itzuli

Astiberri Ediciones argitaletxea

    ASTIBERRI EDICIONES ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Astiberri Ediciones (2001- ) argitaletxea 2001. urteko martxoan jaioa zen Bilbon. Komiki eta eleberri grafikoen argitalpenean espezializatutako argitaletxea da, sektore honetan erreferente bilakatu dena, bai Euskal Herrian eta baita Espainia mailan ere. Publiko helduari zuzenduriko komiki eta eleberri grafikoak argitaratzen ditu nagusiki, baina argitaratu izan ditu haurrentzako komikiak, euskal mitologiaren inguruko lanak edo komikiaren inguruko saiakerak ere. Euskarazko edizio ildoa ere badu argitaletxeak.

    Komikigintzaren alorrean zen hutsune bat betetzeko asmoz sortu zen Astiberri Ediciones argitaletxea, kanpoan editatzen ziren lanak gurera ekartzeko eta bertako komikigintza sustatzeko asmoarekin. Helburu nagusietako bat gazte zein helduen artean komikiekiko zaletasuna sustatzea izan zen. Argitaletxearen lehen urteak zailak izan ziren, bai ekonomikoki eta baita argitaletxearen handitze eta hedatze prozesuari dagokionez ere. Hastapen haietan, 2001 eta 2005 urte bitartean Astiberri Edicionesek Trama izeneko aldizkaria editatu zuen eta hari esker lortu zuen, besteak beste komikigintzan espezializatutako liburu-dendetan ezagutaraztea. Orotara, hilabetekariaren 43 ale argitaratu ziren eta bataz beste 5.000-6.000 ale bitarteko tiradak izan zituen aldizkariak, 10.000 aleko tiradaren bat izatera ere heldu zelarik. Doako aldizkari hau argitaletxea ezagutzera emateko bitarteko garrantzitsua izan zen.

    Astiberri Edicionesek argitaratutako lehenengo lanak argitaletxeak jarraitu duen ildo editorialaren erakusgarri dira. Besteak beste, aipagarria da argitaratutako lehen lanetariko bat, Lewis Trondheimen Mis Circunstancias (2003) komikia, urte hartako Bartzelonako Komiki azokan atzerriko lan honenari emandako publikoaren saria jaso zuena.

    Egun, Fernando Tarancón, Laureano Domínguez, Javier Zalbidegoitia eta Héloïse Guerrier aritzen dira editore lanean eta  maketazio eta diseinu lanaz, berriz, Manuel Bartual arduratzen da. Urtero 50 lan inguru argitaratze dituzte eta egun lan horietako erdiak nazio mailako egileenak dira. Sortzetik, estatu espainiarreko egileen lanak sustatu nahi izan ditu argitaletxeak, hasiberriak diren egileei ere leku eginez. Honen erakusle dira, argitaletxearekin batera euren ibilbidea egin duten Paco Roca, Alfonso Zapico edo David Rubín egileak, besteak beste. Nazio mailako lanen aldeko apustua egin izanak esportaziorako aukera eskaini dio argitaletxeari eta Europako herrialde askotan ez eze,  Kanadan, Estatu Batuetan, Brasilen, Japonen, Korean, Txinan eta Errusian ere eman dira argitara, besteak beste, Astiberrik editatutako lanak.

    Hemezortzi urteko ibilbide honetan 700 lanetik gora argitaratu dituzte eta azken urteetan sari gehien jaso dituen komiki-argitaletxea bilakatu da Astiberri. Besteak beste, 2008. urtean, Miguel Gallardoren María y yo (2007) lanak Kataluaniako Komikiaren Sari Nazionala eskuratu zuen eta Paco Rocaren Arrugas (2007) lanak Espainiako Sari Nazionala. Azken sari hau berau jaso zuten Alfonso Zapicoren  Dublinés (2011), Santiago García eta Javier Olivaresen Las meninas (2014) eta Rayco Pulidoren Lamia (2016) lanek, 2012, 2015 eta 2017 urteetan, hurrenez hurren.

    2015. urteaz geroztik,  Manuel Bartualek eta  Alba Diethelmez zuzendutako ¡Caramba! argitaletxea ere Astiberri Ediciones barruan dago, argitaletxe independente gisa. Halaber, 2016. urtetik argitaletxeak komiki digitalaren aldeko apustua egin du, komiki lanetariko batzuk paperean eta formatu digitalean plazaratuz eta bakan batzuk azken honetan soilik emanaz argitara

     

    © Ane Villagran Arrastoa

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Bibliografia

    Elkarrizketak

    Elkarrizketa Tarancón, Fernandori. “Entrevista a Fernando Tarancón, socio de Astiberri”. In Gràffica. 05-12-2013. Eskuragarri hemen: https://graffica.info/fernando-tarancon-astiberri-entrevista/  [03/07/2019].

    Elkarrizketa Tarancón, Fernandori. “Entrevista Fernando Tarancón, Astiberri en Digital”. In Tomos y Grapas. 26-10-2017. Eskuragarri hemen: https://www.tomosygrapas.com/entrevista-fernando-tarancon-astiberri-digital/  [03/07/2019].

    Elkarrizketa Tarancón, Fernandori. “Entrevistando a Astiberri Ediciones”. In Youtube. Eskuragarri hemen: https://www.youtube.com/watch?v=Qp7MFQx1ihk [03/07/2019].

    Elkarrizketa Dominguez, Laureanori. “ZN entrevista a Laureano Domínguez, editor de Astiberri Ediciones”. In Zona Negativa. 19-04-2019. Eskuragarri hemen: https://www.zonanegativa.com/zn-entrevista-a-laureano-dominguez-editor-de-astiberri/  (03/07/2019).

    Webguneak

    ASTIBERRI EDICIONES. https://www.astiberri.com/.

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Villagran Arrastoa, Ane. (2019). “Astiberri Ediciones argitaletxearen (2002- ) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan. URL: https://mhli.net/artxiboa/astiberri-ediciones-argitaletxea/

     

    Download PDF

    Rayco Pulidoren "Lamia" (2016) liburuaren azala, 2017ko Komikiaren Sari Nazionala jaso zuena