itzuli

Jakin argitaletxea

    JAKIN ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Jakin argitaletxea 1970ean sortu zen, Arantzazu Edizio Frantziskotarraren (gaztelaniaz, EFA) lege-babesarekin. Haren jatorriak izen berezko aldizkarian daude (1956). Jakin argitaletxeak Paulo Agirrebaltzategi, Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti eta Joan Mari Torrealdairen konpromisoa izan zuen, baita Manolo Pagola eta Joxean Adurizen kolaborazioa ere, besteak beste. Argitalpenen artean, pentsamendu filosofikoa eta politikoa, soziologia, erlijioa, hizkuntza, kultura eta historia nabarmentzen dira. Argitalpen-ildoak, berriz, hiru noranzko ditu: lehena, Jakin Bide bildumak osatzen du, jatorrizko obrek eta itzulpenek osatua, egungo kulturari buruzkoak. Bigarrenean, Jakin Hiztegiak daude, zientzia modernoei buruzko hiztegi-bilduma bat. Azkenik, hirugarrena, Jakin aldizkariaren edizioari buruzkoa da, 1977 eta 1990 artean; urte hartan banandu zen aldizkaria argitaletxetik, Jakinkizunak SL enpresaren bidez, eta interes sozialeko edukietan espezializatu zen.

    Frankismoaren testuinguruan, Jakinek euskal kultura gaztetu zuen: izan ere, Juan Mari Torrealdaik bere ikerketa soziologikoetan “1956ko belaunaldia” deritzonaren elementuak gehitu zituen. Belaunaldiaren ezaugarrien artean, Torrealdaik modernizazioaren eta hiri-kultura laikoaren aldeko bultzada eta landa-bazterketaren eta diktaduraren kultura-desfasearen aurkako jarrera nabarmentzen ditu; izan ere, erregimenak euskal hizkuntza-identitatea giltzapetu nahi zuen.

    Jakin kulturarekin lotutako gaietan espezializatutako aldizkari baten izena da, Arantzazuko Santutegian editatzen zena. Gainera, kolaboratzaileak hezkuntza-komunitate frantziskotarreko kideak izan ziren, eta, zehazki, beste kolaboratzaile batzuk erakartzea lortu zuen ikasle-talde bat. Aldizkariak zehaztutako helburuen artean zegoen euskara kultura-jarduerekin lotzea, eta, horrela, kultura-garraiatzaile moduan duen gaitasuna agerian jartzea, funtzio estandarizatua beste gizarte-funtzio batzuetara ere zabaltzeko. Jakin taldeak parte-hartze aktiboa zuen euskal kulturaren modernizazioaren inguruko eztabaidan, eta, bereziki, euskara estandarraren ereduari buruzkoan, zeina 1968an ezarri zen Euskaltzaindia Arantzazun bildu ostean.

    1961 eta 1964 artean zentsura jasan ostean, Jakin taldeak jauzi kualitatiboa egin zuen 1967an, Arantzazutik irten eta Donostiara joan zenean. Juan Mari Torrealdai izendatu zuen zuzendari (1978) eta euskarazko hiri-kultura modernoaren alde egin zuen. Esprit izeneko aldizkaria izan zuen imitazio-eredu, eztabaida intelektualerako aldizkari frantziarra, Emmanuel Mounier-ek 1932an sortu zuena. Hirurogeiko hamarkadaren amaieran, “ezker berria” sortzeko topagune intelektual bihurtu zen. Karlos Santamaria izan zen proiektuaren babesle nagusia, eta Rikardo Arregi, berriz, kultura-kudeatzaile eraginkorra. Hala ere, 1968an zentsurak Jakin kultur-aldizkaria itxi zuen, eta hamar urteren ostean (1968-1977), presentzia handiko ibilbidea hasi zuen euskal kulturan. 2014tik aurrera, Jakin Fundazioa sortu zen, eta aldizkariaren paperezko formatua formatu digitalean eguneratzeaz arduratu zen, Lorea Agirre kazetari eta antropologoaren zuzendaritzapean.

    1970 inguruan, Euskal Herrian euskarazko argitaletxeen gorakada bizi izan zen, eta Jakin fenomeno horren parte izan zen zentsura zela eta. Jakin argitaletxeak (1970) bat egin zuen beste argitaletxe-proiektu batzuekin, besteak beste Gordailu (1968-1969), Irakur Sail (1969), Etor (1970), Iker (1972), Gero (1973), Kardaberaz (1974) eta Kriseilu (1975) izenekoekin. Guztiek euskaraz argitaratzen zituzten testuak, hizkuntza-aukera identitate-zeinu bihurtu baitzen garai hartan. Jakin argitaletxeak argitaratu zituen testuetako batzuk filosofia eta politikari buruzko liburukiak izan ziren, hala nola Iraultzaren ildotik (J. Intxausti, 1972), Kultura proletarioaz (J. Azurmendi, 1973) Kolonizatuaren ezagugarria (Txillardegi, 1974) Kanten ezagutzaren teoria (Uribarri, I., 2001) eta Konpromisorik gabeko filosofia. Alain Badiou (Insausti, X.; Oliden, I., 2012). Euskararen estandarizazioari buruzko testuak hizkuntza-eztabaidan parte hartzearen lekuko dira; hain zuzen, honako hauek: Axular (1972 eta 1973) eta Gero (1976) L. Villasanterenak, eta Euskara batua zertan den (Txillardegi, 1974). Bestalde, Sei idazle plazara (Begiarmen, 1974), Xabier Lizardi, olerkari eta prosista (X. Lete, A. Zelaieta, A. Lertxundi, 1974), edo Zer dugu Orixeren contra y Zer dugu Orixeren alde (J. Azurmendi, 1976, 1977) bezalako lanak euskarazko literatur bizitzaren aldeko interesa islatzen dute. Ordena honetan, azpimarragarriak dira Euskal idazleak gaur (1977) eta Euskal kultura gaur (1998) lanak, euskal hizkuntza eta literaturaren eta liburuaren munduaren historia soziala sakon ikertzen baitute hurrenez hurren, J. M. Torrealdairen zuzendaritzapean.

    Azkenik, argitaletxeak jarduera bizia izan du lau proiekturi dagokienez: UZEI, hiztegi zientifikoen argitaletxea; EUSENOR, entziklopedia orokorrerako proiektua; Euskaldunon Egunkaria, euskarazko egunkaria (1988-2003); eta Elkar Fundazioan ere parte hartzen du.

     

    © Lourdes Otaegi Imaz

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Otaegi Imaz, Lourdes (2019). “Jakin (1970-) argitaletxearen soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/jakin-argitaletxea/

    Download PDF

    "Lizardiren olertia" (1983) liburuaren azalaz eginiko collage-a eta argitaletxearen logoak