Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikertaldeak euskal memoriara eta gatazketara egindako bidaia honetan, berrikuntza pedagogiko bat aurkeztu nahi du, gizarte-gatazkak lantzeko arteak (balia)bide dituena: Memoriaren Artea eta Artearen Memoria hezkuntzan proiektua. Helburu nagusia izan da proposamen didaktiko bat sortzea literatura eta beste arteak oinarri eta bidetzat hartuta, Euskal Herrian XX. mendean zehar eragin sakona izan duten gizarte-gatazkak gaztetxoengana hurbiltzeko.
Horretarako, hasieratik euskal hezkuntzak zer behar dituen identifikatu, eta harremanetan jarri gara memoria historikoaren arloko ikertzaile, artista eta hezkuntzaren arloko profesionalekin. Ondoren, proposamena diseinatu dugu arte munduko aholkularien laguntzaz eta, azkenik, Errenteriako Herri Arte Eskolan jarri dugu martxan.