itzuli

Hordago argitaletxea

    HORDAGO ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Hordago (1978-1988) argitaletxe donostiarrak euskal gaiak jorratzen zituzten lanak kaleratu zituen posfrankismoaren hastapenean, gaztelaniaz nahiz euskaraz. Euskal argitaletxeen hirugarren belaunaldian (1976-1986) iraupen txikiko proiektu bakarretarikoa izan zen Hordagorena (Torrealdai 1997, 559), baina, denbora laburrean izanagatik, nabarmentzeko moduko ekarpena egin zuen.

    Lur-en (1969) ondorengo zuzena izan zen Hordago, eta honen proiektua amaitutakoan talde editorialak aurreko izenarekin jarraitu zuen lanean. Lur-en jabe zen Enrique Villar Arancetak, Artemio Zarco Apaolazak eta Vicente Amestoy Olasagastik sortu zuten Hordago S. A. merkataritza elkarte anonimoa, Lur-en egoitza berarekin, hasieran, Ategorrietako Villa Zutik-en. Eskrituretan ageri denez, elkartearen eginkizunak “edozein gisako obrak editatzea, argitaratzea, banatzea, inportatzea eta exportatzea” zen, bai eta “bere xede sozialarekin lotutako ezein salerosketan aritzea” ere. 60.000 pezetako kapital sozialarekin abiatu zen; hortik bi heren Apaolaza eta Olasagastirenak ziren, eta Villarrek balio beragatik Lur argitaletxea eman zuen, Registro de Empresas Editoriales-en nahiz Empresas Importadoras de Publicaciones Extranjeras-en erregistratuta zegoena. Baina eskriturak sinatu eta hilabeteko tartean aldaketak egin zituzten eskrituretan; Olasagastik, administratzaile bakar zenak, bere eskumenak José Ignacio Múgica Arreguiri eta Juan Ignacio Echarti transferitu zizkien. Honekin batera, egoitza Plaza de Guipúzcoako 1. zenbakira mugitzearen eta kapitalari 500.000 pezeta gehitzearen erabakiak agertu ziren, azken hori “Euskadiko hainbat parlamentarik, profesionalek, artistak eta alkatek luzatutako izen-emate eskaerei erantzuteko”. Garbi adierazten du horrek handia izan zela argitaletxe berriaren irekierak izan zuen arrakasta.

    Hordagok harreman estua izan zuen hasiera batetik Euskal Iraultzarako Alderdiarekin (EIA), Múgica bera alderdi honen buruzagietariko bat izan baitzen. Joera ideologikoa eta engaiamendu sozialaren tankera lerro editorial guztietan islatzen ziren. Fikziozkoak ez ziren argitalpenak, adibidez, tabu izandako “euskal gaia”-ren gaineko erdarazko liburuen 70etako boom-ean (Torrealdai 1978, 105) txertatzen ziren, Javier Sanchez Erauskinen Txiki y Otaegi (1978), Documentos Y-ren (1979) 18 aleak edo Burgos: juicio a un pueblo (1979) gisako argitalpenak, alegia. Antzerako joera editoriala ikusten da diru iturri garrantzitsu ere baziren euskarazko haur literaturaren eta eskola liburuaren sustapenean. Haatik, argitaletxeak euskararekiko eta euskal kulturarekiko zuen engaiamendu sozial ezkertiarra gehien nabarmentzen zuena zera zen, ekonomikoki defizitarioa zela aurreikusten zen euskarazko zenbait testu motari emaniko bultzada, gogoan izan behar baita diktaduran garatutako kultur politikaren ondorioz posfrankismoaren hastapenean euskal irakurlegoa oso murritza zela. Hori zen, besteak beste, pentsamendu politiko-filosofikoa lantzen zuten lanen kasua, Joxe Azurmendiren Arana Goiriren pentsamendu politikoa (1979) edo Nazionalismo/Internazionalismo Euskadin (1979), adibidez. Hori berori esan daiteke Euskal Klasikoak bildumaz, arrakasta ekonomikorik ekarriko ez bazuen ere, guztiz beharrezkoa baitzen tradizioa eta izatea ukatu ohi zitzaion euskal literaturaren testuinguruan. Hala, 1978an XX. mende aurreko hainbat klasikoren berrargitalpen faksimileak egin ziren eta, aurrerago, Euskal Baladak. Azterketa eta antologiaren (1983) bi aleak eta 36ko altxamendu militarraren aurreko Eusko Pizkundeko poesia biltzen zuen Eusko Olerkiaken (1985) bost aleak argitaratu ziren, besteak beste. Bestalde, euskararako itzulpenaren esparruan ere ipini zuen Hordagok bere alea Tximista sailarekin, T.S. Eliot, George Orwell edo Fyodor Dostoyevskyren lanak estreinakoz euskarara ekarriz. Azpimarragarria da, era berean, argitaletxe hau euskal kultur ingurunean bereziki tabu ziren gaiekin ausartu zela, Hiztegi erotikoa (1983) euskara-gaztelania-frantsesa hiztegiarekin eta Jon Mirande idazle heterodoxoaren Haur besoetakoaren (1983) nahiz hark Txomin Peillenekin batera 60ko hamarkadaren hastapenean zuzendutako Igela: euskaldun heterodoxoen errebistaren (1979) berrargitalpenekin.

    Euskal literatura tradizionala edo, garaikide izanik ere, “masa” literatura ez beste literatur lan motak argitaratzeko arazoak zirela medio, zenbait idazleren esperimentuak eta abangoardiak talde lanean sortutako aldizkarien bidez garatu ziren, esate baterako, Ustela (1975-1976), Pott (1978-1980), Susa (1980-1994), Idatz & Mintz (1981-2001), Maiatz (1982- ) edo Pamiela (1983-1993). Hordago fenomeno honen partaide goiztiarra izan zen Xaguxarra (1980-1981) argitaratuz, Txema Larreak (1954-2018) eta Josu Zabaletak sortutako aldizkaria. Nolanahi dela ere, euskal literaturaren klasikoak eta esperimentuak garatzeko egindako apustuez gainera, Hordagok kutsu sozialeko euskal literatura arinagoa ere argitaratu zuen, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik, Panpox (1979) delarik horien artean aipagarriena.

    Euskal edizioaren hutsune zenbait bete zituen Hordagok, eta, aipatutakoez gainera, Mikel Antza, Jean Casenave, Eva Forest, Koldo Izagirre, Jon Juaristi, Xabier Kintana, Jon Kortazar, Josu Landa, Antton Olariaga, Joseba Sarrionandia, Alfonso Sastre eta Joseba Zulaikaren moduko idazleek argitaratu zuten bertan.

     

    © Amaia Elizalde Estenaga

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Bibliografia

    TORREALDAI, Joan Mari. “Euskal liburugintza 1977.ean”. In Jakin (1978), 5 zk., or. 103-122.

    —–. “Euskal liburugintza 1979.ean”. In Jakin (1980), 13. zk., or. 123-141.

    —–. “1980ko euskal liburugintza”. In Jakin (1981), 17/18. zk., or. 185-207.

    —–. “1981eko euskal liburugintza”. In Jakin (1982), 22. zk., or. 276-297.

    —–. “1982ko euskal liburugintza”. In Jakin (1983), 26/27. zk, or. 276-297.

    —–. “1983ko euskal liburugintza”. In Jakin (1984), 30. zk., or. 145-172.

    —–. “1984eko euskal liburugintza”. In Jakin (1985), 34. zk., or. 179-212.

    —–. “1985eko euskal liburugintza”. In Jakin (1986), 38. zk., or. 147-178.

    —–. Euskal kultura gaur. Donostia. Jakin. 1997.

    Webguneak

    AROZAMENA, Ainhoa. “Euskal Iraultzarako Alderdia”. In Auñamendi eusko entziklopedia. http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/euskal-iraultzarako-alderdia/ar-43107/ [2018-09-20].

    IBARLUZEA, Miren. “La edición en euskera”. In Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes – Portal Editores y Editoriales Iberoamericanos (siglos XIX-XXI) – EDI-RED (2017). http://www.cervantesvirtual.com/portales/editores_editoriales_iberoamericanos/edicion_en_euskera/ [2018-09-20].

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Elizalde Estenaga, Amaia. (2019). “Hordago argitaletxearen (1978-1988) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan. URL: https://mhli.net/artxiboa/hordago-argitaletxea/

    Download PDF

    Arantxa Urretabizkaiaren "Zergatik panpox" (1979) nobela laburraren azala