itzuli

Olarra, Xabier

    XABIER OLARRAREN SOSLAIA

    Xabier Olarra (1953- ) itzultzaile eta editorea, Igela argitaletxearen sortzaileetako bat da. Olarrak eta lagunek 1989an sortu zuten Igela, euskaratutako literaturaren argitalpenean antzematen zituzten hutsuneak betetzeko asmoz. Harrezkero 150 liburu inguru argitaratu dituzte, eta euskaratutako literatura plazaratzen duten argitaletxeen artean garrantzitsuena da Igela. Xabier Olarra euskal kulturako funtsezko erreferentea da gaur egun, hala itzultzaile gisa izan duen ibilbide luzeagagatik nola Igelaren bitartez literatura itzulia bultzatzeko egin duen lanagatik.

    Olarrak Hizkuntza Erromanikoko ikasketak egin zituen. Bere lan ibilbidea Euskal Hizkuntza eta Literaturako irakasle gisa abiarazi zuen, Bilboko Irakasle Eskolan eta bigarren hezkuntzako zenbait ikastetxetan. Urte gutxiren buruan, irakaskuntza utzi eta itzulpengintzan buru belarri aritzea erabaki zuen, non lehen pausoak emanak baititzituen ordurako: 1985ean James M. Cainen Karteroak beti deitzen du bi aldiz argitaratu zuen, eta 1986an Jim Thompsonen 1280 arima, biak Elkar argitaletxean. 1980ko hamarkadatik aurrera, Olarrak bi arlotan jardun du itzultzaile: administrazio itzulpenean Nafarroako Gobernuan 1988tik 2010ean erretiroa hartu zuen arte, eta literatur itzultzaile eta editore gisa nagusiki Igela argitaletxean.

    Igela sortzeko ideia 1988. urtearen amaieran piztu zitzaien hiru laguni (Joseba Urteagari, Jose Manuel Gonzálezi eta Olarrari berari) bilera informal batean. 1989ko apirilaren 14an argitaletxearen sortze-eskriturak sinatu zituzten Iruñeko notario bulego batean. Garai hartan, Franco diktadorearen heriotzatik 15 urte ere igaro ez zirela, gutxi ziren oraindik euskarazko literatura kaleratzen zuten argitaletxeak, eta are gutxiago literatura itzulia argitaratzen zutenak. Euskal irakurle potentzial kopurua, hala ere, handituz zihoan urtez urte, euskara irakaskuntzarako hizkuntza izatea ahalbidetzen zuen hezkuntza sistema berriaren ondorioz besteak beste. Xabier Olarrak eta lagunek, desoreka horretaz jabetuta, gabezia hori berdintzeko argitaletxe bat sortzea erabaki zuten. “Irakurle gisa sentitzen genituen lehenik gabezia horiek, eta espresuki irakasle gisa, ikasleen irakurzaletasuna bultzatzerakoan” (Olarra 2019).

    Lehen pausoak patxadaz eman zituzten, ia literatura osoa euskaratzeko zegoela eta lehiakiderik apenas zutela jabetzeak ematen zien lasaitasunaz (Olarra 2019). Eta hasierako ideia urtean hamar bat liburu argitaratzea bazen ere, orain arteko datuen arabera batez beste bost bat izenburu kaleratu dituzte urtean.

    Bi bildumarekin hasi ziren: Sail Beltza eta Enigma, genero beltzari eta detektibe nobelei emanak, hurrenez hurren. Lehen urte hartan, Horace MacCoyren Zaldiak akatzen ditugu ba? eta Arthur Conan Doyleren Zirriborro eskarlata argitaratu zituzten. Bi bilduma horietan, orain arte euskaraz nekez eskura zitezkeen hainbat autore argitaratu dituzte urteetan zehar, hala nola Jim Thompson, Raymond Chandler, Dashiell Hammett eta James M. Cain. Urtebete geroago, 1990ean, Literatura bilduma jarri zuten abian aukera heterogeneoago bat biltzeko asmoz, eta harrezkero Truman Capote, Louis-Ferdinand Céline, Henry James, Francis Scott Fitzgerald, Natalia Ginzburg, Annie Ernaux, Sándor Márai, Amélie Nothomb, Gianni Celati, Stefan Zweig eta Patrick Modianoren lanak argitaratu dituzte, besteak beste. Literatura bilduma ekonomikoki arrakastatsua izatea zail izango zela aurreikusita, Olarrak eta Igelako gainerako arduradunek Sail Beltza eta Enigma bilduma komertzialagoen bidez sostengatzearen estrategia editoriala aukeratu zuten. Taktika hori, Olarrak berak ohi bezala umoretsu kontatzen duenez, “Gallimardek kopiatu zien, hori bai, [Igela sortu baino] 50 urte lehenago” (Olarra 2019).

    Aipatutako bildumez gain, geroago Mintaka eta Bidelagun bildumak abiarazi zituzten, irakurle gazteagoei eskainiak, eta Gabonetako Ipuinak eta Klis-klasikoak (azken hori Alberdania eta Erein argitaletxeekin elkarlanean), haur eta gazte literaturan espezializatuak. 2011z geroztik, Igela da, Alberdania eta Erein argitaletxeekin batera, Eusko Jaurlaritzak finantzatutako eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak kudeatutako Literatura Unibertsala bildumaren hirugarren aroko liburuak argitaratzeko ardura duena.

    Igelaren alderdi estetikoa Jose Manuel Gonzalezen ardura izan zen hasiera batean (argitaletxearen hiru bazkide sortzaileetako bat da Gonzalez), baina batez ere Joseba Urteagarena, bera arduratu baita bildumen eta azal bakoitzaren diseinuak gainbegiratzeaz. Logotipoa (igel baten marrazkia) Jose Manuel Matak egin zuen. Sail Beltza eta Mintaka bildumen diseinua ZUT taldearen lana izan zen, eta Literatura bildumarena Dulce María Rodríguezena eta María Cuetorena. Azaletarako Zaldi Eroaren (Patxi Huarte) eta Josemi Goyenaren marrazkiak erabili izan dituzte nagusiki, baina beste zenbait ilustratzaileren lanak ere baliatu dituzte, besteak beste Belen Lucasenak eta Antton Olariagarenak.

    Bere argitaratzaile lanagatik ez ezik, Olarra erreferente garrantzitsua da euskarazko argitalpen munduaren egoeraz eta literatur itzulpenaren editore gisako bere esperientziaz egin dituen gogoetengatik, ugari baitira gai horiez egin dituen elkarrizketa, artikulu, mahai-inguru eta hitzaldiak.

    Itzultzaile gisa, Olarra 40 literatur itzulpen ingururen egile da, eta hiru aldiz eskuratu du Euskadi saria Literatur Itzulpenaren modalitatean: 2006an, Raymond Queneauren Estilo ariketak lanagatik; 2012an, Arantzazu Royorekin batera, Alaa al Aswaniren Jakobian eraikina lanagatik; eta 2016an, James Joyceren Ulisesengatik.

     

    © Isabel Etxeberria-Ramírez

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Bibliografia

    EGIA, Gotzon eta REY, Fernando. “Xabier Olarrarekin solasean”. In Senez (2003), 26,  or. 123-136.

    Web guneak

    IGELA ARGITALETXEA. http://www.igela.eus/language/eu/

    OLARRA, Xabier. “Igela argitaletxea: 25 urte eta gero hau”. In Igela argitaletxea (2014). 2014-06-11. http://www.igela.eus/language/eu/2014/06/11/igela-argitaletxea-25-urte-eta-gero-hau/ [2018-12-30].

    SARRIUGARTE, Danele. “Itzultzaileak mintzo: Xabier Olarra Lizaso”. In Elearazi (2015). 2015-02. http://elearazi.eizie.eus/2015/02/16/itzultzaileak-mintzo-xabier-olarra-lizaso/ [2018-12-30].

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Etxeberria-Ramírez, Isabel. (2019). “Xabier Olarraren (1953- ) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan. URL: https://mhli.net/artxiboa/olarra-xabier/

    Download PDF

    Xabier Olarra. Iturria: Dani Blanco

  • Elkarrizketa hau aipatzeko: SARASOLA, Beñat. Elkarrizketa Olarra, Xabierri (Igela argitaletxea). "Edizioaz hizketan: Xabier Olarra (Igela argitaletxea)". In Youtube. 2019-09-28. Eskuragarri hemen: https://youtu.be/-jFWVcG-qGQ