itzuli

Verdes-Achirica

    VERDES-ACHIRICAREN SOSLAIA

    Verdes-Atxirika; Verdes-Atxirica; Verdes-Achirica; Verdes-Iker (1906-2005) XX. mendearen lehen herenean, Euskal Herrian euskarazko testuen editoretzat Verdes Achirica inprenta nabarmendu zen, Editorial Vasca etxearekin batera; enpresa horren argitalpenen artean egon zen, besteak beste, Euskal-Erria (1880 eta 1918) aldizkaria, José Manterolak sortua, eta Euskaltzaindiarekin lotutako ikertzaile errespetagarrien obrak, hala nola R.M. Azkue, D. Intza, S. Altube eta beste hainbatenak. Bestalde, Verdes Achirica arte grafikoen enpresa bat izan zen (J. E. Delmas-en oinordekoa), eta Bilboko Posta kaleko 9. zenbakian jarduerari ekin zionetik 1906an, 36 langile zituela. 1920an, Bilboko Gurutze kaleko M. Emperaile liburu-denda erosi zuen, eta 1932an 45 langile izatera iritsi zen.

    Haren aitzindariak, J. E. Delmasen jabetzako inprentak, 1809an ekin zion ibilbideari Bizkaiko hiriburuan, eta mende amaierara arte familia bereko inprimatzaileen, kazetarien eta idazleen hiru belaunaldi aritu ziren bertan. Horien artean, azpimarragarriena J. B. Eustaquio Delmas izan zen, euskal kultura-pizkundeko protagonistetako bat. Bere mendeko kultura-erakunde gehienak garatzen parte hartu zuen, bere enpresa proiektu horiekin lotuz. Zendutakoan, enpresa beste euskaltzale baten eskuetara igaro zen: Emeterio Verdes Achirica, eta horrek pizkunde-lanarekin jarraitu zuen.

    Emeterio Verdes Achirica (Bilbo, 1862-1937) Delmaseko liburu-dendako saltzailea izan zen, eta negozioaren lekukoa hartu zuen. Haren lanari jarraipena eman zioten José (1905-1980) eta María Teresa (1907-1959) seme-alabek. Liburu-saltzailea eta inprimatzailea izateaz gain, Eusko Alderdi Jeltzaleko kidea izateagatik izan zen ezaguna; bere inprentan alderdiaren liburuxkak, kartelak eta abar argitaratu ziren, baita euskararen gramatikak eta literatur testuak ere. Nabarmentzekoa da Verdes Achiricaren lana euskal politikari buruzko lanak argitaratzean, hala nola Engracio Aranzadiren La Nación Vasca (1931) eta Sabino Aranaren Bizkaya por su independencia (1932) lanaren berrinprimaketa.

    Inprenta horretan argitaratu ziren Euskal Pizkundeko literatura-lan garrantzitsuenetako batzuk, bereziki 1927 eta 1937 artean. Verdes inprentak, adibidez, honako hauek argitaratu zituen: Estepan Urkiaga Lauaxetaren Bide-barrijak (1931) eta Arrats beran (1935) eta José María Aguirre Xabier Lizardiren Biotz-begietan (1932) poema-liburuak. Hain zuzen, obra horiek hartzen dira euskal historiografiaren gailurreko lantzat, eta edizio elebidun arretatsuak ezin hobeto islatzen du Pizkundea mugimenduak literatura moderno kultua garatzeko zuen grina. Argitaletxeak literatura unibertsaleko obrak itzuli zituen euskarara, besteak beste: Nicolas Ormaetxea Orixek itzulitako (1888-1954) Lazarillo de Tormes, (Tormesko itsu-mutilla, 1929) eta Frederic Mistral poeta Nobel saridunaren Mireia (Mireio,1930). Halaber, Grimm anaien ipuinen lehen itzulpena argitaratu zuen, Berrogetamar ume-ipuin (1929), Hipólito Larrakoetxeak egina, eta Oscar Wilden kontakizunak, Joseba Altunak itzuliak Ipuñak (1927) izenburupean.

    Euskaraz irakurtzeko dibulgazio-grinaren lekuko dira lan hauek: Tomás Agirre Barrensororen (1898-1982) Gazigozoak (1933) eta Paulo Zamarriparen (1877-1950) lanak, euskal gramatikaren didaktikari buruzko El bascuenze facilitado. Gramática Bizkaina (1909), Manual del Vascófilo (1913) eta Vocabulario vasco-Castellano y castellano-vasco (1913), baita narrazio laburrak, esate baterako Zaparradak eta (1926) eta Gora Begira. Olerki goi-usañekoak (1927) poema-liburua ere. Emakumeentzat eta haurrentzat argitaratu zituen Julene Azpeitiaren (1888-1980) Osasuna, merketza ta yanaritzaz (1922), etxeko antolaketari buruzkoa, eta Irakurri matte (1932), eskola-umeentzako irakurketa-bilduma.

    Gerra ostean, argitaletxea itxi egin zuten. José Verdes preso egon zen Larrinagako eta Burgosko espetxeetan. Teresa Verdes José Verdesen arreba zen, eta giltzarria izan zen Arabako sarean atxilotuen egoera prozesalari buruzko informazio-lanetan. Burgosko Auditoretza eta Kapitaintza Jeneraleko dokumentuak eskuratzeko beharrezko harremanak lortu zituen. Horri esker, hainbat eta hainbat heriotza-zigor baliogabetzea lortu zuten. 1940an atxilotu zuten, eta espioitzagatik ezarri zioten kondena bete zuen 1945era arte Las Ventaseko (Madril) emakumeen espetxean.

    1973an Grupo Iker establezimenduaren kargu egin zen, eta “Verdes Iker” deitu zioten 2005ean itxi zen arte. Liburu-dendaren helburua euskarazko mota orotako liburuen erakusleiho izatea izan zen. Establezimendu horretara artista eta idazle garrantzitsuak joaten ziren, hala nola Gabriel Aresti, Bernardo Atxaga edo Joseba Sarrionandia, topaketak egitera nahiz instalazio horietan lanak aurkeztera. Euskal kulturan eginiko lana goreste aldera, Bilboko Udalak omenaldi goxoa egin zion 2018an.

     

     

    © Lourdes Otaegi Imaz

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Otaegi Imaz, Lourdes (2019). “Verdes-Achiricaren (1906-2005) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/verdes-achirica/

    Download PDF

    Nicolas Ormaetxea “Orixe”-ren "Mireio" (1930) liburuaren azala.