itzuli

Hiru argitaletxea

    HIRU ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Hiru (1989-2018) Argitaletxea 1989an sortu zen Eva Forest Tarrat aktibistaren ekimenez. Hiru izena jarri zioten argitaletxeari, hasiera hasieratik hiru emakumeren lanez sortu zelako. Hondarribiko Oilar Etxean –honela deitzen baita familiako etxea- Eva Forest, haren alaba Eva eta Marilena Castillo aritu ziren eskuizkribuen edizio lanetan zein liburuen salmentan.

    Eva Foresten iritziz, Hiruk sorreratik izan zuen bokazio independientea; horregatik erraza izan ziren lehenengo erabakiak: parte ez hartzea Eusko Jaurlaritzak argitalpenerako bideratzen zituen diru laguntzen deialdietan, eta Euskal Editoreen Elkartearen bazkidetza ez eskatzea. Lerro editorialari ezarri zioten helburua hauxe izan zen: beste argitaletxek eskaintzen ez zuten informazioa argitaratzea eta ezkutuan egon zitezkeen errealitate soziopolitiko zein intelektualak irakurleari eskaintzea.

    Lerro editoriala zehaztu ondoren, Alfonso Sastreren antzerki lanak argitaratzeari ekin zioten. Francoren diktadurak ezarritako zentzurak nahiz egilearen filizazio politikoak Sastreren idazlan gehienak utzi zituen merkatal eta liburutegi publikoko saretik kanpo. Egilearen entsegu eta antzerki lan gehienak ezezagunak ziren, eta argia ikusi zuten gutxi batzuk agortuak zeuden edo deskatalogatuak.

    Hori dela eta, Hiruren lehenengo betekizuna izan zen Alfonso Sastreren 5 libururen argitalpen kaleratzea. Liburu horiekin hasiera eman zioten ALFONSO SASTRE BIBLIOTECA izeneko bildumari. Hasierako 5 libururen ondoren argitaratzen joan ziren antzerkigilearen ezagunak ez ziren hainbat antzerki lan, beste hainbat entsegu eta Sastreren zenbait poesia liburu. Pentsamendu garaikideko saiakera lan batzuk argitaratzeko asmoz hiru emakumeek bultzatu zuten bigarren liburu bilduma, DELTA izena hartu zuena. Operación Ogro idazlanak eman zion hasiera bilduma honi 1993an. Carrero Blancoren aurkako atentatuaren prestaketak kontatzen duen obra oso arrakastatsua izan zen eta salmentatik lortu zuten diruak animoak eta adorea eman zizkien argitalpen lanarekin jarrai zezaten. Hirugarren bildumak SEDICIONES izena hartu zuen, non aktualitate sozio politikoari buruzko zenbait saiakera argitaratu baitziren. Idazlan batzuen enkuadraketa zailak bidea eman zien laugarren bilduma egituratzeko, LAS OTRAS VOCES, izenekoa. Bilduma honen lehenengo obrak ere arrakasta erdietsi zuen, La estética de la resistencia izenekoa, Peter Weiss-ek idatzita .

    Argitaletxearen euskaraz egiten zen literatura eta euskaraz idazten zen pentsamendu garaikidea irakurle ez euskaldunarengana ezagutarazteko nahia bultzatu zuen MILIA LASTURKO bilduman. Egitasmoak FICCIONES izeneko bildumaren bitartez jarraipena izan zuen. Euskal sortzaileen itzulpenak kaleratzeko egitasmoak kritiken soka luzea eragin zen, ugariak izan ziren aurkako iritziak, baina ekimenak erakutsi du bide bat zabaldu ziola euskal editorialgintzari eta, era berean, euskal idazleen lanei hedatzeko aukera eman zien.

    Azkeneko urteetan, beste bi bilduma kaleratu zuten INFORME eta SKENE izenekin. Lehenengoan Noam Chomskyren lan politikoak argitaratu zituzten eta bigarrenean, berriz, antzerkigile garaikideen obrek izan zuten lekua.

    Eva Forest Tarraten heriotza (2007ko maiatzean) galera handia izan zen argitaletxerentzat; baina Eva Sastre eta Marilena Castillok aurrera egin zuten. Harrez geroztik, Internetez baliatu ziren salmenta zuzenak egiteko eta sare sozialen bidez irakurle berriengana iritsi ziren. Argitaletxeak ateak itxi zituen 2018ko abenduan, data horretan 29 urteko abentura editoriala amaitu zen. Denbora horretan 300 liburu baino gehiago argitaratu zituzten.

     

    © Pio Perez Aldasoro

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Perez Aldasoro, Pio (2019). “Hiru argitaletxearen (1989-2018) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/hiru-argitaletxea/

    Download PDF

    Sastre-Forest familiaren etxebizitza eta Hiru argitaletxearen egoitza. Argazkiaren egilea Pio Perez Aldasoro.