itzuli

Elkar argitaletxea

    ELKAR ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Elkar (1972-) da, gaur egun, Euskal Herriko sorkuntzari begira azpiegitura sendoenak eta produkzio handiena duen argitaletxea. Iparraldean eman zituen lehengo urratsak 1972an euskal kulturaren inguruko zenbait euskaltzalek euskal liburu eta diskoen ekoizpena eta zabalkundea bultzatzea erabaki zutenean eta 1974an Hegoaldera hedatu zen sortzaile-bazkide taldea. Horrela sortu zen ELKAR, Euskal Liburu eta Kanten Argitaraldia izenaren akronimotik. Izan ere, argitaletxe hau ez da liburugintzara soilik mugatu eta “euskal kulturaren garapena du sorrera helburua Elkarrek” (Torrealdai 1997, 563).

    Argitaletxearen ibilbide luzean, hainbat gertakari eta bilakabide garrantzitsu izan dira eta horien artean, 1996an Elkar Fundazioa sortu izana aipatu behar da. Zenbait faktorek eragin zuten sorrera hori: Ttarttalo (euskal lanen gaztelerazko itzulpenak, nobela historikoak edota haur literatura argitara ematen ditu) edota Sua (bidaia eta mendizaletasuna ardatz duten lanak kaleratzen ditu) argitaletxeak eta Oihuka diskoetxea bereganatzeak; hiriburuetako eta hainbat herritako liburu-dendak Elkar sarera batu eta megadenda katea eratu izanak; Zabaltzen banaketa-zerbitzu propioa izateak; musikagintzarako estudioa sortzeak, etab. Elkar Fundazioa eratu ostean, enpresa-konglomeratuak hazten jarraitu du eta horren erakusle dira, besteak beste, Leitzaran Grafikak sortzea, Txertoa argitaletxea ere Elkarren integratzea, beste erakundeekin lorturiko hitzarmenak (Berria egunkariarekin eginiko kolaborazioak, Ikastolen Elkartearekin Ikaselkar argitaletxea eratzea) edota Boza ediziogunea Elkar argitaletxean txertatzea. Azken urteotan, gainera, Elkar Fundazioa Espainiako Estatuko liburu banatzaile handienetako bat bihurtu da. Langile kopuruari dagokionez, egun 433 langileko taldeak osatzen du Elkar.

    Liburugintza aintzat harturik, hastapenetan euskal hezkuntzaren esparruan zegoen liburu eskaintzaren hutsunea betetzea izan zuen xede argitaletxeak, bereziki haurrentzako liburuak argitaratuz. Berehala, ordea, haur, gazte eta helduentzako era guztietako liburu eta ipuinak argitaratzen hasi zen: ipuin herrikoiak, europar klasikoak eta itzulpenak, komiki bildumak, ikasmaterialak, dibulgaziokoak, etab. Gaur egun, Elkar argitaletxearen literatura sailak era eta adin guztietako irakurleentzat askotariko generoko lanak kaleratzen ditu, bilduma orokor edo zehatzagoetan: poesia, narratiba, saiakera, biografiak, itzulpenak… Fikziozko helduen literaturan, adibidez, 365 ale kaleratu ditu; poesian 40; gazte literaturako “Branka” sailean 87 ale eta haur literaturako “Xaguxar” bilduman 235 liburu. Urtean liburu gehien argitaratzen dituen euskal argitaletxea da eta egile edo liburu arrakastatsuenen artean Joseba Sarrionandiaren Narrazioak eta Hnuy illa nyha majah yahoo (poemak 1985-1995), Juan Mari Irigoienen nobelak edota Unai Elorriagaren SPrako tranbia eta Kirmen Uriberen Bilbo-New York-Bilbao Literatura Sari Nazionalarekin sarituak aipa daitezke. Azkenaldiko argitalpen entzutetsuenen artean, berriz, Iban Zaldua, Katixa Agirre, Danele Sarriugarte, Ana Malagon edota Karmele Jaioren lanak leudeke.

    Bestalde, Elkar argitaletxeak eskaintzen dituen berezitasunen artean, hainbat udal eta erakunderekin elkarlanean antolatzen dituen literatura sariak eta bekak nabarmendu behar dira, euskal kultura eta literatura sustatzearekin batera, egileen lana erraztu eta merkatuan egon daitezkeen hutsuneak betetzeko bultzada ematen duten neurrian. Hori horrela, Joseba Jaka bekak aipatu behar dira lehendabizi, 1996-2006 artean bi urtez behin ematen ziren 8 bekaz osatua: bina beka helduen narratiba, poesia, saiakera eta haur eta gazte literaturako lanak idazteko. 41 liburu argitaratu ziren beka sistema honi esker eta 2006an eten ostean, 2015an berriro jarri da martxan, bi urtez behin sormen lanak sustatzeko Joseba Jaka sorkuntza beka gisa. Igartza Saria 1998an sortu zen idazle berriei narratibako lanak, ipuinak edo nobelak, idazteko laguntza-beka gisa eta egun 19 nobela eman dira argitara sari honekin. Bestetik, Agustin Zubikarai sariak nobela laburrak idazteko laguntza gisa funtzionatu zuen 2001-2009 urteen artean baina 2010etik aurrera nobela sortzeko beka bihurtu da (oraingoz, 14 nobela kaleratu dira sari honi esker). Aldiz, Gazteluma saria bi urtez behin banatzen da 2002az geroztik eta Iparraldeko idazle gazteei zuzenduta dago. Ez fikzioaren alorrean, Tene Mujika bekak 2005. urtetik dirau martxan, biografia, kronika, saiakera edota elkarrizketa gisako lanak sortzeko laguntza gisa. Haur eta gazte literaturari dagokionez, Mikel Zarate saria sortu zen 2010ean alor horretako lanak urtero saritu eta argitaratzeko asmoz. Azkenik, itzulpengintzari lotuta, 2002an Jokin Zaitegi beka jarri zen abian urteroko Literaturako Nobel Saria euskaratzeko asmoz (2013 eta 2014an laguntza bertan behera geratu bazen ere, 2015ean berriro ekin zitzaion laguntzak banatzeari) eta oraingoz 13 Nobel euskaratu dira. Ikus daitekeenez, mota eta eite askotariko beka sistema sustatzen du Elkar argitaletxeak eta ekimen horiek euskal liburugintzan betetzen duten papera nabarmentzekoa da, beka eta laguntza horien uzta aintzat hartzekoa baita.

     

    © Mikel Ayerbe Sudupe

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Ayerbe Sudupe, Mikel (2019). “Elkar argitaletxearen (1972-) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/elkar-mendiguren-grabatzen/

    Download PDF

    MHLI artxiboa