itzuli

Zubia argitaletxea

    ZUBIA ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Zubia (1974- ). Santillana editorialaren euskal adarra da, lan ia guztiak euskaraz ekoizten ditu eta Ítaca banatzaileak zabaltzen du etxearen ekoizpena. Etxebarriko (Bizkaia) Legizamon poligonoan du egoitza, eta Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko testuliburuak eta material osagarria (paperezkoa zein digitala) prestatu eta argitaratzeaz gainera, Haur eta Gazte Literaturako bilduma ere badu katalogoan. Besteak beste, Susan Hintonen, Roald Dahlen, Michael Enderen edota Elvira Lindoren lanak euskaraz eman izanagatik da ezaguna hainbat irakurleren gogoan.

    1974an abiatu zen Zubia, Santillana argitaletxeak juridikoki beste enpresa bat sortuta. Ordurako, ibilbide luzea egina zuen Santillanak hezkuntza arloko materialgintzan, 60ko hamarkadaz geroztikoa. Literaturari dagokionez, 1983an Alfaguara argitaletxea Santillanaren enpresa taldera batu zen eta orduz geroztik testuliburuez gain, literatur lanak ere hasi ziren argitaratzen Santillanan. Hura ez zen izan, ordea, Alfaguara etxeak euskara hutsez argitaratzen zuen lehenengo aldia: Alfaguara-Desclée de Brower zigilupean Haur eta Gazte Literatura unibertsaleko hainbat itzulpen lan argitaratuak baitziren (Banpiro txikia, Makinaz idatzitako ipuinak, Charlie eta txokolate fabrika, Amaigabeko istorioa…), gerora Santillana-Zubiaren katalogora pasatutakoak. Izan ere, Zubia ere sartu zen literatura lantzeko bide hartara, 1994an, Haur eta Gazte Literaturako lanak euskaraz argitaratzeko, zehazki Alfaguara-Zubia zigiluaren bidez. Eskola materialei dagokienez, Zubiaren hasierako urteetan argitaletxearen jarduera gaztelaniazko zenbait testuliburu itzultzea izan zen. Xabier Kintana, egungo euskaltzaina, aritu zen lan horietan. Tarte batera lan-talde finkoa sortu zen, Xabier Zarrabeitia zuzendari eta Xabier Monasterio editore zirela, eta liburuak euskaratzen ez ezik, egokitzen eta hutsetik sortzen ere hasi ziren. Torrealdairen hitzetan, “Elkar-GIE, Erein, Ibaizabal, Giltza-Edebé eta Bruñorekin batera, lehen hezkuntzako merkatuan inplantazio handiena” zuen argitaletxea zen Zubia 90eko hamarkadaren bukaera aldera (1997, 266), eta “A eta B ereduetan zegoen beste argitaletxeen aldean aurreratuen 97ko datuen arabera” (Torrealdai 1997, 281).

    2005az geroztik Joseba Santxo du Zubiak zuzendari. 1982an hasi zen Santxo argitaletxean, kolaboratzaile. Gerora, laguntzaile finko, editore laguntzaile eta editore bidea egin du, arian-arian, zuzendari bihurtu arte. Santxok berak idatzi eta itzuli ditu Zubiaren literatur katalogoko hainbat lan (Ditxozozko ditxolaria berea du, esaterako, eta Roald Dahlen hainbat itzulpen ere hari zor zaizkio). Zortzi laguneko lantalde finkoa du gaur egun Zubia argitaletxeak, maketa zuzendu arteko prozesuko lanak egiten dituena. Tarteka lantaldearekin batera aritzen diren hainbat laguneko kolaboratzaile-sarea ere badute Zubiako lagunek.

    Zubia argitaletxearekin aritu diren irudigileak dira, besteak beste, Mikel Valverde, Katrin Mallet, Iñigo Ordozgoiti, Leire Salaberria, Enrike Morente, Aitziber Alonso, Alex Orbe, Kristina Fernandez, Alex Macho, Ainara Azpiazu eta Joseba Larratxe. Literatur katalogoa osatzen lagundu duten euskal idazleen artean aipatzekoak dira, adibidez, Jon Arretxe, Antton Irusta, Jasone Osoro, Joanes Urkixo, Toti Martinez de Lezea, Unai Elorriaga, Antton Kazabon, Esti Vivanco, Leire Bilbao, Pablo Barrio eta Pello Añorga. Zubiarentzat lan unibertsalak euskarara ekarri dituzten itzultzaileen artean ditugu: Joseba Ossa, Agurtzane Ortiz de Landaluze, Ainhoa Basterretxea, Agustin Otsoa, Josemari Navascues, Xabier Iaben, Mikel Garmendia, Amets Santxez, Josu Goikoetxea, Aintzane Atela, Idoia Gillenea eta Mikel Babiano.

    30 bat urteko Alfaguara-Zubia lankidetza bukatuta, 2018az geroztik 40 lan inguruko katalogoarekin abiatu zen Begiko, Santillana-Zubiaren euskarazko Haur eta Gazte Literaturako bilduma. Begikoren asmoetako bat da Alfaguara-Zubiak lehengo katalogoan zituen obra klasiko arrakastatsuenak irudi eta azalez berrituta argitaratzen jarraitzea eta lan berriak plazaratzea. Berrargitalpen horien adibide da, esaterako, Jasone Osororen “Jara” sail arrakastatsua, 13 urteko nerabe gaztearen bizipenak kontatzen dituena. Horrez gainera, literatura unibertsaletik euskarara ekarritako lanetako batzuk berritzuli egin dira, itzulpena zuzenean jatorrizkotik eginda, Momo (itz. Mikel Babiano) eta Istorio amaigabea (itz. Idoia Gillenea), adibidez. Horrekin batera, literaturaren eta ilustrazioaren munduko talentu berriei ere leku egin nahi zaie Begikon, eta zigilu berrian atera dira estreinazko aldiz Leire Bilbaoren Leiho bat eta leiho bi lan saritua, Unai Elorriagaren Erraldoiek ez dute lagunik jaten, Pablo Barrioren Hankazikin (Euskadi Sarirako izendatua) edota Uxue Alberdiren Munduko karramarrorik ertainena. Zigilua iragartzen duen webgunean zehazten denez, irakurleek Begikon topatuko dituzte: “Euskal autorerik eta ilustratzailerik onenak, atzerrikoekin batera. Iraungitze-datarik ez duten obra ahaztezinak. Pertsonaiarik kutunenak. Oraindik ezagutzeke ditugun berrikuntzak” (www.begiko.com). Hiru zutabe ditu bildumak Santxoren hitzetan: “kalitatea, askotariko generoak eta irakurzaletasuna bultzatzea” (Bizkaie! 2018), eta hainbat sailetan dago banatuta, adin-tarte jakinen arabera: berde kolorekoa (4-6 urte), horia (6-8), morea (8-10), laranja (10-12), urdina (12-14) eta gazte saila (14 urtetik gora). Gainera, irakurketa errazeko ildoa zabaldu dute Esan Aise sailaren bidez, irakurketa eta ulermen zailtasunak dituzten pertsonen integrazioaren alde. Begikok irakasleei eta gurasoei ere eskaintzen dizkie baliabideak literatura sustatzeko: irakurketa gidez gain, irakurmena lantzeko plataforma eskaintzen du. Literatur ibilbideak proposatzen ditu Begikok (bidaia hunkigarria, soziala, intrigaz beterikoa, laguntasunarena, artistikoa…) eta abentura, adiskidetasuna, ahozkotasuna, arte-hezkuntza, bakea, ekologia, elkarbizitza, familia, fantasia, irudimena, mitologia… bezalako balio eta gaien araberako liburuen sailkapen bat eskaintzen du katalogoan. Haurren Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren garrantziaz hausnartzeko liburuen hautaketa bat ere egina dute Begikoren arduradunek, eta 2020an “Ekoirakurleak” kanpaina abian jarri zuten, Agenda 2030eko Garapen Iraunkorrerako Helburuak literaturaren bidez sustatzeko. Halaber, irakurtzeko gaitasuna finkatzeko, hobetzeko eta ebaluatzeko jarduerak proposatzen dizkiete gurasoei eta irakasleei eta sare sozialen bidez irakurleekiko eta bitartekariekiko harremana sustatzen dute, esperientziak eta irakurketa gomendioak, partekatzeko eta irakurle-komunitatearen kontzeptua sendotzeko.

     

    © Miren Ibarluzea Santisteban

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Bibliografia

    TORREALDAI, Joan Mari. Euskal kultura gaur: liburuaren mundua. Donostia. Jakin. 1997.

    EUSKADIKO EDITOREEN ELKARTEA. Euskadiko editoreen gidaliburua. Euskadiko Liburu Ganbara. 2013. Eskuragarri hemen: https://studylib.es/doc/5141903/guide-guia-gidaliburua—gremio-de-editores-de-euskadi

    Elkarrizketak

    IBARLUZEA, Miren. Elkarrizketa Santxo, Joseba editoreari. Argitaragabea. 2019-12-13.

    Webguneak

    BEGIKO. www.begiko.com.

    BIZKAIE!. “Gazteentzako literaturea euskeraz eskainiko dau Begikok”. In Bizkaie! (2018). 2018-03-01. https://bizkaie.biz/1519891712379 [2020-12-31].

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Ibarluzea Santisteban, Miren. (2019). “Zubia argitaletxearen (1974- ) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan. URL: Zubia argitaletxea – MHLI

    Download PDF

    Zubia argitaletxearen hasierako logoa

  • Elkarrizketa hau aipatzeko: IBARLUZEA, Miren. Elkarrizketa Santxo, Josebari (Zubia argitaletxea). "Edizioaz hizketan: Joseba Santxo (Zubia argitaletxea)". In Youtube. 2019-12-13. Eskuragarri hemen: https://youtu.be/_FLbmjziexs