itzuli

Itxaropena argitaletxea

    ITXAROPENA ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Itxaropena argitaletxea (1932 – ) Euskal Pizkundearen garaian, euskal kulturaren eta literaturaren loraldia bete-betean zegoenean sortu zen, Zarautzen (Gipuzkoa), Patxi Unzurrunzaga (1906-1984) donostiarraren eskutik. Unzurrunzaga Editorial Vasca-n aritua zen ordurako lanean, eta Emilio Alkorta eta Bonifazio Illarramendi sozioekin sortu zuen Itxaropena. Gerra aurretik utzi zuten bi hauek argitaletxea, eta ordutik Unzurrunzaga deiturari lotua geratuko zen enpresa. Patxiren ondoren, haren seme Sabinek gidatu zuen eta, egun, Pellok darama, hirugarren belaunaldiko zaharrenak.

    Hasiera batean tailer grafiko gisa abiatu zen Itxaropena; gero, ordea, edizioaren munduan batere ohikoa ez den bidea eginez, argitalpen lanei ekin zion, tarteka bi jarduerak ere ezkonduz. Esate baterako, 1959an, Auñamendi bilduma inprimatu zuen Estornes Lasarentzat, baina horregatik bere argitalpenak ekoizteari utzi gabe.

    30eko hamarkadan hasitako ibilbidea modurik gordinenean eten zuen Espainiako 1936ko estatu kolpeak. Diktadura frankistak euskalduna zen ororen aurkako errepresio gogorra ezarri zuen, eta horrek, erbestearekin eta zentsura instituzionalarekin batera, euskal edizioarentzako egoera erabat iluna ekarri zuen diktaduraren lehen urteetan (Ibarluzea 2018); 1940ko hamarkadan, Hego Euskal Herriko euskarazko edizioaren zati garrantzitsu bat klandestinoa zen.

    1950eko hamarkadan etorri zen nola edo halako berpiztea, egoera politiko eta kultural aski zailean; lotsarik gabe esan daiteke, beraz, Unzurrunzagaren garai honetako jarduera goraipatzekoa dela. 1949an Salbatore Mitxelena adiskidearen Arantzazu, euskal poema argitaratu zuen, ziurrenik Gerraosteko lehen literatur lan aipagarria. Hurrengo urtean, Itxaropenaren zigiluarekin plazaratzen da Orixeren Euskaldunak, gerra aurretik idatzia bazen ere, ordu arte argitaratu gabe egon zen poema epiko luzea.

    Argitalpen hauek Unzurrunzagaren ausardia erakusten dutenez gero, merezi du berauei bidea zabaldu zioten baldintza kuriosoak gogoratzeak. Jakin badakigu Pedro Rocamorak, 1946tik Espainiako Prentsa eta Propaganda zuzendari zenak, Zarautzen egiten zituela udaldiak; veraneo haietako batean, 1947ko Euskal Festa egunez zehazki, inguratu zitzaion Patxi, Jose Artetxerekin batera, Rocamorari, poema erlijioso eta folkloriko zenbait argitaratzeko asmoa zuela-eta lizentzia eskatuz. Zuzendariak eskaera onartu, eta haren onespenak atea zabaldu zien aipaturiko liburuei. Eta izan, egia da Orixeren Euskaldunak erlijiosoa eta folklorikoa dela neurri handi batean, baina ez hori bakarrik: tartean zegoen “Denok bat” atala, zazpigarrena, euskal probintzien batasunaren aldekoa.

    Bistan da garai honetan euskaraz argitaratzeak arrisku gorria zekarkiela horretan zebiltzanei. Horren adibide dira, besteren artean, Jon Etxaideren lanak; Etxaide hainbat aldiz izan zen jazarria, baita susmagarritik ezer gutxi zuketen umorezko obra edo haurrentzako lanengatik ere. Beste adibide bat aita Santiago Onaindiak apailatutako Milla euskal-olerki eder (1954) poema antologia da: Itxaropenaren argitalpena jazarria izan zen, antologiak Sabino Arana-Goiriren hainbat poema “infiltratu” zeuzkala-eta. Are krudelagoa da Sabin euskalduna liburuxkaren patua: lehen aldiz 1931n inprimatu zuten, Zelaia eta lagunak zigilupean, haurrek euskaraz ikas zezaten, eta urte askoren ondoren, gillotinatu egin behar izan zituzten aleak administrazioaren aginduz, Itxaropenaren tailerrean bertan.

    1952an Kuliska Sorta bilduma sortu zen: bertan, 76 liburu kaleratu zituzten 1973 bitartean, J. Svenssonen Noni eta Mani-rekin hasi eta S. T. Rekalderen Idahon artzain eta euskaldun liburuarekin saila itxi arte. Hauen artean argitaratu ziren Gerraosteko literatur lan garrantzitsuenetako zenbait, hala nola Anabitarte, Erkiaga, Etxaide edo Labaienenak. 36ko Gerraren aurreko zenbait lan nabarmen ere berrargitaratu ziren, Lizardi eta Arreserenak tartean. Ez hori bakarrik, Kuliska Sortan kaleratu ziren euskal literaturan modernitateari ateak zabaldu zizkioten idazleen lan zenbait, esate baterako Peillen, San Martin edo Ugalderenak. Azken hauen artean, aipamen berezia merezi du Gabriel Arestiren Harri eta Herri-ren argitalpenak, 1964an bildumako 55. zenbakiarekin, huraxe izango baitzen euskal literatura modernoaren ikur eta oinarri.

    Jatorrizko euskal lanez gain, hainbat itzulpen argitaratu zen; besteak beste, Barojaren Xanti Andiaren kezkak (Jon Etxaidek ekarria euskarara), Hemingwayren Agurea eta itxasoa (Gotzon Goenagak itzulia) eta Celaren Paskual Duarte’ren sendia (Jautarkolen eskutik). Azken honek, 1967an itzulpena argitaratzeko baimena ematerakoan, honela idatzi zion Unzurrunzagari: “Me ilusiona imaginarme a mi Pascual Duarte vestido, algún día, con el viejo y noble ropaje de la lengua eúscara” (Unzurrunzaga 1999:16). Aipagarria da, halaber, Kixoteren luxuzko argitalpena, Pedro Mari Berrondoren itzulpenean.

    Era berean, Kuliska Sortan argitaratu ziren haur eta gazte literaturako lan garrantzisuak (Etxaniz, 1997:144): hor daude aipatutako Svenssonen Noni eta Mani (Plazido Muxikak itzulia) edo Martin Ugalderen Umeentzako kontuak.

    Argitalpen guzti hauen eta aipatu ezin ditugun beste hainbaten garrantzia argi bezain zoli adierazi zuen Basarrik Patxi Unzurrunzaga hil zenean: “Garai artan, euskeraz zerbait irakurri nai zunak, Itxaropena Argitaldariarengana jo bearra zeukan” (San Martin, 1984:6).

    1970eko hamarkadan argitaletxe berriak sortu ziren, eta Itxaropena grafika bezala funtzionatzera itzuli zen (Torrealdai 1977:478), besteak beste, Enciclopedia general ilustrada del País Vasco gisako lanak inprimatuz. Milurteko berriarekin, argitaletxeak euskal grafiara egokitu zuen bere izena; ordutik aurrera Editorial Itxaropena, S.A. izango zen. Egun, erakunde publiko askorentzako lanak egiteaz gain, euskal literaturaren eremuko inprimatzaile ezagunenetakoa da eta, besteren artean, Alberdania, Elkar, Erein eta Igela argitaletxeentzat egiten du lan.

    Itxaropena argitaletxea XX. mende hasierako Euskal Pizkundearen eta Gerraosteko berpizte kulturalaren arteko zubi gutxietako bat izan zen, eta garai historiko zailetan literatur argitalpenak daukan balioaren sinbolo izaten jarraitzen du. Horren erakusgarri dira Zarauzko Udalak eskainitako Kultur Merezimenduaren Domina (2009), liburugintzaren alorreko bost elkartek ematen duten Dabilen Elea saria (2010) edota Euskadiko Liburu Ganbararen Argital saria (2011). Aitorpen hauek Unzurrunzagak eta bere argitaletxeak euskal kulturari eta gizarte kontzientziari egindako ekarpena azpimarratu dute, eta egindako ahaleginaren balio erraldoia goraipatu.

     

    © Alexander Gurrutxaga Muxika

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Gurrutxaga Muxika, Alexander (2019). “Itxaropena argitaletxearen (1932–) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/itxaropena-argitaletxea/

    Download PDF