OROIMENAREN LEKUAK ETA LEKUKOAK

← Berri guztiak argitalpenaEHUmemoria historikoa

Oroimenaren lekuak eta lekukoak.

Gerra Zibilaren errepresentazio artistikoak vs. kontaera historiko-politikoa

MHLI aparteko argitalpen berri batekin dator!

2014an antolaturiko udako ikastaroan dago MHLIk argitaratu berri duen liburuaren jatorria. Ikastaro hartan parte hartu zutenen eta jorratutako gaien berri hemen begira dezakezu:

https://www.mhli.net/news/page/7

Ikastaroa oso emankorra izan zen, hala jorratutako gaiei nola haien inguruan sortu ziren ekarpen eta eztabaidei dagokienez. Horrela sortu zen liburu bat osatzeko erronka.

Ikastaroan parte hartu zuten irakasleek euren planteamenduetan sakondu eta, hitzaldietatik abiatuz, artikuluak ondu dituzte. Gainera, hizlari gisa parte hartu ez zuten MHLIko gainerako kideek ere artikulu mamitsuak idatzi dituzte.

Guztien artean, Gerra Zibilaren errepresentazio historikoen eta kontaera historiko-politikoaren arteko dialektikari buruzko azterketa anitz eta kohesionatua eskaintzen dute. Edizio lana Lourdes Otaegi EHUko irakasleak eta Izaro Arroita doktoreak egin dute, eta EHUk argitaratu du.

Irakurleak hainbat gai eta iker-arlo aurkituko ditu liburuan, guztiak ere oroimen historikoaren errepresentazioaren talaiatik fokalizatuta: kontaketa historikoa, lekukoen autobiografia, figura historikoak (Manuel Irujo, etab.), euskal zinema, musika (M. Laboa), narratibagintza (R. Saizarbitoria, H. Cano, etab.), poesia (Lauaxeta, poesia garaikidea), etab.

Liburuaren aurkezpena 2016ko ekainaren 14an egingo dugu, goizeko 11:30ean, Donostiako Etxepare Institutuaren egoitzan.

Hemen duzu EHUren argitalpen zerbitzuaren orria: Esteka