Berriak

JOSEBA SARRIONANDIAREN LITERATURAZ

Joseba Sarrionandiaudako ikastaroa

Joan den astelehen-astearte bitartean, uztailaren 18 eta 19an, Mari Jose Olaziregik (UPV/EHU irakasle eta ikertzailea) eta Nerea Eizagirrek (UPV/EHUko ikertzailea) zuzendutako Joseba Sarrionandiaren literatura: bitakora kaiera uda ikastaroa ospatu zen bertatik bertara Bilboko Bizkaia Aretoan, eta on-line zuzenean.

Lehen egunean, uztailaren 18an, zuzendarien sarrera ekitaldiak eman zion ikastaroari hasiera, eta lehen hitz horien ostean Beatriz Zabalondo (UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Euskara eta Kultura zuzendaria) eta Xabier Arauzo Uriarte (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia) izan genituen gure artean. Aipatutakoekin batera, Nerea Eizagirrek (UPV/EHUko ikertzailea) ere parte hartu zuen bere Sarrionandiaren herbeste literarioa: kontrapuntuzko idazkerarantz hitzartzearekin, bai eta Joseba Sarrionandiak berak ere. Atsedenaren ostean, Leire Bilbao idazlea eta Aiora Jaka itzultzailea entzun genituen; lehenengoa Poesia dena eta ez dena (ez diren gauzak ere badirelako) izenburupean, eta, bigarrena Tradutore tradittore. Sarrionandiaren liburutegian barna hitzaldiarekin.

Lehen eguneko goizeko saio hau, gainera, hizpide izan zen Berria egunkarian. Informazio gehiago jakin nahi izanez gero: https://www.berria.eus/paperekoa/1872/024/001/2022-07-19/sarrionandia-enigmatikoa.htm

Joseba Sarrionandiaren hitzaldia. Ezkerretik eskumara: Mikel Ayerbe eta Joseba Sarrionandia.
Iturria: MHLI artxiboa

Goizeko hitzaldi-zikloaren ostean, arratsaldean Ines Osinagaren kontzertua izan genuen, zeinak Joseba Sarrionandiarekin elkarlanean eta hura ere oholtzan zela, Sarrionandiaren letretan oinarritutako abestiak abestu zitu(zt)en: Ines Osinaga & Joseba Sarrionandia: “Olatu arteko txalupa arraroa”. Letrak eta doinuak elkarrizketan.

Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandiaren emaldiko kronika irakurri nahi izanez gero, ondokoa da Deia egunkariak argitaratutakoa: https://www.deia.eus/bizkaia/vida-social/2022/07/19/ines-osinaga-joseba-sarrionaindia-ofrecen-5829717.html

Ines Osinagaren eta Joseba Sarrionandiaren emanaldia. Ezkerretik eskumara: Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia.
Iturria: MHLI artxiboa

Bigarren egunean ere, uztailaren 19an, dinamika berarekin jarraitu zuen ikastaroak. Izan ere, goizeko saioan zenbait hitzaldi akademiko izan ziren entzungai; arratsaldean, ostera, Ruper Ordorika musikariaren eta Joseba Sarrionandiaren arteko elkarrizketa musikatuaren testigu izan ginen. Goizeko txandan, Mikel Ayerbek (UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea) eman zion hasiera hitzartzeei bere Sarrionandiaren “Narrazio guztiak” berrirakurtzen parte hartzearekin, zeinak, aldi berean ikastaroaren antolakuntzan eta garapenean ere parte hartu zuen. Jarraian, Eider Rodriguez idazlearen (eta UPV/EHUko irakaslearen) txanda izan zen Kalaportuko marinela. J. Sarrionandiaren itsasoetan barna izenburupean, eta bere ondotik eta goizeko atsedenaren ostean etorri zen Sarrionandiaren bigarren hitzaldia.

Bigarren eguneko goizeko saioez gehiago jakin nahi izanez gero: https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20220720/joseba-sarrionandia-euskal-literatura-barbaroen-zain-dago

Eider Rodriguezen hitzaldia. Ezker-eskuin: Nerea Eizagirre eta Eider Rodriguez.
Iturria: MHLI artxiboa.

Arratsaldean, esan bezala, eta ikastaroaren itxiera ekitaldi bezala, Ruper Ordorika musikariaren eta Joseba Sarrionandiaren elkarrizketa izan genuen entzungai: Ruper Ordorika & Joseba Sarrionandia: Memoriaren mapa. Abesti batzuen inguruko elkarrizketa.

Ruper Ordorikaren eta Joseba Sarrionandiaren emananldia. Ezker-eskuin: Iñaki Gorizelaia, Ruper Ordorika, Eva Ferreira, Joseba Sarrionandia, Nerea Eizagirre eta Mikel Ayerbe.
Iturria: MHLI artxiboa

Sarrionandiaren unibertso literarioaz hausnartzea eta horren inguruan aritzea eta gozatzea helburu izan duen ikastaro honek, finean, diziplinarteko ikuspegitik eta hainbat auzitan aterpe harturik, idazlearekin eta idazleaz hitz egiteko plaza eta espazio bat eskaini digu parte hartzaileoi.

MHLI NAZIOARTEKO HITZALDI-SORTAN

HezkuntzaMemoriaren Artea eta Artearen Memoria HezkuntzanMHLI ikertaldeaNazioarteko hitzaldi-sortaWorld History Association

Datorren ostiralean, ekainaren 24an, World History Association elkarteak Bilbon urtero antolatzen duen hitzaldi-sortan parte hartuko du MHLIk.

Datorren ostiralean, ekainaren 24an, MHLI ikertaldearen parte den Hezkuntza azpitaldea World History Association taldeak antolatutako 31. nazioarteko konferentzian egongo da (The 31st anual conference of the World History Association), eta bertan parte hartuko du Memoriaren Artea eta Artearen Memoria Hezkuntzan: mugaz gaindiko material didaktiko bat sortzeko bidean hitzaldiarekin.

Hiru zutabetan ardaztuko du Hezkuntza azpitaldeak bere diskurtso eta hitzartzea: lehenengoan, Miren Ibarluzea eta Nagore Fernandez arituko dira Mugaz gaindiko gure iragan gatazkatsuen memoria eskolan lantzeko testuingurua izenburupean. Lehen parte-hartze horren helburua Hezkuntza azpitaldearen aurkezpena egitea izango da, eta esku artean duten ikerketa-egitasmoaren aurrekariei, iker-ildoei eta etorkizuneko erronkei leku egitea. Bigarrenean, berriz, Ana Gandarak eta Ane Villagranek hartuko dute hitza eta orain artean azpitaldeak egindakoaz jardungo dute, Bidea egiten: orain arteko jarduerak eta hauen emaitzak izenburupean. Batez ere, azpitaldeak iaz antolatutako workshop-sortan jarriko dute fokua eta bertan bildutako esperientziak eta hausnarketak partekatu. Azken unean, Ainhoa Urzelai, Amaia Elizalde eta  Izaro Arroita arituko dira Esku-artean dauzkagunak eta norantz jo: “Memoriaren Artea eta Artearen Memoria Hezkuntzan” proiektua hitzaldiarekin. Izenburuak berak dakarren proiektuan zentratuko dira eta orain artean egindako bideaz eta lortutako emaitzez hitz egingo dute. Ismael Manterola ikertaldeko kidea ere han izango da chair bezala.

Funtsean, kongresuko parte hartzeak Hezkuntza azpitaldeak orain artean egindako bidea ezagutarazteko eta elkarrizketa-sarea elikatzen jarraitzeko aukera bat izan nahiko luke.

1 2 3 42