itzuli

Kili-kili proiektua

    KILI-KILI PROIEKTUAREN SOSLAIA

    Kili-kili (1966- ). Euskarak kili-kili egiten zion Jose Antonio Retolazari eta umeei sentsazio bera zabaltzea izan zuen helburu. Jose Antonio euskaltzale itsua zen, euskara maite zuelako ikasi zuen, eta maitasun horrek eraman zuen Bilbon San Anton parrokiako umeen artean esku-orri batzuk euskaraz egitera 1966an. Esku-orriotan parrokiako ekintzen eta jardueren berri ematen zuten, baina umeei zuzenduta zegoenez, Kili-Kili izeneko pertsonaia asmatu eta sortu zuen. Beraz, Kili-Kili izenak adiera asko ditu.

    Alde batetik, mutiko baten izena da, pertsonaia baten izendapena. Mutiko horrek, gainera, gurasoak, jaioterria, hizkuntza eta ardurak ditu.

    Beste alde batetik, mugimendu zabal baten izena da. Umeak alfabetatzeko sortu zen, umeei euren hizkuntzan idazten eta irakurtzen irakasteko, eskolan ez baitzuten horretarako aukerarik. Helburu izan zituen katekesiko umeak lehenengo, eta Euskal Herri osoko umeak gero, berehala hedatu baitzen mugimendua.

    Eta azkenik, Kili-Kili alfabetatzeko metodo baten izena da, argitalpen mota guztiak izan zituena, gainerako jarduerekin batera: liburuak, ariketak, Kili-jaiak, ibilaldiak, txokolatadak, kartelak, irratia, Kili-Kili egunak…

    Mugimendu honek guztiak jende asko inguratu zuen, jende asko behar baitzen jarduerak antolatzeko, umeekin jarduteko, materialak prestatzeko eta zernahi zeregin egiteko.

    Hala eta guzti ere, sortzailea eta eragile nagusia Jose Antonio Retolaza izan zen (Bilbao 1929-Muxika 2014), dudarik gabe. Baina harekin batera, estetika eta irudi alderdiaren asmatzailea Lander Gallastegi (Torreón, Mexiko 1929-Berango 2014) aipatu behar da. Lagun handiak ziren eta eskuz esku lan egin zuten egitasmoaren ibilbide guztian.

    Euskerazaleak elkartearen babespean, zabalkunde lanari ekin zioten teila bako ikastola zerbitzua emateko euskararen egarriz zeuden guraso asko eta askoren seme-alabei.

    Izan ere, Lan ta lan koadernoak euskaraz alfabetatzeko ariketa-koadernoak ziren. Hizkuntza, literatura, historia, dotrina, geografia, matematika… era guztietako gaiak lantzen ziren. Umeek harpidetza bidez etxean hartzen zituzten koadernoak, ariketak egin eta itzuli egiten zituzten zuzentzera, eta behin zuzenduta berriro bidaltzen zitzaizkien. Ariketak prestatzeko, koadernoak zuzentzeko, umeen eskutitz ugari ere ugariei erantzuteko jende askoren lana behar izaten zen, azpiegitura zabala zegoen egitasmoaren inguruan.

    Arduradunek helburu argia zeukaten: umeek euskara ikastea esperientzia positibo, alai eta erakargarriaren bitartez; euskara pozgarri izatea. Horregatik, ahaleginak beti zekarren saria, oparia, eta opariek ere helburuarekin bat egiten zuten: txangoa Euskal Herriko lurralde guztiak edo leku historikoak ezagutzeko, euskarazko irakurgaiak, eta abar.

    Kili-Kili Bilbon, San Anton parrokian sortu zen, euskara galarazita eta jazarrita zegoen garaian. Parrokia horren arduraduna une horretan Don Klaudio Gallastegi zen, abade euskaltzale eta abertzale sutsua. Bere gain hartu zuen egitasmoaren erantzukizuna, beste batzuk hartu zituen bezala. Kasurako, parrokia horretan eta abade horrek berorrek egin zuen Bilboko lehenengo meza euskaraz. Hain arrakastatsua izan zenez, astero-astero egiten zuen eta hara batzen ziren Bilboko euskaldun eta euskaltzale guztiak euskarazko mezatara. Ordurako lehenengo ikastolak sortzeko hasierako pausuak ematen hasiak ziren, San Antonen bertan izen bereko abesbatza zegoen, dantza-taldea, mendi-taldeak ere eragile handiak ziren gazteak elkartu ahal izateko… Bazegoen giro apur bat Bilbon, orokorrean, eta San Anton elizaren inguruan bereziki.

    Baina berehala zabaldu zen Bizkaiko herri eta auzo guztietara. Herrietako katekesi-taldeen bitartez, sarea eratu zen egitasmoarekin bat egiteko. Horrek bidea eman zien herri ezberdinetako umeen topaketak egiteko, txangoak eta txapelketak antolatzeko.

    Bizkaiko muga ere laster igaro zuten, euskararen lurralde guztietara, eta horrek lana biderkatzea ekarri zuen. Izan ere, euskara oraindik batu gabe zegoenez, ordura arte bizkaieraz egiten ziren koadernoak lurralde bakoitzeko hizkerara moldatzen ziren. Horrela, koaderno berak euskalki guztietako aldaerak izaten zituen.

    18.000 harpidedun izatera heldu zen Kili-Kili. Lurraldez hedatzean beste jarduera batzuk ere egiten hasi ziren. Kili-Kili eguna izan zen horietariko bat. Guztiz arrakastatsuak izan ziren halako jai-egunak, egarri itzela zegoen euskaldunak batzeko eta jai-giroan euskaraz bizitzeko. Lehenengoa Bilbon egin zen 1977an, aurreko urtean Mungian egindako ‘Umeen Jaia’ren ostean. Itzelezko arrakasta izan zuen, orduko egunkarietan oihartzun handia izan zuen berriak, Bilboko Kale Nagusia herrietako ume euskaldunez bete zelako. Gero etorri ziren Donostia, Gernika, Iruñea eta beste herri batzuetako Kili-Kili Egunak.

    Bilbokoa egin zen egunean aurkeztu zen aldizkariaren formatu berria, komiki itxuran. Beste hizkuntza batzuetan ezagunak ziren komikiak euskarara ekartzea du meritu: Mortadelo eta Filemon, Zipi eta Zape, Pantera Gorriska … Jarraipen itzela izan zuen, 233 zenbaki egin ziren guztira.

    Beste jarduera bat Kili-irratia izan zen, 80ko hamarkadan hasita, astean-astean umeak eurak protagonista zirela irratian egiten zituzten saioak Kili-Kiliren ekintzen berri emanez eta parte hartzea bultzatuz. Bilbon Herri Irratian egiten zuten, Jesus Eguzkiza Eguzki esatari zela; Arrate Irratian, Bernardo Ibarra eta Carlos Olabarriagaren eskutik; Iruñeko Euskalerria Irratian Mikel Bujandaren ardurapean, eta Lapurdiko Gure Irratian, Mattin Larzabalen laguntzaz.

    Kili-irratsaioa hasteko sintonia gisa sortu zen Kili-Kili bat, Kili-Kili bi, milaka ume dantzan… kantua, himnotzat geratu izan dena. Eguzkiren hitzak Zorion Egileorrek musikatu eta Deustuko Ikas Ume Abesbatzak kantatu zituen Paskual Barturenen zuzendaritzapean.

    Hortik aurrera argitalpenetan bide berriak urratu zituen Kili-Kilik, bilduma berezituen bitartez: Oporretan, Ikas-zale, Komiki-zale, Historia-zale, Jolas-zale, Ipuin-zale eta Jainko-zale. Argitalpen sorta ederra sortu zuten ume eta gaztetxoei euskarazko irakurgai jakingarriak eskaintzeko helburuarekin, jakintza-arlo askotan gainera: euskal kultura, mitologia, historia, pertsonaia historikoak… euskaraz zer irakurri eduki zezaten, inguruko beste edozein hizkuntzatan baizen txukun eta eder.

    Gerora, Eusko Jaurlaritza sortu eta Hezkuntzako ardura hartu zuenean, euskara eskoletan legez sartzen hasi zen eta Kili-Kiliri erreleboa hartu zion. Teila bako ikastola eskola arautu bihurtu zen eta laguntzaileen lana profesionalen eskuetara aldatu zen, beste hizkuntza guztietan ohi den moduan.

    Kili-Kilik belaunaldi bateko ume euskaldunak alfabetatu zituen, euskara pozgarria zela erakutsi zien, eta baita edozein jakintza-gai euskaraz landu daitekeela ere. Urruneko irakaskuntza sistema bat eratu zuten, guztiz berritzailea. Aipamen berezia merezi du estetika alderdiak, zoragarria delako, itzelezko lan ederra, umeengana heltzeko egokia guztiz. Eta argitaratzaile moduan berrehundik gora produktu utzi ditu. Ez da ondasun makala.

     

    © Igone Etxebarria Zamalloa

    Labayru Fundazioa

     

    Bibliografia

    LABAYRU FUNDAZIOA. Kili-Kili 1966-2016. Euskera pozgarri. Bilbo. Labayru Fundazioa-Bilboko Udala. 2016.

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Etxebarria Zamalloa, Igone. (2019). “Kili-kili proiektuaren (1966- ) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan. URL: https://mhli.net/artxiboa/kili-kili-proiektua/

    Download PDF

    "Lan ta lan 6" koadernoa (1972)