itzuli

Arrese, Gorka

    GORKA ARRESEREN SOSLAIA

    Gorka Arrese (1965- ), euskal literatura garaikideko editore erreferentzialetako bat da. Susa argitaletxeko editorea izan zen hogeita hamar urtez, 1988tik 2018 arte. Susa argitaletxea 1979an sortu zen (lehenengo zenbakia 1980koa da), eta Arrese, oraindik batxilergoko ikasle zela, aldizkarian argitaratzen hasi zen ViolentFont ezizenarekin. Aldizkariaren sortzaileak (Mikel Antza, Mikel Hernandez Abaitua Josu Landa, Mikel Antza, Xabier Montoia, Eneko Olasagasti, Pablo Sastre eta Iñaki Uria) institutuko ikasgai baterako lan bat egiteko ezagutu zituen, eta pixkanaka, taldearekin kolaboratzen hasi zen. 1983an Susa argitaletxea sortu zen Argia aldizkariaren babespean, zeinetan Antza eta Josu langile ziren, eta Arrese, ordurako Euskal Filologiako ikasle zela, Argian kolaboratzen hasi zen (transkribapenak egiten, elkarrizketak egiten, eta abar,). 1985ean, Antzak, zeina klandestinitatera igaro zen Joseba Sarrionandiaren Martuteneko kartzelako ihesa antolatu ondoren, Argiako lanpostua utzi eta Arresek hartu zuen haren lekua, zeinak, era berean, unibertsitate-ikasketak alde batera utzi zituen. Era berean, Susa argitaletxearentzako zenbait lan egiten jarraitu zuen; horien artean, Gabriel Arestiren lan osoetarako (Karmelo Landak zuzendu zuena) edizioan egin zuena aipa daiteke.

    1987an Susa argitaletxeak bi bilduma sortu zituen (Narratiba eta Poesia), haren egitasmo editorialaren bizkarrezurra izango direnak gaur egun arte. Lehenengo lau liburuak Landak editatu zituen, baina MontoiarenNarraztienmintzoa-z gero, Arresek hartu zuen bi bildumon edizio lanen ardura, eta honenbestez, Susako editore bilakatu zen. Lan horretan jardun zen 2018 arte, salbuespen batekin: 1990-1991 arteko hilabete batzuetan, Argia aldizkariak aginduta, Susako lanak utzi eta Euskaldunon Egunkaria-ko sorrerako prozesuan parte hartu zen, zeinetan Kultura saileko lehen erredakzio-burua izan zen.

    1995ean Susa argitaletxea Argia aldizkariaren egituratik atera eta enpresa propioa sortu zuen, Arrese zuela soldatapeko langile bakar. Hala, argitaletxearen egoitza Arreseren bizitokira mudatu zen, Zarautzera; lehenik alokairuan izandako lokal batera, eta geroago, 2003an, Mitxelena kaleko 67. zenbakiko lokalera.

    Arresek sarritan aipatu du idazleek egiten dutela editorea, eta ez alderantziz. Bere kasuan, nabarmendu liteke haren garaiko idazle berri askoren editore erreferentziala izan dela, 70 eta 80ko hamarkadetan jaiotako idazle askorena, alegia. Adibidez, Leire Bilbao, Harkaitz Cano, Mikel Peruarena, Eider Rodríguez eta Kirmen Uribe-k Arreseren bidez eman zituzten lehenengo urratsak idazle gisa. Horretaz gain, bere belaunaldiko zein aurrekoetako hainbat idazleren editore izan da, halaber: Jon Alonso, Iñigo Aranbarri, Itxaro Borda, Koldo Izagirre, Edorta Jimenez, Miren Agur Meabe, Xabier Montoia, Jose Luis Otamendi. Azpimarratzekoa da, bestalde, poesiaren generoak izandako garrantzia Arresek zuzendutako egitasmo editorialean. Poesia saila euskal literaturako funtsezkoenetako bat da, eta gainera, Armiarma plataformaren pean, Susakbasquepoetry.eus eta Bertso eta olerkien hemeroteka sortu zituen. Armiarmak, hamahiru atarik osatzen duten plataformak, euskal literaturaren katalogazioa eta sozializazioa ditu helburu nagusitzat, eta Arrese bera izan da proiektuaren asmatzaile eta sustatzaileetako bat.

     

    © Beñat Sarasola Santamaria

    Euskal Herriko Unibertsitataea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Sarasola Santamaria, Beñat (2019). “Gorka Arreseren soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/gorka-arrese/

    Download PDF

    MHLI artxiboa