itzuli

Desclée De Brower argitaletxea

    DESCLÉE DE BROWER ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    DDB-Desclée de Brouwer S. A. (1944-) familia-enpresa bilbotarra Jose Maria Gogeascoecheak sortu zuen 1944an, eta 2019an 75. urteurrena ospatu du. Tarte horretan, argitaletxea kristau-humanismoaren balioak zabaltzen aritu da, eta beste arlo akademiko eta prestakuntza-arlo batzuetan ere espezializatu da, hala nola psikologian, auto-laguntzan, pedagogian, enpresa-kudeaketan eta euskarazko haur- eta gazte-literaturan (HGL). Kalitatea, independentzia, izaera propioa eta esportaziorako bokazioa dira enpresaren balore nagusiak.

    DDBren obrarik adierazgarriena da, zalantzarik gabe, lehenbiziko aldiz 1965ean argitaratu eta orduz geroztik aldian-aldian eguneratzen den gaztelaniazko Biblia de Jerusalén. Javier Gogeascoechea, DDBren sortzailearen seme eta argitaletxeko bigarren belaunaldiko editorearen hitzetan, “argitaletxearen mugarri bat da, eta etxearen historian lehenaldia eta geroaldia bereizi zituen; ordeztu egin zituen, hein batean, Lefebvreren meza-liburuak, lehenago argitaletxearen produktu-izar izandakoak”.

    Brujasen erbestean zegoela, Belgikako dominikarren inprenta batean lan egin zuen Jose María Gogeascoecheak, eta orduan harremanak izan zituen Desclée De Brouwer argitaletxearekin. Etxe belgiarra 1877an sortu zuten Henri Descléek eta Alphonse de Brouwerek, eta egoitzak izan zituen Berlinen, Bilbon, Brujasen, Bruselan, Buenos Airesen, Londresen, New Yorken, Parisen eta Quebecen. Gerora filialak bereizi egin ziren eta enpresa nagusia desagertu egin zen. Bilboko eta Pariseko egoitzetatik abiatutakoek biziraun dute.

    1944an, Belgikatik itzuli eta gutxira, sortu zuen J.M. Gogeascoecheak Bilboko egoitza, Editorial Española Desclée De Brouwer, eta gutxika enpresaren jabe egin zen. Hasierako urteetan, Belgikatik inportatzeak eragiten zuen gastu handia zela eta, Lefebvreren meza-liburuak Bilbon inprimatzeari ekin zion. Horrez gainera, Pierre du Foyer etxeko bilduma ezagun baten bidetik, liburu hezigarriak ere argitaratu zituen. Garai hartan argitaletxearen bulego eta biltegi txikia sortzailearen etxean zeuden, Bilboko Colón de Larreategi kalean; baina, enpresa handitzen ari zen eta laster alokatu behar izan zuten biltegi txiki bat Larrinaga liburu-dendan.

    Mezak tokian tokiko hizkuntzan egiten hasi zirenez gero, produktu garrantzitsu bat galtzear zeudela J.M. Gogeascoecheak Du Cerf argitaletxeari erosi zizkion Jerusalemeko Biblia itzultzeko eskubideak. Jose Ángel Urbietak zuzendutako itzultzaile-talde batek egin zituen testua gaztelera ekartzeko lanak, eta 1965ean argitaratu zen. Lan horren arrakastak bat egin zuen meza-liburuen salmenten beherakadarekin. Anartean, liburu hezigarriak eta teologia-liburuak ere argitaratu zituen DDBk, betiere erlijio katolikoari lotutakoak eta joera progresistakoak (adibidez, J. Maritainen lanak). Garai berean hasi ziren lantzen, Jose María Gondra Rezolaren eskutik, psikologiaren alorra ere, eta gaur egun argitaletxearen ildo nagusietako bat da hori: psikologia-bildumak berrehun zenbakitik gora ditu. Funts historikoaren zatirik handiena Bilboko 1983ko uholdeetan galdu zen, eta hondamendi haren ostean argitaletxearen biltegia Bilboko Errekalde auzora lekualdatu zuten. 1990eko hamarkadako azken urteez geroztik, Zamudion dute biltegia, eta Bilboko Henao kalean bulegoa.

    Nabarmentzekoa da argitaletxeak merkatu garrantzitsua duela nazioartean, bai eta edizio digitala giltzarri duela ere: DDBk hamarkada bat baino gehiago egin du funts guztiak modu progresiboan digitalizatzeko prozesuan murgilduta. Horren gakoa 1997an maketazio-saila argitaletxean bertan txertatu izana da.

    Argitaletxeko arduradunek adierazten dutenez, gaur egun Bibliaren salmentak ondo funtzionatzen du, baina ez hainbeste gai erlijiosoek, batez ere autoreak falta direlako. Enpresak maila handiagoan garatu du beste alor batzuetako bildumen edizioa: psikologia, autolaguntza, hezkuntza emozionala, pedagogia, ekonomia, bai eta euskarazko haur-eta gazte-literatura ere. Argitaletxearen katalogoan aurki daitezkeen bildumak honela sailkatzen dira: erlijioa (Caminos, Cristianismo y sociedad, A los cuatro vientos, Orar con…, En clave de mujer, Temas Bíblicos), humanitateak (ANICA, Serendipity, Biblioteca de Psicología, AMAE, Biblioteca de Gestión…) eta euskarazko HGL.

    Argitaletxearen euskarazko edizioari dagokionez, gogoratu beharrekoa da DDBk Mensajerorekin batera eman zuela argitara Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindiaren lehiaketa publiko baten bidetik.

    Euskarazko HGLz denaz bezainbatean, gogoratzekoak dira 1980ko eta 1990eko hamarkadetan argitaratutako gida tematikoak eta umeentzako album arrakastatsuak, garaiko euskarazko HGLaren merkatu urrian material berritzaile izandakoak. Nabarmentzekoa da, halaber, DDBk Alfaguararekin batera kaleratu zuen bilduma (Alfaguarak ez zuen oraindik euskaraz argitaratzen): bilduma hari esker irakurri zituzten garaiko gazteek Amaigabeko istorioa (1990) edo Charlie eta txokolate fabrika (1989) adibidez. Alfaguarak (orain Grupo Santillanaren mende dago) euskarazko edizioari ekin zionean, DDBk, bere aldetik, beste bilduma batzuei ekin zien, hala nola “Mikoleta”, ikasten ari ziren irakurleentzat eta askotariko adin-tarteetarako bildumak, urteekin eraldatu egin direnak (“Ipotxak” eta “Erraldoiak” bildumak, adibidez, “Sail laranja” eta “Sail gorria” izan ziren gerora). Seve Callejak eta Jon Juaristik aholkulari-lanak egin zituzten argitaletxearentzat euskarazko HGLri loturik. Izan ere, DDBk beti izan ditu kanpoko aholkulariak eta laguntzaileak, eta horien iritziak argitaletxearen ikuspegi komertzialarekin uztartu dituzte.

    Egun, DDBren euskarazko katalogoan aurki daitezke: album ilustratuak (adibidez, “Begoña Ibarrola” bilduma, balioei eta emozioei loturik), narrazio laburren bildumak (adibidez, “Halan Bazan…”), beste hizkuntza eta kultura batzuetan arrakasta lortu ondoren euskaratutako sail dibertigarriak eta abenturakoak, hainbat adinetako irakurleentzat (“Scream Street”, “Piztien erronka”, “Antibarbiak”, “Dinosauroen Koba”…) eta gazteentzako beste argitalpen batzuk.

     

    © Miren Ibarluzea Santisteban

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Ibarluzea Santiesteban, Miren (2019). “DDB-Desclée de Brouwer S. A. argitaletxearen (1944-) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/desclee-de-brower-argitaletxea/

    Download PDF

    DDB-Desclée De Brouwer S.A. argitaletxearen logoa.