itzuli

Utriusque Vasconiae argitaletxea

    UTRIUSQUE VASCONIAE ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Utriusque Vasconiae (2000-2018) argitaletxea Paulo Iztuetak eta Jokin Apalategik sortu zuten, euren bikotekide Juani Azurmendiren eta Maite Idirinen laguntzarekin. 2002tik aurrera, Ur Apalategi Idirin eta Ibai Iztueta Azurmendi idazleek ere parte-hartze aktiboa izan zuten. Helburu nagusiak, Euskal Herri historikoaren lurraldea bere osotasunean hartuz, bokazio akademikoarekin eta euskaraz euskal pentsamendua landu eta hedatzea izan ziren, gune partikularretik mundu zabalera, gune unibertsalera zabalduz. Argitara emandako edukiak oso espezializatuak izan dira, unibertsitate munduari eta giza-zientziei (Filosofia, Literatura, Psikologia, Pedagogia, Artea) estuki lotuta.

    Aurrez, Iztueta eta Apalategi Euskal Herri osoko Elkar argitaletxearen sortzaile eta kudeatzaile aritu ziren, besteak beste, eta antzeko xedeekin bilduma bat sortu nahi izan zuten argitaletxe hartan. Ordurako unibertsitate esparruan ziharduten lanean eta euskarazko lan akademikoen beharraz ohartuak ziren. Baina hainbat desadostasunen ondoren, harremanak eten eta beren aldetik sortu zuten Utriusque Vasconiae. Militantzian oinarrituriko zeregina izan zen, “zorrik ez egitea” lema gidari hartuta aurrera atera zena. Argitaletxearen irakurlego potentziala ere urria zen, bazterreko minoria bat, euskalduna eta lan akademikoak irakurtzen trebatua; merkatuko eskaintza-eskarien legeari jarraitzen ez ziona, beraz.

    Argitaletxearen izenari dagokionez, 1638an Arnaut Oihenartek argitaratutako Notitia utriusque Vasconiae tum ibericae tum Aquitaniae liburuan du jatorria. Izan ere, Zuberoako historialari eta idazleak bezala, izenaren hautuarekin Euskal Herri historikoaren lurralde-batasun kulturala sinbolizatu nahi izan zuten argitaletxekoek. Era berean, Oñatiko Unibertsitatearen (XVI-XX) irudia maiz erabili izan dute, argitaletxearen bokazio akademikoa adierazteko.

    Argitaletxearen katalogoa aintzat izanik, 14 bildumatan sailkaturiko 148 liburuk ikusi dute argia Utriusque Vasconiaeri esker. Bila bilduman argitaraturiko Iztuetaren hiru lanekin eman zituen lehen urratsak 2000. urtean unibertsitate-eremuan eta bilduma hori izan da argitaletxeko oparoena, 36 titulurekin. 2002. urtetik aurrera literatur gaiak jorratzeko asmo sendoa erakutsi zuten, lehendabizi Kritika literarioa bildumari ekinez eta jarraian, literatur-sorkuntza lanak argitaratzeko Egunero irakurtzen delako (2004) eta Solas literarioak bildumak sortuz. Orotara, 47 liburu argitaratu ziren hiru bilduma horietan. Euskal argitaletxeen artean, Utriusque Vasconiaeko Kritika literarioa bilduma bakana eta salbuespena izan zen literatur ikerketa dibulgatibo zein espezializatuak argitaratzen, eta besteren artean, Ibon Egaña, Ibaia Atutxa, Jon Kortazar, Eider Rodriguez edo Iban Zaldua literatur adituen lanak argitaratu zituzten. Aldiz, Egunero irakurtzen delako sorkuntza-literarioko bildumari Ur Apalategiren Gure Gauzak S.A. nobela polemikoak eman zion hasiera eta ondotik, Aurelia Arkotxa, Txomin Peillen, Antonio Casado da Rocha edota Karlos Linazasoro idazleen lanak publikatu ziren, beste hainbaten artean. 2006an Gutun-Sorta bilduma jarri zuten abian, euskal idazle klasikoen gutunak argitaratu eta euskal letren historiografiarako oinarrizko informazioa eskaini asmoz. Bildumak lau urte baino iraun ez bazuen ere, argitara emandako 8 lanetan Orixe, Jokin Zaitegi, Lizardi, Bingen Ametzaga eta Sabino Aranaren gutunak jasotzen dira. Azkenik, 2013-2014an, Bila bilduma geroz eta nabarragoari jarraipena emateko sortu zituzten Ideiak (13 liburu) eta Saiakera (14 liburu) bildumak.

    Orotara, beraz, 148 liburu 18 urtean. 8 liburu baino gehiago urteko, batezbeste. Eta produkzioa, funtsean, euskaraz hausnartu eta adierazia izan bada ere, erdaraz argitaraturiko liburuak 16 izan dira: 12 gaztelaniaz eta 4 frantsesez.

    2018an Utriusque Vasconiaek ateak itxi zituen liburuaren merkatu konplikatuari behar beste bitarteko eta indarrekin aurre egin ezinik. Urteetan egindako lan mardulari aterabidea emateko, argitaletxeko material eta funts guztia EHUri lagatzea erabaki zuten, baldintza bakar batekin: jasotako lanek etorkizuna izan zezaten kudeaketa arduratsua ahalbidetzea. Hori horrela, EHUko ADDI Artxibo Digitalean (https://addi.ehu.es) jada sareratu dituzte Utriusque Vasconiae argitaletxeko hainbat eta hainbat liburu.

     

    © Mikel Ayerbe Sudupe

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Ayerbe Sudupe, Mikel (2019). “Utriusque vasconiae argitaletxearen (2000-2018) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/utriusque-vasconiae-argitaletxea/

    Download PDF

    Utriusque Vasconiae argitaletxeko logoa