← Berri guztiak santiago de compostelaselgyc
Iragan 2014ko irailaren 2tik 4ra bitartean, SELGyC-ek (Sociedad Española de Literatura General y Comparada) bere XX. sinposia antolatu zuen Santiago de Compostelako Unibertsitatean. MHLI ikertaldearen hitzaldi proposamena onartu zuten, eta parte hartu ahal izan zuen aipatu sinposioan “Cuerpos ausentes y literatura: aproximación comparatística a la representación literaria de los poetas fusilados” izenburudun hitzaldiarekin.

Federico García Lorcaren gorpua aurkitzeko ezintasuna, balio sinboliko handia hartu duen Gerra Zibileko gertaera bat dugu. Alde batetik, Granadako poetaren gorpua lurpetik ateratzeko nahiak, berreraikitze memorialistiko baten politikaren berri ematen digu. Bestetik, bere fusilamendu eta desagerpenak hausnarketarako espazio bat eraiki dute, hainbat diziplina artistikotan hezurmamitzen dena.
Gure ikerketak, García Lorcaren errepresentazio literarioa aintzat hartzen duten obrak aztertzen ditu, batez ere euskaraz idatzitakoak, beti ere ikuspegi memorialistiko batetik. Alor honetan García Lorcak homologo bat aurkitu du Esteban Urkiaga “Lauaxeta” poeta modernista entzutetsu eta 1937an fusilatutako borrokalari errepublikarrarengan. Lauaxetaren fusilamenduak euskal kulturari egindako eraso bortitza errepresentatzen du, hori dela eta Gabriel Aresti, Bernardo Atxaga edo Koldo Izagirre bezalako idazleek, artean sortzen den ikuspegi humanistaren eta poeten fusilamenduen bortizkeriaren arteko paradoxa izan dute hizpide.
García Lorca eta Lauaxetaren eraginez karga sinboliko altuko motibo literario bat sortu da: fusilamenduarena eta gorpuak ezkutatzearena, euskal literaturan gaur egunera arte bizirik dirauena. Gudari desagertuaren paralelismo modernoa Lasa eta Zabalaren kasuetan islatzen da, bi ETAkide, torturatuak izan ostean 1983an G.A.Lekoek karetan lurperatu zituztenak. Gertakari hauen balio sinbolikoaren eraginez, hainbat obrek, Harkaitz Canoren Twist-ek kasu, edo zenbait poetak antolatutako Lo que no ha quemado la cal (2013) errezitaldiak, historia ofizialaren eta biktimen historiaren arteko desadostasuna dute mintzagai.
Hori dela eta, galdutako figura horien errepresentazioek dakartzaten testu literarioen analisi konparatuaren bitartez, gure ikerketak, literaturak Historiak ezkutatzen dituen gorpu horiek ikusgarri egiteko dituen aukerez hausnartzen du.