Mari Jose Olaziregi Alustiza (Donostia, 1963) Euskal Filologian doktore eta literatura irakasle titularra Gasteizko Letren Fakultatean (EHU). Atzerriko hainbat unibertsitatetan irakatsi du, hala nola, Center for Basque Studies-en (2007-9) (University of Nevada, Reno, AEB), Universität Konstanz (2009-10) (Alemania), University of Chicago (2016) eta City University of New York-eko Graduate Centerren (2014, 2016 eta 2020). Irakurzaletasunaren Sustapenari buruzko Graduondokoa (Bartzelonako Ramon Llull Unibertsitatean, 1999) eta Studies in Fiction Masterra (Erresuma Batuko University of East Anglian, 2007an) ditu eginak. 1997an Becerro de Bengoa Saiakera Saria lortu zuen “Bernardo Atxagaren irakurlea” saioarengatik (ik. Bernardo Atxagaren irakurlea, Erein, 1998). 2004tik Center for Basque Studies-eko (University of Nevada, Reno) Basque Literature in Translation Series sailaren zuzendaria da eta 2003tik Euskaltzain Urgazle. 2010etik 2016ra Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko Zuzendaria izan zen. Lantzen dituen arloen artean, Euskal eta Iberiar Literaturaren Historia eta Kritika, Literatura Konparatua, Genero Ikasketak eta Ikasketa Kulturalak aipa genitzake. 7 liburu, editatutako beste 10 liburu, liburuetako 60 atal baino gehiago edo 70 artikulu aldizkari zientifikoetan ditu argitaratuak. Hainbat Unibertsitateko ikertaldetako kide da (“Celt”, “Liter21” eta “Lijmi” (Universidad de Santiago de Compostela), edo Red de Investigadores Memoria y Narración (University of Aarhus, Danimarka), etab. 2013tik MHLI Ikertalde Kontsolidatua (www.mhli.net) eta Literatura Iberiarretako Ikerlari Sarea zuzentzen ditu. Bere argitalpenen artean, honakook aipatuko genituzke: Euskal eleberriaren historia (Labayru, 2001), Basque Literary History (editore, CBS, 2012), Waking the Hedgehog. The Literary Universe of Bernardo Atxaga (2005, CBS) edo Six Basque Poets (editore, 2006, ARC).