itzuli

Kriseilu argitaletxea

    KRISEILU ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Kriselu (1967-2000) Gabriel Arestik sortutako zigilu gisa hasi zen. 1967 eta 1969 arten zazpi liburu argitaratu zituen, horietako batzuk funtsezkoak: Euskal Harria (1967) eta Harri eta Herriren bigarren edizioa (1969), biak Aresti berarenak, eta Elsa Schelen (1969), Txillardegiren bigarren nobela. Bi itzulpen ere argitaratu zituen garai hartan, biak Arestik euskaratuak: Tomás Meaberen Hamalau alegia (1968) eta Fray Marcos de Portelaren Nekazariaren dotrina (1969).

    1969an Lur argitaletxea sortu zen Donostian, besteak beste, Rikardo Arregi, Luis Haranburu Altuna, Xabier Kintana, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola eta Arantxa Urretabizkaiaren ekimenez. Arestik, zeinak Saizarbitoria Jarrai antzerki taldearen bidez ezagutzen zuen, proiektuari batzea erabaki zuen, eta hala, Lurrek Kriseluren funtsa erosi zuen. Horregatik, Arestik ordurako editatuta edo hitzartua zituen zenbait titulu, Lur-Kriselu markarekin argitaratu ziren hurrengo urteetan. Haatik, Kriselu marka alde batera utzi zuten 1974 arte; orduan, Lur amaitu zela-eta, Aresti eta Haranburu Altunak berreskuratzea erabaki zuten egitasmo editorial berri bati ekiteko. 1975ean hil zen Aresti, eta Haranburu Altuna geratu zen Kriselurekin.

    Kriselu marka behartzeko, Haranburu Altunak enpresa berri bat sortu zuen, Haranburu Altuna Editor, zeina zigilua editatzeko plataforma izan zen. Kriselu marka euskarazko liburuak editatzeko erabili zuen, eta gaztelerazkoak ere argitaratzen hasi zenean 1977tik aurrera, Haranburu Editor izenarekin publikatu zituen. Kriseluren lehendabiziko urteetan, urteko hamar liburu inguru argitaratu zituen, 1000 aleko tiradarekin bakoitza, eta posta-helbidea Donostiako Calvo Sotelo Alamedaren (egungo Boulevarda) 26an zuen. Liburuak Zarautzko Itxaropena moldiztegian inprimatzen ziren, eta salmentarako Haranburu Altunak Lur argitaletxearen harpidedunen zerrenda erabili zuen, 1000 kide ingurukoa zena. Geroago, harpidetza sistema gainbehera etorritakoan, Joseba Jaca-ren bidez egin zuen banaketa, zeina Elkar argitaletxea eta banaketa enpresaren sortzaileetako bat izango den.

    Bigarren aldi horretan argitaratutako lehen liburuak Lur taldekoenak izan ziren. Estreinako urtean, 1975ean, Kriseluk honako idazleen liburuak argitaratu zituen, adibidez:Sarasola (Euskal literatura numerotan eta Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza), Urkizu (Euskal teatroaren historia eta Sekulorun sekulotan) eta Haranburu-Altuna bera (Job eta Zera…). Kriseluren politika editoriala euskal literatura garaikideko originalak argitaratzean zetzan, eta denborarekin erreferentzialak bilakatuko ziren tituluak plazaratu zituen. Besteak beste, honakoak aipa litezke: Adanen poema amaigabea (1975), Joseba Zulaika-ren lehen liburua; Xabier Gereño-ren Andereño (1975) garaiko liburu salduenetako bat; Hego haizearen konpasean (1975), Mikel Arregi-k, Imanol kantariaren letra-egile nagusienetakoak, argitaratutako poema liburu bakarra; Arestiren lan guztiak (1976), Jon Juaristi-k editatua; Jon Juaristi beraren Euskararen ideologiak (1976); Ramon Saizarbitoriaren 100 metro (1976) eta Ai Jesus (1976) nobelak; Koldo Izagirre lehendabiziko liburuak, Itsaso ahantzia (1976) poemategia eta Zergaitik bai (1977) narrazioa; Bernardo Atxaga-ren lehen liburua, Ziutateaz (1976) nobela. 80ko hamarkadan ere argitaratu zituen beste zenbait: Federico Krutwig-en liburuak, besteren artean, Belatzen baratza. Mikelditarrak (1982-1983) seriea; Txillardegi-ren zenbait liburu, Kosmodromo (1984) eta Gertakarien lekuko (1985); eta Mario Onaindiaren Grand Placen aurkituko gara (1983) nobela.

    Urte horietan, beste liburu mota batzuk argitaratzen hasi zen Kriselu. Alde batetik, haur eta gazte literaturako liburuak. Bestetik, munduko literaturako klasikoen komikirako moldaketen itzulpenak, horiek ere publiko gazteari begira plazaratutakoak. Besteak beste, honako liburuak nabarmendu ziren: Robert L. Stevenson-en Tormesko itsumutila, Charles Dickens-en Oliver Twist, Daniel Dafoe-ren Robinson Crusoe, Jules Verne-ren Lurraren erdirainoko bidaia. Marrazkiak Chiqui de la Fuente-k eginak ziren eta gidoia Carlos A. Cornejo-k. Bilduma 1986an sortu zen eta azkeneko alea 1991ean argitaratu zen.

    Bi hamarkada baino gehiago liburuak argitaratzen jardun ondoren, Haranburu Altunak enpresa itxi egin zuen, eta 2000. urtean Hiria argitaletxea sortu zuen, zeinak 2014 urtera arte editatuko dituen liburuak. Urte horretan, Haranburu Altunak erretiroa hartu eta halaxe amaitu zen haren egitasmo editoriala.

     

    © Beñat Sarasola Santamaria

    Euskal Herriko Uniberstitatea (EHU/UPV)

     

    Bibliografia

    TORREALDAI, Joan Mari. “Kriselu”. In Euskal idazleak, gaur (1977). Donostia. Jakin.

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Sarasola Santamaria, Beñat. (2019). “Kriseilu argitaletxearen (1967-2000) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan. URL: https://mhli.net/artxiboa/kriseilu-argitaletxea/

    Download PDF

    Ramon Saizarbitoriaren "100 metro" (1976) nobelaren azala