itzuli

Literatura Unibertsala bilduma

    LITERATURA UNIBERTSALA BILDUMAREN SOSLAIA

    Literatura Unibertsala bilduma ekimen instituzionala da, EIZIE Euskal Itzultzaile Zuzentzaile eta Interpreteen elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak sinatutako hitzarmenaren fruitua. Bildumaren xede nagusiak dira itzulpengintzaren normalizazioa zein arloko profesionalen lana sustatzea eta munduan barreneko klasikoak euskaraz argitara ematea. Itzulpen-lehiaketa bidez esleitzen dira bai bilduma argitaratuko duten argitaletxeak, bai itzulpenak. Itzultzailea aintzatestea da bildumaren ardatzetako bat eta besteak beste, itzulpen-kontratuan, tarifetan, lanak entregatzeko epeetan eta bildumaren paratestuetan islatzen da: itzultzailearen izena ikusgarri egiteko saiakera nabarmena egin da bilduman, eta beste bilduma batzuen aldean nabarmentzen da, halaber, obraren hitzaurrea itzultzaileak idazten duelako kasurik gehienetan. Bilduma honetan mundu osoko literatura euskaraz jasotzen duten 175 ale baino gehiago argitaratu dira dagoeneko, eta 100 itzultzaile inguruk parte hartu dute literatur lan askotarikoak euskaratzeko langintzan, bildumaren hiru aroko ibilbidean. Autore gutxi batzuk aipatzearren, Ivo Andritx, Jane Austen, Mario Benedetti, Pedro Calderón de la Barca, Eugène Ionesco, Milan Kundera, Clarice Lispector, Nagib Mahfuz, Alice Munro, Flannery O’Connor, Cesare Pavese, Jules Renard, Leon Tolstoi, R.L. Stevenson, Oscar Wilde eta Émile Zola bezalako idazleen obrak aurki daitezke bilduman.

    Lehenengo aroa Ibaizabal argitaletxeak 1990 eta 2002 bitartean argitaratutako 100 liburuek osatzen dute. Aro horretako ale fisikoak eskuraezinak dira, baina zenbait titulu Armiarma proiektuaren webgunean deskarga daitezke e-book gisa.

    Bildumaren bigarren aroa 2002 eta 2010 urte-tartean Elkar eta Alberdania etxeek argitaratutako 52 liburuek osatzen dute. Elkar eta Alberdania nor bere aldetik aurkeztu ziren lehiaketara, baina epaimahaiak proposatu zien koedizioan jardutea eta onartu egin zuten. Esleitzen ziren proiektuen arabera egiten zuten liburuen banaketa bi etxeek, eta nork bere etxean egiten zuen itzulpena helarazten zenetik kaleratzen zen bitarteko lana, betiere elkarren berri izanik eta argitalpen-plangintza denen artean koordinaturik.

    Literatura Unibertsala bildumaren bigarren aroko hitzarmena bukatu eta aro berrirako hitzarmena egin zenean, balorazio-aro bat etorri zen. Hala, 2010ean eten egin zen itzulgaien esleipena, eta bildumaren azterketarako eta sustapenerako jarduerak egin ziren, besteak beste, bilduma sustatzeko ekitaldiak ikastetxeetan eta Euskal Herriko hainbat literatur taldetan, Literatura Unibertsala Batxilergorako testuliburuaren berrargitalpena, bildumari buruzko bideo bat eta 1990-2010 aldian argitaratutako lanen katalogoa. Halaber, orduantxe abiatu zen Urrezko biblioteka izeneko bilduma; bildumaren lehenbiziko aroko 100 izenburuak eskuraezinak zirela-eta, horien arteko 20 berrargitaratzeko plangintza diseinatu zuen EIZIEk, hizkuntza-zuzenketa prozesu zehatz bati jarraiki.

    Egun Literatura Unibertsala bildumaren hirugarren aroan gaude. 2011n abiatu zen, eta argitalpenaren ardura Erein, Alberdania eta Igela argitaletxeek dute. Hirugarren aroko itzulgaien zerrenda (80 bat obra) literatur kritikaren, literatur sorkuntzaren eta itzulpengintzaren esparruko aditu talde batek egin zuen, ordura arteko aroetan bezala. Taldekideek kontuan hartu zituzten ordura arte argitaraturiko egileen eta obren zerrenda, bildumak finkatutako kanonaren gabeziak, bai eta euskaratutako literatura unibertsalaz eta bereziki dagokigun bildumaz argitaratutako zenbait azterketa eta gogoeta (esaterako, Lopez Gaseniren itzulpenen inbentarioa edo Aldekoa eta Olaziregi doktoreek bildumari buruz egindako gogoetak).

    Hiru aroetan parte hartu duten argitaletxei erreparatuta, esan daiteke itzulpenak argitaratzen dituzten gaur egungo euskal argitaletxe ia gehienek (berrienek ez beste guztiek) nolabaiteko lotura izan dutela EIZIEk eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako bildumarekin. Badirudi, gainera, bildumako itzulpenak argitaratzeko argitaletxeak elkartzeko joera bat ere badela, oro har, euskarazko literatur sisteman; bilduma honetatik kanpo ere Erein eta Alberdaniak, esaterako, Batera saila kaleratzen dute elkarrekin.

    Oro har, honako hau izaten da bilduma osatzeko jarraitu ohi den prozedura: EIZIEk deitutako batzorde batek (EIZIE, Eusko Jaurlaritza, argitaletxea) izenburuen zerrenda hautatzen du. Izenburuen zerrenda hori kontuan hartuta, urtean-urtean, maiatz aldera, itzulgaien zerrenda kaleratu eta lehiaketarako deialdia egiten da. Deialdiari men eginez, itzultzaileek itzulgaien laginak prestatzen eta aurkezten dituzte. EIZIEk deitutako epaimahaiak laginak hautatu eta esleipena egiten du, hitzartutako baremo baten arabera. Nabarmentzekoa da, argitaletxeren batek lehiaketarako zerrendako libururen bat argitaratu nahi badu, atera egiten dela lehiaketarako zerrendatik. Hala, izenburu jakin hori ez da bilduman jasotzen; izan ere, ekimen pribatuari lehiarik ez egitea hasiera-hasierako irizpidea da bilduman.

    Bildumari loturiko proiektuen artean azpimarragarriak dira, lehenago aipatutako Literatura Unibertsala testuliburuaz gainera, euskal prentsan bildumaren berri emateko kritikak sustatzeko EIZIE elkarteak egindako ahalegina, Literatura Unibertsala bildumako hamalau itzulpenekin osatutako corpus paralelo eleaniztuna, edo Kultura Sailburuordetzarekin lankidetzan Literatura Unibertsala bildumako zenbait ale eLiburutegian eskaintzea.

     

    © Miren Ibarluzea Santisteban

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Ibarluzea Santiesteban, Miren (2019). “Literatura Unibertsala bildumaren soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/literatura-unibertsala-bilduma/

    Download PDF

    Literatura Unibertsala bildumaren katalogoaren azala (2010)