itzuli

Leopoldo Zugaza Editor argitaletxea

    LEOPOLDO ZUGAZA EDITOR ARGITALETXEA

    Leopoldo Zugaza Editor(1975-1980), Leopoldo Zugaza Editor (1975-1980) Fundatzailearen izen bera duen argitaletxea Durangon sortu zen 1975. urtean, liburuak euskaraz argitaratzeko zeuden zailtasun eta arazoak konpontzeko asmoarekin. Hain zuzen, 60ko hamarkadatik aurrera, euskaraz idazten ari zen belaunaldi gazte bat azaldu zen eta alfabetatze lanak ere indarra hartzen ari ziren, helduen zein umeen artean.

    Leopoldo Zugaza (Durango, 1932), Gederiaga elkartearen babespean, Durangoko Liburu eta Disko azokako bultzatzailetako bat izan zen1965. urtean, eta horrek euskal argitalpenarekin eta liburuekin lotu zuen bizitzan bultzatutako beste hainbat eta hainbat ekimenetan. Kultur sustatzaile lanaren adibide ugari jarri daitezke: Itz liburu denda Durangon, Labayru Institutua, Arteder (euskal artearen feria), Gernikako Euskal Herria Museoa, Durangoko Historia eta Arte Museoa, Olerti Etxea eta Photomuseum delakoa Zarautzen, 90eko hamarkadan, eta abar. Olerti Etxeak poesiari buruzko argitalpenak eta antzerki lanak bultzatu zituen eta horrekin batera, Ikus-poesiaren nazioarteko jaialdi bat antolatu zuen.

    Zugazaren kultur ekimen asko Bizkaiko Aurrezki Kutxako (gero Bilbo Bizkaia Kutxa) kultur zuzendaritzatik bultzatu zituen. Lanpostu horretan egindako urteek Bilboko Arte Ederren Museoko batzordeko buru izateko aukera eman zioten, eta bertatik museoa berritzeko proiektua abiatu zuen: artxiboa eta liburutegia antolatzeaz gainera, grabatuko bilduma sortzeari atea zabaldu zion.
    Azken urtetan Zugazak “De re bibliographica” aldizkaria argitaratzen duen Manuel Larramendi Institutu Bibliografikoa bultzatu du.

    Leopoldo Zuagaza izenburupean argitaratutako lehen liburuak gai ezberdinetakoak izan ziren, politikarekin harremana zutenak alde batetik, adibidez Euskadiko Komunista Alderdiaren bigarren biltzar nagusia (2º Congreso del PCE), historiarekin: Andres de Mañaricuaren Alava, Guipuzcoa, a la luz de su historia (1977), geografiarekin: Manuel Ferrer eta Andres Precedoren El sistema urbano vasco: las ciudades de Guipuzcoa y Vizcaya (1977), zuzenbidarekin: Fuero Nuevo de Vizcaya (1976) Tratados sailaren barruan, kooperatibismoarekin: Iñaki Gorroñoren Experiencia cooperativa en el País Vasco (1975), euskararen inguruko filologia ikerketekin lotutakoak ere ez ziren gutxi izan: M. Zarate Lejarragaren Euskal deklinabidea (1975), Euskal Ortografia (1978) eta Bizkaieratik baturantz (1979), baita gaztelaniaz ere: Koldo Mitxelenaren La Lengua Vasca (1977) eta Tratados delako bildumaren barruan Angel Goenaga jesuitaren Uts: la negatividad vasca tesia (1975), euskal literaturarekin: Mikel Zarateren Euskal Literatura 1977an, edo fikzioarekin: Jose Manuel Ercilla Urizar-Barrenaren Atalak (1975) eta Hitzik ainitz idatzi dut (1977) izeneko liburuak, Amaia Lasa Alegriaren Hitz nahastuak (1977) poesia liburua, Mikel Zarateren Bizipen bultzadaz poesia liburua eta Ipuin antzeko mingotsak (1975), Irrisko sortan Xabier Azurmendiren Jesus (1977), Xabier Iratzederren Fededunen Arbasoa (1977) eta Alfonso Irigienen Herrian gara bizi (1979), A. Zubikarairen Bale Denborak (1978) eta Jesus Etxezarragaren Olerki solteak (1978). Hala ere, Leopoldo Zugazak editore moduan argitaratutako libururik ezagunena Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua izan zen. 1977an egindako berrargitalpenak Euskaltzaindiak 1955ean argitaratukoari lekukoa hartu zion, belaunaldi berrien artean zabaltzeko.

    Era berean, ikastolek euskal irakaskuntzari emandako bultzadak garai hartako argitaletxeak ikasliburuak argitaratzeko lana hasi zuen, horregatik saiakera eta fikzioarekin batera Zugazak hezkuntzan erabiltzeko liburuak argitaratu zituen, adibidez oinarrizko hezkuntzan euskara ikasteko liburuak: I. Eguzkizak idatzitako Euskera I, Aditza I eta II (1977), edo Jose Maria Irazolaren Aditza III-IV (1978).

    Gaztelaniaz idazten zuten Euskal Herriko idazleen liburuak ere argitaratu zituen. Adibide ugari jarri badaiteke ere, Santiago Aizarnaren Historias sin personaje (1975) eta La mujer de Lot (1977) izenekoak aipatuko ditugu, Jorge Gonzalez Arangurenen Huida bajo un paisaje de lluvia (1975) eta Últimas imaginarias (1977) delakoekin batera. Trazos izeneko sailaren barruan Jose Luis Merinoren Le doy galletas para saber dónde cae la boca, izeneko liburua argitaratu zuen 1978an.

    Zugazak urte gutxitan egindako editore lan izugarriaren beste alderdi bat, faksimilen argitalpenarena izan zen. Testuinguru horretan ulertu beharko genuke Alfonso Castelaok Buenos Airesen 1945etik 1946ra bitartean argitaratutako Galeuzca aldizkariaren berrargitalpena faksimile modura 1977an, urte bete lehenago Akal argitaletxeak berrargitaratutakoaren bideari jarraituta, nahiz eta azken hau faksimilea ez izan. Ez zen izan Galeuzcaren faksimilea Zugazak alor horretan egindako azken lana, urte asko pasa ondoren (2001. urtean seguru asko) eta Jakider zerbitzu kulturalen enpresaren babespean, beste bi aldizkariren berrargitalpena bultzatu baitzuen, 1920an Asociación de Artistas Vascos delakoak Bilbon argitaratutako Arte Vasco izeneko aldizkariaren sei aleak faksimile dotorean, Gasteizen 1934an argitaratutako Revista 5 izeneko aldizkariaren berrargitalpenarekin batera.

    Horiekin batera Gaiak aldizkariaren argitalpena ere aipatzeko modukoa da. 1976an argitaratutako aldizkaria zientzia eta kultura gaiak aztertzeko sortu zen eta arteari tarte berezia eskaini zioten, artisten elkar lanak bultzatu zituztelako, beste askoren artean Jose Luis Zumetaren kolaborazioa izan zuen aldizkariaren lehen zenbakiak eta Jose Ramon Sainz Morquillas bigarrenak. Aipatzeko modukoa da Gaiak aldizkariaren 4. zenbakiak (azkenak) Gernikako bonbardaketari egindako omenaldia.

    Azpimarratu behar da Leopoldo Zugazak argitaratutako liburuetan azalen diseinuari garrantzi handia eman zitzaiola. Artisten kolaborazioak eskatu zituen horretarako eta liburu batzuen ilustrazioetarako, adibidez lehen aipatutako Jose Luis Merinoren liburuak Bonifacio Alfonso artistaren azala zuen.

     

    © Ismael Manterola Ispizua

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Manterola Ispizua, Ismael (2019). “Leopoldo Zugaza Editor argitaletxearen (1975-1980) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/leopoldo-zugaza-editor-argitaletxea/

    Download PDF

    Zenbait argitalpenetan erabilitako Leopoldo Zugaza Editor Argitaletxeko logoa