itzuli

Esparza Zabalegi, Jose Mari

    JOSE MARI ESPARZA ZABALEGIREN SOSLAIA

    Jose Mari Esparza Zabalegi (1951-), Tafallan jaio zen 1951eko azaroaren 23an, familia ezkertiar eta errepublikazale batean. Aita nekazaria bazen ere, 11 urte zituenetik, Esparzak txiki-txikitatik jaso zuen etxean irakurtzeko zaletasuna eta liburuekiko jakinmina, batez ere amaren aldetik (Argentinan hezia), espiritu transgresoarekin batera. Iruñean ikasi zuen Salesianoetan, eta maisutza industrileko ikasketak egin zituen.

    Gaztetatik inplikatu zen mugimendu sozialekin, baina 1968an senitarte batekin Parisera egindako bidaiak berebiziko eragina egin zion, eta han ikusitakoak behin betiko finkatu zituen aurretik bazituen ardura sozialak eta politikoak.

    Ia 20 urte egin zuen lan Tafallako Victorio Luzuriaga S.A. Fundizioan, 17 eta 37 urteen artean eta, lan sindikala osatzeko, memoria historikoa berreskuratzeari ekin zion. Herrian sortuta zuten Altaffaylla Kultur Elkartearen eskutik argitara eman zuen, Mari Jose Ruiz Vilas eta Juan Carlos Berrio Zaratiegi egilekideekin, Navarra 1936. De la Esperaza al Terror (Altaffaylla, 1986) lan luze eta sendoa. Nafarroan sortu zuten kolaboratzaile sareari esker, herriz herri jaso zituzten 3.000 baino gehiago fusilaturen izenak, baita erailketak egin zituzten pertsona askoren identitateak ere.

    1988an eskatu zioten Txalaparta argitaletxearen kargu egiteko, urte batzuk lehenago Bilbon sortu eta artean geldirik zegoena. Bilbotik Tafallara aldatu zuten argitaletxea eta ordutik 2018era arte, 715 egileren 1.131 titulu eman ditu argitara (horietarik 366 titulu euskaraz) eta 3 milioi liburu hedatu ditu munduan zehar.

    Esparzak politikan ere hartu izan du parte. Frankismoaren ondorengo lehenengo udal hauteskundeetan Agrupación Electoral Popular taldearekin aurkeztu zen eta zinegotzi jardun zuen Tafallako udalean.

    Memoria historikoa berreskuratzeko artxiboak arakatzen ari zela ohartu zen nola Eliza ari zen inmatrikulatzen ordura arte jabego publikoa zuten elizak, basaelizak, parrokia-etxeak, lursailak, baratzak, larreak, mahastiak, olibadiak, futbol zelaiak, frontoiak eta beste hainbat ondasun higiezin. Beste nafartar batzuekin elkarlanean, Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforma sortu zuen Nafarroan, eta estatu espainiarreko erkidego askotan antzeko plataformak sortzen lagundu du, Elizak bereganatu dituen ondasunak berriz ere jabe legitimoei, herritarrei alegia, itzultzeko helburuaz.

    Edizio arloan, enpresa-konzentrazioari aurre egiteko eta argitaletxe txikiak babesteko asmoz, Editores Independientes taldea sortu zuen 1998an, non Txalapartarekin batera beste hiru argitaletxe elkartu ziren: ERA (Mexiko), LOM (Txile) eta TRILCE (Uruguay). Lau argitaletxeek lortu zuten beste argitaletxe txiki asko batzea, eta gaur egun Alianza Internacional de Editores Independientes taldeak 550 argitaletxe batzen ditu 53 naziotan, 6 sare linguistiko ditu eta Parisen du egoitza nagusia.

    Editore Independienteek berebiziko indarra egin zuten UNESCOk Kultura-Aniztasunari buruzko Adierazpen Unibertsala onartzeko 2001 urtean. Bestalde, Alianza Internacional-ek bere kabuz, Bibliodibertsitatearen Behatokia jarri du indarrean 2016tik aurrera, kultura-industriaren konzentrazioak eragiten duen txirotze kulturala saihesteko.

    UNESCOren Adierazpena NBEk bere egin zuen nazio guztien aldeko botoarekin (birena izan ezik AEB eta Israel herrialdeena), eta ebazpenari esker herrialde latinoamerikar batzuetako kultura-industriek lortu dute beren gobernuek kulturaren arloa ateratzea AEBrekin dituzten Komertzio Librearen Itunetatik.

    Editore Independienteak dira Glocal kontzeptuaren bultzatzaileak, globala eta lokala kontzeptuen batuketa eginez, uste baitute ezin dela egin unibertsalaren defentsa ez bada lokaletik, errealitatea nazionaletik. Eta nazioaren barruan, herritarren babesa dute ezinbesteko oinarritzat, Esparzak dioen moduan, “babes herritarrak sostengatzen ditu utopiaren armak, eta ez merkatuak”.

    Liburuak editatzeaz eta aktibismoa kulturala egiteaz gain, Esparzak artikulu ugari idatzi ditu prentsan eta 21 liburu eman ditu argitara, memoria historikoaren inguruan bereziki baina, baita ere, gai kultural eta politikoen gainean, haren bibliografian ikus daitekeenez.

     

    © Laura Mintegi Lakarra

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Mintegi Lakarra, Laura (2019). “Jose Mari Esparza Zabalegiren soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/jose-mari-esparza-zabalegi/

     

    Download PDF

    Jose Mari Esparza Zabalegi, Txalaparta argitaletxeko editorea Argazkiaren egilea: Mikel Berrio Zaratiegi