itzuli

Lur argitaletxea

    LUR ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Lur (Donostia, 1969) euskal literaturan “64ko belaunaldia” deitu izan zaionaren argitalpen-proiektu handiena izan zen. 64aren data sinbolikoa Gabriel Aresti-ren Harri eta Herri-ren argitalpenak ezartzen du, baina belaunaldi hori orduan idazle gazteak zirenek osatzen dute (gehienak 40. hamarkadan jaioak), zeinek, neurri handi batean, Harri eta Herriren poesia konprometituarekiko poetika eta estetika ezberdinak garatu zituzten. Horietako batzuek Lur Taldea osatu zuten 1967an, gerora 1969an sortuko zen Lur argitaletxearen ernamuina. Egitasmoko partaideen artean honakoak aipa daitezke: Rikardo Arregi, Luis Haranburu Altuna, Xabier Kintana, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola eta Arantxa Urretabizkaia. Taldeak euskararen erabilera aldarrikatu zuen gizarte esparru guztietarako, eta Euskaltzaindiak Arantzazuko Biltzarrean 1968an proposatutako euskara batua defendatu eta sustatu zuten. Horren erakusgarri da argitaletxeak argitaratu zuen lehendabiziko liburuan, Euska Elerti 69n, agertutako honako ohar hau:

    LUR/KRISELU/HASTAPENAK euskeraren batasunaren zerbitzuan jartzen dira. Beren hautapen-kontseiluak, Gabriel Aresti, Xabier Kintana, Ramon Saizarbitoria eta Ibon Sarasolarekin osaturik dagoenak euskal gaiztoko dialekto mordoiloetan idatzitako lanak ukatuko dituela jakin-arazitzen du, eta bide batez euskeraren batasunik nahi ez duten euskaldunak euskeraren eta Euskalerriaren etsaiak direla deklaratzen du. Are gehiago negarreztatzen du batasun hori gonbatitzen dutenen portaera, bereziki Eizmendi’tar Iñaki «Basarri» jaunarena, zeinak, Euskaltzaindiak Arantzatzun hartutako erabakiak onartuko zituela publikoki manifestatu ondoren, bere hitzari ez dion eusten. Seguru asko bere hitza eman zuelako batasun hura bere dialekto mordoiloa izanen zela ustean. (Aresti, 1969, 547)

    Argitaletxearen hastapenetan, berritasun aipagarriena Aresti proiektura batu izana izan zen. Arestik 1967an Kriselu argitaletxea sortu zuen, zeinetan liburu funtsezkoak argitaratu ziren denbora gutxian, besteak beste, Harri eta Herriren bigarren edizioa eta Txillardegiren Elsa Schelen.  Saizarbitoriak Jarrai antzerki taldea tarteko ezagutzen zuen Aresti, hura antzerki taldeko kide baitzen. Beste Mundukoak eta zoro bat obra idatzi zuen bilbotarrak Jarrairentzat, 1965an estreinatu zena, eta halaxe ezagutu zuten elkar. Saizarbitoria eta Arestiren arteko adiskidetasuna medio, Lur argitaletxeak Kriseluren katalogoa erosi zuen eta Aresti argitaletxe berriko kide izatera igaro zen. Katalogoa ordaintzeko, Arestiri Seat 850 bat ematea adostu zuten,  baina Donostiatik Bilborako bidean, Arregi eta Saizarbitoriak istripua izan zuten auto harekin eta Arregi hil egin zen 1969ko uztailan. Gertakariak euskal kultura osoa astindu zuen, Arregi taldeko gazte aktibo eta ezagunenetako bat baitzen.

    Lur argitaletxearen azpiegitura ekonomiko eta administratiboa Equipo Editorial-i esker osatu zuten, lan politiko eta sozioekonomikoak gazteleraz kaleratzen zituen argitaletxeari esker. Bertako kide gehienak Espainiako Alderdi Komunistako kideak ziren, zeinen artean Joxean Agirre, Luis Nuñez, Victor Manuel Suinaga eta EnriqueVillar aipa daitezkeen. Villarrek irakurketa azkarrerako metodo bat argitaratu zuen, eta liburu haren irabaziekin Villarrek Lur Taldekoen egitasmo editoriala sostengatu zuen, zeina euskara hutsezko liburuen argitalpenean oinarritua zegoen. Argitaletxearen posta helbidea Villa Zutik, Arbola pasealekua, Donostia zen; etxea Villar-en jabetzakoa zen eta han egiten zituzten argitaletxeko bilerak.

    Arregi eta Saizarbitoriak mundu komunista espainol-hiztunaren eta euskal mundu abertzalearen arteko zubi-lana egiten zuten, baina kontu aski arantzatsua izan zen hori Lurrentzat, zeren horren ondorioz (Arestiren parte hartzearekin batera) komunista-zale gisa azaltzen ziren askoren begietara, eta bi aldetatik etorri zitzaizkien arazoak: alde batetik, zentsura frankistatik, zeinak, garaiko fitxategi polizialek erakusten duten moduan, gertutik jarraitzen zuten argitaletxearen jarduna eta haien zenbait liburu zentsuratu zituen; bestetik, euskal abertzale askoren aldetik, argitaletxea espainoltzat jotzen zuten eta destainaz.

    Lehendabiziko urtean lau titulu argitaratu zituzten. Lehena, Euskal Elerti 69, garaiko hainbat idazle gazteren testu laburren bilduma izan zen. Autore gehienak argitaletxearen ingurukoak izan ziren, eta Gabriel Arestik editatu zuen. Bestetik, Arregi, Sarasola eta Saizarbitoriak haien opera primak argitaratu zituzten. Arregik Politikaren atarian saiakera, Sarasolak Poemagintza poema-liburua eta Saizarbitoriak Egunero hasten delako nobela. Hirurak izango ziren gerora titulu garrantzitsuak beren generoetan, baina, dudarik gabe, Egunero hasten delako izan zen Lur argitaletxeak argitaratuko zuen titulu garrantzitsuena. Batzuentzat lehendabiziko euskal nobela modernoa da, beste batzuentzat lehendabiziko modernista, baina edozein kasutan, euskal literaturaren historiako liburu funtsezkoenetako bat dugu. Argitaletxeak argitaratu zituen beste obra garrantzitsu batzuk honakoak dira: Jon Miranderen Haur besoetakoa (1970), Anjel Lertxundi-renHunik arrats artean (1970), Gabriel Arestiren Harrizko Herri hau (1971) eta Luis Haranburu-Altunaren Itsasoak ez du esperantzarik (1973).

    Hala ere, Lurrek ez zituen soilik autore garaikideen originalak argitaratuko. Beste hiru lerro ere garrantzitsuak izan ziren. Alde batetik, euskarazko klasikoen argitalpena; adibidez, Joanes Leizarraga-ren Euskal protestantismoa zer den (1970), Jean Oihenarte-ren Kaniko eta Beltxitina (1971) edo Joannes Etxeberri-ren Lan hautatuak (1972). Bestetik, kutsu politiko-soziologikoko liburuen argitalpena; besteren artean, Franz Fanon-en Afrikaren iraultzaren alde (1970), Saizarbitoria, Sarasola eta Urretabizkaiaren Mendebaldeko ekonomiaren historia (1970), Andoni Sagarnaren Soziologiaren hastapenak (1970), Karl Marx-en Lan alokatuaeta kapitala. Alokairua, prezioa eta irabazia (1971) eta Louis Bonapartere-ren “Brumaire”aren hamazortzia (1973), Maurice Herbert Dobb-en Sozialismoaren frogantzak (1971), Célestin Freineten Eskoletako aldizkariak (1971) edo Friedrich Engels-en Sozialismoaren aurrera-bidea. Utopiatik zientziara (1972); baina baita literatura kritika edo hizkuntzalaritzako liburuak ere, hala nola, Aresti eta Kintanaren Batasunaren kutxa (1970), Patri Urkizuren Literatura eta kritika, Ibon Sarasolaren Euskal literaturaren historia (1971), Xabier Kintanaren Linguistika orain (1971) edo Gabriel Arestiren Hiztegi tipia.Lehen entrega A.B.C.D. (1973). Azkenik, munduko literaturako obra garrantzitsuen itzulpenak ere argitaratu zituzten: Franz Kafka-ren Itxura aldaketa (1970), Aldous Huxley-ren Bai mundu berria (1971), Nazim Hikmet-en Lau gartzelak (1971) edo Voltaire-n Kandido (1972).

    Lurrek 1974. urtean argitaratu zituen azkeneko lanak. Horren ondotik, Aresti eta Haranburu-Altunak Kriselu berrabiarazteko lanean hasi ziren, baina hilabete gutxiren buruan Aresti hil, eta Haranburu-Altuna geratu zen Kriseluko arduradun bakar gisa.

     

    © Beñat Sarasola Santamaria

    Euskal Herriko Uniberstitatea (EHU/UPV)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Sarasola Santamaria, Beñat (2019). “Lur argitaletxearen (1969-) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/lur-urretabizkaia-sarasola-grabatzen/

     

    Download PDF
    Lur grabatzen

    MHLI artxiboa