunitatearen barnean, zein kanpoan. Hori dela eta, jardunaldi horretan jorratu eta sakondu ziren, besteak beste, testigantza traumatikoek izan dezaketen balio pedagogikoa eta eskoletan testigantza horiek duten hezteko potentzialtasuna. Gure herriaren etorkizunak, bizikidetzak, hezkuntza komunitateak ahalegina behar dute.