itzuli

Erein argitaletxea

    EREIN ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Erein Argitaletxea (Donostia-San Sebastián, 1976-) euskal argitaletxe esanguratsua da, eta izan da, euskal kulturgintzan. Editorial Mensajeroren baitako Etor (1970-) eta Geroren (1972-) ondorengoa da; izaera independientea lortu zuen, 1976an, Jose Manuel Castells, Edorta Kortadi, Anjel Lertxundi, Xabier Lete, Jexux Mari Mujika, Asentxio Ondartzabal eta Julen Lizundiaren eskutik.

    Erein Argitaletxearen lana eta ibilbidea ulertzeko ezinbertzekoa da argitaletxeak testuinguru sozio-politiko eta, bereziki, kulturalarekiko izan duen harremana kontuan izatea; funtsean, euskal gizartearen momentuan momentuko beharrak identifikatu, erantzuna ematen saiatu eta, hein batean, aurreikusi ditu. Argitaraturiko lanak beti izan dira euskal kulturaren beharrei hertsiki lotuak. Frankismo ondorengo lehen urteetan abiatua, helburu izan du, bertze agente kulturalekin kidetzan, euskal identitatea errekuperatzen eta garatzen laguntzea. Alabaina, etorkizuna ere ikusmiran izan du beti eta horrek bultzatu du hainbat lan eta egitasmoren beharra aurreikusi eta abian jartzera. Ikuspegi horri erantzuten dio argitaletxearen izenak berak; Argia aldizkariak 1923an abiatu zuen “Erein-aro” saila Sorgin-lapurra ipuinarekin, eta erein-aro horri egiten dio erreferentzia argitaletxearen izenak. Ereinaldi horren ezaugarri nagusietarik bat izan da kaleraturiko lanen gaurkotasuna.

    Hasieran, frankismoa akitu berritan, ezinbertzeko zaharberritze lanak egin eta testuinguru berriari zegozkion erronkei erantzun ahal izateko corpusa eskaini zuen. Beti ere etorkizuna ikusmiran, euskara batuaren finkatzea izan zuen guneetarik bat. Horregatik sortu zituen, literatur lanez gain, euskal hezkuntza sistemarako irakaskuntzarako testuliburu eta material didaktikoak. Hiru ziren argitalpen ildo nagusiak, abiapuntuan: “Euskal Unibertsitatea”, “Gaur” eta “Testuak” bildumak eta Ipurbeltz (1977-2008) hilabetekaria. Lehenarekin, oinarrizko gaiak landu zituzten, euskal gizarteko erreferentziazko pertsonen eskutik; bigarrenarekin, euskal idazleen lanak; hirugarrena, aldiz, haur eta gazteendako lehen komikia izan zen, euskara hutsean argitaratua. Lehen lan horietarik zenbait dira Eugenio Ibarzabalen Diálogos en torno a las elecciones (1977), Balere Bakaikoaren Euskadiko dependentzia ekonomikoa (1977), Patxi Goenagaren Gramatika bideetan (1978) eta Juan Mari Lekuonaren Ilargiaren eskolan (1979). 1977an argitaratu zuten euskal literatura garaikidearen mugarrietarik bat: Ramon Saizarbitoria donostiarraren 100 metro. Liburu horren lehen edizioa bahitu egin zuen poliziak, 1976an, eta ez zen argitara atera 1977ra arte.

    Plazaraturiko lan eta sorturiko kidetza guztiek islatzen dute argitaletxeak hasiera-hasieratik izan zuen helburua; hau da, sortzea euskal identitatea berreskuratu eta sortzeko ziren beharrak asebetetzeko materialak, lankidetzak eta dinamika kulturalak. Argitaletxe eragilea izan da Erein, euskara batuaren eta irakaskuntzaren beharrei erantzuteaz harago, erreferentziazko literatur lanen agerleku izan baita; horren erakusgarri dira kaleraturiko hainbat lanek euskal kulturan izan duten eragina, hala nola, aipatu 100 metro, Bernardo Atxagaren Obabakoak (1988) edota Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso (1995).

    Egun, hiru arlo nagusitan biltzen da argitaletxearen uzta emankorra: gazte nahiz helduendako euskal literatura, euskaraz (eta gaztelaniaz, zenbait kasutan) kaleratzen diren testuliburuak eta saiakerak (euskaraz eta gaztelaniaz). Horiek guztiek euskarri osatu eta modernoa dute, webgunean (https://www.erein.eus/inicio/eu). Bertan, batetik, helduendako literatura biltzen duten bildumen informazioa dago, “Helduentzako literatura”, “Gazte literatura” eta “Haur literatura” gisa ordenatua; bertzetik, hezkuntzari dagozkionak badira, “Lehen Hezkuntza”, “DBH (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza)” eta “Batxilergoa”. Edozein gisatan, horiez gain, noizbehinka unibertsitate mailako ildo batzuri buruzkoak ere kaleratzen ditu Ereinek (Psikologia, Enpresa Ikasketak, Pedagogia eta bertzeren ingurukoak). Gisa horretan, euskal gizartea maila desberdinetan elikatzen duen argitaletxea da Erein.

    Ereinek izan duen etengabeko eguneratze asmoaren erakusgarrietarik bat da, aipatuez gain, lanak liburu elektroniko gisa agertzeko egin duen apustua, baita webgunea bera ere (non argitalpenei buruzko berriak, aurkezpenen bideoak, nobedadeak, bildumak eta abar agertzen diren).

     

    © Ana Gandara Sorarrain

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Gandara Sorarrain, Ana (2019). “Erein argitaletxearen (1976-) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/erein-argitaletxea/

    Download PDF

    Argazkiaren egilea: Ana Gandara