itzuli

Labayru Fundazioa

    LABAYRU FUNDAZIOAREN SOSLAIA

    Labayru Fundazioa (Bilbao, 1977-) euskal hizkuntza eta kultura batu, jagon eta zabaltzeko sortu zen, beste hainbat ekimen sortu zen garaian, Bilboko Elizbarrutiaren babesean eta gizarte zibileko pertsonen bultzadaz. Hainbat arlo lantzen ditu: euskararen irakaskuntza, itzulpena, lexikografiako ikerketak, ondare etnografikoari buruzko ikasketak eta zabalkundea.

    Jarduera horren emaitza moduan hainbat material eta idatzi sortzen dira, erakundeak berak argitaratzen dituenak. Beraz, esan daiteke Labayru Fundazioaren argitaratzaile jarduera berak sortutako lanak zabaltzeari lotuta dagoela, hasiera-hasieratik berak argitaratu baititu bere lanetik etorritako lanak. Lan horretatik parte handi bat beste erakunde batzuekin batera ateratzen da, denen artean bidelagunik aipagarriena BBK Fundazioa dela.

    Lehenengo argitalpenak 1970eko urteetakoak dira, orduan hasi zen Derioko Udako Euskal Ikastaroari lotuta, ikasleentzat apunteak berrien berri egin behar zirelako. Idatziak eta Eskola apunteak bildumak dira jarduera honi hasiera eman ziotenak. Arduradunek lehenengotik asmo sendoa hartu zuten irakasleek, kolaboratzaileek eta ikertzaileek egindako lanak idatziz jaso eta argitaratzeko. Hala bihurtu ziren irakasleak materialgile, baita idazle ere kasu batzuetan.

    Orduan premia eta hutsune handia zegoen, bai eskoletarako didaktika arloa asetzeko, bai ikasleentzako irakurgaietan, ikasitako hori irakurri ahal izateko. Horrek eraginda, mintegi modura eratuta, lan ildo biak zabaldu ziren. Hortik aurrera, denboraren ibilian, Labayruren argitaratzaile lana ugaritzen eta adar berrietara zabaltzen joan da, hainbat bildumatan antolatuta. Bakoitzak helburu edo jomuga zehatzak ditu, eta eduki-gaiak horretara egokitzen dira, dela zabalkunderako, umeen irakaskuntzarako, ikerketarako edo adituen jakinerako.

    Irakaskuntzarekin lotutako argitalpenak Ikasgaiak eta Ariketak, Eskola tailerra, Literatur kaierak bildumetan jasota daude. Halakoak euskara ikasteko eskoletarako nahiz irakaskuntza arauturako dira, batez ere euskara eta euskal literaturako gaiei buruz. Hizkuntzalaritzako azterlanetan gramatika, toponimia eta lexikografiako lanak sartzen dira, hala nola, Justo Mari Mokoroaren Ortik eta Emendik. Repertorio de locuciones de habla vasca eta Labayru Hiztegia / Diccionario Labayru, gaur egun paperean ez ezik, sarean ere (hiztegia.labayru.eus) edo telefonoko aplikazioaren bitartez kontsulta daitekeena.

    Literaturako emaitza hainbat bildumatan banatzen da, edukiaren arabera. Sutondoan izenekoan XX. mendeko idazleen lanak sartzen dira, ortografia gaurkoturik eta sarrera-azterlana dutela. Batzuk berrargitalpenak dira, baina badira lehenago aldizkarietan sakabanatuta bakarrik argitaratuta egon direnak ere. Galburua bilduman sorkuntzako idazlanak sartzen dira, batez ere narrazio-sortak. Urbegi ere sorkuntzako lanetarako da, baina halakoak luzeagoak dira, nobelak kasurako. Helburua da idazle berriei plaza ematea euren ekarpenak argitaratzeko.

    Herri-literaturak leku handia dauka katalogoan, grabazioen bitartez jasotako testigantzen transmisioa egiteko helburuz. Zabalkundeko eta azterketako lanak dira, bietakoak. Herri-ipuinak umeei zuzendutako irakurgaiak dira, irudi eta guzti, beti ere herritik jasotako ipuinekin eginda. 25 kanta eder kantutegi laburrak dira, bakoitzak 25 kanta dituela, gaika antolatuta. Laratz eta Geureak bildumetan herri-ondareko eta ahozko literaturako gaiak zabaltzen dira, corpusak batzuetan, testigantzak bestetan, eta azterketak ere. Jarein eta Arragoa testu klasikoei bidea emateko bildumak dira, lehenengoan XVIII-XIX. mendeetako euskal idazleen testuak jasotzen dira, eta bigarrenean edizio zaharren berrargitalpenak. Aita Santi Onaindia Beka, bestalde, izen berarekin urte birik behin deitzen den bekaren emaitzak argitaratzeko bilduma da. Literaturako ikerketarako beka da, beraz, literaturako azterlanak ditu bildumak.

    Etnografiari dagokionez, Atlas Etnográfico de Vasconia lanak zortzi liburuki ditu, bakoitzean gai bat aztertzen dela: elikadura, umeen jolasak, jaiotzatik ezkontzara arteko errituak, heriotzako errituak, abeltzaintza eta artzaintza, herri medikuntza, etxea eta familia, nekazaritza. Urteetako landa-lanaren emaitza dugu lan hau, euskal lurralde guztietan Etniker Taldeek egindakoa. Laurogei bat herritan egindako inkestetatik abiatuta, emaitza guztiak batuta egiten da liburuki bakoitza. Arlo honetan Estudios de Etnología y Etnografía bilduman gai monografikoei buruzko lanak sartzen dira, adibidez herri medikuntza eta herri erlijioari buruzkoak. Atal honetan nabarmentzekoa da Gurutzi Arregiren Ermitas de Bizkaia, 1987an hiru aletan argitaratua.

    Etnografiako edukiak blog batean ere zabaltzen dira astean-astean sareen bitartez. Horietatik, urteko argitalpen guztien artikulu hautatuen sorta Gurean zer berri? Zaharrak berri izeneko liburukietan ateratzen da.

    Argitaratzaile jarduera honen beste adar bat da aldian aldiko argitalpenena. Idatz & Mintz – Literatur Atalen Sorta literatur aldizkaria da, sorkuntzako lanei zuzendua, 1982tik hona etenik gabe ateratzen dena. Hasierako urteetan izen bereko literatur lehiaketa eratzen zuen, eta ibilbide osoan hainbat separata gehigarri atera ditu, aldizkariarekin batera banatzeko. Urtean ale bi aterata, honezkero 67. zenbakira heldu da. Batez ere harpidetza bidez zabaltzen da. Litterae Vasconicae hizkuntza eta literaturako azterlanak kaleratzeko aldizkaria da, urte birik behin ateratzen dena. Etniker Bizkaia, ostera, Atlas Etnografikoari lotutako ikerketen emaitzak zabaltzeko aldizkaria da, Atlasean sartzen ez diren monografiak batez ere.

    Honi guzti honi erakundeari lotutako argitalpenak gehitu behar zaizkio, kasurako urteko jarduera-memoriak, argitalpen-katalogoak, urteurrenetako argitalpenak, edo ekitaldi berezien inguruan egindakoak, besteak beste.

    Guztira 500 lanetik gorako katalogoa da orain artekoa. Hala ere, esan beharra dago azken urteetan paperezko argitalpenak behera joan diren neurrian beste euskarri batzuetakoek gora egin dutela. Gaur egun gehiago argitaratzen da sarean, bai ikusentzuteko formatuetan, bai multimedia euskarrietan, bai webguneetan, nahiz eta liburuek ere euren lekua duten. Helburua eta publikoa zein den halako argitalpena.

    Ibilbide luze honetan, Labayru Fundazioak hainbat sari eta omen jaso ditu. Erakundeari orokorrean emandakoez gainera, edizioengatik ere saritu izan dute. Etniker Bizkaia aldizkariak 1985ean Bizkaiko Foru Aldundiaren Argitalpen Onenaren Saria hartu zuen; Ipuin tailerra liburuak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Ohorezko Aipamena izan zuen 2000. urtean; eta Idatz & Mintz aldizkariari Urrezko Luma eman zioten Bilboko Liburu Azokan 2015ean.

     

    © Igone Etxebarria

    Labayru Fundazioa

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Etxebarria, Igone (2019). “Labayru Fundazioaren (Bilbao, 1977-) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/labayru-fundazioa/

    Download PDF

    Iturria: Labayru Fundazioko argazki-artxiboa.