itzuli

Pamiela argitaletxea

    PAMIELA ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Pamiela (1983-). Belaunaldiz belaunaldi ahoz jasotako ipuinak gordetzeko kutxa bat egon ohi omen zen baserrietan. Hori dio, behintzat, elezaharrak, eta Pamiela izenaz ezagutzen zuten. Gauza jakina zen kutxa ez zela inoiz ireki behar, ondorio latzak eta ezbeharrak izan zitzakeela hori egiten zuenarentzat. Pamiela, beraz, izen iradokitzailea ez ezik, misterioz beterikoa ere bada euskaraz eta Pello Lizarralde idazleak proposatu zuen gerora argitaletxe izango zena izendatzeko. Iruñeko Auzolan liburudendari lotuta daude Pamielaren hastapenak, 1977tik 2018ra Nafarroako hiriburuko kultura dinamizatzaile funtsezkoa izan zen liburudendari. Bertan aritu ziren langile-bazkide gisara, Txema Aranaz eta Pello Elzaburu, gerora, 1983tik aurrera, Pamiela argitaletxearen sustatzaile bihurtu zirenak.

    Urte horretan hain justu, 1983an, bururatu zitzaion Txema Aranazi Pamiela izeneko aldizkari literarioa sortzea. Aldizkariak 1983tik 1993ra bitartean iraun zuen, eta idazle nahiz literatur munduko kolaboratzaile ugarik hartu zuen parte bertan. Gainera, etorkizunean sortuko ziren beste aldizkari batzuen sorburua ere izan zen aldizkaria (Mazantini, 1991-3; Garziarena Berria, 1997-1998, eta Erlea, 2009-, besteak beste). Pamiela aldizkariak Pablo Antoñanari zion miresmena aitortu nahi izan zuen eta hala, laugarren alean, Antoñanaren Pequeña crónica (1983) eleberria argitara ematea erabaki zutenean sortu zen Pamiela argitaletxea. Beronen logoa, argitalexeko katalogoko autore izan zen Jorge Oteiza eskultoreari zor diogu. Argitara eman zuten bigarren liburua, berriz, Pello Lizarralderen narrazio bat izan zen: E pericoloso sporgersi. Zuri beltzean (1984).

    Argitaletxeak hainbat egoitza izan ditu bere 35 urtetan, gaur egun duen kokagunera iritsi arte: Arre, Nafarroan. Argitaletxeko langile eta sustatzaileak aipatu beharko bagenitu, Txema Aranaz genuke, ezbairik gabe, protagonistetako bat, edizio, maketazio, eta bestelakoaz arduratu den kidea. 2000. urtetik aurrera, gainera, Pello Elzaburu izan da editore/promotore nagusia, eta bere ondoan, zenbait sailez arduratuz, Jose Angel Irigaray poeta. Guztira, sei langile dituzte soldatapean, baina Elzabururi esatea gustatzen zaion bezala, Pamielak kolaboratzaile eta laguntzaile talde zabalagoa du argitaletxearen egitasmoa aurrera eramateko.

    Guztiz azpimarratzekoa da argitaletxearen idazle-katalogoa, bertan argitaratu baitute, euskal idazleen artean, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Arantxa Urretabizkaia, Xabier Lete, Tere Irastortza, Joxemari Iturralde, Mariasun Landa, Patxi Zubizarreta edo Ixiar Rozasek. Egileok guztiok eta beste hainbatek osatzen dituzte argitaletxearen narratiba, poesia, haur eta gazte literatura sailak. Saiakera da, bestalde, argitaletxeak bereziki sustatu duen generoa. Arlo horretan bi gai edo arlok izan dute nagusitasuna, halere. Batetik, Nafarroako historiak, La Navarra marítima (1999), Tomás Urzainqui eta Joan María Olaizolaren liburu arrakastasua, kasu. Bestetik, memoria historikoak, gaiari buruz argitara eman dituen 40tik gora liburuek erakusten duten bezala. Arlo horretakoak dira, esaterako, José María Jimeno Jurioren Sartaguda 1936. El pueblo de las viudas (2006) edo El fuerte San Cristóbal 1938. La gran fuga de las cárceles franquistas (2006), Félix Sierra eta Iñaki Alforjarena. Guztira, 35 urtetan 1.100 titulu eman ditu argitara Pamielak, euskaraz nahiz gaztelaniaz, Euskal Herriarekin duen kopromisoaren adierazle. Dela lankidetzak bilatuz, Haur eta Gazte literaturan Kalandrakarekin sustatu duena bezala, dela euskal kultura eta gizarteari buruzko lanak sustatuz, irakurleria ahalik eta zabalarengana iristea izan du helburu. Eta bere katalogoko hainbat izenburu ikusita, bistakoa da lortu duena. Gogoratu, bestela, Upaingoa saileko 31 tituluen artean kaleratu ziren Orhipean, gure Herria ezagutzen (1992), Euskara Jendea. Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza (2006), Far West-eko Euskal Herria (2009), Moroak gara behelaino artean? (2010), edo Hiztunpolisa. Euskalduntasunaren norabideaz apunteak (2013) liburuak, besteak beste.

    Agitaletxearen sustapena, bide derberdinetatik egiten da, dela webgunea erabiliz (www.pamiela.com), dela sare sozialak baliatuz: —Facebook: /pamiela.argitaletxeaeditorial; /pamiela.kalandraka; —Twitter: @Pamielaetxe). Komertzializatze sareari dagokionez, Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Iparraldean bi banatzaileekin egin dute lan: Bitarte Liburu Zerbitzuak eta Elkar Banakuntzarekin. Lurralde horietan, orotara, Pamielaren liburuak 298 salmeta puntu desberdinetan daude.

     

    © Mari Jose Olaziregi Alustiza

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Olaziregi Alustiza, Mari Jose (2019). “Pamiela argitaletxearen (1983-) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/pamiela-argitaletxea/

    Download PDF

    Pamiela argitaletxeko libururik salduena: Bernardo Atxagaren "Behi euskaldun baten memoriak" eleberria (1991)