itzuli

Zavala Echeverria, Antonio

    ANTONIO ZAVALA ECHEBERRIAREN SOSLAIA

    Antonio Zavala Echeberria, 1928ko urtarrilaren 23an jaio zen Tolosan eta Xabierren hil zen, 2009ko urtarrilaren 4an. 17 urte zituela, 1945ean, Jesusen Lagundian sartu zen, Loiolan, Oñan, Orduñan eta Xabierren ikasketak egin ondoren apaiz ordenatu zen 1959an. Ikasketak bukatu eta apaiztu bezain laster ekin zion Auspoa egitasmoari; aurretik, apaiztegiko urteetan, bertso paperak, bertso zaharrak eta ahozko tradizioko dokumentazioa biltzen hasia baitzen. 1956an, Euskaltzaindiak egin zuen lehenengo biltzar irekian hitzaldi bat eman zuen «En busca de la poesía popular a través del Pais Vasco-Bertso berrien billa Euskalerrian zear», bertan haren egitasmo eta bilketaren helburuaren aurkezpena egin zuen.

    Zavalaren hasierako asmoa euskal bertsoei buruzko argitalpen sendoa egitea zen Jesusen Konpainiaren argitaletxe batean, eta horri ekin zion. Baina ezezko borobila jaso zuen lagundiaren agintariengandik eta Zavalak berak, haren ahaleginez, argitaletxea sortu behar zuela erabaki zuen. Argitaletxeari Auspoa jarri zion izena eta Tolosako familia-etxebizitzan kokatu zuen egoitza. Hasiera hasieratik behar finantzariori aurre egiteko harpidedun sistema jarri zuen abian Zavalak, eta harpidedun fidelei esker argitaratu zituen lehenengo alea. Antoniok eramaten zituen libururuen edizioa, enpresaren administrazio lanak eta inprentarekiko harremanak, eta haren arrebak, Arantzazuk, banaketa eta harpidedun sarearen kudeaketa eta harpidedunekiko harremanak. Lehenengo liburua hauxe izan zen: Sagardoaren graziya ta beste bertso asko, Ramon Artola bertsolariarena.

    Auspoa argitaletxeari eskaini zizkion 48 urtetan 303 liburuki argitaratu zituen. Liburuen gaia eta estiloa diferente izan arren, Zavalaren ustez lan bakar bat osatzen zuten: herri-literaturaren bilduma. Horregatik, hasierako urteetan, 1961ean Auspoa zen argitaletxearen eta liburu bildumaren izena. Argia ikusi zuten liburuki gehienak bertsoen bildumak izan ziren, baina baita herri-antzerki, testigantza liburuak, saiakera, itzulpenak eta ipuin tradizionalak ere; poliki poliki, bertsoak eta bertsolariei buruzko lanak nagusitu dira.

    Antonio Zavalak 1988. Urteaz geroztik argitaletxearen kudeaketa ardurak utzi zituen eta ETOR izeneko argitaletxearen bidez kaleratu zituen lan berriak. Orduan 1961ean hasitako liburu bildumak “Auspoa liburutegia” izenak hartu zuen. Urte batzuk beranduago, 1992tik Aurrera SENDOA argitaletxeak jarraitu zuen bildumaren ardurarekin. 1993 urtean Biblioteca de Narrativa Popular izeneko bilduma sortu zuen, gaztelaniazko ahozko tradizioko lanak argitaratzeko. Orotara, bilduma honen barnean 29 liburuki argitaratu dira. 2003tik Aurrera Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartu zuen liburutegiaren argitalpena. Gaur egun, Euskaltzaindiaren weborrian ikusgai daude argitaratutako liburu guztiak.

    Bere bizitzan zehar lan handia egin zuen euskal herriko ahozko literaturan eta bertsolaritzan, isilik eta bakarrik. Haren lana omentzeko Honoris causa doktore izendatu zuten Deustuko Unibertsitatean, Durango Azokako argizaiola saria eman zioten eta baita Tolosako seme kutuna izendatu ere.

     

    © Pio Perez Aldasoro

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Perez Aldasoro, Pio (2019). “Antonio Zavalaren soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/antonio-zavala/

    Download PDF

    Auspoa Liburutegiaren 332 zenbakiaren azala. ESNAL, Pello. "Antonio Zavala, zauria hauspo". Donostia: Auspoa. 2015. Argazkiaren egilea Pio Perez Aldasoro