Datu-baseak bilaketak egiteko aukera zabala eskaintzen du. Besteak beste, argitalpenen dataren edota jatorriko hizkuntzaren arabera egin daitezke bilaketak; izan ere, literatura iberiarrez gain, Europako beste hizkuntza batzuetan argitaratutako obrak ere bilduko dira, Gerra Zibilari eta Frankismoari buruzko ekoizpenen gaineko ikuspegi zabalago bat izateko.
Obra horietan zer gai, zer gertakari eta garai nagusitzen diren azter daiteke. Baita pertsonaien tipologia ere, euren familia harremanei edota kategoria sozialari erreparatuta. Aukera dago, halaber, literaturatik bestelako arte adierazpenetara egin diren egokitzapenak ikusteko ere. Edukiak erabiltzaile ororen esku egongo dira, eta osatzen joango dira, datu-basea aberastu ahala.
Finantziazioa: Mineco (FFI2017-84342-P proiektua)
Luis Garderen lehen eleberria dugu Ehiztariaren isilaldia, eta harrera txikia izan zuen eta ia ezkutuan igaro zen eleberria izan arren, Euskadi Literatura Saria eskuratu zuen 2016an. Luis Garde idazle iruindarrak, eleberrian, ahaztearen aurkako aldarriak eta memoriaren inguruko hausnarketak biltzen ditu,1938ko maiatzean Ezkabako presondegitik 800 inguru presoren ihesaldia abiapuntu duelarik. Prosa poetiko zaindua darabil idazleak eta memoria bihurtzen da eztabaidagai, gertakari historikoa baino gehiago: idazlearen idazketa prozesuaren berri ematen duen narratzaile autodiegetikoaren ahotsa, bi presoen ihesaren berri ematen duen barne narrazioa, belaunaldiz belaunaldi transmititutako oroimen eta isiltasuna, poemetan irudikatutako ihesaldia… denak uztartzen dira saiakeratik ere baduen liburu honetan. Dena dela, Ezkabako, edo San Kristobalgo, kartzelatik 1938ean, Espainiako Gerra Zibilean, ihes egin zuten presoen gertakari historikotik abiatzen da eleberria. Izan ere, ihesaldia arrakastatsua izan bazen ere, Frantzia helmuga gisa zuten ia 800 presoetatik hiruzpalau besterik ez ziren iritsi mugaren beste aldera; gainontzekoak bidean fusilatuak, kartzelara itzuliak, edo desagertuak izan ziren. Idazleak gau batean izandako amesgaiztoak eraginda erabakitzen du idazketa literarioari ekitea: ametsean ehiztari jazarle ezezagun batek jazarriaren atzetik Gorriak eskapatu egin dira. Denak akabatu behar ditugu, kagoendios zeriola. Esaldi madarikatua behin eta berriz errepikatzen da eleberrian zehar, eta hori bakarrik izango da jazarleari buruz ezagutuko dena, gertakariaren gainean zabaldutako isiltasuna agerian utzita. Ezkabako ihesaldiari buruz datu gutxi ezagutzen dira, eta idazleak ikerlariaren rola hartzen du haren inguruko xehetasunak argitzeko, nahiz eta ez duen zertan informazio hori erabili fikziozko kontakizuna osatzeko; horrela, iheslarien senitartekoei, dokumentu historikoak gordetzen dituzten udalerri eta elizetara bisitak egiten ditu, gehien-gehienak bisita etsigarriak izan arren. Isiltasunaren inguruan idazleak memoria eta memoria historikoa deitzen zaionari buruz hausnartzeko parada aurkitzen du, ongiaren eta gaizkiaren, justiziaren eta injustiziaren gaineko saiakera eskainiz. Hori guztia hausnarketa metaliterario eta Luis Garde beraren poetikaren hausnarketarekin osatzen da. Teknika narratibo, plano narratibo eta polifonia anitzak ahalbidetzen du narrazioa memoriaren zokoetara iristea. Memoria bizirik mantentzea eragozten duten praktikak gaitzetsi eta hura berreskuratzearen alde egiten du idazleak, horretarako, 1936ko Espainiako Gerra Zibileko hainbat gertakari historikoren errepasoa, nahiz hurrengo urteetako errepresioa, eta Espainiatik at ere nagusitutako faxismoaz hitz egiten du. Idazlea Haize hegoaren aroak poema liburuaz ari dela, zeina “euskaldunon gerrei” buruz mintzatzen den, Gernikako bonbardaketaren zantzuak erakusten dituen poema aipatzen du (Garde, 126-127). Gertakari historikoari buruzko xehetasunik ematen ez den arren, argiki kokatzen du Gernikaren aurkako sarraskia “euskaldunok galdutako gerren” artean, Euskal Herriaren historiaren gertakari esanguratsuena dela baieztatuz. Aurrerago, ordea, idazleak haren senide Honorioren gerrako pasarteen berri ematen du, 1937ko apirilaren 26an Gernikan zegoena, hain zuzen ere: “Artean, Gernikaren gaineko hegazkin alemaniarren orroa oroitzen zuen Honoriok. Motor haiek inoiz ez zioten biratzeari uzi osabaren amesgaitzen soinu-bandetan” (Garde, 135). Gutxinaka, idazleak Gernikako bonbardaketaren datu gehiago ematen ditu kontakizunak aurrera egin ahala, kasu honetan, familia arteko transmisioak hala bermatuta; hala bada, fokua belaunaldiz belaunaldi iritsitako memorian jartzen du, zehazki, hirugarren belaunaldiei iritsitako memoria azaleratzearen beharrean, gerrako zuzeneko lekukoak desagertzear daudela argudiatuta. Honoriok gogoratzen dituen hegazkin alemanei tiraka, 196. orrialdean berriro azpimarratzen da soldadu nazien presentzia Espainiako Gerra Zibilean: “Gerra hartan norbaitek kanpoko laguntza jasotzen bazuen, hura alde frankista zen. Hemendik oraindik badago hegazkin alemaniarren motorren zarataz oroitzen den jendea” (Garde, 196). Aipatutako Gernikako bonbardaketari eta hura eragin zuten hegazkin alemanei egindako erreferentziak bi presoen ihesari dagokion kronikan ere txertatzen dira: -Alemaniarrak dira. Heinkel 111. Heinkelak. Hemen saio-eremu egokiak aurkitu dituzte. Saio-herri egokiak. Gotorlekuko preso batek bazekien marrazten hegazkin berriak paper-zatietan. Etorri gareneko norabidea, hegoalderakoa, hartu dute. Ebro alderantz. Azken bataila handia irabazten ari gara alde hartan. Baina harat doaz hegazkin alemaniarrak. -Duela urtebete iparreko frontean… -Badut horren berri. Baina ezin ahalko dute. Ezta hegazkin alemaniarrekin ere (Garde, 287). Iheslarien gaineko kontakizuna 1938an kokatzen dela kontuan hartuta, “Duela urtebete iparreko frontean” Heinkel alemanekin gertatu zena zer izan zen esan beharrik ere ez dago, eta hori bera egiten dute kontakizuneko bi pertsonaiek: Gernikako sarraskiari hitzak jarri beharrean, elkarren artean ulertu eta isildu egiten dira, hura berriro gertatu ezin daitekeela sinetsaraziz, eragin zuen hunkipena eta ziurgabetasuna islatuz. Ondorioz, eleberriaren plano eta ahots narratibo desberdin guztietan irudikatzen da Gernikako bonbardaketa: alde batetik, narratzaile autodiegetikoak, autofikziotik, senide batek Gernikan bizitakoaren berri ematen du; beste alde batetik, idazlearen beraren poetikaren gaineko hausnarketa metaliterarioaren baitan, Gernikako bonbardaketa gogorarazten duen poema aipatzen da; eta, azkenik, bi preso iheslariei dagokien kronika fikzionalizatuan ere zeharka aipatzen da Gernikako bonbardaketa, Heinkelen presentziak sarraskia gogora ekarrita. Horrez gain, bestelako arte adierazpideren bitartez ere gogoratzen da Gernikako bonbardaketa, baita bonbardaketa nahiz Picassoren Guernica artelanaren ondotik eskuratutako sinbologia eta unibertsaltasuna. Alde batetik, Gernikako bonbardaketa eta bonbardaturiko “gainerako herrien oihartzunak” gogorarazten dituen poema dugu 180. orrialdean, zeinak “Picassoren Guernicaren izpiren bat” ere duen. Beste alde batetik, 2004an, Gernikako bonbardaketaren 70.urteurrenaren gerturatzea dela-eta, Gernikan egin zen Bombardeo de poemas sobre Gernika ekintza artistikoa aipatzen da. Ekintza horrek literatura eta performancea nahastu zituen, eta euskaratik gaztelaniara itzulitako euskal idazleek poemak eta gaztelaniatik euskarara itzulitako poeta txiletarren poemak jaurti zituen helikoptero batek Gernika gainera. Modu horretan, Gernikako poemen bidezko bonbardaketa irudikatu zuten. Ekintza artistikoak polemika piztu zuen, eta Gardek ere ekintza aipatzen du memoriaren eta memoria-praktiken inguruan hausnartzeko. Horrela, Luis Gardek fikzioa eta errealitatea etengabe nahastuz, oroitzeko tresnen eta memoria kolektiboa deritzogunaren inguruan hausnartzeko liburua osatu du, gertaera historiko zehatz batetik abiatuta, bestelako gai, gertaera, garai eta lekuez ere mintzatuz.
Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). "Luis Garderen Ehiztariaren isilaldia-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLab datu-basean".
Anjel Lertxundiren Zu izeneko eleberri autobiografikoan, 2012ko uztailaren 19an narratzaile idazleak eta haren Zu emazteak bizitza aldatuko dieten berria jasotzen dute: beren kalkulu txarrenetan ere sartzen ez den diagnostikoa entzun dute, minbizia (1). Nahi gabeko diagnostikoa entzun ondoren, pankreaseko minbizia gainditzeko borrokari hasiera emango diete Zuk eta bere senarrak. Hirugarren pertsonaz baliotuko den narratzaile heterodiegetiko batek gaxiotasunaren prozesua kontatuko du xehetasun guztiekin: kirofanoan sartu dute Zu (49), beste kimio-saio batekin hasi beharrak erasan egin dio psikologikoki (226), ilea hirutan galduko du… Gora-beheratsua izango den prozesu horretan, senarrak emaztearen gaixoaldiari buruzko apunte eta hausnarrak biltzen ditu (240). Zu-k badu apunte horien berri eta idatzi solte horiekin liburu bat idazteko esaten dio senarrari; bada, esan eta egin. Gauzak horrela, Zu-ren gaixotasuna izango du oinarri eleberriak, baina ez da landuko eta garatuko den gai bakarra. Gaixotasunak eta heriotza gai emankorra izan dira bai literaturan, bai beste edozein arte adierazpidetan historian zehar. Lertxundik ez zuen imajinatu ere egiten zenbat liburu on dagoen minbiziaz, alzheimerraz, iktusari buruz, zenbat lekukotasun on gaixotasunen eskarmentuez (89)..., baina gaixotasuna gertutik bizitzeak liburu horien garrantziaz ohartarazi diote idazleari. Horregatik, Zu-ren minbiziaren narrazio lineala liburu ugarien pasarteen zatiekin tartekatzen da. Pasarteek, gainera, hausnarketarako bidea irekitzen diete Lertxundiri, heriotzaz zein bizitzaz pentsaraziz irakurleari. Idazlearen barne-munduaren adierazle da darabilen hizkera: idazlea bere buruarekin mintzo denean, beti hikaz ari da (113), baina baita pankreas gaitzarekin -pertsonifikatua, noski- ari denean ere (109). Idazle, egile eta pertsonaiaren arteko jokoa erakusten du narratzailea mintzatzen den pertsonak: lehen eta hirugarren pertsona etengabe nahasten dira, hirugarren pertsona nagusitzen bada ere. Edonola ere, Zu-ren senarra fokalizatzen da eta gizonaren hausnarketa eta bizipenetatik egiten da kontaketa. Hori guztia, aurretik aipatu den bezala, idazle entzutetsu eta heriotza nahiz gaixotasunei buruzko obren aipamenekin tartekatzen da: garrantzi berezia hartzen du, esaterako, Thomas Mannen Mendi magikoa eleberriak. Liburuaren haria ez da batere triste edo sentimentalista, bizirik segitzeko euskarririk seguruena baizik (240). Lertxundi ez dabil ars moriendi baten atzetik, ars vivendi bat bilatu eta partekatu nahi du Zu-rekin (241). Horregatik, minbiziaren aurka borrokatzea erabakiko dute Zu-k eta bere senarrak. Horretarako, funtsezkoa izango dute medikuak esandakoa jarraitzea, medikuntza baita bizi-itxaropena luzatzeko gai dena. Honela, hiru urtez gaitzari aurre egitea lortuko du Zu-k, eta, hasiera batean sinesgaitz zitzaizkionak bizitzea lortuko zuen, bere laugarren bilobaren jaiotzan egotea, kasu. Eleberriak aurrera egin ahala, bizitzaren bidegabekeriaren biktima errugabe dira, eta behar baino lehen hiltzen direnen inguruko hausnarketak ugaritzen dira. Lertxundik hausnarketok erlijioarekin eta Jainkoaren zigorrekin lotzen ditu, izan ere, Bibliak Jainkoaren zigortzat jotzen du zeruak jaurti zuen sua Sodoma eta Gomorra hirien gainera, eta suz markatua geratu zaigu Jainkoak bidaliak direla tragedia naturalak eta gaixotasunak (149). Halaxe egin zuten faxistek ere Durangon eta Gernikan: Jainkoaren zigorra balitz bezala bota zuten zerutik sua (149). Hausnarketa horren ondoren, pasartea 1937ko apirilaren 26ko Genikako bonbardaketarekin lotzen du: “ez nituen inoiz lotu airezko bonbardaketekin, ez nituen inoiz erlazionatu Sodoma eta Gomorra hirien gainera botatako sua eta Gernikako tragedia” (148). 1937an Gernika bonbardatu zutenak alemaniar faxistak izan ziren: Bigarren Mundu Gerrarako modu eraginkorrean suntsitzeko moduen bila hasi ziren alemaniarrak; honela, beraien entseguetako biktima izan zen Gernika, espainiar diktaduraren aurka baitzegoen. Gainera, Europako biztanleria zibilaren aurkako izuaren bidezko lehen erasoa ere izan zen. Egun, jakintzat badugu ere, garaiko prentsa frankistak erasoa ezeztatzeaz gain iruzurrak zabaldu zituten nazioartean: “biktimarenak egiten has ez gintezen, mundu guztian zabaldu zuten euskaldunak izan zirela Gernika erre zutenak” (149). Faxisten propaganda makiabelikoaren arabera, tragediaren biktimak izan ziren bere buruen borrero (149), baina nazioartean azkar zabaldu zen egia. Gainera, euskal zibilen memoriak ez du gertatutakoa ahaztu, eta, gaur egungo euskaldunen memoria historikoan bizirik dirau Gernikan zein 1936ko gerran eta gerraondoan euskal lurraldeetan gertatutako sarraski eta errepresioa. Gernika memoria lekua da, eta beste gaitz edo bidegabekeriatan pentsatuta, 1936ko gerrako pasarte ilun hori datorkigu ezinbestean burura, sinbolo bilakatu baita Picassok erreproduzitu zuen mihise erraldoiari esker. Memoria lekuak iragana gogorarazten duten leku zehatzak dira, bai maila indibidual nahiz kolektiboan, eta hori bera ikusarazten du Lertxundik: Lertxundiri Gernikako tragedia datorkio burura esperientzia pertsonal batetik abiatuta, baina memoria kolektiboa eta ariketa kolektiboa egitera pasatzen da jarraian, Euskal Herriaren historia eta haren trasmisioa erdigunean jarriz: “Nola hil eta ehortzen zituzten begiratzeko agintzen zigun amak, ondorengoei kontatu ahal izateko” (149) diosku Lertxundik 36ko gerran, Elgetan izandako fusilamenduen lekuko batek esandakoak bilduz. Ondorioz, esan genezake Gernikako bonbardaketak eragindako trauma historikoak esanahi berriak hartzen ari dela eta sufrimendua unibertsalizatzeko baliabide bilakatu dela. Hori bakarrik ez, memoria kolektiboa eta haren transmisioa azpimarratzen dira egiaren zorretan.
Felipe Juaristiren Ez da gaua begietara etortzen eleberriaren hiru pertsonaia nagusiak ETAren hilketa batek lotzen ditu: ETAk hiltzea erabakita zuen Gabriel Cifuentes ez, Luis Otegi hil zuen. Momentu eta leku hartan zuen hitzordua Lope Iraurgi eleberriko protagonistak Cifuentesekin, honela, hilketaren lekuko bihurtuz. Gauzak horrela, hilketa horrek Lope, Miranda (Luis Otegiren alarguna) eta Cifuentesen bitzitzak astinduko ditu. Esan berri dugunez, gertakizun bakar baten inguruan osatuko da eleberria, hilketak guztiz baldintzatuko baitu Lope protagonistaren bizitza. Lope ume zenetik amarekin bizi den argazkilaria dugu. Bere ama, Maria Larrañaga, alargundu egin zen, bere senarra itsasoan galdu zenean. Hilketa geroztik, ordea, Iraurgi galduta dabil, duela bi urtetik hona, aita bizirik zela eta etxera zetorrela jakin zuenetik hona, Luis Otegiren hilketaren lekuko izan zenetik hona (167). Aitaren betiko hutsunea eraldatu egin zen aitaren falta iruzur batean oinarritzen zela jakin zuenetik; gainera, aitaren hutsunea ez da Iraurgik duen hutsune bakarra: ETAren hilketan, hiltzailearekin izandako begiradak kondenatu egingo du, eta, ondorioz, espetxeratua izango da Lope, bere lana galduz; inguruan ere dena galdu zaio, desagertu egin zaio, erori egin zaio, harea poltsiko zulorik behera bezala. Aita, Luis, Miranda, Veronika… Hutsik dago Lope baita iraganean galduta ere. Iraganeko kontuak orainekotzat ditu Lopek (99), baina ez du iragana berritu nahi, itxi baizik (101). Iraganak ez dio orainaz gozatzen eta oraina bizitzen uzten, eta, honela, ez zaio gaua begietara etortzen. Lope, ordea, ez da hutsi dagoen bakarra, Miranda eta Gabriel ere hutsik daude. Mirandak senar izandako Luis Otegi falta du, baina sabela hutsa izateak sortu dio bete-ezintasuna. Mirandak ama izan nahi zuen, irakasle baino gehiago, emakume baino gehiago, eta hiru aldiz izan zen ama, baina hiru aldiz geratu zen umerik gabe (103). Gabrieli ihesean ibili beharrak gaztaroa bizitzea galdurazi dio, baina ezin daiteke iraganera itzuli, eta bizitzaren zergaitia azaldu ezinik geldituko da. Bizitzaren gogoetak ez du Gabrielengan izango lekua soilik, Lopek etengabeko googetak egingo baititu, eta, askotan, Amezketa hutsaren filosofoan aurkituko ditu erantzunak. Beraz, eleberriak ildo metafisikoa jarraitzen duela esan dezakegu minari, oroimenari eta bizitzari buruz gogoeta egin eta eginarazteko aitzakia bihurtzen baita eleberria. Estiloak berak ere horretara bideratzen gaitu, Juaristik estilo landu eta poetikoaren aldeko hautua egiten baitu. Gainera, sentimendu hauek zuzenean lotuta daude izakiaren barne munduarekin, eta, beraz, gizakiaren barne gatazkekin, pertsonaien psikologian lanketa nabarmena eginez. Kontamoldeak filosofiarekin zein poesiarekin lotura zuzena badu ere, ez da artearekin lotu dezakegun gauza bakarra. Eleberrian ugariak dira jazz munduaren aipamenak, eta, sarritan, eleberria bera musikatua dela dirudi, egoera bakoitzak bere jazz kantua baitu. Gainera, baidira literatur zein arte erreferentziak eta horren adibide dugu Picassoren Guernica. Veronika desagertu ondoren museoz museo bidaiatzen dabil eta Madrilgo Reina Sofian Guernica kuadroari begiratzeko parada izan zuen. Guernica artelana ez dugu artelan soila, 1937ko apirilaren 26an Gernikan eginiko sarraskiaren islada baita koadroa. Euskal Herritarren hondamendia islatzen duen artelanak Euskal Herriaren errepresentazio izatetik penintsulako irudi zein irudi unibertsala izateara pasatu zen: dimentsio historikoaren eta alegorikoaren arteko talka islatzen du koadroaren inguruko hurbilketak, izan ere, koadroak gerra ororen zentzugabekeria eta krudelkeria salatzen ditu, faxismoaren aurkako aldarri unibertsala bihurtu baita, eta oinarrian duen Gernikako bonbardaketa, sarri, ezkutuan geratu izan da. Picassoren Guernicako biktima errugabeen motiboa mundu osoan zabaldu zen mugimendu artistikoei (literatura eta zinea) esker. Exilioan dauden espainiar olerkigileak Guernicaren oihartzunaz baliatuko dira Guernicaren irudia bere egiteko; eta horrela, honen irudia pixkanaka euskal nazionalismoarekin bereiziko da. Gauzak honela, Guernica espainiar gerraren aurkako irudi bihurtuko dute espainiarrek, eta Espainiako diktadura amaitzean, demokraziaren garaipenaren iruditzat hartuko dute. Guernicak, ordea, oraindik badu euskal memorian lekua, eta eta horren adierazgarri dugu ‘Guernica Gernikara’ aldarriak. Esan dugunez, Guernica artelan bat baingo gehiago da, Gernikaren sarraskiaren islada da, eta irudikatzen duen minak mina dirauen lekuan izan behar du leku; hau da, Guernicak Gernikan egon behar du. Paragrafo luze zein elkarrizketa motzek orainean eta iraganean dute leku, baina bada denborarik ez duen mundu garrantzitsu bat ere eleberrian: ametsarena. Kapitulu bakoitza amets batekin hasteak ametsaren garrantzia nabarmentzen badigu ere, Gabirel Cifuentesek izandako hilketa eguneko ametsak honen garrantzia azpimarratzen du. Cifuentesek hila izan behar zuen egunean, norbaitek hil egingo zuela adierarazi zion ametsa izan zuen, eta, horregatik, erabaki zuen bertatik ihes egitea. Ametsak ezaguna zuen agertokia erakutsi zion, ametsa egiazkotzat hartzeko arrazoia emanik. Eleberrian zehar argitu gabeko kontuak argituta, ezkutuan ziren kontuak agerian jartzea edo arrastaka zetozenak albo batera uztea erdietsiko dute pertsonaiek. Honela, iraganetiko liberazioa lortzearekin batera itxaropen ukituz amaituko da narrazioa.
Nola aipatu: Aizpuru, Amane (2025). "Felipe Juaristiren Ez da gaua begietara etortzen-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basean.
Joxean Agirreren eleberriko protagonista Deustuko unibertsitateko Soziologia irakaslea da. Gaztetan, Soziologiako ikaslea zela, solteroen dantzalekuetara joaten zen maiorazkoen jarrerari buruzko ikerketa bat egiteko. Haren arabera, maiorazkoak mutilzahar gelditzeak lotura zuen nekazaritza tradizionalaren krisiarekin, neskek industrian lan egiten zuten gizonezkoekin ezkontzea nahiago zutelako. Ikaslea zen garai berean, 1975eko maiatzean, Bilboko zezen-plazan Poliziak atxilotu eta torturatu zuen, beste laurehun bat lagunekin batera, gau hartako polizia inspektore baten hilketa argitzeko aitzakiarekin. Nahiz eta protagonistak etxean tortura jasateko praktikak egin, poliziek emandako lehen kolpeen ostean, laster hasi zen Erakundearekin (ETArekin) zuen lotura aitortzen. 1974an, Elgoibartik Markinarako bidean, Guardia Zibilaren kontrol batetik tiroketa baten buruan beste kide batzuekin ihes egin zuela eta hildakoak egon zitezkeela azaldu zien. Poliziek hark emandako informazioa konprobatzerakoan, ohartu ziren egun hartan ez zela tiroketarik egon. Protagonista jipoitu eta azkenean askatu zuten. Gertatutakorekin hain lotsatuta eta minduta sentitzen zenez, handik gutxira protagonistak muga igaro eta Zuberoan bizitzen egon zen urtebetez. Liburuko pasarte honetan, euskal gatazkaren baitan egondako poliziaren errepresioa aurkezten da eta nola hauek, Frankismoko azken salbuespen egoera baliatuz, edonolako atxiloketa masiboak zein tortura baliatzen zuten. Kasu honetan, zenbait tortura metodo deskribatzen dira lehen pertsonan, kontakizun osoa bezala: eskubirdinetatik zintzilik uztea, burua ur zikinetan sartzea edota elektrodoekin kolpeak ematea. Orainaldian, protagonista heldua dela, bere alderdiko lehendakarigai gisa aurkezteko aukera ematen diote, baina iraganean ETArekin izandako lotura oztopo bat izan daiteke. Horregatik, Hondarribiko hotel batean erretiroa egiten du, bi aholkulariekin batera, bere haurtzaroko zein gaztaroko kontuak argitzeko, eta gatazka armatuarekin lotutakoak ezkutatu eta disimulatzeko. Batetik, Anna aholkulariarekin bere haurtzaroaz aritzen da eta, horrela, memoria historikoarekin lotutako bi kontu azaltzen dizkio: lehenik, bere aitona aipatzen du, eta honek izandako zortzi seme-alabetatik gehienak gerran (Espainiako Gerra Zibilean ziurrenik) hil egin zirela. Bigarrenik, bere eskolako garaian, maristetara joan zela eta marista horiek erdaldunak eta frankistak zirela azaltzen du, gerraondoko garaian ohikoa zen bezala. Bestalde, protagonistak Bruno aholkulariarekin igarotzen du denbora gehiena, bere gaztaroaren eta zehazki Zuberoako egonaldiaren beste bertsio bat prestatzeko (ez baitio Guardia Zibilekin izandako tiroketari buruz ezer esaten). Zezen-plazan atxilotu zuten eguneko bizipenak errepasatzen dituzte. Pasarte horretan garaiko giro politiko errepresiboa eta zenbait gertakari zehatz aipatzen dira, hala nola, Tasio Erkizia ezker abertzaleko apaiza torturatua ospitalera eraman zutenekoa. Horrez gain, Kristoren Gerrillariak aipatzen dira ere, 70eko hamarkadan jardun zuen erakunde ultraeskuindar parapoliziala, Mariano Sanchez Covisaren (Dibisio Urdineko beteranoaren) gidaritzapean, hainbat indarkeria-ekintza eta zenbait hilketa egin zituena. Ondoren, protagonistak Zuberoako egonaldiari buruz hitz egiten dio. Baserri batean egon zen bizitzen, Maitena emakume gaztea eta bere gurasoekin. Maitenaren aitak garaiko gertakarien berri ematen zion, gauero Erakundekoekin telefonoz hitz egiten baitzuen. Horrela, Koldo Arriolaren kasua ezagutu zuen, Guardia Zibilaren kuartelean tiroka hil egin zuten hemeretzi urteko gazte ondarrutar bat. Hilketa horretatik sei egunetara gaztearen familiak zuen sukaldeko tresnen dendan lehergailu bat jarri zuten. Garay-Salegi senar-emazteen erailketaren berri izaten du ere: Gernikan hil zituzten, etxean ETAko militanteak gordetzeagatik. Bi hilabete geroago, bikoteak Gernikan zeukan estankoaren kontra lehergailua jarri zuten ere. Idazlearen arabera, “Guardia Zibilak eta eskuindar taldeak biktima izandakoen familiekin tematzen ari ziren” (87 orr.). Horrez gain, aipagarria da zenbait pertsonaiek etakideen ekintzak justifikatu edota goraipatu egiten dituztela. Batetik, Maitenak protagonistari esaten dio ez duela zertan bere iragana ukatu behar. Haren arabera, etakideek frankismoaren aurka borrokatu zuten, eta iparraldean nazien aurka borrokatu zutenek domina jaso zuten bezala, haiek ere harro egon beharko litzateke. Bruno aholkulariaren ustez, bestalde, ETAk egindako ekintzak ez lirateke ezkutatu behar, baizik eta goraipatu. Hark konparaketa bat egiten du Georg Elser arotzaren historiarekin, Hitlerren aurkako atentatu bat burutzen saiatu zena, arrakastarik gabe. Hura atxilotu eta kontzentrazio eremu batean hil egin zuten. Erserren omenez monumentu bat eraiki zuten 2011an. Espainian, aldiz, ETAk Carrero Blanco hil ostean, ez da monumenturik jarri lehergailua jarri zutenei, baizik eta Carrero Blancori. Eleberriaren bukaeran, ez dute protagonista lehendakarigai hautatzen eta Zuberoan ezagututako Maitenarekin doa bizitzera. Iparraldean bizitzen ari dela, beste iheslari bat ezagutzen du eta hark azaltzen dio bere kidea izan zela hura ETAn zegoen garaian. Iparraldeko iheslari horrek ardura zuen komando berri bat prestatzeko eta prestaketa hori simulakroen bidez egin zuen. Horrela, protagonista konturatzen da 1974an bizi izan zuen Guardia Zibileko tiroketa aurretik prestatutako antzerki bat izan zela. Balak suzkoak ziren eta Guardia Zibilak aktoreak. Berri horren aurrean, protagonista txundituta gelditzen da. Gertakari hori funtsezkoa izan zen bere bizitzan, eta zaila egiten zaio onartzea berak balentriatzat hartzen zuena antzerki hutsa izatea. Bertsio berri horrekin bizitzen ikasi beharko du. Laburbilduz, Euskal Herria eta Espainiako Erresumaren historia garaikidea biltzen ditu Joxean Agirrek nobelan: Gerra Zibila aipatzetik, etakideek jasan zituzten tortura eta ihesaldietaraino. Gainera, Bigarren Mundu Gerra eta Europako beste erregimen totalitarioak ere salatzen dira. Beraz, eleberri hau baliagarria da memoria historikoaren baitan, bereziki trantsizio zein borroka armatuaren garaiko testuinguru gatazkatsu eta konplexua hobeto ulertzeko.
Nola aipatu: Diez, Leire (2025). "Joxean Agirreren Solteroen dantzalekuak-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basean.
Xabier Menigurenen lan honen izenburuak Joxe Arregik Carabanchelgo zenbait preso-kideei esandako esaldia adierazten du, hamar egunez Madrilen torturatua izan ostean: ‘Oso latza izan da’ (2023). 1981eko otsailaren 4ean, Arregi eta bere komando-burua, Isidro Etxabe, Madrilen atxilotuak izan ziren, kontrol batetik ihesean zeudela. Hurrengo hamar egunetan, bi etakideek tortura gogorrak jasan zituzten, batez ere Arregik. Otsailaren 13an, haren egoera larriagatik Carabanchelgo espetxeko hospitalera eraman zuten Joxe Arregi, eta bertan hil egin zen. Poliziak emandako bertsio ofizialaren arabera, pneumonia izan zen heriotzaren arrazoia. Bere gorpua ireki ezin zen hilkutxa batean bidali zuten Euskal Herrira, eta Zizurkilgo hilerrian lurperatu zuten. Baina zenbait lagunek, hiletaren ondorengo gauean, isilpean gorpua hilkutxatik atera eta honen argazkiak egin zituzten, torturak eragindako hematoma, erredurak zein sufrimendua agerian uzteko. 2009ean Amagoia Gurrutxagak erreportaje bat argitaratu zuen, Juan Kruz Unzurrunzagak, kultur eragile eta presoen aldeko aktibistak, eta Bixente Ameztoi pintoreak argazki horiek ateratzeko plana burutu zutela azalduz. Erreportaje horren harira, Xabier Mendiguren bi gizon hauen eta Arregiren bizitzari buruz ikertzen hasi zen, eta liburu honetan haien historia eta garaiko testuingurua biltzen ditu, Joxe Arregiren atxiloketan, torturan eta heriotzean fokua jarriz. Ikerketa horretarako, gizon hauen ahaide, lagun edota kideek kontatutakoa aurkezten du: Arregiren Maribi arreba edota Etxabe komando-burua, Unzurrunzagaren Rita iloba, Ameztoiren Virginia alarguna… Horrekin batera, Carabanchelgo espetxean preso zeuden Iñaki Agirre etakideak, Xose Luis Fernandez GRAPOko kideak eta Lois Alonso Riveiro PCE(r)-ko kideak idatzitako gutuna erakusten da, Arregiren egoera ahula eta haren heriotza salatzen dituena. Kontaketa honen bitartez, Mendigurenek euskal gatazkarekin lotutako hainbat gai eta gertakari jorratzen ditu. Batetik, Poliziak egindako tortura-metodoen deskribapena egiten da: burua ur zikinetan sartzea, zigarro puntaz erretzea, elektrodoak, kolpeak… Askotan Poliziako medikuak zeuden, torturatuek hil gabe tortura jasaten jarraitu zezaketela ziurtatzeko. Nahiz eta Arregiren kasua ezagutu zen bakarrenetarikoa izan, autorearen arabera, Arregi bezalako “milaka gizon-emakume torturatu dituzte herri honetan (…) etenik gabe, sistematikoki eta legeen eta agintarien komunikabide gehienen babes oso-osoarekin” (55. orr). Bestetik, Isidro Etxabek azaldutako pasadizo batean, euskaldunen kriminalizazioa aurkezten da, hainbatetan euskalduna izateak zuzenean terrorismoarekin lotzen baitzen: Bera eta Arregi Madrilen zeudenean, taberna batean “dos chatos” eskatzean, azentu oso euskalduna zutenez, jendea ‘¡Etarras! ¡Etarras!” oihuka hasi zen (62. orr). Horrez gain, erbestea lantzen da, Arregik iparraldera ihes egin baitzuen (1979an), baita Unzurrunzagak ere (1975ean). Autorearen esanetan, “Asko izan ziren garai hartan poliziaren beldurrez muga pasatu behar izan zutenak, baina horrek ez du esan nahi guztiak gero ETAren egituretan sartzen zirenik” (60-61. orr). Iparraldean bizitzen geratu zirenak edota Hego Ameriketara joan zirenak aipatzen ditu. Bestalde, euskal gatazkaren baitan, etakideen zenbait hilketa jorratzen dira, hala nola, Txabi Etxebarrietarena, eta Jose Maria Ryanen kasua garrantzizko gertakaria da ere: 1979an, Lemoizko zentral nuklearraren aurka egiteko, ETAk bahitu zuen, proiektuko ingeniari-burua zelako. 1981ean hil zuten, Polizia Arregi torturatzen ari zen egunetako batean. Horrekin batera, garaiko hainbat gertakari eta pertsonaia aurkezten dira eleberrian, Espainiako Gerra Zibiletik Trantsizio garaira arte. 36ko Gerran, adibidez, Ameztoiren aita, Jesus Olasagasti, frankismoaren aldeko kartelgilea izan zen. Horrez gain, gerraondoko euskararen hizkuntza-ordezkapena jorratzen da, lehenagotik zetorrena eta frankismo garaian areagotu zena (Ameztoik, esaterako, ez zekien euskaraz). 70eko hamarkadari dagokionez, beste hainbat gertakizun aipatzen dira: Arregiren kontzientzia politikoa piztu zuen Burgoseko auzia, Carrero Blancoren hilketa, Txiki, Otaegi eta FRAPeko 3 kideren fusilamendua, Francoren heriotza… Nazioarteko mailan, autoreak Allende eta “Che” Guevara bezalako pertsonaiei buruz hitz egiten du. Hain zuzen ere, Unzurrunzagak Chilera bidaiatu zuen ETAn sartu baino lehen, Allende sozialistaren alde egiteko. Haren aurkako Pinochet militarraren estatu kolpea azaltzen da ere. Bestalde, “Che” Guevara iraultzaile argentinarraren eta Joxe Arregiren arteko paralelismo bat egiten da, biak hil zituztelako, bata Bolivian eta bestea Madrilen, eta bien gorpuei argazkiak egin zizkietelako, helburu desberdinekin. Gernikaren bonbardaketari eleberriko bigarren atalean egiten zaio erreferentzia. Madrilen Arregi atxilotu zuten egun berean, Juan Carlos I.a erregea Gernikara heldu zen helikopteroz. Autorearen esanetan, 44 urte lehenago bezala, gernikarrak zerura begira zeuden, baina “ez da astelehena (…), ez da azoka eguna, eta ez dira Kondor Legioko hegazkinak” (25 orr.). Esaldi horren bitartez, Gernikako bonbardaketaren eguneko egoera deskribatzen du. Orainaldian, berriz, Juan Carlos I.aren helikopteroari begira zeuden, erregea Gernikako Juntetxera zetorrelako, autonomia estatutuaren gainean zin egitera. Horrela, autoreak paralelismo bat sortzen du, bi gertakizunak lotzeko: bata Gerra Zibileko gertakaria da, Euskal Herria markatu zuena eta honen ondorengo zapalkuntza sistematikoaren hasieran koka daitekeena, eta bestea Trantsizioan gertatu zen, errepresioari ustezko amaiera emango zion garaian, eta euskaldunen etorkizuna baldintzatu zuen ere. Atal honetan, Gernikako arbola agertzen da ere. Erregea eta parlamentariak Juntetxera sartu baino lehen, ondoan zegoen haritzaren aurrean txistulari batzuek jo zuten eta zuhaitzari gurtza egin zitzaion. Gernikako arbolak balio historiko eta sinboliko handia du. Gutxienez, Erdi Arotik aurrera, Bizkaiko eliteak haren inguruan biltzen ziren, parlamentu moduko bat osatuz. Azken Gerra Karlistaren ostean foruak galdu zirenean (1876), haritz zahar hura euskal identitatearen sinboloa bihurtu zen. Juan Carlos I.ak Gernika bisitatu zuen 1981eko egun hartan, foruen antzeko zerbait izan zitekeen autonomia estatutua sinatuko zen. Beraz, zentzuzkoa eta sinbolikoa zen prozesu hori Gernikaren arbolaren ondoko Juntetxean egitea. Laburbilduz, eleberri honetan, Joxe Arregiren kasuan oinarrituz, Espainiako indar polizialek egindako torturak salatzen dira, baita orokorrean Espainiar estatuaren indarkeria ere. Francoren heriotza eta gero, errepresioa jarraitu zuen, eta horrela ikus daiteke Xabier Mendigurenen lan honetan. Kronika honen bitartez, garaiko bidegabeko gertakariak eta pertsonaia garrantzitsuak jorratzen dira, euskal gatazkaren garaiko konplexutasuna islatuz. Jose Maria Ryanen hilketa kontatzea baliagarria da ere, borroka armatuaren barnean zeuden zalantza zein gehiegikeriak transmititzeko. Beraz, memoria historikorako baliozko lana da eleberri hau, zehazki Trantsizio garaiko testuinguru historikoa eta tortura kasuak hobeto ezagutzeko.
Nola aipatu: Diez, Leire (2025). "Xabier Mendigurenen Oso latza izan da-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basean.
Joan Mari Irigoienek idatzitako ‘Ur arreak, ur garbiak’ (2011) eleberriak Urgaineko herritarren istorioa kontatzen digu, herri hau urtegi batez estalia gelditu baino lehen, eta gertaera huraren ondorengoak. Horrela, mende hasierako eleberri memorialistetan ohikoa den bezala, bi plano narratibo bereizten dira: orainaldikoa eta lehenaldikoa. Orainaldiko planoan Urgain herriko agureen lagun talde bat biltzen da Olloriko “Las Dos Hermanas” jatetxean: Leon, Satur, Honorio, Jorge, Blas, Justino, Sancho eta Zabulón. Bazkaltzen duten bitartean, euren iraganari buruzko elkarrizketak izango dituzte. Iraganeko planoan, bestalde, lagun talde horren haurtzaro eta gaztaroa azaltzen da, eta nola haiek eta euren inguruko pertsonaiek bizi izan zuten gerra zibila zein frankismoa. Aldi berean, narratzaile txandakatzea egiten da ere. Batetik, narratzaile heterodiegetikoa dugu, bazkaldarren elkarrizketa aurkeztuko duena eta bi plano narratiboen arteko saltoak egingo dituena, orainaldia eta iragana lotuz. Bestetik, narratzaile barnediegetikoa dago, Leon pertsonaiaren ahotsa. Hark, bigarren pertsona erabilita, bere lagunik onenari, Saturri, euren haurtzaro zein gaztaroko pasarteak kontatzen dizkio. Aipatzekoa da Satur txikitatik desgaitasun mental bat duela, eta horrek eragiten du munduarekiko ikuspuntu inuzentea izatea. Hainbatetan gerra eta errepresioko pasarteak bere begietatik kontatzen dira, irakurleon eta pertsonaiaren artean kontrastea eraginez, guk benetan gertatzen ari denaz kontzienteago garelako. Horrez gain, beste hainbat ataletan kontrastea egiten da haurrek egiten dituzten “gerra” jokoak eta errealitateko gerraren artean, hasieran haurrek ez baitira guztiz kontziente gerraren benetako hondamenaz, hura bizitzen hasten diren arte. Eleberri hasieran, Urgain herriko pertsonaiak aurkezten dira: Leon eta Satur protagonistak, haien familiak, don Mariano farmazialaria, don Erasmo maisua, Onofre errementaria eta Anastasia bere alaba, Don Rufino alkatea eta Jaime bere semea... Horrekin batera, garaiko testuinguru sozio-politikoa azaltzen da, 36ko gerraren aurrekariak ulertarazteko. Ondoren, gerra zibila hasten denean pertsonaia bakoitzaren patua kontatzen da. Erreketeek herria hartzen duten egunean, sei gizon fusilatzen dituzte, horien artean nazionalisten burua, anarkisten burua eta don Erasmo maisua. Protagonistak eta euren lagunak klasean daude erreketak Erasmoren bila joaten direnean, eta haien ikuspuntutik kontatzen da gertatutakoa. Gerra ondoren, eskasia zein gose garaia dator, eta herria don Jaime, Onofre eta Efre zapatariaren errepresioaren eskuetan geratzen da. Horrez gain, don Erasmo irakaslea eta don Salustio apeza ordezkatzen dituzte, don Pelayo eta don Urbano frankistengatik. Hauek, diktaduraren balio nazional-katolikoak sustatu eta errepresio morala ezarriko dute. Eleberri honen ezaugarri nabarmen bat ideologien aniztasuna da. Pertsonaia ugari daude, hainbat ideologia desberdinetakoak. Iraganeko planoan, adibidez, don Mariano errepublikazalea eta baita kristaua da, herrian anarkistak, euskal nazionalistak zein komunistak daude, don Rufino alkatea eskuindarra da... Orainaldiko planoan, bestalde, ikus dezakegu bazkaldarrak ezkertiarrak direla orokorrean, baina haien arteko desberdintasunak daude ere: Leon anarkista, ekologista eta antimilitarista da, Honorio troskista, Jorge erreformista... Hala ere, pertsonaien ideologiek ez dute zertan baldintzatu behar euren jokaera. Adibidez, Leonen aita eskuindarra da, baina jarrera etikoa du bere auzokideekin, nahiz eta hauek errepublikazaleak izan. Aldi berean, falangisten artean ñabardurak eta pertsonaia konplexuagoak daude. Horren adibide Onofreren pertsonaia da, bere alabarekin oso bortitza dena, bere aita amarekin bortitza izan zen bezala. Bestalde, nobela honetan gerra garaian zein frankismoan emakumeek jasandako indarkeriak islatzen dira ere, Anastasia pertsonaiaren bitartez, besteak beste. Alde batetik, gerra bukatu eta gutxira, Jaimek bortxatu egiten du, bere aita Onofreren onespenarekin. Bestetik, kartzelara eramaten dute, don Urbano apezari aurre egiteagatik. Horrela, emakumeen kartzelako bizitza aurkezten da, baita mojek ezarritako kontrola ere. Kartzelaldian Anastasia Atilano anarkistaz haurdun dagoela konturatzen da, eta haurra jaiotzean bere alabaz urrun bizi behar du. Gainera, inude gisa erabiltzen dute komandante baten biloba elikatzeko. Gernikako bonbardaketa aipatzen duen pasartea Leonek narratzen duen horietako bat da. Haurren lagun taldea Gaztelugoiko mendian daude aireplano militar bat ikusten dutenean. Umeek zirraraz begiratzen dute hegazkina eta hura agurtzen hasten dira, eta pilotuak agurrari erantzun egiten die ere. Hurrengo egunetan, Leonek pilotua izateko desiraz hitz egiten du bere familiarekin, egun batean, haren osabak horrela esaten dion arte: “Zertarako, alemanek bezala Gernika bonbardatzeko?” (187. orr). Horrela, Leonek Gernikan gertatutako sarraskiaren berri izaten du, eta pilotua izateko gogoak galdu egiten ditu. Gerra zibilean beste zenbait bonbardaketa egon ziren, hala nola, Durangokoa. Baina osabak Gernikakoa aipatzen dio ilobari, memoria kolektiboan eta maila sinbolikoan eragin handienekoa izan zelako. Gainera, aipagarria da “osabak isilka eta ahapeka kontatu” (187.orr) ziola hura protagonistari, agerian utziz frankismoaren errepresio eta zigorrak, izan ere, Gernika gorriek erre zutela zabaldu zuten frankistek, eta bertsio horren aurka egitea traizio eta difamaziotzat hartzen zuten. Hain zuzen ere, Condor Legioko hegazkinek sarraski izugarria egin zutela azpimarratzen da, bertsio ez-ofiziala babestuz.
Nola aipatu: Diez, Leire (2025). "Joan Mari Irigoienen Ur arreak, ur garbiak-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basean.
Lander Garroren Faith (2021) eleberrian Xabier izeneko protagonistak Euskal Herriko gatazka atzean utzi nahian Bartzelonara ihes egiten du. Bertan, ziur ez badago ere zinema ikastea erabaki du, aurretik ikasitako argazkilaritzak ez baitio jatekorik ematen. Atzean utzi ditu ama eta Ana bikotekidea, baita Gotzon eta Nagore anai-arrebak ere, hauek, ordea, ETAkideak izateagatik klandestinitatean bizi eta Xabierrekin harremana ete egin behar izan zuten. Unibertsitateko ikaslearen bizitza kontatu bitartean denboran atzera egingo du Xabierrek, momentu oro baititu Nagore zein Gotzon buruan. Honela, gatazka armatuarekin duen lotura zuzena kontatuko digu lehen pertsonan hitz egiten duen narratzailearen bitartez, izan ere, irakurleari zuzentzen zaio bigarren pertsonan, hartzailea inplikatua senti dadin, ia aitortza bat dirudien kontakizuna osatuz. 1987an polizia aitaren bila joan zitzaien etxera; gero Manu eraman zuten eta baita ama ere (58). Hamar urte beranduago, ordea, Xabier izan zen kartzelan sartu zutena Gotzonekin batera. Autobus gidaria mehatxatzeaz eta autobusa erretzeaz epaitzen zituzten, kasuak ETArekin zerikusia zuelaren ustean. Gotzonek ez zuen ezer egin, baina ETAz irakurtzen zuen eta herriko tabernara zein manifestazioetara joaten zen, eta beraz, nahikoa froga zituen Ertzainak atxiloketa gauzatzeko. Honela, Gotzon eta biak espetxeratu zituzten: bertan ahaztezinak diren mota guztietako torturak -fisikoak zein psikologikoak- jasan zituzten. Hitz egin ezean Intxaurrondora bidaltzeko mehatxuak egiten zituzten, Intxaurrondoko kuartela infernuaren parekoa baitzen. Intxaurrondon pentsatu eta ekoizten ziren ETAren aurkako burubide gehienak, eta gainera, bertara eraman ezkero ezinezkoa zen torturak ekiditea. Bertako pertsonaia ezagunena dugu Galindo, ugariak izan baitziren bere eskuez torturatuak eta bera izan baitzen Lasa eta Zabalaren heriotzaren erantzulea. Intxaurrondo Euskal Herriko gatazka armatuaren garai latzenetako memoria leku esanguratsua da, memoria kolektiboan irauten baitu bertan presoek jasan zituztenak. Kartzelako torturak ez ziren bakarrak ordea, GALen ondorioz ugarik galdu baitzuten bizitza eta beste askok egin behar izan baitzuten ihes. Protagonista eta bere familia Hendaiako hondartzan bizi izan ziren GALek haiengandik gertuegi jendea akabatzen zuen garaian (253). Bertan aurkitzen zuten babeslekua euskaldun ugarik, Iparraldeari El santuario de ETA izena emanik espainiarren ahotan (253). Protagonistak autobusa lehertzearekin zerikusirik ez bazuen ere, epailearen tratua onartu zuen bi urteko kartzela-zigorra onartuz. Zigorra bere anaiarekin bete ondoren, bizitza arrunt bat eraiki nahi izango du Xabierrek; Gotzonen patua, ordea, bestelakoa izango da, ETAn borrokan jarraituko baitu. Bartzelonan, hiriaren garestitzeari aurre egin beharko dio Xabierrek: pisua aurkitzeko eta ordaintzeko arazoak izango ditu, baita etxetik urrun lagun talde bat sortzeko ere. Denboraren poderioz, Xabierrek bere lekua aurkituko du Bartzelonan, Anarekin gorabeherak izango ditu (urruneko erlazio bat baitute), amarekin hitz egingo du sarritan, unibertsitatean bere bizilagunaren istorioari buruzko filma egiteko onespena izango du, lagunak egingo ditu, logela bat aurkituko du… Xabierren bizitza egonkortzen denean, baina telebistan Nagore arrebaren argazkia ikustean dena aldatuko da. Nagore Madril komandoko parte hartzailea izateagatik espetxeratu dute, “hiltzeko prest” zegoen komandoko kide izateagatik (250). Gertakizun horrek Xabierren bizitza aldatuko du: polizia berriro ere jarraika izango du, eta Madrilera joan etorriak egingo ditu. Berriro ere, denborak aurrera egin ahala, gauzak lasaitu egingo dira, eta Xabierren bizitzak onera egingo du: argazki erakusketa egiteko aukera suertatuko zaio, unibertsitateko gradua amaitzeko gutxi geratzen zaio, Nagore ikusteko aukera izango du… baina oraingoan ere, ezin izango du mundu gatazkatsutik ihes egin. Poliziak berriro ere espetxeratuko du Xabier, eta hasiera batean Gotzoni buruzko informazioa kontatzeko dirudien arren, Audientzia Nazionalaren agindua dutelako gauzatzen dute atxiloketa. Eleberriak Euskal Herriaren historia garaikideak utzitako ondorio eta egoera gatazkatsuen jarraipenak irudikatzen ditu: bereziki frankismoan zehar Euskal Herriak jasandako jazarpen eta zapalkuntzak eraginda, herritarrak euskara eta Euskadi askatu baten alde altxatu zirenekoak. Zapalkuntza horren testuinguruan kokatu behar da ETA erakunde armatuaren sorrera (1958) eta hurrengo hamarkadetan ezarri zuten indarkeria. Edonola ere, borroka armatuak aurrera egin ahala, geroz eta gehiago ziren estatuak eta poliziak jazarritako euskal herritarrak, erakundearekin edozein motako harremanak ezartzen baitzituzten herritarren eta militanteen artean. ETA zen garaiko (2000) erdigune, eta gertakizun guztiek harekin loturarik ez zuten arren, hala zirudien urte batzuez. Gauzak horrela, ezinezkoa zen gatazkatik ihes egitea, edozein harreman mota izanez giroarekin (lagun militanteak, familia, auzokideak…) indar polizialen begiak gainetik kentzea ezinezkoa zen; ezta ihes egitea ere, eta horixe bera erakutsiko digu eleberriko protagonistak. Euskal Herriaren identitate eta nortasuna eraikitzen du, nola ez, herrialde baten historiak. Azken mendeetako mugimendu abertzaleaz geroztik eratu da euskal lurralde askeak nahi dituen identitate euskaldun hori, eta historia osatzen duten gertakizun, sinbolo eta pertsonaia historikoak izendatzen ditu Garrok nobelaren pasarte batean (237): Azalpen gehiegi eman beharko genizkioke, ordea. Nafarroako Erresuma. Franco. Gernika. Melitón Manzanas. Martin Villa. Felipe Gonzalez. Telesforo Monzon. Itziarren semea. Carrero Blanco. Plan ZEN. Mikel Goikoetxea Txapela. Peru eta Stein. Enrique Dorado Villalobos. Bar Hendayais. Hotel Mombar. Lasa eta Zabala. ETA quinta. ETA sexta. Txomin Iturbe. Estatuto de Autonomía. Rock Radical Vasco. Borreroak baditu mila aurpegi. Sarri, Sarri. Pacto de Ajuria Enea. Joseba Goikoetxea Asla. Gaztetxe. Txosna. Luis Arconada. Furra, furra. Harri eta Herri. Angel Mari Peñagarikano. Jon Idigoras. Teleberri. Jose Maria Calleja. Jarrai vas de guay. Egin apunta, ETA dispara. EGI. Gregorio Ordoñez. Gesto por la paz. Pablo Mosquera. Enrike eta Benito. Corcuera. Ramon Jauregui. Txiki Benegas. Renteria ciudad sin leu. Duncan Dhu. Lepoan hartu. Gladys del Estal. Si te mandan una carta. Ni poeta kaxkar bat naiz. Emastasus musutxuek. Egin. Josu Muguruza. Korrika. Jaime Mayor Oreja. La foto del terrorista más buscado. Firin-Faran. Goenkale. Mario Lejarreta. Gernikako arbola. 564 ohe huts. Enamorado de la muerte. Joxe Azurmendi. Nire aitaren etxea. Ez da posible, ezin liteke. Amnistiaren dema. Hipercor. Guerra de banderas. Genar Andrinua. Vascos sí, ETA no. San Pedro eta San Juan. San Fermin. Yoyes. La tigresa. Gazte akanpada. Pepe Rei. Floren Aoiz. Txillardegi. Hamaika pauso. Itziar Aizpurua. Andoni Egaña. Txotx. Marea gora. Jaiak bai, borroka ere bai. Jaietan jai. Antes Manolo, ahora Imanol. Festival de cine de San Sebastian. Amalur. Quosque Tandem. Tasio. Abuztuaren 15eko bazkalondoa. La muerte de Mikel. Obabakoak. Guggenheim. Marco incomparable. Euskadi, jende gutxi. Euskadi, ven y cuéntalo. Euskadik taberna bat dirudi. Euzkadi merezi zuten. Oh! Euzkadi. Ikusi dugunez, historia berak deskribatzen du euskal lurraldea, baita nazioaren balio sinboliko guztiak ere. Gauza bera egin daiteke Espainiako erresumaren historiarekin, eta horixe bera egiten du Garrok (220): Ez da polizia mintzo zaizuna: Historia bera da hitz egiten ari zaizuna. Eta nazio baten balio sinboliko guztia: La Pinta, La Niña eta La Santa María, Mola eta Tejero, Osborneren zezena eta Los Chichos, El Rey Juan Carlos eta La Reina Sofía, Nacional 1 eta Santiago Bernabeu, Goya eta Velázquez, Expo 92 eta Olimpiadas de Barcelona, Telediario eta Mamachichos, Paco Martínez Soria eta Alfredo Landa, Sarita Montiel eta Massiel, Torrebruno eta Arévalo, Jesús Gil eta Emilio Butragueño, Paquirri eta El Cordobés, Obús eta Héroes del Silencio, Federico Martín Bahamontes eta Luis Ocaña, El Cid Campeador eta Juana La Loca, Las bicicletas son para el verano eta Las hurdes, Camilo José Cela eta Paco Umbral, La Alhambra de Granada eta El Acueducto de Segovia, La Quinta Marcha eta Barrio Sésamo, Joaquín Sabina eta Luis Eduardo Aute: nazio baten ibilbidea da, egitura abstraktu eta aldi berean kuantifikagarri bat. Gauzak honela, hemengoa vs. bestea dikotomia bilatzen du Garrok eta espainiarra denetik aldentzen da, argi utziz haien historia eta gurea ez dela berdina. Euskal Herriaren historia garaikideak jasan duen min eta gorrotoa irudikatu nahi ditu Garrok, protagonistaren bizipenen bidez ez ezik, estatu espainiarrarengatik jasan behar izan duena ere salatuz. Horrexegatik, sinboloz osatutako zerrendaren parte ditugu Gernika eta Gernikako arbola. Gernikako arbola Bizkaiko Batzar Nagusien multzo arkitektonikoaren bihotzean kokatua dago. Gernikako Juntetxean errege katolikoak euskaldunen libertateak eta foruak errespetatzeko zina egiten zuten. 1853an Jose Maria Iparragirrek “Gernikako Arbola” abestia idatzi zuen arbolaren garrantzia nabarmentzeko, eta, honela, euskaldunen ereserki bihurtu zen urteen poderioz. Askatasunaren ikur den Gernikak, ordea, bestelako irudia hartu zuen 1937ko apirilaren 26an, Luftwaffe-ren Cóndor Legioak bonbardatu zuenean, mundu-mailan biztanleria zibilaren kontra egindako lehenengo bonbardaketa izan zelako. Abiazio naziak Espainiako Bigarren Errepublikako gobernua agintetik kentzeko ahaleginean Franco diktadoreari laguntzeko eraso zuen, ordura arte ezagutu ez bezalako indarrez biztanleria zibili airez bonbardatuz. Horrela, Gernika suntsituta geratu zen, ez, ordea, Batzar-etxea edo Arbola, biak ala biak ez baitzuten ia inolako kalterik jasan. Bonbardaketa-garaian bizirik irauteak are gehiago lagundu zion haritzari euskaldunen sinbolo bihurtzen. Gauzak honela, Gernikako sarraskiak euskaldunen memoria historikoan lekua du oraindik ere, eta euskal lurren askatasunaren sinboloa da Gernikako Arbola, baita bonbardaketaren biziraule irudi ere, euskaldunen bizirautea erakutsiz.
Nola aipatu: Aizpuru, Amane (2025). "Lander Garroren Faith-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basean.
Eider Rodriguezek sei kontakizun biltzen ditu bere Bihotz handiegia (2017) ipuin-liburuan: ‘Bihotz handiegia’, ‘Belar moztu berria’, ‘Urtebetetze festa’, ‘Paisaiak’, ‘Niregandik espero zena’ eta ‘Ez duzu ezer arraroa antzematen?’. Sei istorio horietako protagonistak emakumezkoak dira eta haien ikuspegitik bizitako pasarteak kontatzen ditu Rodriguezek. Istorio hauek egunerokotasuneko bizitzan kokatuta daude, ez dute inolako epikarik: alabaren lagun baten urtebetetzea, senar ohia zaindu behar izatea, gabonetako afari bat... Hala ere, autoreak beti lortzen du ustezko egoera ohiko horietan irakurleari arrotza egiten zaion elementu bat txertatzen: auzokide perfektuak ezkutatzen duen sekretua, sute baten ondorioz aurpegi erreak dituzten pertsonaiak, bereak ez diren esku eta belarriak dituen emakumea... Memoria historikoari eta Gernika koadroari erreferentzia egiten dion ipuina liburuari izenburua ematen dion ‘Bihotz handiegia’ da. Istorio honetako protagonista Ixabel da eta, bere alabak eskatuta, hilzorian dagoen senar ohia zaintzen hasten da. Hasieran ez du inolako gogorik astean zehar egunero Ramonen etxera joateko, baina ahalegina egiten du, gizonari ez baitzaio denbora askorik geratzen. Horrela, denbora aurrera joan ahala, bi pertsonaia hauen arteko erlazioa ezagutuko dugu: nola ezagutu ziren, zergatik banandu ziren, haien amodioaren hondarrak... Memoria historikoa Ramonen pertsonaiaren bitartez aztertzen da laburki. Ixabel eta bera ezagutu zirenean Ramon ‘Toulousetik iritsi berria zen Euskal Herrira, gerra garaian Pasaiatik ihes egindako gurasoak Frantzian lurperatuta eta bizimodu berri baten bila’. Ramonen gurasoak, haien garaiko beste hainbat euskaldun bezala, Espainiako Gerra Zibilaren eraginez Euskal Herritik ihes egin behar izan zuten. Hainbat herritar erbestean bizi izan ziren eta haietako asko ez ziren itzuli. Erbestea gai garrantzitsua izan da euskal literaturan eta hainbat obra erbestetik idatzi izan dira ere. Beraz, esan daiteke Ramonen pertsonaiarengan eragin handia izan zuela gerrak, eta erbestean bizi izan arren, Euskal Herriarekin konekzio handia mantendu zuela, helduaroan bertara itzultzea erabaki baitzuen. Euskal Herriarekiko begirunea eta Gerra Zibilaren memoria egongelan eskegita daukan Zumetaren ‘Gernika’ koadroaren bitartez ere islatzen dela esan daiteke. Koadro hura egiteko, Zumetak izen bera duen Picassoren obra hartu zuen eredu gisa, eta bere bertsioa egin zuen, kasu honetan irudi koloretsua eginez, Picassoren zuri beltzezko lanarekin kontrastean. Bi koadroek Gernikako bonbardaketa irudikatzen dute, euskaldunak markatu zituen gerrako pasartea. Euskal Herriko hainbat etxeetan aurki ditzakegun koadroak dira, hauen karga sinbolikoaren ondorioz.
Nola aipatu: Diez, Leire (2025). "Eider Rodriguezen Bihotz handiegia-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basean.
XX. mendea mende gatazkatsua izan zen euskaldunentzat: Espainiako Gerra Zibilak euskal lur zein euskaldunak zapaldu zituen; ideia faxistak zabalduak ziren, Euskal Herriaren oinarriak, kultuna zein ideologiak suntsituz; industrialismoak lanbide zaharkituak atzean utziarazi zituen, honako hauek itxiz eta langileak altxatuz… Euskal Herria gatazkaren inguruan bizi zen, beraz. Eleberri honetan, gatazka(k) -barne zein kanpo gatazkak- izango dira erdigune. Horretarako, eleberria hiru zatitan banatua izango da: lehen bi zatietako ahotsa Luis Euskalduna ontzioalako langilearena izango da; hirugarren zatian, bere alaba Loreak izango du hitza. 1900. urtean sortu zuten Euskalduna ontziola Eduardo Aznar eta Ramón de la Sotak, Bilboko ia erdigunean. Laurogeita lau urtez zabalik egon zen ontziolako langilea dugu Luis Urresti Arteaga protagonista. Bere aitak bertan lana egiten zuelako, 13 urterekin, ikasketetan ona ez zenez, ontziolan lanean hasteko aukera izan zuen. Bizitza guztian lanean igaro ostean, gauzak aldatu egingo dira, eta lehiakortasunaren balditzek ontziolan kalte eragingo dituzte: Asiako ontziolen lehiakortasunaren eraginez, ontziolaren kapital pribatua pixkanaka ateratzen hasiko da eta Europar Batasunean sartu ondoren, ontzigintza berregituratzea eskatuko du, ontziolak itxiz. Patu berbera zuen Euskaldunak, eta honen aurrean, langileek, Luis barne, gogor egingo diote egoerari. Euskalduna ontziolaren ixte prozesua zehaztasun guztiz kontatuko digu protagonistak, bere autobiografia egiteko datu bilketa egiten baitu (30). Gauzak honela, memoria historikoa garatuko du protagonistak garaiko gertaeren zein egoera politikoaren informazio erreala abiapuntutzat izanik: 1968an Txabi Etxeberrietaren hilketa (14), PNVren esku zegoen Jaurlaritza (18), Patxi Lopezen eskuetan zehazki (57), Santi Brouard hil zuen GALek (21), Raul Losa poliziak hildako unibertsitateko ikaslearen eraginez egineko herri altxamendua (37), ETAren borroka zein bahiketak (59)… Gainera, gatazkaren testuinguruan, sortutako mugimendu kulturalak ere zerrendatuko ditu Luisek: Euskal kulturaren ikur izan zen Pott banda eta aldizkariaren sorrera (45), Oskorri eta Ez dok Amairuk abesten zituzten Arestiren poemak, Ruper Ordorika (49), Atxaga (49)... Testuinguru goraberatsu honetan, garaiak eragin zuzena izanik, ontziolaren itxiera eta erabaki honen haserrea izango ditu abiapuntu Luisek. Erabakiaren aurrean lehen pausoa grebak egitea izan zen, zarata zein oihartzuna izanik, baina honakoa ez zen nahikoa izan. Egoerak okerrera egin eta azaroako egun guztietan poliziarekin gudutu ziren. Poliziek pistolak gero eta sarriago eta errazago erakusten zituzten, haiek ere behin baino gehiagotan jipoitu zituzten ostikoka (52); tiragoma, ur hodi eta koktelak erabiltzeari ekin zioten gerora. Eginiko borrokak, ordea, ez zuen emaitza onik izan; gainera, Espainiako Gobernuak eskainitako birrinei uko egin zien, baita La Navalen eskainitako lanporstuari, beraien duintasunaren kontrakoa zela iritzita (163). Ondorioz, ezin izan zuten sustatzeko fondetan sartu, amaren eskuetan utziz etxeko diru-sarrera. Egoerak ez zuen onera egin: aurretik izan zuen koloneko minbiziak berriro ere garatzeko aukerak zituen, zeren eta arriskutik kanpo egongo zen bost urte igarota minbizia berriz ez ernetzekotan. Albisteak, ordea, ez ziren onak izan, eta aitaren koloneko minbizia sendagaitza zen, metastasia baitzuen. Borroka grina ez zuen Luisek bakarrik, bere alaba Loreak ere baitzuen. Loreak aitaren lagun Fanon izango du eredu eta irakasle honela, borrakatu beharraren ideia garatuz. Loreak bere lagun Bego izango du bidelagun eta Euskal Herri zapalduaren alde egingo dute: eskolan Euskal Herriaren historia ikastearen alde egingo dute. Historiako irakasleri egindako erasoan Bego (bera eragilea ez bazen ere) eskolatik kaleratua izango da, eta haserre, bere kaleraketarengatik mendekua hartu nahiko du desobedentzia zibilaren oinarriak jarraituz. Honela, institutoko teilatuan kateatzeko ideai aurrera eramango dute bi lagunek, baina gauzak ez dira uste bezala izango: poliziak Lorea bultza eta Bego botako du teilatutik. Poliziak egoera bere egingo du eta lagunaren hilketaz zein poliziaren aurka altxatzeagatik espetxeratuko dute Lorea. 5 urtez espetxean egon ostean, amarekin lanean hasiko da dirudunen etxeak garbitzen, baina aita zaintzeko lana utziko du, aitarekin igaroz bere azken egunak. Aitaren heriotzaren ondoren, amarekin lanera itzuliko da. Izen ona izateagatik, Bilboko Guggenheim berrian lan egiteko aukera izango du Loreak. Loreak eta bertara eramango duten Guernican interes berezia du oraingo protagonistak, eta barruan dituen gorroto zein mina ahaztu gabe kuadroaren gainean Euskalduna idaztea bururatuko zaio. Euskaldun bizitzeko borrokatzea beste biderik ez du edonork (118) eta horixe egingo du Loreak, honela bere aitak jasandako bidegabekeria mendekatuko du, baita berea ere. Gertakizun guzti hauek gutunez kontatuko dizkio bere seme Peruri, egindakoa egin ondoren ihesean joan behar izan baitzuen. Picassoren Guernica koadroak berebiziko garrantzia eskuratzen du eleberriaren Loreak narratutako azken atalean. Aipatu berri den bezala, Lorea Guggenheim museoan garbitzaile bezala lan egiten hasten da, instituzio eta boterearen aurkako mendekua abiarazteko. Guggeheim museoa 1997.urtean ireki zuten, eta haren irekiera gogor kritikatzen du Loreak, I Mundu Gerrari esker aberastu zen familia baten jabegoa zuelako, alde batetik; eta “arteak basakeria guztiak ahantzaraziko dizkigula aitzakiatu digutelako” (178), bestetik. Artearen funtzio politikoa erdigunean jartzen da Guggenheim hizpide den momentutik, tresna gisa erabili daitekeelako, bere alde onekin, eta alde txarrekin ere. Gotzon Barandiaranek, gertakari errealak abiatu izanik, egoera hipotetiko bat sortzen du, non Guggenheim museoak Guernica erakustea lortzen duen. Izan ere, Guggenheimek Guernica Bilbora bost urtez ekartzeko eskakizuna egin du behin baino gehiagotan, baina errealitatean, Reina Sofia museoak beti ukatu du koadroaren lekualdatzea. Eleberrian, ordea, Euskal Herriko gatazka armatuaren amaiera “ospatzeko”, museo eta jaurlaritzak Guernica Bilbora ekartzea lortzen du, Guggenheimen urte betez erakusteko. Testuinguru honetan, hainbat hausnarketa planteatzen dira koadroaren esanahi eta egoitzaren inguruan. Guernica koadroak identitate euskaldunik ez duela salatzen du Loreak: “herritarroi Guernica Espainiako museo batean gordetzeak ez zigun ezinegonik sortzen. Gernikarrak izan ziren Gernikara eramateko eskaria herritartu zuten bakarrak. (…) Baina nork ditu gernikarrak gogoan?” (183). Dimentsio historikoaren eta alegorikoaren arteko talka islatzen du koadroaren inguruko hurbilketak, izan ere, koadroak gerra ororen zentzugabekeria eta krudelkeria salatzen ditu, faxismoaren aurkako aldarri unibertsala bihurtu baita, eta oinarrian duen Gernikako bonbardaketa, sarri, ezkutuan geratu izan da. Picassoren Guernicako biktima errugabeen motiboa mundu osoan zabaldu zen mugimendu artistikoei (literatura eta zinea) esker. Exilioan dauden espainiar olerkigileak Guernicaren oihartzunaz baliatuko dira Guernicaren irudia bere egiteko; eta horrela, honen irudia pixkanaka euskal nazionalismoarekin bereiziko da. Gauzak honela, Guenica espainiar gerraren aurkako irudi bihurtuko dute espainiarrek, eta Espainiako diktadura amaitzean, demokraziaren garaipenaren iruditzat hartuko dute. Guernicak, ordea, oraindik badu euskal memorian lekua, eta horren adibide dugu Lorea protagonista. Artelanarekiko duen lanaren gertutasunaz balioturik, barruan duen gorroto eta minagatik, Euskalduna idatziko du mihisean. Honela, alde batetik, sinbolikoki koadroaren oinarrian dagoen herri euskalduna irudikatzen du; eta bestetik, bere aitak lan egiten zuen ontziolari erreferentzia egiten dio. Egitasmo horrek badu zentzurik egun ere, eta horren adierazgarri dugu ‘Guernica Gernikara’ aldarriak. Esan dugunez, Guernica artelan bat baingo gehiago da, Gernikaren sarraskiaren islada da, eta irudikatzen duen minak mina dirauen lekuan izan behar du leku; hau da, Guernicak Gernikan egon behar du. Gernika ez da Picassoren koadroari buruz hitz egitean soilik aipatzen, lehenago ere, Gernika batailoia aipatzen da (94), alegia, eleberriak XX. mendeko historiaren errepasoa egiten duen neurria, Bigarren Mundu Gerran borrokatu zen batailoi euskalduna ere aipatzen du. Gernikako Bataloia Eusko Jaurlaritzak antolatu zuen eta hego-ekialdean borrokatu zuen euskal unitate militarra da. 1945ean, Pointe Graveko batailan, Medoc (Frantzaia) naziengandik askatzen lagundu zuen talde euskaldunak, Bordeleren askatasunerako puntu estrategikoan, hain zuzen.
Nola aipatu: Aizpuru, Amane (2025). "Gotzon Barandiaranen Errotik-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu basean.
Kirmen Uriberen Musschek (2018) Robert Mussche Bigarren Mundu Gerrako erresistentziako kide belgikarraren bizitza fikzionatzen du bitarteko desberdinetan jasotako informaziotik abiatuta. Izan ere, Roberten alabak bildu zituen gutun, eguneroko, koaderno, lekukotasunak... baliatzen da Uribe Robert Musscheren bizitza berreraiki eta bere istorioa kontatuko zuen fikziozko eleberria sortzeko. Robert Musschek Espainiako Gerra Zibiletik Habana itsasontzian erbesteratu ziren bi haur hartzen ditu etxean. Ganten haurrekin dagoen bitartean, etengabe bertaratzen dira gerra eta faxismoaren aurkako manifestazioetara, eta mugimendu ezkertiarraren aldeko jarrera garbia da Robertena hasiera-hasieratik. Ordea, bi haur euskaldunak haien sorterrira itzuli behar dira, eta haiek aldentzean, Robert ezkerreko mugimenduan murgiltzen da, alegia, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egiten duenean, erresistentziako kide izatera pasatzen da. Edonola ere, haren konpromezu politikoak galbidera eramango du: naziek harrapatu eta torturatzen dute, ondoren kontzentrazio-esparru batera eramateko, eta azkenik, Lubeckeko Cap Arcona barku alemaniarrean bizia galdu zuen, gerra amaitzear zegoela, ingelesen aire bidezko erasoaren ondorioz. Espainian Gerra Zibilean egin ziren hainbat bonbardaketa aipatzen dira liburuan, baita Bigarren Mundu Gerran gauzatutakoak ere. Aipatzen den lehena, ordea, Gernikakoa da, hala hasten baita eleberria: “Gernikako bonbardaketaren ondoren, haurrak babesean jartzeko erabakia sendotu egin zuen Jose Antonio Agirre Lehendakariak” (13.orr). Izan ere, 1937ko maiatzetik ekainera 19.000 haur atera ziren Euskal Herritik Europako hainbat herrialdetara: Frantzia, Ingalaterra, Sobietar Batasuna, Belgika...Habana ontzia izan zen haurrek Bilbotik ihes egiteko erabili zen ontzia, eta bertan Belgikara ihes egin zuen Karmentxu eta bere nebaren istorioa kontatzen da eleberrian. Gernikako bonbardaketak eragin zuen hondamendiaren ondotik, jaurlaritzak neurri zorrotz eta drastikoagoak hartu behar izan zituen, izua eragin zuen biztanleria zibilaren aurkako erasoak, eta mugarria markatu zuen iparraldeko frontean. Edonola ere, Gernikakoa ez da aipatzen den bonbardaketa bakarra, hala nola, Bilbon haurrek bizitakoak deskribatzen dira: “Hasieran jolas bat baino ez zen, haurrok gustuko izaten genuen Bilborantz zetozen hegazkinei begira geratzea. Baina gero konturatu ziren ez zeudela olgetarako” (15.orr). Bestalde, protagonistak Granollersen bizitakoak ere kontatzen ditu, kazetari bezala bertan zegoela biztanle zibilaren aurkako bonbardaketarik larrienetako bat ikusi baitzuen (58.orr). Uribek bitartekarien bidez (argazkiak, gutunak...) memoria jakin bat berreraikitzen du historiak eskaintzen dituen datuekin batera, hau da, iragana ikertzen du sorkuntzako hainbat elementuren bidez aktibatzeko. Hala, gertakizun historikoez hitz egitean (Gernikako bonbardaketa, Cap Arcona barkua...) narratzaileak orainaldi objektibo eta hotza erabiltzen du, baina lehenengo pertsonara aldatzen da fikzioari hasiera emateko, hipotetikoa eta iragana etengabe nahastuz.
Nola aipatu: Alquezar, Irati (2025). "Kirmen Uriberen Musscheri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu basean.
Joki Urainek kartzelan zegoela idatzi zuen Errotarria liburua. Autoreak kontatzen digu nola, Mario Artola kidearen laguntzarekin, beharrezko dokumentazioa biltzen joan zen euskaldunen kartzelaldi, erbesteratze, deportazio eta gainerako jazarpen moduen sustrai bila. Senide zein lagunei liburuak, gutunak, egunkariak, testigantzak edota poemak eskatu zizkieten, eta elementu horiekin narrazioa osatu zuten. Horrela, Urainek ibilbide bat egiten du 1936tik 2005era, Gerra Zibileko, Frankismoko, Trantsizio garaiko eta azken hamarkadetako pasarteak azalduz. Askotan, testiguen ahotsak berak txertatzen ditu, lehenengo pertsonan sufritutako jazarpena, desplazamenduak, torturak edota kartzelaldiak kontatzen dituztenak. Aldi berean, autoreak bere eta bere lagunaren kartzelako esperientziak partekatzen ditu, bai liburua egiteko ikerketa prozesuan bizitakoak, bai euren kartzelaldian zehar izandako bizipenak: bakardadea, dispertsioak eragindako mina, kartzelako kideen heriotza, estatus politikoa lortzeko gose greba... Lan honetan hainbatetan agertzen da Gernikako bonbardaketa, baita honi eta bertako arbolari lotutako sinbologia. Aipamen gehienak Gerra Zibilari dagozkion pasarteetan egiten dira. Hasteko, fusilatuei buruz hitz egiten den atal baten bukaeran, Urainek azaltzen du kartzelako telebistan hainbat erreportaje emititzen direla Alemania naziari buruz, eta duela gutxi Gernikako bonbardaketaren beste dokumental bat ikusi zuela. Horren harira, iradokitzen du komunikabideetan “gaur egunekoak estaltzea dela atzoko historien gaurkotze horren helburua” (23.or.). Bonbardaketaren sarraskiari eta gerrako errepresioari garrantzia kendu barik, 2006an oraindik agerian zegoen errepresioaren larritasuna islatu nahi du ere. Bestalde, hurrengo atalean gerrako errefuxiatuei buruz jarduten da. Batetik, Frantziaren harreraz hitz egiterakoan, Jean Ibarnegarai politikari antikomunistak Gernikako bonbardaketaren ostean egindako deklarazioak aipatzen ditu. Francoren aldeko euskaldunekin bat egiten zuen eta horrela hitz egin zuen bonbardaketaren ondorioetaz: “Gernikako arbola ez dute haatik hunki. Molaren eskualdunek zaintzen dute arbola saindua” (24.or.). Gernikako arbola historikoki euskal identitatearen sinboloa izan da, beraz, Ibarnegarairen arabera, Gernikako arbola zutik irauteak euskalduntasuna mantentzearen isla da. Hala ere, berarentzat euskalduntasun hori Francorekin eta altxamenduarekin bat egiten duena da. Horregatik esaten du Molaren euskaldunek zainduko dutela arbola, militar hark hasi zuelako altxamendu faxista Iruñean, euskal karlistekin batera. Bestalde, liburuko atal berean, errefuxiatuen gaiarekin jarraituz, itsasontzietan ebakuatutako umeei buruz aritzen da, bereziki “Gernika apirilean bonbardatu eta Bilbo hurrengo ekainean erori bitartean” (25.or.) egin zena. Horrez gain, aurrerago, Urainek errefuxiatuei buruz informatzeko George Steer-ek idatzitako Gernikako arbola aipatzen da. George Steer The Times egunkariko kazetaria izan zen eta Euskal Herrian zegoen Gernikako bonbardaketa gertatu zenean. Gertaera horren eta Espainiako Gerra Zibilaren xehetasunak biltzen ditu liburu horretan (ingelesez The Tree of Gernika: A Field Study of War). Bonbardaketaren mundu mailako lehen salaketa izan zen. Izenburuak Gernikako arbolaren karga sinbolikoaren isla da berriz ere, alemanen erasoari erreferentzia egiten diona, baita Euskal Herria beraren erresistentziari ere. Beste atal batean, Bilboren errendiziorako negoziazioen artean, azaltzen da Gernikako bonbardaketatik aste batera, Pio XII garaiko Papak Isidro Goma kardinalari eskatu ziola Agirre lehendakariari zuzendutako gutun bat idaztea, Bilbo errendi zedin. Bonbardaketaren data hain gertu egonda, pentsa dezakegu gertaera hau Bilbo errenditzea eskatzeko arrazoietako bat izan zela, erasoak eragindako sarraskiak ikusita euskal herritarren sufrimendua ekiditeko, besteak beste. Azkenik, Gernikako bonbardaketa ez da gehiago aipatzen, baina Gernikako herriaren sinboloa bai agertzen da beste atal batean, Zuberoako errefuxiatuentzako Gurs kontzentrazio-esparruari buruzkoan. Bertan egon zen testigu batek Gernika Berri izeneko Gurseko zelaian bizitakoa kontatzen du. Leku hartan 5.000 euskaldun inguru bildu ziren eta euskaldun askorentzat askatasun gune bat izan zen, euren herrikideekin elkartasunean bizitzeko. Zelai horretako izenak beste Gernika bat sortzearen nahia islatzen du, euskal herritarrontzat hain garrantzitsua den jatorrizko herria guztiz suntsituta gelditu ondoren.
Nola aipatu: Diez, Leire (2025). "Jokin Urainen Errotarria-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basean.
“Neguko argiak” (2018) eleberriak Añesen eta Martaren istorioa kontatzen digu. Euskaldunak dira, bata Bilbo ingurukoa eta bestea Iruñekoa. Parisen elkar ezagutu zuten eta hiri hartan elkarrekin bizi izan ostean, Berlinen bizitzen hasi dira, oraingoan auzokide moduan. Hauetako emakume bakoitzak bere gatazka propioak ditu. Alde batetik, Añesek Parisen utzi du Bruno, bere bikote ohia, erlazio oso kaxkar baten ostean. Orain, Berlinen bizi dela, Añesek Estebanen mamuaren konpainia dauka. Esteban bere maitale ohia da, eta, haren ahotsak iraganeko oroitzapenak bisitatzen lagunduko dio, eta horrela irakurleak ezinezko amodio horren gorabeherak ezagutuko ditu. Bestetik, Marta Martinekin, Parisen ezagututako berlindarrarekin, haurdun geratu da. Gizon horrengatik mugitu zen Berlinera, baina haien arteko erlazioa ez da inoiz onena izan, Martinek ez baitu Marta ezertarako kontuan hartzen. Elorrietak bi emakume hauek bizileku berri honetan bizitakoak aurkezten dizkigu. Gehienetan ez dira gertakari berezirik, baizik eta hiriko eguneroko esperientziak. Bidean, Añes eta Marta beste hainbat pertsonaiekin elkartuko dira: zenbakiekin obsesionatutako Xuan vietnamdar eszentrikoa, Salon Buitren ezagututako Kai arotza eta Lasse dinamarkarra, etxe okupa batean bizi dena, Emiko japoniarra... Eleberri hau osatzen duten pertsonaiak Berlin bezain multikulturalak dira, erbesteko hiri korapilotsu honetan sustraiak bilatzen ari direnak, elkarri konpainia egiten dietenak. Haien arteko elkarrizketak sozio-politikatik historiara, musikatik zinemara, urbanismotik anarkismora igaroko dira, ehunka erreferentzia kultural eginez. Bestalde, aipatu beharra dago Añesen pertsonaiak literatura garaikidean hirian kokatutako paseatzailearen ohiko ikurrarekin bat egiten duela. Berlinetik paseatzen duen bitartean hiria arakatzen du, honen alderdi ezberdinak deskribatuz: dendak, parkeak, eraikin abandonatuak, miseria, gastronomia... Horrelako hirietan nahaspilatzen diren elementuak behatzen ditu, bere nortasun propioaren bila, aldi berean. Horrez gain, Irati Elorrietak baliabide narratibo interesgarri bat erabiltzen du narratzaileari dagokionez. Pasarte gehienak hirugarren pertsonan idatzita daude, narratzaile orojakile heterodiegetiko bat izango balitz bezala. Baina beste atal batzuetan narratzaileak lehenengo pertsona erabiltzen du. Estebanen ahotsa da, Añesen irudimeneko zirrikituetatik ateratzen den hildako pertsonaiaren ahotsa, hain zuzen ere. Autoreak joko narratibo bat egiten du, hasiera batean irakurleak nahastu ditzakeena, ez baitago guztiz argi nor den hitz egiten duena. Memoria historikoa lantzen da bereziki Martaren pertsonaiaren bitartez, familia karlista izanik, erreketeei buruz hitz egiten baita: “nagusi izan arte, Martaren aitak, Ramonek, ez zuen jakin abuelo erreketea izan zenik ere” (203.orr). Izan ere, Martaren Abuelo eta Abuela desberdin bizi izan zuten gerraostea, altxamenduaren alde egon zirelako. Gerra zibilean, bi bando bereizi ziren Euskal Herrian: batetik, karlistak edo erreketeak, altxamenduaren aldekoak, eta bestetik, errepublikaren alde borrokatu zutenak. Euskal literaturan askotan goraipatu izan da bigarren taldearen borroka, “heroi” edo gudarien erresistentzia, baina eleberri honetan, aldiz, perpetratzaileen familia baten berri ematen da, Martaren aitaren familiaren berri, hain zuzen. Bukatzeko, aipatutako lagunarteko elkarrizketa horietako batean Gernika aipatzen da, liburuan behin eta berriro agertzen diren erreferentzia musikal intertextual batean. Liburuaren bukaera aldera, Añes eta Marta hizketan dabiltza, eta Martak kontatzen du Patty Smith abeslariaren egutegi partikularrean Gernikako bonbardaketaren eguna markatuta zegoela. Hori entzutean, Añesek hurrengoa erantzuten du: “Eskerrak eman beharko zaizkio Picasso jaunari” (275.orr). Guernica koadroari egiten dio erreferentzia, artelan horrek gertaera historikoa mundu mailako kultura popularrean nola txertatu zuen adierazi nahian. Horrela, bonbardaketaren dimentsio alegoriko eta historikoaren artean elkarrizketa bat sortzen da. Martak argitzen du Smithen lehen alabaren jaiotzaren data bonbardaketaren 30. urteurrenarekin kointziditu zuela. Beraz, atal honetan abeslariaren Just kids (2010) liburuari egiten zaio erreferentzia ere. Lan honetan, Patty Smithek bere erditzea oso gogorra izan zela eta bere egoera sozioekonomikoagatik haurra adopzioan eman behar izan zuela azaltzen du. Aitortzen du bere burua Picassoren koadroan agertzen den pertsonaia bat bezala ikusten zuela: haurra besoetan heltzen duen ama bezala, hain zuzen. Picassok sortu zuen amaren irudia oso emankorra izan zen koadroa sortu zuenetik aurrera, eta ez da kasualitatea gatazkan murgilduta dagoen amak, sufrimenduak jota, paralelismoa aurkitzea testuinguru belikoa bizi duen ama errukiorrarekin. Gernikako bonbardaketa ez da liburuan aipatzen den bakarra. Liburuko beste atal batean Rifeko Gerrari buruz hitz egiten da: "Espainiak bonba kimikoekin esperimentatu zuen Rifen eta hango gerratik ekarri zuen gaixotasunak hil zion senarra” (194.orr). Espainiak Gerra Zibila egiteko aurrekari gisa izan zuen Afrika Iparraldeko gerra hura. Bertan, zibilen aurkako erasoak gauzatu zituzten izua zabalduz, aurrerago Gernikan egingo zen sarraskian bezala. Joseba Sarrionandiak Moroak gara behe laino artean gaia zehatzago landu zuen.
Nola aipatu: Diez, Leire (2025). "Irati Elorrietaren Neguko argiak-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basean.
1936an hasi zen Espainiako Gerra Zibilak orduko Euskal Herria hankaz gora jarri zuen: garai zoriontsuak alde batean utzi eta bertako familiek errepresioa, sufrimendua, heriotza eta gosea ezagutu zituzten. Egoera latz honetan, alderdi faxistak gailendu egin ziren, baita hauen nagusikeria ere: euskal lurraldeak etsaitzat hartu, eta bizitzaren eta norbanakoaren balioa baliogabetuz, errepresio zein sarraskiak egiteari ekin zioten. Honen adibide garbiena dugu 1937ko apirilaren 27ko ‘Rügen operazioa’; hau da, Gernikako Bonbardaketa. Lufwaffe naziaren Kondor Legioa eta italiar faxistaren Aviazione Legionarioko hegazkinek Gernika airez bonbardatu zuten; Gernika Bilborako bidean leku estrategikoan zegoelako, Euzko Gudarostearen erretreta bidean (48). Sarraskiak ia Gernika oso deuseztatu zuen, Gerra Zibilaren sarraski handiena bihurtuz. Hondamendia hain izan zen handia non berria mundu guztira zabaldu zen. Honela, 1937ko maiatzaren 5ean Ingalaterrako Gobernuko batzar-agirian, Satanley Baldwin Ministro buruaren zuzendaritzapean (49) honakoa adostu zuten: Bilbotik Erresuma Batura haurrak ekartzea. Euskal Herriko arazoa Anthony Eden kanpo-arazoetako minisitroak ezagutarazi zuen, Euskal Herriko gobernuak errefuxiatuak zeramatzaten itsasontziak babesteko laguntza eskatu zuela esatean. Kabineteko batzordeak eskaera onartzea erabaki zuen, bi baldintza betetzen baziren: errefuxiatuak inpartzialki aukeratuak izatea eta, betiere, kontsularen kontrolpean egin behar zela aukeraketa (50. or). Zenbait xehetasun hitz egin eta gero, bi aste baino lehen, Ingalaterrako gobernuak erabakia hartu zuen eta 1937ko maiatzaren 6ean, Habana itsasontzia atera zen Santurtziko portutik lehenengoz. Ez zen ontzi bakarra izan zeren eta, Goizeko Izarra, portuan zegoen beste itsasontzia, zeina itsasontzi txikiagoa zen, beste norabide batean abiatu zen, Frantziarantz, haur gehiagorekin (50). Honako hau Sota familia dirudunak Euskal Herriko gobernuari eginiko dohaintza izan zen (39). Habana itsasontzia bere garaian Espainian eraikitako ontzirik handiera izan zen: 146 metroko luzera zuen eta 10.500 tona pisatzen zituen (39). Haren hastapenetan, beste izen bat zuen, Alfonso XIII eta hogeigarren hamarkadan uretaratu zuten lehenaldiz. Gipuzkoako frontetik ihesi zetozen errefuxiatuei aterpea izan eta ospitale gisa erabil ondoren, 1937ko maiatzaren 6an haurren ebakuazio masiborako erabilia izan zen. Haurrak ez ezik, maistrak, laguntzaile, erizain zein apaizak izan ziren bertan, baita Euzko Jaurlaritzaren ordezkaria zen Rodolfo Benito ere. Habanak Santurtzitik sei ebakuazio-bidai egin bazituen ere, gurean Maiatzaren 21an Southampton-era (Erresuma Batua) eginikoa dugu hizpide eleberriko protagonistetako bat 15 apaiz, 219 emakume zaintzaile eta 3.889 haur zeramatzan ebakuazioko haurretako bat baitzen (50). Epe laburreko bidaia bazirudien ere, luzaroan amestutako itzulera ez zen sekula gertatu Peru izeneko protagonistarentzat. Etxean utzi zituen ama, aita eta Manuel anaia eta itsasoaren beste aldera joan beharra izan zuen inolako aukerarik gabe: lehenik, Southamptonetik Stonehameko kanpamendura eraman zituzten Peru eta Habanako haurrrak; ondoren, Bray Court koloniara. Gerora, Espainiako Gerra Zibila oraindik bukatu gabe bazegoen ere, Francok haurren aberriratzea eskatu zuen, nazioartean bere irudia hobetzeko eta Perurekin batera joandako haurrak beraien etxeetara itzuliz joan ziren, eta Euskal Herriko haurrak hartu zituzten koloniak itxiz (93). Peruren patua, ordea, ez zen Euskal Herria zeren, berak ez bazekien ere, umezurtz geratu zen. Ondorioz, Manuel bere izebaren etxean bizi zen, bere lau lehengusuekin, oso baldintza eskasetan, Perurentzat inolako lekurik izan gabe. Gauzak honela, umeetan amestutako itzulera ahaztu egingo du, bere aberria eta etxea zein diren zalantzan jarriz. Bizitzak aurrera jarraituko du Perurentzat, lan bat aurkitu eta Londresera ezkonduko da, bere emaztearekin. Alargun gelditu arte etxean sentiaraziko duen etxea izango du, baina ondoren, bakardadea eta inongoa ez izatearen sentimendua izango du berriro ere. Egoera honetan, Peruk ez du gauza handirik egingo, egunero bisitatzen duen kafe-etxean kafea hartzeaz gain. Kafe-etxe hartan, Ibai izeneko mutil euskalduna ezagutuko du. Ibai Euskal Herritik ihes egitea erabaki duen gaztea da, bere bikotekidearekin izandako auto istripu baten ondoren, Maialen, bere neskalaguna, koman baitago eta errua jasanezina baitzaio. Ibairen ihesaren zergaitia ulertzeko, Maialen eta bere arteko maitasun istorioa kontatzen da, Ibairen pentsamenduekin zein Sararen, Maialenen ahizparen, ikusmoldetik. Pentsamendu eta bizipen hauek Maialenen egoeraren arrazoia ulertarazten ere laguntzen digute. Peruk eta Ibaik badituzte zenbait gauza amankomunean: beraien jatorria, ihes egitearen beharra eta itzuleraren beldurra. Kafetegian bakoitzaren bizi esperientzia izango dute hizpide, beti ere, galde ezin daitezkeen galderak alde batean utziz. Azkenean, hausnarketa sakonak izan eta gero, beraien bizitzak nola jarraituko duen erabakitzen du Ibaik, baita Peruk ere. Ibaik bere herria non dagoen ondo jakin arren, Maialenekin hitz egindako munduko bidaia egiteari ekingo dio, zerrendan jarri zuten lehen helmuga bisitatuz (126). Ibai, beraz, Argentinara joango da, Nahuel Panera, eta bertan itxarongo dio Maialeni, bere kokalekuaren berri emango dioten eskutitzen laguntzaz, esnatzen denean, nahi badu bertan aurki dezan. Peruk Euskal Herritik hirurogeita bi urte kanpoan eman eta gero, anaiarekin hitz ondoren, bertara joatea erabaki du. Lurreratzean, inor ez da bere bila joango, eta galduta sentituko da Peru bere jaiotetxeko atea irekitzeko inor ez baitauka (183). Exilioaren ondorioetako bat identitate ezarena izan daitekeela erakutsi zuen Ugaldek bere Itzulera baten historia-n. Identitate falta ez da sarritan hizpide izan, inongoa ez zarela esatea ez baita erraza (86.or). Sarritan aipatuak izan ez badira ere, ugariren burutan bizirik irauten dute hauek Gernikako bonbardaketaren ostean Ingalaterrara etorri ziren Euskal Herriko haurren istorioari buruz irakurtzen eta bilaketa lanak egiten (186.or) dituztenak ez baitira gutxi. Ibai horietako bat zen, eta bere lanaren protagonista, Peru. Gernikako bonbardaketa ikuspegi historiografikotik lantzen da eleberrian, Rügen operazioaren alderdi teknikoak azalduz eta pertsonaia historikoak aipatuz (48-49). Horrez gain, bonbardaketak eragin zuen trauma ere irudikatzen du istorioak: haur euskaldunak kanpamendu ingelesean zeudela, sirena hotsak entzun eta haien gainetik hegazkinak pasatzean, elkar besarkatuz aurkitzen dute babesa: “”Hil egin nahi gaituzte, hil egin nahi gaituzte” oihukatzen du, burua hanken artean sartuz belarriak estaltzen zituen bitartean. Gero mutilari txiza atera zaio, nire ondora etorri da eta nire eskuari gogor eutsi dio” (83-84). Haurraren trauma fisikoki azaleratzen da, baina protagonistak ere psikologikoki bonbardaketaren zamarekin irauten du bizitza osoan zehar, bere buruari faxistek Gernika bonbardatu izan ez balute zer gertatuko ote zen galdetuz (175) edo etengabe hegazkinekin eta 1937ko udaberriarekin amestuz (137). Fikzioaren bitartez, Goiak gertakari historiko batetik abiatuz, haurren sentimendu eta beldurretan sakontzen du.
Nola aipatu: Aizpuru, Amane (2025). "Garazi Goiaren Txartel bat (des)herrira-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu basean.
1965eko abuztuaren hamabostean, Ama Birjinaren Egunean, hamasei urteko apaizgai protagonista udako bazkalondo sargorian dago familiarekin solasean. Liburuak lehen planotzat euskal etxe tradizionala du: aita eta semea edanean eta erretzen; ama alabak, aldiz, etxea eta bazkalondoko baxerak garbitzen, baita gizonen beharrak asetzen ere. Ama Birjinaren egun berezian, bazkalondoan, aitak memorian dituen oroitzapenak kontatzen dizkie etxekoei. Hauek, ordea, ez dira kontatuak zaizkigun oroitzapen bakarrak, protagonistak aurrera eta atzera egiten baitu memorian, umetako zein gaztetako kontuak gogora ekarriz. Protagonistak, bere oroitzapenekin, Donostiako plano errealista deskribatzen digu, kaleen izenak zein bertako txoko esanguratsuak ezagutaraziz, baita garaian euskal gizarteak zituen jazarpenak ere. Aitaren oroitzapenek ere badute berezko garrantzia, aitak memoria historikoa egiten baitu, garaiko gertakarien lekukotasuna eta deskribapen gordina emanez. Aitak, enegarrenez, gudari izandako garaiak ditu mintzagai, Ziskar itsasontzian borrokatu eta Agirre lehendakaria ezagutu zueneko aldia, hain zuzen. Protagonista umetako bizipen gazi-gozoekin oroitzen da. Oriotzapenen artean, bada, euskararen egoeraren berri ematen diguna: protagonista eta ikaskideak “kurtso bukaerako exkursioan Gernikara” (58) joan ziren eta bertan, eskolan hermano Rodolforekin, “guretarra den praile jatorrarekin” (59), ikasitako Gernikako Arbola kantuaren hiru bertso-lerro kantatzeko ahalegina egin zuten. Honen aurrean, bertako guadiek “está prohibido” esateaz gain, “la próxima vez ensayaremos Cara al Sol” (59) adierazi zieten, Frankismoaren errepresio zuzena erakutsiz. Gernika, beraz, protagonistaren memorian gordea da, baita bere aita zein amaren memorian ere. Aita Gernikan zegoen 1937ko apirilaren 26an, legatz bat zeramala etxera (63), Lekeitiora. Gernikara sartzera zihoala, abioi asko, dozena bat bai, ikusi zituzten eta hauek “kaminoa ametrailatzen” (63) hasi ziren. Gernikako sarraskiaren garapenaren testigantza dugu aitarena, beraz. Hasieran, ez ziren bonbardatzen ari, ametrailatzen baizik, oso baju, mugitzen zen guztiari <
Nola aipatu: Aizpuru, Amane (2025). "Joxe Austin Agirreren Abuztuaren 15eko bazkalondoa-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basean.
Uxue Alberdik Elgoibarko Pitxintxu dendaren kronika literarioa egin du obra honetan, horretarako, dendaren jabe ziren Alberdiren ama eta izebari eman die ahotsa idazleak. Bi ahotsak tartekatuz, elkarren artean bereizketa grafikorik egin gabe, 40 urtetan zehar bi ahizpek liburu-denda eta mertzeria zen dendan bizitakoak eta ikusitakoak azaltzen dute: ETAren jarduera, polizia sarekadak, droga-menpekotasuna, militantzia feminista, heriotza... kontakizunetan etengabe agertzen dira. Kronika lehen pertsonan kontatua dago, eta etengabe alternantzian daude Mari Jose eta Izaskunen aitortzak, ahozkotasun handiz adierazita: “Kargua hartu zigun. “Ni horiek atxilotu ninduten...” // Baina ez zen beste inor kexatu. // Ez!, ondo saldu ziren. Batez ere, baserritarraren artean izan zuten arrakasta.” Alberdik bi emakumeren arteko elkarrizketa “fikzionatzen” du kontaketa literario bat egiteko eta haien arteko hartu-emanak guztiz bereizgarriak izan ez arren, pertsona/pertsonaiak sakontasunean ezagutzen joan heinean eta pertsonalitateak gehiago bereizteko aukera duenean irakurleak, irakurraldia bizkortasun eta bizitasun handikoa bihurtzen da. Kontakizunei esker konturatzen da irakurlea dendak aldaketa sozial, ekonomiko eta politikoen testigu direla, baita herri bateko ohitura eta bizimodua ezagutzeko giltzarri ere. Hori dela eta, Euskal Herria ordezkatu izan duten irudi, objektu eta ikurrak behin baino gehiagotan agertzen dira narrazioan zehar; halaber, mertzerian brodatuak etengabe egin behar zituzten langileek, eta bezeroen eskariek, askotan, euskal sinbologiarekin lotura zuten. Brodatuen artean aurki daitezke, nola ez, izen propioak, txapelak eta orotariko gauza arruntak, baina euskal gizartearen adierazgarri diren sinbologia ere irudikatu dutela aitortzen dute dendariek, hala nola, ikurrina, estropadetako bandera, eta baita Gernikako Arbola ere. 27.orrialdean, hain zuzen ere, Gernika aipatzen da: “Koadro batzuk brodatu izan ditut, Gernikako arbolaren bat, adibidez; zokoren batean egongo da gordeta.” Gernikaren oroimen gune izaera bonbardaketa gertatu baino askoz lehenagokoa dela gardentzen duen sinboloa da Gernikako arbola, eta narratzaileak “Gernikako arbolaren bat” adiera erabiltzean, argi uzten du behin eta berriz euskaldunen artean agertzen den ikurra dela. Gernikako arbolaren sinboloa bat eta bakarra izan arren, haren gainean egindako koadroak zenbakaitzak baitira, euskaldunen iruditeria kolektiboa islatuz. Kronikak, beraz, memoriari buruzko ariketa eskaintzen du, herri jakin batekin eta memoria historikoarekin lotuta dauden hamaika kontakizunak erdigune.
Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). "Uxue Alberdiren Dendaostekoak-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basean.
"Koldo Izagirreren lehendabiziko nobela da Euzkadi merezi zuten, 1984an argitaratua, eta hala ere gaur egun idatzia balitz bezalako perfekzioz iraun duena denboraren higaturik sufritu gabe, harrigarri moderno estiloaren indarrez. Ahoz, bestek kontaturik ezagutu duen mundu erdi rural erdi industriala dakarkigu Izagirrek ikuspegi kritiko bezain maitekorrez: giro katoliko itoa, langileen neke gorriak, garai hobeen esperantza zapuztua. Monarkiatik Errepublikara, altxamendu militarretik gerrara, 20 eta 30eko hamarraldien testigu den mutil baten ahotsaren arrastoan kontatzen dira, sekuentziaka kateatuta, eleberri honetako gertakariak. Epoka bati buruzko murala konposatzen du narratzaileak, umore eta ironia eztiz eguneroko bizimodua arakatzean, pasadizo krudel eta bortitzetan hunkigarri."
Nola aipatu: Negredo, June (2024). "Koldo Izagirreren Euzkadi merezi zuten-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basean.
Eleberri biografikoa. George Lowther Steer kazetari eta gerrako berriemailearen ibileren berri ematen du obrak. Steerrek kazetari gisa izandako lanak aipatzen dira eta horrekin batera, bizi izandako gerrak. Liburuaren izenburuak dioen bezala, Gernikan izan zen kazetaria, eta liburuak herri horrek jasandako bonbardaketa du hizpide, baita kazetariak Gernikako bonbardaketaren berri ematen egindako ahalegina ere. Argi azaltzen da kazetari britainiarrak Gernika faxistek suntsitu zutela baieztatu zuela The Times egunkarira bidalitako artikuluan. Ikus 35. orrialdea. Gernikaren bonbardaketaz gain, beste herri euskaldunetan gertatutako sarraskiak ere aipatzen dira, Bilboko bonbardaketaz gain, faxistek Otxandio, Eibar, Durango eta Gerrikaitz bonbardatu zituztela esaten baita (34. or.). Era berean, Gernikako bonbardaketa kriminalagoa izan zela jakinarazten da eta bonbardaketaren garrantzia azpimarratzen da: “Gernika gero etorriko ziren bonbardaketen esperimentazio lekua izan zen” (34. or.). Euskaldunen imajinario kolektiboan memoria gune garrantzitsu bihurtu diren toki horiez gain, Gernikako arbolari kapitulu bat eskaintzen zaio. 1937an idatzi eta 1938an argitaratutako The Tree of Gernika Steerren libururik ezagunena aipatzen da eta horrekin batera, Steerren ustez Gernikako Arbola gerra hartako galtzaileen ikur nagusia dela jakinarazten da (37. or.). Paratestuan, Esteban Montoriok egindako aurreko azalean, hainbat irudi ageri dira collage teknika erabilita. Batetik, atzeko planoan ia oharkabean pasatzen den Picassoren Guernica koadroa identifika daiteke. Zehazki, kriseilua heltzen duen emakumearen eskua eta koadroaren goiko aldeko bonbilla antzeman daitezke. Beste plano edo geruza batean, Guernica koadroaren zati bat ageri da. Beraz, esan daiteke Picassoren koadroaren ekfrasia ageri zaigula, Guernica berrirudikatuta ageri baita obra honetan.
Nola aipatu: Urzelai, Ainhoa (2024). "Edorta Jimenezen George L. Steer. Gernikan izan zen kazetaria-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Idoia Garzesek idatzi eta Leire Urbeltzek ilustratutakoa da eleberria. Neska gazte bat amonaren baserrira joango da eta haren kutxan aurkitutakoari esker bere familiaren iraganean murgilduko da neskatoa, besteak beste, familiak Gerra Zibil garaian eta osteko urteetan pairatutakoak ezagutuko baititu. Alderdi paratestualean, Picassoren Guernica ageri da pare bat aldiz. Batetik, protagonistaren etxeko horman ageri da, nahiz eta irudian, tonu arrosa, urdin eta laranjan ageri den (ikus 28. eta 29. orrialdea). Bestetik, artelan hori bera ageri da berriz ere amonaren ardatzak gidatuta, neskatoak aurkitzen duen “Infernuko ahoa” kobazuloaren paretetan (ikus 70. orrialdea). Aipatutako bi irudi horiek Guernica originalarekiko fidelak dira, baina berrinterpretazioak dira, joko-kromatikoa aldatuta baitakarte. Mintzagai dugun lan honetan ekfrasiak Gernikako sarraskia gogorarazten du, gertaera historikoa, baina horrekin batera, koadroaren berrinterpretazioak iradokitzen du mihisea jatorriz Gerra Zibilari lotutako protesta ikur boteretsua bazen ere, denboraren joanean, pop artearen eta kontsumo gizartearen salgai bihurtu dela.
Nola aipatu: Urzelai, Ainhoa (2024). "Idoia Garzesen Hari single bat-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Eleberri hau zaldien gaineko istorioez osatuta dago (hortik dator kontakizunek liburuaren azaleko zaldiarekin eta izenburuarekin duten lotura). Aurreko azalean Picassoren Gernika koadroaren erdiko zatia ageri da, aldaketa batekin: Picassok marraztutako zaldiaren ordez, benetako zaldi baten marrazkia ageri da. Beraz, esan daiteke Gernika koadroaren ekfrasia ageri dela, jatorrizko mihisea berrirudikatuta ageri den arren. Liburuaren muinera jauzi eginda, irudi horren jatorria ematen da, Picassok Gernika koadroa noiz eta nola marraztu zuen azaltzen baita, azoka egunean Gernika bonbez suntsitu ostean, gobernu errepublikarrak eskatuta, Francoren soldaduen kontrako gerraren irudia eman zezakeen koadro bat pintatzeko eskatu ostean alegia (99. or.). Horrez gain, “Gerrara joan nahi ez zuen zaldia” izeneko hirugarren kapituluan, gerra gustuko ez zuen Imanol eta bere zaldiaren istorioa kontatzen da. Bertan gerraren aurkako jarrera garbia azaltzen da, besteak beste, gerrak dakarren heriotza azpimarratuz eta oroitaraziz bizirik irtendakoak ere ez direla osorik itzultzen (38. or.). Beraz, argi ikusten da liburuaren azaleko irudiaren bidez eta arestian aipatutako ipuinaren bidez salaketa garbia egiten dela.
Nola aipatu: Urzelai, Ainhoa (2024). "Felipe Juaristiren Sagitario-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Eleberri honetan bi familia dira protagonista nagusiak. Gerra Zibilak etsai bihurtuko ditu bi baserrietako semeak eta etsaigo hori ondorengoengan haziko da, herra kide guztiengan zabalduz. Gerra Zibilarekin lotuta, lubakietako egoera, alde bateko zein besteko erasoaldiak eta bonbardaketak aipatzen dira (ikus 24. orrialdea). Narratzaileak zeruan barrena Durangora eta Gernikara bidean doazen hegazkin frankistak aipatzen ditu, nahiz eta ez duen gehiago zehazten (ikus 29. orrialdea), beraz, Durangoko eta Gernikako bonbardaketak iradoki egiten dira.
Nola aipatu: Urzelai, Ainhoa (2024). "John Anduezaren Para bellum-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Denboraren zubia (2024, Erein) ipuin-liburuan zazpi kontakizun biltzen dira eta ipuin guztiak bi elementuk lotzen dituzte: 1936ko Gerra Zibilarekin lotura duten istorioak dira batetik eta, bestetik, Orizar kostaldeko fikziozko herrian kokatzen dira (nolabait, Orioren trasuntoa litzakeena). Izan ere, Iñaki Iturainen (1956- ) fikziozko lehen lana izan arren, 2014an Memoria Historikoaren esparruko Gerra bat barruan degula liburua argitaratu zuen. Liburu horretan, 1936ko gerran Orion gertatutakoak bildu zituen eta herritarren istorioen bitartez kontatzen ditu Iturainek. Denboraren zubia ipuin-liburuan, beraz, aurrez historialari ikuspegitik landutako gaiak fikziotik jorratzeko abagunea eskaini diote egileari: “Benetako gertaera historiko batzuetan oinarritu naiz, baina haien gainean fikzioa sortu dut. Jendearen sentimenduak, pentsamenduak, harremanak... horiek ez baitira kabitzen historia liburu batean” (Pardina, 2024). Eta ildo beretik, gaineratzen du: “Hortaz, oraingoan datuek ez zuten hainbesteko garrantzirik. Egia eta egiantza ez dira berdinak, pertsona eta pertsonaiak ere ez, eta ezta historia eta istorioak ere” (Ibid.). Eta nahiz eta ipuin bakoitza buruaskia izan, ipuinen artean bada loturarik: hala nola, zenbait pertsonaia edo gertakizun behin baino gehiagotan agertzen dira. Eta ezin bestela, Orizarren jazotako gerrako zein gerraosteko gertakizun nagusienak nabarmentzen dira; eta horien artean, errio gaineko zubiaren eztandaren ingurukoak. Hain zuzen, “Denboraren zubia” eta “Estropada” ipuinetan zubia bera da protagonista. Era berean, “Bi gerra arteko uda”, “Oroimenaren paperak” eta “Txakolina edo Bordeleko arnoa” ipuinek ere badute loturarik. Orizartik erbesteratu zen Mirenen eta bere aitaren istorioa kontatzen da bertan; lehenik narratzaile-idazleak ipuin gisa bilduko duena; eta ostean, elkarrizketatuak argituko dizkio narratzaile-idazleari bere iraganeko sekretuak.
Gernikari buruzko aipu esplizituak “Txakolina edo Bordeleko arnoa” ipuinean agertzen dira bereziki. Ipuineko unea batean, Mirenen aita eta bere kideez, hau biltzen da: “Beren herriaren alde ibili zirela Espainiako gerran, hura galduta deserriratu eta etorri zirela Frantziara, eta hemen aukera izan zutela alemanen kontra borrokatzeko, Gernika bonbardatu zutenei hango sarraskia ordainarazi eta, bide batez, inbasoreak botatzen laguntzeko” (Iturain, 2024: 56). Jarraian, Kepa Ordoki komandantea (1913-1993) aipatzen da eta nola “Ordokik 1944an, Agirre lehendakariak aginduta, Gernika batailoia eratu zuela Euskal Herriaren hegoaldeko eta iparraldeko euskaldunekin. Eta berak gidatu zuela batailoia 1945eko apirilean, Frantzian, naizen kontrako gudan egin zen azken borrokaldian” (Ibid.). Beraz, “Txakolina edo Bordeleko arnoa” ipuinean, besteren artean, Gernikako bonbardaketa eta Gernikaren oihartzunak Frantziar erresistentziaren baitan izan zuen garrantzia nabarmentzen da, Mirenen aitaren istorioaren bidez. Eta hain zuzen, ipuineko Gernikaren azken aipuak ere horrekin du lotura. Izan ere, Bigarren Mundu Gerraz geroztik Frantziak izandako jarrera salatzen da ipuinaren amaieran, Aljeriako Gerra gogora ekarriz: “‘Frantsesek han heriotza eta zapalketa besterik ez zuten laga’. Hori ere kontatu behar dela, gordin-gordin, gertatu bezala. Gezurrak bide motza omen du; faxistek Gernikako suaz esandakoak izan duen bezala: gorri separatistek bonbardatu zutela, alajaina!” (Iturain, 2024: 68). Bestetik, aipatu behar da “Denboraren zubia” ipuinean ere egiten dela aipamen txiki bat Gernikari buruz. Ipuin horren jatorrian erreketeen iritsiera baino lehen Orion gorriek eztandarazi zuten zubiaren gertakaria dago eta, nola, gerra ostean gerra zibileko presoek berreraiki zuten. Hain zuzen, ipuineko galiziar agure protagonista Orizarrera itzuliko da bilobarekin, eta iraganeko gertakariak ekarriko ditu gogora. Hori horrela, gerrako ibilerak burura ekartzean biltzen da ondorengoa: “Asturiarra Bilbo inguruko frontean ibili zen. Han ikusi zituen aurreneko aldiz hegazkinak bonbak botatzen hiriaren erdian. Nazien hegazkinek Gernikako sarraskia aski ez eta haien bonbek Bilbon ere jende asko hil zuten” (Iturain, 2024: 72). Laburbiltzeko, esan genezake ipuinotan Gernikaren aipamenak urriak izanagatik, esanguratsuak direla; kontuan hartzen badugu Orio herriko Gerra Zibileko gertakizunak nagusitzen direla Denboraren zubia liburuan. Era berean, esanguratsua da nola nabarmentzen den “sarraski” hitza ere Gernika eta bonbardaketaren aipamenarekin batera. Eta nola hain aipu gutxitan Gernikaren oihartzunak beste Gernikekin lotzen diren: kasu honetan, Bigarren Mundu Gerrako erresistentziarekin batetik, eta Bilboko bonbardaketekin bestetik. Nola aipatu: Ayerbe-Sodupe, Mikel (2024). "Iñaki Iturainen Denboraren zubia-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Luzien Etxezaharreta kazetari eta idazlearen Poesia mailu eta fereka (2014) olerki-liburuko lanetako bat da “Ez leher egiteko” poema. Liburuaren izenburuak iradokitzen duen bezala, ahots poetikoaren jarrera edo doinua euskal tradizioan Arestik zabaldutako poesiaren kezka sozialaren eta dimentsio intimistaren arteko loturan mamitzen da. “Ez leher egiteko” poeman orainaldia dekadentziaren emaitza gisa ageri da, ikuspuntu sozialetik erreparatuta. Hor kokatzen da Guernica artelanari erreferentzia zuzena egiten dion esaldia: “(...) Picassoren Gernika postal batean zintzilikatuz / etxeko sukaldean (...)” (33. o). Irudi hori egungo axolagabekeriarekin eta saldukeriarekin lotutako beste batzuen artean ageri da, euskal jendartearen aro postmodernoaren alderdi baldarra eta dekadentea agerian uzten delarik. Poemaren amaiera aldera, ordea, itxaropenarekin lotutako iruditeria loratzen da, mailuaren fereka. Liburuan zehar nagusitzen den beste oximoroia da heriotzaz erditzen den biziarena, eros eta thanatos bikotearen ezkontzarena. Hala, dekadentziatik bertatik ernatzen da bizi berria, maitasunaren fruitu itxaropena pizten duena. Poemak bira hori ematen duenean sinbologia aldatu egiten da eta ni poetikoak esperantzarekin lotutako iruditeria ekartzen du, Gernikako Arbola tartean dela: “(...) Gernikako arbola munduko bake eredu / Lidice-ko haurren estatuak piztuz / Auschwitz-eko ateak apurtuz (...)” (35-36. o).
Nola aipatu: Elizalde, Amaia (2024). "Luzien Etxezaharretaren Ez leher egiteko-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea
Gudarien egiñak (1947) bertso-liburua erbesteko itzuleran argitaratu zuen Telesforo Monzone politikari, idazle eta kultur-eragileak. Liburuaren atalek biltzen dituzten poemetan jasotzen dira Espainiako 1936ko altxamendu militarrak sortutako gudari eta horrek behartutako erbesteari lotutako gaiak. “Euskal guda (1936-1939)” izeneko atalaren baitan dauden “Gernika” eta “Gernika’ko uso txuriarena” poemak lekukoaren ikuspuntutik daude idatzita eta Gernika dute agertoki, bonbardaketak ekarritako sarraskia mintzagai. Lehenengoak bonbardaketa osteko Gernikaren hondamendi irudiak ematen ditu ahots poetikoak. Amaiera aldera agertzen da Gernikako Arbolaren irudia, zutik dirauen esperantza eta bake sinbolo gisa. Bigarren poeman, aldiz, bonbardaketa osteko sutearen garren gainetik hegan ari den usoa da fokua. Euskal Herri - uso analogia egiten da, biek baitituzte kumeak garretan eta horrek eramaten ditu sua ezin uztera. Usoa bakearen sinbolo denez gero, poema honek aurrekoak ere bukaera aldera biltzen duen paradoxa marrazten du: bere etorkizunaren alde borrokatzera eta autosuntsiketara kondenatuta dagoen herri bakezalearena, oinarrian sakrifizioaren ideia dagoelarik.
Nola aipatu: Elizalde, Amaia (2024). "Telesforo Monzonen Gudarien egiñak-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB.
Ignazio Aiestaran unibertsitateko irakasle eta idazleak Munstro abertzalea (2003) olerki-liburuan argitaratu zuen “Poesia Auschwitz eta Gernikan” poema. Testuak izenburutik uzten du agerian gaia metaliterarioa duela, gizakiak sortutako hondamendien ostean olerkiarentzat lekurik ba ote delako galdera filosofikotik abiatuta. Holokaustoaren ondorioz planteatu zen galdera hori gurera ekartzen du Aiestaranek Gernikaren ezenatokian. Poema horretan Gernikak sinbolizatzen ditu euskal testuinguruko Gerra Zibila eta haustura kulturala, Auschwitzek Alemanian bezala, poesiak tokirik izan ezin duen sarraski eremu gisa. Horrekin batera, Lauaxetaren fusilamendua ere aipatzen da euskal poesiaren garaiko aukeren erailtze bezala. Hala, Gernikak nahiz Lauaxetak balio sinboliko metonimikoa hartzen dute Aiestaranen poeman eta, era berean, Gernika eta eta Auschwtzen arteko paralelismoa ezartzen da.
Nola aipatu: Elizalde, Amaia (2024). "Ignazio Aiestaranen Poesia Auschwitz eta Gernikan-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB
Olerkiak berrogeita zortzi bertso-lerro ditu guztira eta bi ahalpadiz osatuta dago, lehenengoa hogeita hamasei bertso-lerrokoa da eta bigarrena hamabi bertso-lerrokoa. Olerkiaren eskema metrikoa bloketan antolatuta dago eta bloke horietan, bost silabako bi bertso-lerro eta zortzi silabako bat tartekatzen dira, 5-5-8 moldearekin. Errima-eskemari dagokionez, errima asonantea da eta zortzi silabako bertsoetan soilik mantentzen da. Errima bi bloketan behin aldatzen da, eskema hori grafikoki hurrengo moduan adieraz daiteke: - - A /- - A /- - B /- - - B /- - - C /- - - C. Edukiari dagokionez, olerkiak lorea eta arrosak metafora gisa erabiltzen ditu Euskal Herriko espazio sinbolikoak irudikatzeko. Kasu honetan, egilea Irunen fokalizatzen da eta, zehazki, 1936ko ekainean Espainiako Gerra Zibilean gertatutako Irungo gudan. Idazleak Alfonso de Beorlegui, Mola jeneralaren agintean egondako militarra, aipatzen du Irungo erorialdiaren arduradun gisa, testuan militarraren izena zehaztu gabe. Irun funtsezko puntu estrategikoa izan zen armada frankistarentzat; izan ere, Frantziarekiko lurreko komunikazioa ixtea ekarri zuen, errepublikaren erresistentziarako kolpe esanguratsua. Aipatutako metafora gehiago garatzen du hurrengo bertso-lerroetan, arrosen arantzei sinbolismoa berezia emanez: indar faxisten aurrean hiria defendatu zuten Irungo seme-alabak irudikatzen dituzte. Defentsa horrek zentzu tragikoa eta, aldi berean, goresgarria hartzen du. Olerkia, ordea, ez da Irungo galera kontatzera mugatzen. Aitzitik, erresistentziaren eta duintasunaren sinbolo gisa goresten du, gainera, egileak azpimarratzen du jausialdiak ez dakarrela euskaldunen etxe sinbolikoaren desagerpena. Hortaz, euskaldunen etxeak galera materialak gainditzen ditu eta, gertakariaren aurrean, ideia iraunkor eta erresistentea bihurtzen da. Gernikako Arbola, Euskal Herriko funtsezko ikonoa, olerkiaren azken ahapaldian agertzen da eta horren bitartez itxaropenez betetako itxiera ematen dio testuari. Egilearen esanetan, Gernikako Arbola da Irun berreskuratzeko prest dauden Euskal Herriko seme-alaba berriak sortuko diren lekua.
Nola aipatu: Pérez-Ortiz, Aitana (2024). "Txori Txikiren Euzkadiko lorea-ri buruzko fitxa", MHLIren MNLAB
Askoren artean ondutako Francoren bilobari gutuna antzerkian, 28 agerralditan zehar, ospitale batean gertatutakoak kontatzen zaizkigu. Kaotikotik eta absurdotik duen paisaia horretan pertsonaiak alderrai aurkituko ditu irakurleak, eta nork bere istorioa eta nork bere traumak ekarriko ditu hizpidera. Testuinguru horretan, 8. agerraldian –Josi eta josi izenekoan–, Urtzi pertsonaiaren hitzetan agertzen zaigu huts-hutsean Gernikako bonbardaketaren aipamen esplizitua hitzez hitz: “Aitortzen dut. Geuk erre genuen Gernika! Eta Durango eta Otxandio ere bai! Ikastolan irakatsi ziguten hegazkinak gidatzen, jolastorduan. Gerra galduta geneukan eta gorrotoaren gorrotoz geure lehengusu-lehengusinak hil genituen merkatu egun batez ahal genuenik eta bonbarik gehien jaurtita...”. Pasarte horretan, batetik, 1937ko apirilaren 26an gertatutakoari egiten zaio dei, alegia, Gernikako bonbardaketari, hain zuzen ere, astelehenez, merkatu egun batean gertatutako jazoerei. Hala, zibilen kontrako basakeriatzat ere seinalatzen da bonbardaketa. Bestetik, Gernika bezala bonbardatu zituzten beste herri euskaldunak ere aipatzen dira, Durango eta Otxando, alegia. Zentzu batera, faxismoak Euskal Herrian eragindako biktimen artean lotura bat eraikitzen da. Ospitaleko gaixo batek abesten duen Espainiako Falangisten ereserkiaren hasiera da, ostera, Urtzi pertsonaiarengan gomuta hori aktibatzen duen pizgarria. Abestiak, bistan denez, Urtziren memorian egiten du hazka, eta hark damutasunez onartzen ditu krimenok. Hala, Gernikako bonbardaketaren aipamenak, bai eta gainontzeko herri euskaldunetan eragindako txikizioenak ere, iraganean iltzatuta geratu den gaixo baten hitzak dakartzate, iragan traumatiko horren isla.
Nola aipatu: Fernandez, Nagore (2024). "Unai Iturriaga, Igor Elortza et al-en Francoren bilobari gutuna-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB
Izenburua bera da ekfrasi-ariketa bat, “La pietá, baina alderantziz”ek, hitzetara ekartzen duelako pietatearen figura ikonografikoa, eta berehala argitzen ez duen arren, aurreratzen du ezohiko errepresentazioa egingo duela. Aldiz, irakurtzen segi baino lehen ere, askok ezaguna duen testuaren sortze-testuinguruak, aurresaten du ekfrasiaren oinarrian egongo den pietatea Gernika koadroko atala izango dela, edo Bernardo Atxagak (2007) berak esatera, «oihal gaineko markaren» atala. Komaren ondotik gehitutakoa, beraz, jatorriz kristau tradiziokoa den eta, Picassok, Gernika mihise erraldoian, arlo profranora ekarri zuen pietateari, idazleak beste ikuspuntu batetik helduko dion seinale da. Pietatearen ezaugarri ikonografiko, plastiko edota formalekin jolasean aritzeko asmo hori, hasieratik bertatik erakusten du, italieraz ezkerrera behar lukeen azentu grafikoa aldrebes jartzean, adibidez. Umea bidegabeki hil berritan, haren gorpua magalean hartuta erruki eske ari den amaren irudiaren itzulpen azkarrena, ama zurztuaren lekuan, umezurtza irudikatzea litzateke; idazleak, baina, irakurleak harritzen daki. Ipuina edo poema ote den zehaztea zaila den “La pietá, baina alderantziz”eko ekfrasi-ariketak bi ardatz dituela esan daiteke. Lehena, protagonistak diren adineko emakume-amen gimnasia saioetako onomatopeiek markatutako erritmoari dagokiona («bat-bi, bat-bi,/ bat-bi eta txalo, bat-bi, bat-bi, bat-bi eta txalo»); horrek pietatearen gelditasuna eta aztarna sakratua arintzen ditu aldi berean, dolutan den amaren eskema segituan puskatzen baitu. Bigarren ardatza ere, irakurleek buruan daukaten pietatearen patroi ikonografikoaren haustura bat da, doluaren Mendebaldeko gramatika kulturala pitzatzean datzana: seme-alaben eta iloben dolua edo, bestela esanda, dolu kolektiboa merezi duten gorputzak, ez dira, ohiko legez, gizontzat irakurritakoak, emakumeak (eta, gainera, zaharrak, laurogei urte ingurukoak), baizik. Ipuinean islatzen den heriotzaren inguruko ikuspuntua, beraz, ez dator inola ere bat Mendebaldeko gramatika horrekin: protagonistak laster hilko diren arren, behin ere baino arinago dabiltza, bizitza osoan ezagutu gabeko askatasun irudipen batez eta barre-algaraka, gainera; nahiz eta, ingurukoek bizipoz hori epaitu lekuz kanpoko, desegoki edota zorotzat joz. Hala eta guztiz ere, errepresentazio horretan ez da desagertzen pietatea ezaugarritzen duen errukizko-egoera: ipuineko protagonistak, aukeran, berandu(egi) jabetu baitira bizitzaren garrantziaz, hau da, zahartzaro betean eta heriotzaren bezperetan daudela matxinatu dira: Gure izebak, eta gure ama maiteak berdin,/ berandu ohartzen ziren bizitzaren garrantziaz,/ hirurogeitamar urterekin, edo laurogeiekin,/eta txoraturik aurkikuntza latz hura zela eta/ nahastuta ibiltzen ziren hainbat hilabetez,/ bere semealabei bazkaririk prestatu gabe/ supermerkatuan gauza xelebreak erosiz,/ telefono dei amaigabeak nornahiri eginez; [...]/ Gero, denbora galdua eskuratu behar zutela eta, [...] herriko udaletxeak antolatu gimnasia saioetarako/ ematen zuten izena, [...] eta handik aurrera oihuka, korrika, jauzika,/ ematen zioten hasiera egunari, bat-bi, bat-bi,/ bat-bi eta txalo, bat-bi, bat-bi, bat-bi eta txalo./ Polikiroldegiak hozki jasotzen zizkien algarak/ [...] eta aldian behin afari bat egiten zuten denek/ txandala kendu eta soineko dotoreak jantziz;/ egun batean, azkenez, [...] zerraldo erortzen ziren semealaben oinetan,/ eta hantxe gelditzen ziren hilda beraien kideek/ [...] gimnasiari ekiten zioten bitartean,/ bat-bi- bat-bi, bat-bi eta txalo, bat-bi, bat-bi. Gimnasia ariketen erritmoa markatzen duen leloa bi aldiz errepikatzen da testuan, eta hiru paragrafo baizik ez dituela kontuan hartuta, sekulako pisua du. Maila sinboliko-metaforiko batean, erritmo horrek, agian hori asko esatea den arren, Atxagak askotan landu dituen txalaparta eta haren bilakaera gogorarazi ditzake. Txalaparta Euskal Herriko historia garaikidea laburtzeko baliagarria den arte adierazpen esanguratsuetako bat da. Idazleak berak idatzitako “Txalaparta eta heriotza” testuaren gaztelaniazko bertsio luzeagoan, hauxe dio perkusiozko musika-tresna horren bilakaeraz eta esanguraz: emandako balioak baldintzatzen ditu gauzak, eta Francoren diktadura euskal kulturako elementuekin, oso agresiboa izan zen. Hizkuntza, euskara, gutxiesteko dialekto esaten bazioten, nola ez zuten ba txalapartaren gisako musika-tresna lokal, nekazal munduko-, eta jai-giroari lotutakoa mespretxatuko? Txalapartaren patua ahanztura zen, edo, gehienez ere, museo etnografiko bateko bazterra. Pitzadura bat zabaldu zen, ordea, aurreko egoera moztu zuen etena. Beste ideologia, sentisibilitate eta baloratzeko modu batzuk zituztenak iritsi ziren, erregimenaren diametralki kontrako pentsamendu-giroa sustatu eta gizartearen etorkizuna markatuko zutenak. Tartean zegoen Jorge Oteiza eskultorea, 63an Quosque tandem…! lana argitaratu zuena, euskal arimaren interpretazio estetikorako saioa. Oteiza ordurako izen handiko eskultorea zen, arte modernoaren, eta, zehazki, konstruktibismoaren inguruan ibilitakoa. Urteak zeramatzan, 50etatik-edo, autoritate eklesiastikoekin borrokan, Arantzazuko basilika berriko frisoan, bere hamalau apostuluak eta Pietate zoragarria kokatzeko; F.J. Sainz de Oiza arkitektoak diseinatutako elizan, alegia. [...] Nolanahi ere, Oteiza ez zen aitzindaria izan txalapartaren inguruko ikuspuntu berri bat plazaratzen [...], bazen [XIX. mende hasieratik] horretan aritu zen jendea; Oteizak, baina, aurrenekoz, abangoardia artistikoaren zirkulura ekarri zuen txalaparta. Toki-aldaketa horri esker, txalapartak berehalako arrakasta erdietsi zuen eta 60ak bukatu baino lehen, Remigio Mendiburuk —beste eskultore abangoardista batek,— Ez dok amairuren anagrama bilakatu zen Txalaparta eskultura sortu zuen. Talde hartako kideak ziren Joxean Artze eta bere anaia Jesus, pitzadura osteko lehendabiziko txalapartariak edo aro berriko txalaparta-jotzaileak, alegia (itzulpena nirea da). Euskal kulturako elementuekin nola, gizateriaren erdiarekin baino jende gehiagorekin ere hala (hau da, emakumeekin eta genero-disidenteekin), oso agresiboa izan zen diktadura frankista; erregimenak kalte politiko larriak ekarri zituen 30etan, gerraurretik, emakumeen emantzipaziorako bidean Miren Etxaberen pareko aitzindariek egindako urratsak indargabetzean. Euskal Herriko mugimendu feministaren historian, mugarri izan ziren 70etako bigarren erdian antolatutako Leioako I. Jardunaldiak, eta Teresa del Valleren Mujer vasca. Imagen y realidaden (1985) pareko lanek ireki zuten pitzadura, markatu baitzuten diktadura osteko “aro berria”. Ane Lekuona-Mariscal (2021, 23.-24. or.) arte historialariak dioenez, «borroka antifrankista eta euskal kultura berrindartzeko interesa, ustez, euskal artistek berezkoa zuten izaera politikoarekin lotu zen, eta hura balioztatu zen oroimen kolektiboa josteko orduan. Euskal artistaren irudi zehatz bat elikatu zen: ausardia, gogortasun, konpromiso politikoaren eta akzioaren balioak berezkoak zituen gizasemearena». Esan nahi da, XX. mendearen bigarren erditik aurrerako euskal artearen historia hierarkizatua emakumeen sormen-lanak bazterrean utzita eraiki zela, hala nola tradizioz feminitateari esleitutako natura hil eta paisaien margolan figuratibo eta akademizistak, sistematikoki, despolitizatu, maila estetizistara murriztu, eta, finean, bigarren mailakotzat joz. Hori gutxi ez eta, garai hartan (50etatik 75erako denbora-bitarteaz ari da Lekuona (2021, 23.-24. or.), izaera politiko nabarmenagoko lanak egin zituzten artisten (María Dapena, Sol Panera edota Carmen Maura, kasu) proposamen plastikoak ere “emakumeen gai edo artetzat” gutxietsi ohi ziren; zuzenean unibertsal, politiko eta seriotzat hartutako “gizonen gaiak” ez bezala (Lekuona-Mariscal, 2020, 112.-113). Hortik, “La pietá, baina alderantziz”en pareko sormen-lan garaikideek, euskal kultur oroimen hegemonikoa ezbaian jarri eta kontramemoriak josi ditzaketen heinean, duten garrantzia sinbolikoaren neurria. Halako justizia poetikoek ba ote dute, ordea, hartzaileengan (benetako) eraginik? Antton Lukuk Libertitzeaz (2014) saioan dio (berez, euskararen egoeraz arituagatik): «[gizarte garaikideetan] nehon ez daiteke [berdintasunez] bizi errotik, antzerkian baizik [berdin gainerako arte adierazpenetan]. Mundu poetiko hori fundamentala da, errealitate bat ematen baitio, posible bat ezina denari [...] Errebelazioa hunkitzen du literaturaren inpaktuak eta lotura egiten arteak dituen auguriozko eta magiazko funtzioekin». Hain zuzen, memoria kulturalaren inguruko azken ikerketen arabera, kultur oroimena gogoratze- eta ahazte-ekintzen etengabeko prozesua da; gizataldeek behin eta berriro josten dute iraganarekin duten hartu-emana artefaktu sinbolikoen bidez, eta beraz, behin eta berriz berregokitzen dute beraien burua Gernika bezalako oroimen-guneen aurrean. Gogoratzeko moduak, hortaz, errotik lotuta daude irudikapen motekin, eta hortaz, ez ote dira arte adierazpenak, (kasu honetan, literatura) euskal kultur oroimenaren eraketari kontramemoria (counter memory) gisa eragiteko eta luzaroan alboratutako iruditeriei leku egiteko abagune? (Neumann, 2008, 341.-342.or.).
Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2024). "Bernardo Atxagaren La pietá, baina alderantziz-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea
“Invictus” Mikel Antzaren Ametsak ere zain lehen poema liburuko poema da. Poema bildumako gai nagusiak heriotza, kartzela gerra eta sufrimendua dira, nahiz eta egileak berak aitortu maitasunezko poemak ere badirela, askatasunari idaztea maitasun kontua baita. Ni poetikoaren bidez idazleak bere aztarna politikoa islatzen duen arren, sarri norberaren esperientzia lumaren bitartez kontatzea ohikoa den moduan, militantzia eta gatazka politikoa lirikotasun eta ahots poetikoaren azpitik gelditzen dira: era gordinean, anbiguotasunik gabe eta erritmo bizian, existentzialismoak jota, poetak askatasunarekin amets egiten du, bai era literalean, kartzelatik kanpoko askatasunarekin hain zuzen, baina baita era metaforikoan ere, barruko zalantza, sentipen, amorru eta estutasunak islatuz. “Invictus” poeman, idazleak ni poetikoa baliatzen du garaile, garaitu, galtzaileez... hitz egiteko: “garaitu gabeon / bihotz arrakala / hain handia izanik / ezin asma dezaket / nolakoa ote / garaituen samina / noraino sartu zen haien bihotzetan / garaileen irrien atzean / ezkutatzen den aiztoaren sakaila”, “ez naiz inoiz jabetuko / garaituen ozpunaz”, “zeinen eder den garaipen ametsa”. Lehenengo pertsonan idazten du poema osoa, horrela, poetak bere buruari hitz egiten dio, baina baita “zu” lirikoari ere: “euts diezaiodan lemari / estal dezadan ahoa / estal belarriak / ez entzuteko / ez esateko / ez desbideratzeko”. Poemari hasiera ematen dion lehen ahapaldi honi aldarrikapen eta protesta kutsua dario, poetak nolabaiteko autozentsura ezarri behar duela aditzera ematen baitu eta poeman zehar behin baino gehiagotan irakur daitezke “estal dezadan ahoa”, “estal ditzadan belarriak”... bezalakoak. Irakurlearen inplikazioa ere eskatzen du zenbait ahapaldietan: “amets baten bila abiatu zineten eta / zer lortu duzue? / zer ikasgai dakarzue moralean / odolez eta minez blai? / bidaiarik onena abiatzerakoan oraindik / ez zenuten babesean bukatzen dela?” Irakurlea gogoetara bultzatzen du, bere burua besteen aurrean kokatuz eta haiei mintzoz zuzenean. Aurrerago, “zuena da errua! / (baina norena?) / zuena da ardura! (baina norena? / zuena da hobena! (baina norena?) / zuena da kondena! / gurea! hori bai!”. Kasu honetan, irakurlea inplikatu baino, “zu” orokor bati mintzo zaio poeta, errua, ardura, hobena nori egotzi ez dakiela, baina argi uzten du azken bertso-lerroan kondena jasaten duena nor den, horretarako “gurea” lehenengo pertsona plurala erabiltzen du. “Gure” kondena aipatzen duenean idazleak, irakurleak idazlearen pertsonaia publikoaren berri izan gabe ere, berehala ulertuko du “gure” hori ezkerreko abertzale militanteei dagokiola, poeman zehar modu esplizitu nahiz inplizituan adierazten baitu zein ziren poetaren “borroka” edo “porrota”. Poetak, izan ere, zuzen-zuzenean aipatzen du ETA haren izen propioaren aurretik: “gora ETA, aupa Mikel!”. Beraz, zalantzarik ez dago poema honek “euskal gatazkaz” hitz egiten duela. Modu inplizituan ere egileak bere jardunaren berri ematen du: “odola odola odola / alferrik isuri dugula / haiena (eta hienena) / eta gurea (nori axola)” Ugariak dira poetak kontakizunari bizitasuna eta intentsitatea emateko erabiltzen dituen baliabide literarioak: errepikapenak (“ixo ixo ixo”, “odola odola odola”...), anaforak (ez bota ur gehiago zapira / ez amata zigarretak gure oin-zoletan / ez eragin zirkuitulaburrak gure burmunietan alferrik / ez baita arantzik aterako gure ahotik / ez baita minik aterako gure eskuetatik / ez baitugu zaurietan behazunik”, aliterazioak (harrizko herri harritua / harrizko herri harrigarria / harrizko herri irrigarria / harrizko herri ernegarria”, sinestesia (ia usaintzeko ukitzeko dastatzeko / lehen musuaren esnea / azken musuaren kresala). Euskal iruditerian barne-barnean sartuta dauden erreferentzia kultural eta sozial ugari erabiltzen ditu poetak haren ametsa, askatasuna, borroka... irakurleari girotzeko. Alde batetik, Iparragirreren kantuak parafraseatzen ditu: “haritz horren antzera / arrotza nagusiturik moztua sobera / oi gure arbasoak ez otori ez begira”, “haritz moztua sobera”, “hara non diren mendi zelaiak / hara non diren ibaiak...” Agur Euskal Herriari kantuko bertsoak dira, eta sarri aipatzen da bertan haritza arbola. Jakina denez, Gernikako Arbola haritza da eta aspaldikoa da Euskal Herrian haritzak nahiz Gernikako Arbolak duen sinbologia. Bestalde, Telesforo Monzonek idatzitako “Kalera, kalera...” abesti abertzale, beranduago, Imanol Urbieta eta Txapasek ezagutarazitako kantuari ere erreferentziak egiten ditu poetak poemaren amaieran: “zain dago ama zain aita” (...) “zain amets eta lagunak”... irakurleari, bertso-lerrook, nahitaez gogora ekartzen dio Borrokalari kalera abesti herrikoia. Aipatu bezala, Gernika haritzaren bitartez zeharka izendatzen da poeman, sinboloa irudikatuz, baina badago Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoa egiten duen erreferentziarik ere poeman: “(...) joan zitzaigun-eta aitona / oinordekotzan utziz / porrot osteko mikatz etsia / izu dardara isila / Gernika eraitsita / gurasoek altxatzen hasia”. Bertso-lerro hauen bitartez, 1937an indar alemaniarren Gernikaren bonbardaketa zuzenean aipatzen ez den arren, “Gernika eraitsia” hitzen bitartez iruditeria kolektiboan gordetzen den Gernika suntsitu eta bonbardatua izan zeneko sarraskia dakarkigu gogora poetak. Poetak berak gaurko egunean bizi duen egoera Gernika eraitsiaren parean kokatzen du nolabait, Gernikak Gerra Zibilean jasan zuen sufrimendu, beldur eta galera ondorengoek ere berriro bizi dutelarik hurrengo urteetako errepresio, izu eta porroten eraginez. Gernikak hainbat adiera hartu ditu: giza sufrimendua, ankerkeria, bidegabekeria... aldarrikatzeko erabili den sinbolo bilakatu den arte. Poeman, beraz, Gernikaren aipamenak euskaldunen historia garaikide tragikoa gogora ekartzeko balio du, baita poetak poema-bilduma osoan zehar darabilen askatasun(ez)a, (barne) bakearen bilaketa, isileko sufrimendua, porrota... Gernikaren izenpean etengabeko gatazka lekuarekin erkatzeko. Hau guztia kontuan hartuta, poetak, azken finean, bere poemaren bitartez, berea eta gaurko hainbat euskaldunen gatazka(k) “beste” Gernika bat islatzen dutela adieraztea lortzen du haren hitz, baliabide eta erreferentzia kultural eta tradizionalen aipamenekin.
Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). "Mikel Antzaren Invictus-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Canok eleberri honetan fikzioa eta errealitatea nahasten ditu Imanol Larzabal abeslariaren bizitzan oinarriturik, izan ere, Imanol Lurgain “Fakirra” pertsonaiaren bitartez Euskal Herriak 1960ko hamarkadatik aurrera haren heriotzaren egunera arte bizi zituen urte gatazkatsuen berri ematen du. Imanol ETAkide izatetik, ETAren kontra azaltzera pasatzen da eleberrian, bereziki Arakisen hilketaren ondotik, eta traidore gisa boikota jasatera kondenatua dago ordutik. Imanol Lurgainen argi-itzal, ñabardura eta kontraesanetan murgiltzen da eleberria, izan ere, Imanolengan dago fokua lehen eta azken atalak salbu, eta haren bizipenak eta gertakari historikoak azaltzeaz gain, haren beldur, emozio eta pentsamenduak ezagutzen ditu irakurleak. Paris hiri kultural gisa agertzen da kontakizunean, Fakirrak bertan erbesteratuta pasatako urte aberasgarrien leku; Donostia agertzen da, bestalde, kontrapuntuan, Fakirraren jaioterria izanik ere, inoiz guztiz eroso sentituko ez den hiria. Funtsean, beraz, Canok XX. mende amaierako eta XXI. mende hasierako Euskal Herriko egoera kontatzen du euskal memoria kolektiboan dagoen pertsonaia indibidual baten bizitza fikzionatuz: ETAren lehen hilketa (41.orr), Meliton Manzanasen hilketa (54.orr), Carrero Blancoren hilketa (87.orr), Francoren heriotza (127.orr), Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabeasen Martuteneko ihesa (181.orr), Yoyesen hilketa (eleberrian Arakis izendatua) (209.orr)... gertaera ezagunak agertzen dira eleberrian zehar, hala, gatazka eta memoria lantzen dira. Fakirraren ahotsak eta 7-8 urte lehenago argitaratutako idazle beraren Twistek badute komunean errealitatearen eta fikzioaren arteko nahasketa, eta biek egiten die euskal memoria kolektiboko gertaerei erreferentzia, hau da, memoria sortzen du narrazioren bitartez. Canoren ezaugarri nabarmenetakoa da digresioa, eta askotan egiten ditu haren lanetan musika edo arteari buruzko hausnarketak; hots, diziplinartekotasuna lantzen du sarri.
Fakirraren ahotsa eleberrian zehar arte eta literatura lanak etengabe agertzen dira, bereziki aipagarria Imanolek Tatiana maitalearkein izandako artelanen gaineko hausnarketa eta elkarrizketak: Gericaulten Medusaren baltsa (99-105.orr) artelanak pisu handia irabazten du kontaketaren pasarte batean, eta pasarte hartan bertan, Picasso ere aipatzen da: “ez zen Picasso izango, baina historiarako geratu den koadro sortaren egile da... Waterlooko desastrea erabiltzeko zaldi bat erabili zuen. (...) Ez dago soldadu alerik, eta, hala ere, dena kontatzen digu gerrako porrotari buruz” (100.orr). Hala ere, hor ez da Picasso lehen aldiz aipatzen eleberrian, 21.orrialdean, jada, Gertrude Stein hizpide duelarik, “Picasso jauna, egin didazun erretratu horrek ez du nire antzik batere” esaldia agertzen baita. Jakina da Picassoren artelanik ezagunena Gernika dela, baina artelanak oinarrian duen bonbardaketaren gertakari historikoa baztertuta agertu da azken urteotan, Gernika hitza bera koadroari lotuago egona, gerran suntsitutako leku-izenari baino. Canok ez du Gernika koadroa aipatu ere egiten eleberri osoan zehar, Zumeta eta Gernika herri izena agertzen badira ere, biak ala biak mihiseari lotuta daudenak iruditeria kolektiboan. Protagonistak haren neska-lagunarekin batera etxean zituzten Zumetaren bi koadro aipatzen dira kontakizunean: “Bereizi eta gutxira jabetu da Koro berarekin eraman dituela Fakirrak Zumetaren bi koadroak. (...) - Zumetaren koadroen bila nator”. Zumetaren Gernika Picassoren koadroa oinarri duen artelanaren ekfrasitzat har daiteke, eta eleberrian Zumetaren zein koadroaz ari diren aipatzen ez bada ere, koadroetako bat hainbeste etxe euskaldunetan aurki daitekeen Gernika izan daitekeela susma genezake, baieztatu gabeko hipotesia bada ere. Bestalde, Gernikaren 1937ko suntsiketari erreferentzia egiten dio Canok Dresden aipatuz: “Dresdenen Gernika berreraiki izan ez balute geratuko zatekeena ikusteak hunkitu ditu, nola zauria ez sendatzea ideia ona izan daitekeen zenbaitetan” (156.orr). Dresden, izan ere, Bigarren Mundu Gerran bonbardatu zuten alemaniar hiria da, indar aliatu estatubatuar eta ingelesek 1945eko otsailaren 13 eta 15 bitartean mila bonbardaketa astunetik gora gauzatu zituzten. Dresdeneko bonbardaketa jendartearen iruditerian gorde da suntsiketa eta gerraren izugarrikeriaren sinbolo gisa. Eleberrian, beraz, protagonistak 80ko hamarkadan garaiko Alemanian zehar eskainitako kontzertuetako bat Dresdenen eman zuen eta hiri hura Gernikarekin konparatzen du biek eskuratu duten ankerkeriaren aurkako balio unibertsala agerian utziz: Gernika, Dresden ez bezala, berreraikia izan ez balitz ikusiko genukeena irudikatzen du protagonistak. Ondorioz, zuzenean ez bada Gernikako bonbardaketaren gertaera historikoa aipatzen ere, suntsitutako Dresden hiriaren eraginez Gernika gogora ekartzean, ezinbestean pentsatzen du irakurleak bonbardaketa hartan. Antzekotasun anitz dituzte Gernika eta Dresdeneko bonbardaketak, biak bihurtu direlako memoria gune esanguratsuak, hala ere, deigarria da nola bateko erasotzaileak, besteko biktimak izan diren: Gernika naziek bonbardatu zuten bitartean, Dresdenen haien aurkako erasoa izan zen. Gernikako bonbardaketa gertaera historiko gisa errepresentatzen dela esan daiteke, hura memoria gune gisa izendatuz, eta, gainera, Gernika koadroa aipatzen ez bada ere, Picasso eta Zumetaren erreferentziek gertaera historikoaren eta alegorikoaren arteko talka erakuts lezake, Canok uko egiten diolako Gernika aipatzeari, koadroa arlo piktorikora murrizteko joera salatu nahian agian. Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). "Harkaitx Canoren Fakirraren ahotsa-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Juan Luis Zabalaren Ospa narrazio liburuko 23 kontakizunetako bat da “Euskadiko oroitzapenak”. Liburuan, oro har, iheserako beharra eta arroztasun sentipenak gailentzen dira, kontakizunak harilkatzen dituen gai komun argi bat ez egon arren. Narrazio honek Madrilgo punki batek haren gaztaroan 80ko hamarkadan Euskadin bizitakoak kontatzen ditu ikuspegi malenkoniatsu, baina era berean, arrotzetik; denboraren igarotzeak eragiten du, kasu honetan, narratzaileak sentitzen duen arroztasuna. Kontakizuna 1.go pertsonan kontatutako aitortza bat da, izan ere, irakurleari zuzentzen zaio 80ko hamarkadan Euskadin ikusitakoaren testigantza eskaintzeko: “orain hurrengoan, zuk Euskadiko nire oroitzapenen berri jakin nahi zenuela esan zenidanean...” (94.orr). 1987ko apirilean, protagonista Gernikara hurbildu zen bonbardaketaren 50.urteurrena dela-eta antolatu ziren ekitaldi eta ospakizunetara bertaratzeko. Urteurrenari igaro berri zen Aberri Egunaren ospakizuna gehitu zitzaion, ondorioz, intentsitate handiko jardunaldiak antolatu zituen ezker abertzaleak Gernikan: apirilaren 16tik 26ra jaialdi erraldoi mitikoa ospatu zen Euskal Nazio Askapenaren Mugimenduaren “Martxa eta Borroka” lelopean. Protagonistak egun haiek ekartzen ditu gogora eta Gernikako bonbardaketa aipatzen du zuzenean: “(...), Madrildik Gernikara joandakoa asteburu bat pasatzera, herri horren bonbardaketaren 50.urteurrena zela-eta antolatu zen mobida handiak erakarrita, eta gero Euskadin gelditu zena bolada batez” (87.orr). Aipuan azaldu bezala, Gernikara joan izanak denboraldi batez Euskadin gelditu izana ekarri zion protagonistari, Oreretan zehazki. Bertan ezagututako istilu, militante, punki eta manifestazioen gorabeherak kontatzen ditu, modu honetan, gatazka ideologikoaren inguruan gogoetatzen du, bai norberak bere buruarekin izan zezakeena eta baita lagun eta kidekoen artean sor zitekeena ere. 1987an ospatutako jaialdiak agerian uzten du Gernika oroimen gune nagusi bilakatu dela euskaldunentzat, iraganeko guda gaurkotasuneko (80ko hamarkadetako) borrokarekin uztartzea lortu baitzen jaialdia Gernika herrian ospatuz. Mundu osoko pertsonak gerturatu ziren jardunaldira, hala nola, ordezkari hegoafrikar, palestinar eta sahararrak, baita Sinn Féin alderdi irlandarreko kideak ere. Honek Gernikak nazioartean ere duen esanahi berezia erakusten du, kasu honetan ere, ez da gertakari historiko hutsa, indar erresistentziako sinbolo unibertsal gisa irudikatzen baita.
Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). "Juan Luis Zabalaren Euskadiko oroitzapenak-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea
Alaine Agirreren Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (2017) liburua egilearen amari egindako gorazarre huts bat baino gehiago da. Egilearen eta haren inguruko pertsonaien historia igarotzen duen nobela bat da, bizipenen collage bat: batzuk intimoak, besteak egunerokotasunekoak, beste batzuk sakonagoak... Protagonistak bere haurtzaroko eta gaztaroko pasadizoak aurkezten ditu, lehenengo pertsonan, zenbaitetan bigarren pertsona bati, bere amari, zuzenduz. Denboran salto egiten duten istorio sinple eta laburren bitartez, protagonistaren zein bere familiaren iragana ezagutuko dugu: amaren gaixotasuna, aitona-amonen kontakizunak, ahizparekin izandako tirabirak... Egunerokotasunean oinarritutako istorio horiekin batera, Bermeoko emakume honek izandako kezken eta gaixotasunaren zantzuak ikus ditzakegu. Narrazioa aurrera doan heinean, eta zehazki bigarren atalean, gehiago jakingo dugu gaitz honi buruz. Atal honetan, gainera, egileak 3. pertsona baliatzen du, bere burua ‘haurra’ deituz, bai bere haurtzaroko pasarteetan, bai bere helduarokoetan (“Pasatu dira hamabiak eta jada hamabost urte ditu haurra ez den haurrak. Nerabeak.” (127.or.), “Jada emakumea den haurra ospitalean ingresatuta” (135. or.)...). Pertsonaia beraren hauskortasuna adierazteko baliabidea izan liteke. Bestalde, aipatzekoa da nobelako pertsonaiek ez dutela izenik, letren bitartez izendatzen baitzaie: A, W, P, I... Hau bizipen pertsonaleko adibide zehatzetatik nolabait edonoren historia izan zitekeela transmititzeko erabil lezake. Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama nobelako bi gai nagusiak osasun mentala eta amatasuna dira. Alde batetik, protagonistak antsietatea, depresioa eta bulimia borrokatzen dituen bitartean, bere inguruko pertsonaiek haien barne-borrokak dituzte ere, hala nola, bere aitaren hutsune existentzialak edota amonaren depresioa. Baina, nahiz eta familian gaitz mentalek presentzia handia izan, nabaritzen da pertsonaiek tabu bat bezala bizitzen dituztela. Bestetik, amatasunak garrantzi handia dauka kontaketan. Protagonistak bere amarekin izandako erlazioan sakondu egiten da, baita ama honek bere amarekin izandako erlazioan ere. Horrez gain, amatasunarekin datozen gorabeherak aurkezten dira: erditze ondorengo depresioa, beldurrak, segurtasun faltak, umeak zaintzeko ardura, ama izan nahi eta ezin izatea... Gainera, kontakizunaren azken atalean izenburuari erreferentzia egiten dion “bigarren erditzea” kontatzen da: amak bere alabari egindako zaintzak bere gaixotasun garaian, lehenengo erditzea baino hogei urte geroago. Amaren laguntzari, maitasunari eta sendotasunari egiten zaie gorazarrea. Gernikako bonbardaketa familiaren iraganera bidaiatzen duten pasarteetako batean aipatzen da, hain zuzen ere, protagonistaren amona txikia zeneko batean. Amonak begia zauritzen du eta Lekeitiotik Bilbora eraman behar dute. Bidean, Gernikatik pasatzen dira, eta horrela deskribatzen du egileak bonbardaketak egindako sarraskia: “frontoia bakarrik ikusi zuten: bonbardaketaren ondorioz ez zen ezer geratzen: ez arima, ez bizi” (78. or.). Badakigu ez zela Gernikako herri oso-osoa suntsitu eta bonbardaketaren bizirauleak egon zirela, baina deskribapen horren hiperbolea baliagarria da gertakizun horrek eragindako hutsunea eta suntsipena adierazteko. Gainera, bonbardaketa aipatzeak amonaren haurtzaroa historian kokatzen du, gerra eta gerraosteko garaian, hain zuzen. Testuinguru historiko hartako zantzu gehiago daude pasarte horretan zehar. Izan ere, amonak begia galtzen du eta zailtasun handiak izaten ditu prozesuan: “ez zegoen penizilinarik, kontrabandoan eta oso garesti erosita ez bazen”, “bolada batez zuloa (begikoa) bete gabe eduki zuen. Izan ere, gerra bukatu berritan zegoen, eta Alemaniatik ekarri behar zioten kristalezko begia” (79. or.). “Galdetu diot amonari ea ez ote zaion traumarik geratu, guraizeen, kolpearen eta begien kontu horrekin” (79. or.). Amonaren trauma gorpuztuta agertzen da: galera fisikoa (begiarena) ez da ordezkagarria, alemaniarrek gerran egindakoak (Gernikako bonbardaketa) konponezina den bezala. Hala, paralelismo bat gertatzen da amonaren begi galduaren eta Gernika herri galduaren artean.
Nola aipatu: Diez, Leire (2025). "Alaine Agirreren Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basean.
Idazlea bera protagonista den narratzaileak jaio zen urtetik (1947) 1960ra bitarteko Euskal Herriaren edo zehazki, Donostiaren errealitatearen irudia narratzen du haur baten ikuspegitik, belaunaldi oso baten haurtzaroa erretratatu nahian, autoreak aitortu moduan sarrerako hitzetan. Modu autobiografikoan idatzitako kontakizunak protagonistaren haurtzaroaren eta haren familia-harremanen berri ematea du helburu; hala, garaiko egoerak, hots, frankismoak, neskato euskaldun baten bizitzan zituen ondorioak islatzen ditu. 1947an du hasiera kontakizunak, gerra oraindik arnasten (11. or) den unean eta senideen aurkezpen labur baten ondoren, liburua gaika (argazkika) antolatuta dago: Eliza, gorputza, arropa, ikatza, Franco, dirua, euskara, jolasak, mutilak eta neskak, baserria, jatekoak eta ikasketak. Garaiko familia abertzale eta langileen irudi tipikoa den familia dugu narraziokoa: aita abertzale euskaldun gudaria zen, baita etxeko eredu eta erreferente ere. Euskararen eta Euskadiren aldekoa izanda, adinak utzi ez bazion ere, Eusko Alderdi Jeltzalearen alde egiteko fusila hartzeko zalantzarik ez zuen izan (17. or), espainiar estatuaren aurka eta Francoren diktaduraren aurka baitzegoen. Ama mendigoizalea, abertzalea eta kristaua zen, etxeko rola zein zuen garbi izanda ere, diru-sarrerarik ez zen unean zeregin hori berak hartzeko zalantzarik izan ez zuena. Seme-alabak hiru ziren: ahizpa zaharrena, protagonista bera eta anai gazteena. Anaia gazteena izanagatik ere, bera zen maiorazgo eta beraz, berak zituen pribilegioak: batxilergoa egin zuen bakarra zen anaia, jantziak berarentzat soilik eginak ziren eta jatekoan ere, aitaren aurretik aukera lezake (111. or). Liburuak gaiaka sailkatzeak badu bere arrazoia, gai horiek baitira garaiko gizartea baldintzatzen zutenak. Hasteko eliza, zeina familia guztietan presente zegoen, garaiko euskal gizartearen oinarria zen, denak baitziren fededun. Ondorioz, elizari dagokion pasartean ez ezik, beste pasarte ugaritan ere badu presentzia Elizak garaian zuen boterea argi eta garbi islatuz. Urre gorria bezain preziatua zen dirua (95.or) ez zegoen soberan etxean, baina igandetako elizkizuneko lismosna ezin zen ahaztu inoiz. Mutilak eta neskak jaiotzetik ziren desberdinak, bai arropan, bai jarreran, bai zereginetan eta baita hezkuntzan ere eta hau kontatzen du idazleak modu naturalean. Familia hiritarrak bazuen familia landa-eremuan eta ondorioz, bazuen baserri munduarekin lotura. Bertan ere beste taldekoa izatearen sentimendua bizi zuen protagonistak: etxeko-lanetan laguntzen zuen hirian eta baserrian baratzan, gurasoak gainean zituen batean eta bestean askea zen, jakiak desberdinak ziren batean eta bestean, baita euskararen erabilpena ere, landa eremuan euskara baitzen hizkuntz bakar. Baserritarren eta kaletarren arteko talkak errepresentatzen dira modu xume batean, euskal gizartean oso presente dagoen gaia oraindik ere. Neskek oinarrizko hezkuntza nahikoa zuten askoren ustez etxekoandretzara bideratuta baitzeuden. Arantxaren gurasoek, ordea, muga hori gainditu egin zuten eta etxeko neskek ofizio baten jabe egitera behartu zituzten, zeina Arantxaren kasuan zorioneko ofizioa izango zen. Urretabizkaiak memoria ariketa bat egiten du, belaunaldi baten haurtzaroa irudikatu nahi du bere ikuspegitik eta bere moduan, memoria kolektiboa dela baieztatuz eta euskal iruditeria kolektiboak gordeta dituen argazkiak erretratatuz.
Nola aipatu: Aizpuru, Amane (2025). "Arantxa Urretabizkaiaren Zuri-beltzeko argazkiak-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basean.
1936ko uztailak 19an, Gerra Zibila hasi eta biharamunean, Nazario indiano zaharra Eltzu herriko Ibero ostatuan zegoen, betiko legez, Beñat Mandazen gaztearekin. Errepublikaren aurka matxinatutako militarrek milizia zibilak antolatu zituzten herrietan barrena lan zikinak burutu zitzaten. Xantosek Eltzura heldu berri ziren miliziano batzuei ostatua eman zien, eta Iberon bertan azaldu zieten egitear zeudena: boluntarioak bildu nahi zituzten gerrarako, eta gudan borrokatzeko prest ez zeudenek Erriberara joan beharko zuten garia moztera. Horrela, milizia zibilekin kolaboratzera behartu zuten ezer txarrik gertatzea nahi ez bazuen, eta gaua heldu zenean, lehen herritarra, Karmelo Laskurain, atxilotzera abiatu ziren. Fusilamenduaren momentuan, Doneztebek eta bere morroiek balak kendu zizkioten haien armei, Xantosek bakarrik tirokatu eta erailketaren errua bere gain bakarrik har zezan. Eltzu eta Baztan inguruko herrietatik hamahiru boluntario bakarrik bildu zituzten Erriberara garia moztera joateko. Erriberako hainbat herritatik sakabanatu zituzten mutilak, eta Beñatek Bardeetako Harpezar herrian bukatu zuen. Herrian bakarrik utzi zuten militarrek, inoren laguntzarik gabe, baina ezezaguna ikustean, Beterre lurdunak kobazuloetan lo egiteko lekua eskaini zion. Koban bakarrik gelditzean, zarata arraroak entzuten hasi, eta beste pertsona batzuekin topo egin zuen, CNTko kide ziren Hize, Toño eta Mikelekin, zeinak gauero kobara zihoazen lurpean ezkutatuta zuten Arturo lagunari, CNTko buruzagi zenari, jakiak eta ura eramatera. Hurrengo goizean, garia moztera joan zenean, herriko enparantzan lan eske ari zen jende andanarekin topo egin zuen, eta guztien irainak eta mehatxuak jaso zituen dohainik lan egitera bertaratzeagatik. Lan-egoera arrotza ikusirik, liskarra eduki eta biharamunean, plazara joan zen Beñat, beste guztien antzera, itxarotera. Ugazabak heldu zirenean eta berari musu-truk lan egitea zegokiola aurpegiratu ziotenean, berak herritar guztiek lana izan arte plazan itxarongo zuela argudiatu zuen. Lurdunei aurre egitearren, kobazuloetan bizi ziren familia txiroek afaltzera gonbidatu zuten, Beterreren morroi zen Laxok, alegia. Beñat bere kobazulora itzultzean, Hizek Toño eta Mikelen desagerpenaren berri eman zion. Hizek eta Arturok amodiozko harremana mantendu zuten Arturok lurpean gorde behar izan zuen arte. Hala ere, Hizek eta Beñatek ezkutatu ezin zezaketen erakarpena zuten, eta Arturori egindako bisita baten ostean, amodioa egin zuten. Goizaldeko ordu txikietan lagundu zuen Beñatek Hize herrira. Osteratxoaren ondoren, Beñat bakarrik itzuli zen kobara. Hurrengo goizean, Beterreren morroiak, Laxok, esnatu zuen, eta lan egitera joan beharko zela esan zion: bere bila zebiltzan lurdunak eta miliziano frankistak sortzen zebilen iskanbilagatik. Horrela, Beterreren lurretara heldu zenean, Beterrek kontatu zion bere bila joandako frankistek Hizerekin ikusi zutela. Edonola ere, Beterrek laguntzeko prest zegoela aitortu zion, eta horretarako, garia moztera joaten jarraitu beharko zuela. Egun berean, Kasimiro apaiza Harpezarrera heldu zen Beñatentzako gutun garrantzitsu batekin; gutunak zioenez, Iribas jauna hilzorian zegoen eta Beñati agur esan nahi zion. Iribas jaunak, Beñat mugan tratalari izandako garaian, lan asko enkargatu izan zizkion. Gari-galerekin batera abiatu ziren Iruñerantz. Bidaiak hiru egun iraun behar zuen; alabaina, azken egunean, Beñat Ibargoitiko gatzagan geratu zen, gatz-salmentaren bidez bidaiaren justifikazioa edukitzeko. Bertako jabeek, Sabinok eta Hoxpantonik lana eta afaria eskaini zizkioten, baita lo egiteko lekua ere. Gau horretan, miliziano talde bat agertu zen etxean Harpezar herritik gari-galerekin heldutako mutil batengatik galdezka; Sabinok gezurra esan eta ez zuen Beñat salatu, Beñaten egoerarekiko errukitu baitzen, besteak beste, gatzagako familiaren semea desagertuta zegoelako. Zorionez, milizianoen buruzagia protagonistaren Eltzuko txikitako laguna zen, Luis Taberna Eskailu, eta horrek bere alde egin ahalko zuela pentsatu zuen. Gatzagako gurasoek gauza bakarra eskatu zioten trukean: haien seme Ximon Ezpeletari buruz edozer jakitekotan, haiengana jo zezala informazioarekin. Hala ere, hurrengo goizean Beñat Iruñerantz abiatu eta gutxira, milizianoak topatu zituen bere zain. Nahiz eta Beñatek Harpezar herrian egon ez zela argudiatu, ez zioten sinetsi, eta Moreara eraman zuten atxiloturik. Morea ukuilu batean egindako tortura-gela basatia zen, zeinetan atxilotuak, abereen gisara, hormei lotuak edukitzen zituzten. Gelako zaindari zen Teodoro Lopez Sanz kriminal ankerra zen, eta arrazoirik gabe jipoituz ibiltzen zen. Atxilotuak protestatzen hasi ostean, torturatzailea biziki haserretu eta Luis Tabernari eskatu zion norbait “paseo”ra eramateko, ingurukoak kikiltzeko asmotan: Ximon Ezpeleta eraman zuten. Ximon erailtzen zuten bitartean, Beñat beste gela batera eraman zuten, konfesio baten esperoan, bortizkiago torturatzera. Beñat hilzorian zegoela, Luis Tabernaren ezizena ahoskatu zuen, eta Beñat ezagututa, torturak eten zituen milizianoak. Luis Taberna eta bere miliziano taldearekin batera heldu zen Beñat Eltzura, Erramun Mandazenen egun bertsuan. Erramunek Beñat umezurztegitik atera eta bere baserrian hartu zuen gaztetan, eta haatik, aita-semeen harremana zuten. Heldu ziren egunean, hankaz gora jarritako Eltzu batekin egin zuten topo: Ibero ostatua milizianoentzako etxe bihurtuta zegoen eta Nazario zaharra eroetxera bidali zuten; Teresa kaleetan barrena zeramaten milizianoek, ilea larru-arras moztuta eta gorozkiz zikinduta, Xantos ezkutatua edukitzeagatik zigorturik; gainera, herrian hamahiru bat pertsona erail zituzten, haien artean, Xantos alkatea bera. Beñatek Teresa defendatu zuen, eta eztabaidan hasi ziren Eltzuko plazan. Bi milizianok Beñaten kontra egitean, Mattin eta Erramunek Beñat gaztea defendatu zuten. Herriko plazan hil zituzten tiro banaz Beñaten defentsan ateratakoak, baina borroka horretan, miliziano gazte bat hil zuen Erramunek, Alontso. Luis Taberna Iruñera abiatu zen Eltzuko egoera salatzera, Eltzuko milizianoak ez omen baitziren eginbeharra betetzen ari. Bakarrik geratu zirenean, Teresa Beñati sexu-harremanak edukitzeko tematu zitzaion, ez baitzuen esperientzia hori bizi gabe hil nahi. Beñat Teresaz errukitu zen, eta betiere Hize Oxoarekin oroitzen egingo zuela erantzun zion. Alontso hil ondoren, milizianoak Beñaten bila zebiltzan; baina, Teresak Beñat Xantosen gordeleku izandako dorrean ezkutatu zuen, herriko plazan bertan zegoen dorrean, hain zuzen. Teresak, janaria eta ura igotzera joan zitzaion egun batean, aulki batera lotu zuen Beñat sokaz, eta bertan bortxatu. Bitartean, Harpezar herrian jarraitzen zuen Hize haurdun zegoen, eta ezbeharrak etengabe jazotzen ziren: bere aitak bere buruaz beste egin eta milizianoek etxea erre zioten. Gaztetako lagun batengana jo zuen laguntza eske, eta Maliku lagun eta maitale ohiak etxea eskaini eta Arturoren ardura hartu zuen Hizek Iruñera ihes egin zuenean Beñaten bila. Egunak eman zituen Beñatek bakarrik dorrean, aulkiari loturik eta ezer irentsi gabe. Saiakera askoren ostean, dorretik ihes egitea lortu eta Karmelo Laskurainen familiaren etxera jo zuen lehenik. Behin familiak salda eta ohea eskaini zizkionean, Iparralderako bidea hasi zuen, Ainhoara heldu arte, kontrabandista izandako garaietako lagunengana. Ainhoako ostatuan, Mitxel lagunak matrikula frantseseko kotxea eta dokumentu berriak prestatu zizkion, horrela, Hegoaldera itzuli ahal izateko. Ordurako, Hizek egina zuen Eltzurako bidaia, behin Iruñetik pasatuta. Eltzura heltzean, Beñatengatik galdetu eta milizianoek udaletxean inprobisatutako galdeketa-gelara eraman zuten: bertan, Beñat milizietako kide zela esan zioten Hizeri, baita Beñati buruzko ezer jakitekotan harremanetan jartzeko eskatu ere. Hala, Hize Harpezarrera itzuli zen, Beñat ustezko milizianoarekin fidatu izateagatik sakonki damuturik. Hain atsekabeturik heldu zen Hize Harpezarrera, non egun-argiz abiatu zen Arturoren gordelekura gertatutako guztia aitortzera. Heldu zenean, Beñatekin bizitakoa azaldu eta gerra galdurik zutela onartu zion. Arturok bere buruaz beste egin nahi zuela esan eta laguntzeko eskatu zion: bere kabuz urkatzeko sortutako mekanismoa erabili ostean, Hizek buruan tiro egitea nahi zuen. Hizek, hasieran, hori egiteko gai ez zela ulertarazi nahi zion, baina Arturoren jarrera irmoa ikusirik, amore eman eta eskakizuna onartu zuen. Arturori tiro egitean sabelean zeraman umearen jaiotzak zentzurik ez zuela pentsarazi zion. Are gehiago, kontuan harturik Beñat, CNTko kideen informazioa zuen milizianoa, umearen aita zela eta Harpezar herrian etorkizun posiblerik geratzen ez zitzaiola. Horrela, pistola hartu eta bere sabelari egin zion tiro Hizek, eta zuloan bertan hil zen Arturoren parean. Herrian zegoen Malikuk tiroak entzun eta kobazulora bertaratu zen arduraturik. Heldu zenean, Hize eta Arturo zuloan zendurik ikusi zituen. Behin ezpeletarrei haien semearen erailketaren berria helarazita, Harpezarrerantz abiatu zen, eta kobazuloan egin zuen topo Malikurekin. Malikuk, Beñat ezagutu zuen garia moztera etorritako garaitik, eta Hize eta Arturo zuloan hilda zeudela esatearekin batera leporatu zion miliziano izatea. Beñatek baieztapena gezurtatu eta sinesgaitz gelditu zen errealitate gordinaren aurrean. Hize Oxoarekin amestutako bizitza zapuztuta ikusirik, azken aldiz joan zen Nazario indianoa agurtzera, milizianoek bidalitako Atarrabiako eroetxera.
1965eko abuztuaren hamabostean, hamasei urteko apaizgai protagonista udako bazkalondo sargorian dago familiarekin solasean. Protagonistak aurrera eta atzera egiten du memorian, umetako zein gaztetako kontuak gogora ekarriz, gurasoek ere haien gerra-bizipenak kontatzen dituzten bitartean. Beraz, plano narratibo nagusia, abuztuaren hamabosteko bazkalondoko planoa, aita-semeak hitz egiten eta ama-alabak garbitzen ari direla hasten da. Aitak, enegarrenez, gudari izandako garaiak ditu mintzagai, Ziskar itsasontzian borrokatu eta Agirre lehendakaria ezagutu zueneko aldia, hain zuzen. Protagonista umetako bizipen gazi-gozoekin oroitzen da: Ingelesen hilerrian lagun-taldeak Xalbador gizajoa txabolan bahitu ostean, guardiarengandik ihesean teilatutik jausitako aldia; bost urte zituenean aitonarekin Lucero zaldi kuttuna ikusteko ohitura; Los Angeles eskolako kontuak; eta seminarioan Jon lagunarekin bizitakoak, besteak beste. Baina, oroitzapen guztiei gai hartzen diena, heriotza da, Lucero zaldiaren heriotzarekin batera. Amak istorio alaiagoak kontatzeko eskatu arren, aitak ez du amore ematen, eta Bartzelonako eta Gernikako bonbardaketak bizi izan zituela kontatzen du: Bartzelonara arrantza egitera heldu eta bonbardaketak bere lagun guztiak bertan hil zituela, eta Gernikan, ozta-ozta atera zela bizirik, familia bisitatzera Lekeitiora bidean zihoala (oroimen gunearen errepresentazio historikoa). Gerra Zibileko eta frankismoko miseria agerian uzten duten kontaketen artean, protagonistaren gogoak salto egiten du arrantzaren gorabeherengatik aita langabezian geratu zeneko aldira. Aitaren istorioekin tartekatuta datoz bazkalondoko abestiak, eta hortxe hasten dira bi arrebak dantzan sukaldean, ohikoa duten bezala. Musikak eta dantzek Yosune arrebaren ezkontza egunera eta Maitek Konstituzio Plazan dantzatutako aldietara daramate protagonista, immigrante espainolekin izandako liskarretara, alegia: ezkontza egunean, Yosuneren senar Robertoren familia espainolak soilik abesti euskaldunak abestea aurpegiratu zienean; eta Konstituzio Plazan Maiteren mutil-lagun Kit Carson Maiterekin ligatzen zebilen gizon espainol batekin haserretu zenean. Protagonistak seminarioan bizitakoak kontatzen ditu batez ere, don Fernandorekin zuen konplizitatean sakonduz. Seietan, gurasoak lo-kuluxkan daudela, Maiteren mutil-laguna bere bila etorriko da, osteratxo bat egiteko. Arantxari ere etxetik joateko ordua helduko zaio ere, eta elizarantz abiatuko da lagunartean. Protagonistak, berriz, Paseo Berrirantz joango da egurastera. Galernari iheska, Aquariumaren ondoko ermitan babestuko da. Orduantxe, Marisarekin akordatuko da, bere umetako amodioarekin: hamar urterekin, Paseo Berritik lasterketa bizian zebiltzala, protagonistak neskatilari bere neska-laguna izango ote zen galdetu zionekoa. Puska batean ez du atertuko eta protagonistak ezin izango du Marisa burutik kendu: bere artean esango dio ez duela Jaungoikoa azkeneko aldiz bisitatuko, lehenagotik pentsatuta zuen bezala.
Arrazoi ezberdinengatik deserrian bizi diren bi euskaldunen bizitzak Londresen gurutzatzen dira: Ibaik Euskal Herritik ihes egitea erabaki du bere bikotekidea koman utzi duen istripu baten ondoren, egoera jasanezina zaiolako; Peru, aldiz, deserrian bizitzera behartu zuten Gerra Zibila hasi eta Habana itsasontzian Ingalaterrara bidali zutenean. 1937ko maiatzean atera zen Habana lurrunontzia Santurtzitik Southamptonera ia lau mila umerekin. Itsasontzi hartan joateko baimena eman zioten Peruri, hamabost urte bete berri zituen bere anaia Manueli ez bezala, eta horrela, Peru bakarrik abiatu zen herrialde berrira, hamabi urte besterik ez zituela. Southamptonetik Stonehameko kanpamentura eraman zituzten, eta geroago, Bray Court koloniara. Hasieran hiru hilabeteko egonaldia izango zena bederatzi hilabetekoa bihurtu zen, Francok umeen itzulera eskatu zuen arte, Espainiako egoera egonkortu omen zen aitzakiapean. Euskal Herrian familia zain izango zuten umeen zerrendan ez zen Perurena ageri: nagusitan jakingo zuenez, bi gurasoak hilko zitzaizkion gerran; aita, frontean; eta ama, gerrako trauma psikologikoagatik. Gauzak horrela, inork ezin zuenez Peruren zaintza bere gain hartu, Londresko familia batek hartu zuen hemezortzi urte bete zituen arte. Urte haietan, Manuel izebaren etxean bizi izan zen baldintza oso prekarioetan; izan ere, izebaren soldata murritzarekin biziraun behar zuten Manuelek, izebak eta bere lau lehengusuek. Adingabea izateari uztean, Peruk Euskal Herrira bueltatzeko plana zuen, baina familiak ez zionez itzultzeko proposamenik egin, Londresen jarraitzea erabaki zuen. Beraz, lanean hasi eta bere lekutxoa bilatuz joan zen hiri handi hartan: Trafalgar Squaren bere emaztea bihurtuko zena ezagutu eta berrogei urtez batera bizi izan ziren, Peru alargundu zen arte. Emaztearekin bizi izan zen urte haietan, ez zuen deserrian zegoenik sentitu; baina, emaztea zendu zenean, sustrairik gabeko zuhaitz baten sentsazioa itzuli zen bere bizitzara. Ibai eta Maialenen plano narratiboa, aitzitik, 1999an kokatzen da, eta Ibaik eta Maialenek goizaldeko ordu txikietan ondoko herrietako jaietara bidean bizitako kotxe-istripuaz geroztik jazotakoak ditu kontagai. Ibaik Londresera egin zuen alde, egoerari aurre egin ezinean baitzegoen, eta hilabete batzuk igaroko ditu bertan, hautazko deserrian: Peruk egunero bisitatzen duen kafe-etxean egiten du lan eta soberan dituen gainontzeko orduak edanean pasatzen ditu. Bitartean, Maialenek koman jarraitzen du, bere ahizpa Sara eta gurasoen zaintzapean. Deserriarekiko jarrera pasiboa iraultzen dute Peruk eta Ibaik elkar ezagutzen dutenean: orduan erabaki behar izango dute deserrian jarraitu ala deserriari amaiera jarri nahi dioten. Ibaik ezin du Euskal Herrira itzuli Maialenek koman jarraitzen duen bitartean, eta barkatuz beteriko gutun askoren ostean, horietako batean azaltzen dio Maialeni zelan heldu bere kokapen berrira, Argentinara. Deserriz deserri bizitzea erabakiko du Ibaik, herria non duen ondo jakinda ere. Ostera, Peruk hirurogeita bi urte daramatza Ingalaterran, eta ez daki zein den bere aberria: Londresen euskalduna da, baina denbora gehiago daraman han Euskal Herrian bizi izandakoa baino. Elkarrizketa luzeen ostean eta anaiari hala esan ondoren, hegazkina hartu eta itzuli egingo da. Lurreratzean, ez doa inor bere bila, eta berak ez du babes eman dakiokeen lekurik ezta pertsonarik ere ezagutzen. Deserriari bukaera jarri nahi dionean, bakarrik aurkituko du bere burua ustezko aberrian.
L. Caracasera heldu berri da bere militantzia-kide den Amak zeregin bat burutzera bidali ostean. Amak bere seme-alabei gutunez osatutako koaderno gorria helaraztera bidali du L, bere erbestealdiaren eta elkarrekin ezin egotearen arrazoiketaz beterik dagoen koadernoa helaraztera, alegia. Gutunen egileak, Amak, zazpi urte daramatza bere seme-alabak ikusi gabe, haien aitak Venezuelara eramatea erabaki zuenetik, Amaren egoera politiko arriskutsutik urruntzeko asmoz edo. Gauzak horrela, Amak urte luzez ez du ezertxo ere jakin bere familiaren inguruan, seme-alaben aitak horrela nahi izan baitu. Amak Beñat eta Miren seme-alabak azkenekoz ikusi zituenetik zazpi urte igaro eta gero, umeen amonak Amari aitortu dio familia non dagoen, Caracasen hain zuzen. 1990ean hasten da Ama gutuna idazten, umeen bizileku berria ezagutu bezain laster, Mirenek hamahiru eta Beñatek hamar urte dituztenean, eta Mirenen jaiotzetik gaurdaino bizitakoak ditu kontagai. Besteak beste, Donostian bizi zireneko garaia, zeinetan laurak amonarekin egoten ziren; garai goxo eta ilunak kontatzen ditu, beti alaba eta amonarengan, erreferente femeninoetan modu berezian sakonduz. Idazten bukatu eta egun batzuk beranduago bidaiatzen du L-k Venezuelara, eta abentura horretan, koaderno gorria izango du bidaide: koadernoa irakurriz Amaren egoera sakonkiago ezagutzen du, Ama militanteak ezkutuan mantendutako irudi xamur eta amatiarra deskubritzen baitu. Heldu bezain pronto, L-k umeak aurkitu dituela jakinarazteko gutuna idatzi dio Amari: eskolan aurkitu ditu, aita haien bila kotxez joan denean, ume bat eta itxuraz amaordea den emakumearekin batera. Hurrengo egunerako kotxe bat alokatzen du L-k, eskolatik irteterakoan umeak jarraitu ahal izateko. Biharamunean, atzetik jarraitzen ditu Caracas osoan zehar, San Luis izeneko toki batera heldu arte, Beñat eta Miren familiarekin bizi diren etxera arte, alegia. Informazioa lortu duelarik abiatzen da berriro hotelerantz. Familiaren bizilekua ezagutu duenez, hainbat saiakera egiten ditu informazio gehiago lortzeko. San Luisera hurbiltzen den egun batetan, furgonetan zihoan emakumeari hainbat galdera egiten dizkio, udaletxeko funtzionarioaren plantak eginez eta auzoa hobetzeko galdetegi bat egin nahi ziola arrazoituz. Emakumeak hiru seme-alaba dituela ihardesten dio: beraz, aita berriro ezkondu eta familia berria osatu duelako susmoa argitu du L-k. Asteburua aprobetxatuz, Macuto herriko hondartzara arte segitzen du L-k familia, eta Mirenengana gerturatzekotan egoten da neskatoa bakarrik geratzen den momentu batean. Hala ere, arriskutsuegia dela pentsatzen du, eta hotelera itzultzen da. Bere logelara bueltatzen den guztietan bezala, koaderno gorria irakurtzen hasi eta geroz eta hurbilago sentituz doa Amaren esperientzia latza. Egunak aurrera doaz eta L-k ez du zirrikiturik topatzen Miren edota Beñatekin nolabait komunikatzeko. Inondik inora espero ez duela, osteratxo bat ematera doa egun batean, eta taberna batetan zinemagintzan aritzen den gizon bat ezagutzen du, eta zirrikitu posible bat otutzen zaio: eskolan erreportaje bat egiteko aitzakiarekin sartzea, eta Miren eta Beñatekin mintzatzeko momentu aproposa aurkitzea. Gizona ezagutu eta gero, afaltzeko hitzordua zehazten dute hurrengo egunerako: L-k gizonari ume batzuen informazio bila dabilela azaltzen dio, eta, gizonak, galdera askorik egin gabe baietz esaten dio laguntza eskakizunari. Bi aste betetzen ditu L-k Caracasen gutun urgente bat jasotzen duenean. Gutunak Sabana Grandeko Golden Kafetegian elkartzeko premia dutela esaten dio, eta egun bereko arratsaldean elkartzen dira. Hitzorduan azaltzen den gizonak Amaren gutun bat luzatzen dio L-ri, kafetegian edaria behin bukatuta jendartean murgiltzen direnean. Gutunarekin batera, Amak L-ri eskatzen dio umeei koaderno gorria eman baino lehen orain jasotako gutuna ematea, aitzinsolas gisara. Hurrengo egunean, zirrikitutik muturra sartzen saiatzeko asmotan, eskolara hurbiltzen da erreportajearen kontuarekin jarraitzeko. Hara heltzean, aldiz, bertan dagoen mojak hiru eguneko oporraldia dutela esaten dio. L-k, denbora gehiago xahutzeko asmorik gabe, San Luisera jotzen du lehenengo, Beñat eta Mirenen bila, eta jaieguna dutela ohartzean, segituan jartzen da martxan Macutorantz. Hondartzan agertzen denean, ez du familia aurkitzen, eta ukitu malenkoniatsuaz ibiltzeari ekiten dio urertzetik. Bat-batean, Miren aurkitzen du arroka batzuetan, eta L-k ezer esan baino lehen, umeak mezulariari erdaraz galdetzen dio Amak bidali ote duen. L-k baietz erantzun eta solasaldia luzatzeko denborarik gabe gelditzen dira amaordea Mireni deika hasten zaionean. Umeak biharamuneko arratsaldean berriro elkartzeko eskatzen dio, eta duda izpirik gabe onartzen du gonbita L-k. Mexikarrarekin afaltzen du egun horretan ere, eta erreportajea ez dela beharrezkoa izango azaltzen dio, bere kabuz alabarekin hitz egitea lortu baitu. Hurrengo egunean, Mirenek Amak behar zituen azalpenak ematen dizkio L-ri: lehenengo, aitak Mexikora eraman zituela neba-arrebak, eta geroago Venezuelara; baita Ama hilda zegoela esan ziela ere, nahiz eta Mirenek sinetsi ez. Beste gauza askoren artean, Amaren kezka nagusietako bat ere baretzen du umeak: aitaren emazte berria ez dute ama deitzen. Aitzitik, euskara galdua duela aitortzen du Mirenek, eta L-k koaderno zein gutunak erdarara itzuliko dituela hitz ematen dio. Gutunak emateko hurrengo hitzordua eskolan finkatzen dute, aitak ez baitu ezeren susmorik izango. Berriz ere eskolan elkartzen diren arte, L-k gutun guztiak itzultzen igarotzen du denbora. Hala ere, elkartzen direnean, Mirenek uko egiten dio L-k itzulitako testua hartzeari, euskaraz bada ere Amaren ahotsa ulertzeko gai izango dela irmoki sinisten baitu. Azkenean, Mirenek Amarentzako gutun bat duela eta hurrengoan elkartzen direnean eman nahi diola azaltzen dio, baita azken kontu bat aitortu ere: hamazortzi urte betetzen dituenean, Amaren bila joango dela eta betirako batera egongo direla.
Nola aipatu: Bereziartua, Izaro (2024). "Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria-ri buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea.
Unibertsitateko Literatur Kritika ikasgaiko irakasle den Isabeli, ikasleen artean, preso politiko bat egokitu zaio, Nerea. Nerearen egoera penala dela medio, klaseak gutun bidez antolatzen dituzte, ikasle presoa Pariseko Fleury-Merogis kartzelan baitago. Gutunek ikasgaia jorratzeko balio diete hasieran, baina harreman epistolarrak aurrera egin ahala, adiskide bihurtzen dira. Izan ere, Nerearen gutun bidezko presentzia bihurtuko da Isabel abandonatu zuen Luis senarraren absentziaren kontrapuntu. Kurtsoa hastearekin batera jartzen dira martxan gutun bidezko klaseak, irailean. Lehen gutunetan, maitasunari buruz mintzo dira, beste gauza askoren artean. Gogoeta horietan, Isabel bere seme-alabekiko, Ander eta Sararekiko, maitasunari buruz mintzatzen zaio, baita Luis aitaren abandonuaren ondorioez ere. Tartean, bakarrik sentitzen dela aitortzen du Isabelek, baita Nereari, elkarri idatzi ahala, berarekin maitemindu dela aitortu ere. Isabelek, baina, bere burua Nerearengandik izugarri urrun ikusten du: Nerea ETAn sartzeagatik kartzelan bukatu duen ikaslea da, eta Isabel, aldiz, gorabeherak alde batera utzita, eroso bizi den ama eta funtzionarioa. Ezberdintasunak erabaki politikoei egozten dizkio Isabelek, berak ez baitu presoen egoera ezagutu nahi izan. Hala ere, Nerearen egoera zenbat eta gertuagotik ezagutu, orduan eta gehiago txertatuz doaz bere errealitatean lehen urrun mantentzen saiatutako arazo horiek guztiak. Abendua heltzean, Nerearen abokatuak Isabeli Pariseko epaiketara Nerearen alde deklaratzera joan dadin eskatuko dio. Bertan ezagutuko dute lehen aldiz elkar bi “maitaleek”. Aste batzuen buruan, epaileak sententzia argitaratzen du: Nereari zazpi urteko zigorra ezarri diote. Hala ere, sententzia argitaratu aurreko bi urteko kartzelaldia eta Unibertsitateko klaseetako jarrera ona kontutan izanda, bi urtetara murriztuko diote kartzelaldia. Nerea aske utziko duten eguna zenbat eta gertuago, ordea, sendotu ordez, gero eta hauskorragoa bilakatuko da bien arteko harremana (lau urtekoa); gutunen muga zeharkatzeko ezintasunak dituztela itxura duelako. Besteak beste, Nerea idealizatu duela jabetuko da Isabel, zirrara sorrarazten dioten liburuetako pertsonaiak idealizatzen dituen legez. Azkenean, baina, kartzelatik ateratzean Nerea aldenduko da Isabelengandik. Ez dio abisatu ere egingo kanpoan dagoenik. Zer gerta ere, Isabelek idazten jarraituko dio, lagun bat galdu duela eta bakarrik utzi duela azpimarratuz; Luisek egin zion antzera. Isabelek Nereari bidalitako azken gutunean, Ander semearen atxiloketaren berri emango dio, aitortuz, damu dela hasiera batean preso politikoen egoerarekiko zuen jarreraz, errepresioa behin ere baino gertuagotik bizi duen honetan.
Nola aipatu: Bereziartua, Izaro (2024). "Laura Mintegiren Nerea eta biok-i buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea.
Andoni protagonistaren eta emakume baten arteko ustekabeko enkontrua da ipuinaren abiapuntua. Aspalditik ezagutzen omen duen emakumeak ez bezala, Andonik ez dio nor izan daitekeen arrastorik ere hartzen, nahiz eta, hamasei urte kartzelan pasatu dituela kontuan hartuta, litekeena den nahasita edo ahaztuta egotea. Gainera, emakumea ere herritik kanpo ibili da luzaroan. Emakumeak ahaleginak egingo ditu elkarbanatzen bide dituzten oroitzapenak gogora ekartzeko; Andoni, ordea, gogoratzen laguntzen ez dion duela gutxira arteko bizimoduaz aparte, memoria txarrekoa da eta ez da konturatzen norekin ari den ere. Hartan, burutazio bitxi bat otzen zaio: aurrerantzean, egundo existitu gabeko gertakizunak asmatu eta oroitzapentzat hartuko ditu.
Nola aipatu: Bereziartua, Izaro (2024). "Karmele Jaioren Gogoratzen-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Ipuin honek protagonistak espetxean dagoen preso bati idazten dizkion gutunak ditu ardatz. Denbora asko ez dela –lau hilabete– gaixotasun terminala aurkitu zioten, eta harrezkero, medikuek kalkulatutako bizi-itxaropenaren arabera, hilabete eskas besterik ez zaio falta. Gaixotasunaren berri jakin zuenean, ordura arteko bizimodua aldatu asmoz, etxe berri bat erosi zuen. Bertan hasi zen preso ezezagun haren gutunak, berez, beste hartzaile bati zuzendutakoak, bata bestearen atzetik jasotzen. Gutun pila hura zegokion hartzaileari birbidaltzean, baina, sutara bota zitzan agindu zion. Horregatik hartuko du presoari idazteko erabakia, oro har bizi duen egoeraren eta bereziki erantzun faltaren nondik norakoak azaltzeko. Izan ere, kezka sortzen diote presoaren azken gutunetan irakurritakoek, benetako hartzaileak kanpoan bere zain jarraitu ezean, amore emango duela baitio. Tamalez, protagonistak aurreikusten du, eta gutunean tristuraz aitortzen, litekeena dela hura askatzerako bera hilda egotea; ordurako, bost hilabete izango direlako berri txarra jaso zuenetik.
Nola aipatu: Bereziartua, Izaro (2024). "Arantxa Iturberen Gehienez bost hilabete-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Eskola frankista bateko ume bati buruzko kontakizunarekin batera abiatzen da Ehun metro. Jarraian, beste plano narratibo batean, ikasle gazte bati eginiko galdeketa dator (gaztelania hutsean): ihesleari buruz galdetzen diote, haren hilketaren testigu izan zelako Konstituzio plazan. Zera galdetzen diote: zer dela bide zegoen egun hartan itxitako taberna batean. Kaleidoskopio batetik begira nola, beste plano narratibo bat zabaltzen da: iheslearen hilketa azaltzen duen egunkariko albisteari dagokiona. Handik gutxira, planoa iheslearenera aldatzen da: ihesean dabilen protagonistari hauspoa berotzen hasia zaio, eta bere atzetik jarraika dituen polizien artean lau ahots bereiztea lortzen du. Donostiako Konstituzio plazan sartu orduko jabetzen da bereak egin duela eta ehun metro aurrerago duen Zamudio taberna parera heltzean harrapatuko dutela. Korrika dabilela, oinak bustitzen ditu, eta flashbacka azaltzen da: umea delarik, Kontxan dabil olatuekin jolasean, eta aitak ez bustitzeko agintzen dion arren, azkenean, busti egiten ditu zapata garestiak. Kaleko jendearen elkarrizketak dira nagusi plano berrian: kaleko jendea iheslearen hilketaz enteratu da, dela biharamuneko egunkari, dela zurrumurru bidez. Hala ere, axolagabetasuna da nagusi: gertatutakoa komentatzen dute, baina beste elkarrizketa batzuekin nahasian. Seigarren plano narratibora igarotzen da ondoren, informazio turistikoarenera: gida turistikoak Konstituzio plaza behinola zezen-plaza izan zela azaltzen du, baita plaza izen frankistaz izendatu ere (“[…] la Plaza Constitución, ahora conocida como Plaza 18 de julio […]”). Beste behin eskola frankistako umearen kontakizunera doa: haurra eskolan dago otoitz egiten, eta errepresio linguistikoa eta indarkeria fisikoa dira nagusi (casero deitzen dute modu iraingarrian, fraideak erregelaren ertz metalikoa laztantzen du mahaian eta umeari zuazaloquesea deitzen dio, bere abizena Zuazalagitia bada ere). Iheslearen planoa dator jarraian: parabellum pistolaren zama nabari du, eta Michelek oparitutako eta bularrean kolpeka sentitzen duen kateak oroitzapenak dakarzkio gogora (analepsia). Flashbackean, lehenengo, eskolako maisu-apaizak datozkio gogora, kateekin ez jolasteko aginduz; geroago, berriz, bere maitale Michel oroitzen du. Michelen oroitzapena kontatzen duen bitartean, abesti bat datorkio burura: “nora doa odol hau guztia? Gudaren, erailketaren, miseriaren odola? […] Lurrari bost axola zaio, biraka jarraitzen du”. Analepsitik ateratzen da narrazioa, eta korrika jarraitzen duen bitartean, ihes egiteko dituen aukerak gero eta murritzagoak direla kalkulatzen doa. Bien bitartean, ikasle gaztearen galdeketara igarotzen da narrazioaren planoa: ikasleak neska baten zain zegoela erantzuten du. Eskola frankistako umea diktatu bat idazten ari da klasean, eta honetan, beraien aberria den Espainiako bandera gorria eta horia errepikatzen du irakasleak. Are gehiago, kolore horiek nondik datozen azaltzen du: horia, lapurtutako urretik; eta gorria, isuritako odoletik. Iheslearen planora pasatzen da berriz ere, eta Michelen katea jausi zaiolarik, beste analepsi baten bidez, Michelekin bizitako momentuak dakartza gogora. Oroitzapena bukatzean, kalkulatzen du berrogeita hamar metro geratzen zaizkiola tabernako mahaian bakarrik eserita dagoen gizonarengana heltzeko. Ikaslearen galdeketaren planora egiten du salto, eta ikasleak kontatzen jarraitzen du neska batekin geratuta zegoela taberna hartan. Poliziek ez diote sinisten, eta etengabe mehatxatzen dute konfesatu dezan. Kaleko jendearen elkarrizketen planoan kokatzen da narrazioa beste behin, eta azokan dabiltzan bi andrek tiroketari buruz hitz egiten dute. Informazio turistikoaren planora igarotzean, berriz, gidak Donostiako alde zaharra aurkezten du. Bertan, “polizia eta lapurretara” jolasean dabiltzan ume batzuk daude, eta batek galdetzen du: “Zeintzuk dira onak?”. Eskola frankistan dagoen umeak irakasleari esaten dio bere bandera zuri, gorri eta berdea dela. Irakasleak zutiarazi egiten du, eta hori nork esan dion galdetzen dio. Negarrez, umeak erantzuten dio: “mi aita”. Ikasle gazteari eginiko itaunketaren geruza narratiboan, berriz, poliziek galdetzen diote patrikan zeraman giltza norena den: ihesleari jausitako giltza da, Michelek emandako katearena, alegia. Gazteak berea dela erantzutean, poliziek esaten diote ez duela giltzan ageri den “emez” hasten den izen-abizenik. Bien bitartean, protagonistak ihesean jarraitzen du, eta bere artean, parabellumaz tiro egiteko momentu ona izan daitekeela pentsatzen du. Tiro egitea lortu aurretik, ordea, berak jasotzen du polizien tiroa hankan. Hanka zauritu dion balak analepsi bidez darama bere lagun Manuelek, bera babestearren, tiro bat jaso ondotik Baionara joan behar izan zuten egunera. Garai hartako bizipenez akordatzen da: Manuel ospitaleko sukaldari espainiar batekin ezkondu zen, eta “konferentziak” izeneko taldetik bota zuten Manuel Suitzara bizitzera joan ostean. Analepsia bukatzean, bizirik geratzen zaizkion ehun eta hogeita bederatzi segundoak kontatzen hasten da. Beste plano batean, eskola frankistako umea bakarrik dago gelan, irakasleak kopiatzeko agindu dion diktaketa egiten: “los rojos separatistas fusilaron la imagen del Sagrado Corazón de la capilla del colegio”. Galdeketaren planoan, berriz, poliziek ikasleari galdetzen diote zein ate zabaltzen duen giltza horrek, eta galdekatuak ez dakiela erantzuten du. Hiltzorian dagoen protagonistak bere azken minutuak zenbatzen ditu, ahal bezain modu objektiboenean deskribatuz balak sorrarazten dion oinazea. Michelek esan ohi zion bezala, bederatzi izarren bila hasten da desio bat eskatu ahal izateko. Izarren bila hastean, analepsi bidez lotzen du kontakizuna bere aita hiltzear zegoen momentuarekin. Aita hil zitzaion eguna deskribatzen du, baita hiletarena ere; heriotzaren bide beretik dabilela baitaki. Analepsi honetan ematen da jakitera, aurrenekoz, iheslearen izena zein den: José. Iheslea hil bezain pronto, etengabeko elkarrizketak, iragarkiak eta informazio turistikoa nahasten dira, heriotzak ezer balioko ez balu bezala. Iheslearen planoak protagonistaren gorpuak ospitalera arte egiten duen bidaia kontatzen du. Hotz dago, eta medikuek zein poliziek ukitzen dutenean, ez duela ezertxo ere sentitzen dio. Hildakoak bere bidea kontatu bitartean, inguruko jendearen bizitzak normaltasun osoz aurrera doazela azaltzen du: ama merkatura joan da, neba eskolara… eta irratiak ez du ezer ere esan bere heriotzari buruz.
Eleberria sei plano narratibotan antolatua dago, eta plano bakoitzak nolabaiteko independentzia du, nahiz eta guztiek ere puzzle bera osatzen duten. Izan ere, galdeketaren planoak iheslearen heriotza azaltzen digu aldez aurretik, baita albistearen eta jendearen elkarrizketen planoek ere. Aipatzekoa da, bestalde, hasiera batean bigarren eta hirugarren pertsona gramatikalak darabiltzala idazleak iheslearen planoan; ihesa goitik edo albotik ikusten dela azpimarratzeko, narratzaileak fokuarekin jolasten baitu: hirugarren pertsona darabilenean, ihesa goiko planotik ikusteko balio du. Aldiz, lehen eta bigarren pertsonek hurbiltasuna adierazteko balio dute, hala nola fokua iheslearengan kokatzeko, alegia. Ehun metroren argitalpena bi urtez atzeratu zen zentsuragatik. Esplizituki esaten ez den arren, idazleak erreferentzia egiten dio ETAri eta taldearen jardun armatuari: iheslearen arma parabelluma izatea ez da kasualitatea; gainera, Manuel kanporatu zuen “konferentzia” ETAko komandoren baten izena edo eufemismoa dirudi. Are argigarriagoa da Jose protagonista aitaren hiletara doanean gudari deitzea: lotura markatu nahi du garai hartako (Gerra Zibileko) eta momentuko (gatazka garaiko) “gudarien”, etakideen, artean. Bestalde, Ehun metrok ekarritako berritasunetako bat izan zen euskara eta gaztelania nahasian ibiltzea: poliziek, gida-turistikoak, irakasle frankistek, eta abarrek gaztelania erabiltzen dute; ihesleak eta umeak, aldiz, euskara. Saizarbitoriak bi “bandoak” aurrez aurre jartzen ditu hizkuntza-hautuei dagokienean ere. Zentsurak hori leporatu bazion ere, ez dirudi Saizarbitoria indarkeriaren edo talde-armatu baten apologiarik egiten dabilenik; aitzitik, indarkeriaren helburuen edota ondorioen gaineko gogoeta egiten eta bultzatzen duela antzeman daiteke. Micheli lotutako analepsian burura datorkion abestitik hasita (“Nora doa odol hau guztia?”), protagonistaren heriotza bakarti eta tristera arte; tartean, umeen galdera ez hain inozoetatik pasatuz (“Zeintzuk dira onak?”). Nola aipatu: Bereziartua, Izaro (2024). "Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Mikel Zulueta protagonista balkoira ateratzen da bere gaueroko zigarroa erretzera, Guardia Zibila ikusten duenean bere kotxea miatzen. Bere bila datozela oharturik, Nati Lasa deitzen du atxilotua izatear dagoela abisatzeko eta abokatuari laguntza eskatzeko. Guardia Zibilak etxetik ateratzen du Mikel eta ordu luzez kotxez daroate komisaldegira heltzen diren arte. Bertan, galdeketa eta tortura hasten dira. Bien bitartean, Natik Jose Ramon Beistegi abokatua deitzen du, eta, ezinbestean, urte batzuk lehenago bere senar-ohi Felix Artetxe “Tximu”-rekin bizitako erbesteratzea datorkio burura. Mikel komisaldegira eramaten dute eta etengabe galdetzen diote zertarako pasatu zuen muga Nati Lasarekin apirileko egun hartan. Mikelek isilik eustean, bortizkiago hasten dira torturatzen. Bien bitartean, Natiren bila doa Guardia Zibila, Itziar Muñoz lagunak telefonoz abisatu bezala. Natiren amak Jose Ramoni hots egiten dio alabari gertatu berri zaiona jakin dezan; hura, baina, ordurako komisaldegian da, Mikelengatik galdezka. Bertan dagoela, Nati heltzen ikusten du Guardia Zibilen kotxe batean, eta jarraian deitzen du Teresa Beitia, bere alaba non dagoen badakiela esateko. Natiren galdeketa hasten da, Mikelenaren antzera, torturapean. Natik bere artean pentsatzen du hori Mikelek txintik atera ez duen seinale dela, eta tinko eusten dio torturatzailearen aurrean ezertxo ere ez esateari. Abokatuak ez du amore ematen, eta komisaldegian ez diotela kasurik egingo ikusita, taxia hartzen du Mikelek lan egiten duen irratira joateko. Taxiko bidaian entzuten du Nati eta Mikelen atxiloketen berria. Irratira heltzean, zuzendariak Mikelen laguna den Daniel Gurrutxagarengana jotzeko esaten dio. Danielen helbidea lortu, eta hara doa abokatua, informazio bila. Mikelek zelda barruan jarraitzen du, harik eta, indargabetuta, poliziei aitortzen dien arte zergatik gurutzatu zuen muga Natirekin apirilak seian. Egun hartan, Nati lagundu zuen Tximurekin batera izango zuen haurdunaldia etetera Peyhorade herrira. Natik Tximu babeste aldera eskatu zion Mikeli sekretua gordetzeko, zeren abortuaren berria jakitera Tximu Hegoaldera itzuliko zen. Mikelen konfesioaren ondoren, poliziek Mikel eta Nati aske uzten dituzte. Biharamunean, abokatuak atxiloketaren berria irakurriko du: abortuarena ere badakar. Natik abortuaren kontua aitortu izana aurpegiratzen dio Mikeli. Mikelek, zer egin ez dakiela, Tximuren bila abiatzen da Tomas Goikolearen bitartez. Tximu, ordea, Miarritzera bidean doa bere lagun Mañolo Goñik eta Edurnek eduki berri duten umea bisitatzera. Hara heltzean, Mañolok jartzen du Tximu jakinaren gainean, berak ez baitzekien ezer Natiren atxiloketari buruz. Mikel iparraldera iristerako Tximu hegoaldera joana da. Natirekin elkartu nahi lukeen tabernara hurbildu ahala, polizia ugari ikusten ditu zelatan, eta erdiguneko denden artean ezkutatzen da, hurrengo egunean atzera saiatuko dela erabakiz. Mikelek Mañolorenean segitzen du, Tximuren segurtasunagatik hogeitalau orduz etxean egotera behartuta. Mugara iristean poliziek gelditzen dute, eta atxilotu zuen polizia berak, Mañoloren etxean egon den jakitun, mugako polizia-etxera darama, galdeketa egitera. Hurrengo egunean, Nati eta Teresa ama-alabek, etxean gosaltzen ari direla, tinbre hotsa entzuten dute, eta horren ostean, tiro mordoa eskaileretan. Zarata bukatzean, Natik Tximu aurkitzen du ate aurrean hilik, eta baita Mikelen eta Nati beraren torturatzaile izandako Vélez kapitaina ere. Segituan atea itxiarazten die poliziak, eta horrela egiten dute ama-alabek. Abokatuak etxera deitzen die Tximuren erailketaren berri izan bezain pronto, informazioa jaso eta polizien kontrako epaiketa zabaltzeko. Mikel lanera itzuliko da, eta lankideen berotasuna nabarituko du, Natirena ez bezala. Hark beti lagun izango zuela esanagatik, harremana nabarmen hoztu da. Mikelek eleberria hastean bezala bukatzen du,: lanetik atera ondoren, etxeko iluntasunean bakarrik erretzen.
Nola aipatu: Bereziartua, Izaro (2024). "Hasier Etxeberriaren Mugetan-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Joanixio, Amezketako Etarte baserriko seme gazteena, Argentinara doa Pello eta Katalin gurasoei atsegin emateagatik. Han Erramon eta Telex auzotarrekin batuko da eta haiek erakutsiko diote Pampan dirua egiteko beharrezko guztia. Bizilagunak nagusi egin eta etxera bueltatuko dira, hala, Joanixio eta Batixtak ordezkatuko dituztelarik. Bizitzako urterik onenak Ameriketan pasako ditu Joanixiok, Teexa arreba kutunarekin karta trukaketan, eta 55 urte dituela jaioterrira itzuliko da. Hemen, Maitexa iloba gaztearekin ezkonduko da eta Miren izeneko alaba eta Jon Iñaki izeneko semea izango ditu, baina zaharra izanik ezin izango du haiekin nahi beste gozatu. Hil aurretik, Joanixiok apaizari aitortuko dio gaztea izan zenean Argentinara joan izanaren damua.
Bigarren pertsonan idatzitako eleberri labur honetan, Jokin Muñozek Alvaroren oroitzapen eta pentsamenduak erakusten dizkigu Helena bikote ohiari zuzendutako aitortza batean. Alvaro Donostiakoa da izatez, baina Madrilera "ihes" egin zuenetik bertan bizi da. Bere etxe ondoan atentatu bat gertatu da eta protagonistaren ustetan, Mikel haurtzaroko lagunak zerikusia izan du harekin; hala ere, ez du egoeraz ezer jakin nahi. Poliziak Mikel atxilotuko du, eta Alvaro jaioterrira itzuliko da. Hiriak sentimendu eta oroitzapen ahaztuak berpiztuko dizkio. Deskribapenen bidez, irakurleari une horretan gizartean gertatzen ari ziren aldaketen berri ematen zaio, eta garai hartako gazteek giro nahasi hartan zituzten joeren inguruko gogoeta egiten du: droga-mendekotasuna edo talde armatuaren parte izatea.
Teresa Márquez protagonista familiarekin batera heldu berri da Donostiara, aitak duen polizia lanak behartuta. Ez da egin duten lehen etxe-aldaketa izan: jaioterria Leon izan arren, protagonistak 12 urte zituenean, Zaragozara mugitu ziren; orain, berriz, 16 urte dituela, Donostia egokitu zaie etxebizitza berri. Etxe-aldaketa irailean egingo duten arren, uztailean Donostiara bertaratzen dira bizitza berria antolatzen joateko, eta aitaren lankide baten etxean geratzen dira, lankidearen alabarekin, Yolandarekin. Yolandak protagonistari Donostia erakusten dio, baita euskaldunekiko duen jarrera argi utzi ere (euskaldunek gorrotoa omen baitiete Yolanda eta protagonista bezalakoei). Protagonista pentsakor geratzen da euskaldunei buruz aipatutakoarekin. Iraila heltzean, batxilergo artistikoan ematen du izena, Usandizaga Institutuan. Klaseak hasi baino egun batzuk lehenago bilera bat egiten dute batxilergo artistikoa hautatu duten ikasleekin sortutako arazoa eztabaidatzeko: D ereduko eta A ereduko klase bana antolatzeko ikasle nahikorik ez dagoenez, ikasleek adostu beharko dute zein hizkuntza erabiliko den eskoletan. Beraz, protagonistak lehendabiziko gatazka bizi du: euskaraz ikasi nahi duten ikasleak gehiengoa izan arren, gaztelaniaz ikastera behartzen saiatzen dira, ikasle guztiek dakitelako gaztelaniaz, eta protagonistak (Leonekoa delako) ez baitaki euskaraz. Azkenean, irtenbide ahalik eta orekatuena aurkitzen du zuzendaritza-taldeak ikasleekin elkarlanean, eta Teresari gai interesgarria iruditzen hasten zaio euskara. Beraz, klaseak hastear daudela, euskaltegian izena ematea erabakitzen du. Astelehenetik ostiralera, institutura eta euskaltegira doa, eta ez du ezer berezirik egiten. Hala ere, urriak hamabiaren bueltan, Pilarika egunean hain zuzen, Zaragozara bakarrik joaten uzteko konbentzitzen ditu gurasoak. Lau egun igarotzen ditu Rosa lagunaren etxean. Dena dela, Donostiara itzultzean konturatzen da Zaragozan zuen bizitza ez dela inoiz itzuliko, eta nostalgia alde batera uzten hasi behar dela. Bien bitartean, ikaskideekin harremana hobetuz doa, bereziki Pablo lasartear eta Rosa trintxerpetarrarekin. Egun batetan, Rosarekin geratzen da Trintxerpen, honek bere auzoa erakuts diezaion. Han daudela, haien klasean dagoen D ereduko Andoni ikusten dute mural bat margotzen. Mutila agurtzera doazenean, “txakurrak Euskal Herritik joateko” mural bat dela aipatzen die, eta Teresak, ezer ulertu gabe, Rosari galdetzen dio zer ote duten animalia horien kontra. Horrela, Rosak azaltzen dio Espainiako Poliziari buruz ari dela, eta Teresa atsekabetua geratzen da, bera “txakurraren alaba” baita. Abenduko zubian, Fran neba doa Donostiara, Teresa baino nagusiagoa eta Leonen bakarrik bizi dena. Protagonistak aukera aprobetxatzen du Franekin bere egoera korapilatsuari buruz hitz egiteko, azken finean, nebak antzeko egoera bizi izan duelako aitaren lanagatik. Zubitik bueltan hasten dira arazoak: institutuan pertsona batzuk sartu omen dira eta margoketak egin dituzte, batzuk irakasleekiko iraingarriak, eta beste batzuk aldarri politikoz beteak. Zuzendaritza taldeak klaseak bertan behera uzten ditu hormak zuritzeko eta ikasleak mehatxatzeko. Honen ostean, beren irudia zuritzeko asmoz, zuzendariak arte-ikasleei paretak apaintzea proposatzen die. D ereduko ikasle batzuek preso politikoen egoera salatzeko aukera gisa ulertu, eta klasean proposatzen dute gai hori jorratzea (eta honela enteratzen da Teresa bere ikaskide Larraitzen nebaren egoeraz: Jaéneko espetxean dago preso). Azkenean, ez dute pareten apainketan parte hartzen. Gabonak heldu baino lehen, Euskaltegiko azken eskola egunean gutun erreal bat idatzarazten die irakasleak, hartzaile erreal bati bidali beharko dietena. Teresak ez duenez inor ezagutzen, Larraitzen nebari bidaltzea erabakitzen du, Estebani, igorlea nor den idatzi barik. Gabonetan Rosa laguna doa Donostiara, erabaki bezala. Egun batean paseoan dabiltzala, preso politikoen aldeko manifestaldi batekin gurutzatzen dira, eta bertatik ateratzen da Larraitz Teresak Estebani idatzitako gutunagatik eskerrak ematera. Rosa Zaragozara itzuli ostean, Teresaren aita eskuartean gutun hura duela heltzen da etxera, eta Teresa bortizki jotzen du. Jipoiaz gain, Euskaltegira joatea debekatzen diote gurasoek, baita etxetik ateratzea ere. Teresaren bizitza Institutuko eta etxeko bizitzara mugatzen da. Kale borrokan ibilitako gazte batzuen berria entzuten du Teresak, zeinak azaltzen duen molotov koktelak bota dituztela eraikin publikoetara. Gazteen atxiloketaren egunean, Teresaren aita ez da etxera itzultzen; biharamunean, gazteak Madrilera bidaltzen dituztenean, aita pozarren itzultzen da etxera, gazte batzuk atxilotu behar izan dituztela aitortuz. Gertakari hau Institutuko leiho apurketa batzuen momentu berean jazotzen da, eta zuzendaritza taldeak “Tolerantziaren Aldeko Astea” antolatzen du, zeinetan ikasle guztiek parte hartzen duten. Dinamika bera jarraituz, ikasle batzuek “Sakabanaketaren Kontrako Astea” prestatzen dute, molotov koktelak botatako gazteen atxiloketa eta torturekin kointziditzen duena. Gauzak horrela, greba eguna deitzen dute. Egun horretan bertan, Teresa torturaz ohartzen da, baita bere aita torturatzaileetako bat izan daitekeela pentsatu ere. Eskola-egun batean, klasetik ateratzen dute mezu garrantzitsu bat helarazi behar diolako norbaitek: irtetean, Euskaltegiko kide Marta datorkio, Koldo Murillo Euskaltegiko kidea atxilotu eta askatu dutela esanez (Teresaren aitak atxilotu zituen gazteetako bat, alegia). Arratsalde horretan bertan antolatu dioten ongietorrian parte hartzera ere gonbidatzen du, eta Teresak baietz erantzuten dio proposamenari. Klasera itzultzean, Andonirekin hitz egiten du ongietorriaz eta pankarta prestatzeko geratzen dira. Ongietorrian daudela, Juankarrek Teresa salatzen du guztien aurrean: txakur baten alaba dela esaten du, eta bera izan dela Koldoren atxiloketaren erruduna. Andoni bere defentsan agertzen da, eta esaten du bere aita txakurra izanagatik ere, Teresa ez dela zertan aita bezalakoa izan, eta bere jokabideak hori erakutsi izan duela. Azkenean, Juankarrek barkamena eskatzen dio Teresari, eta gazi-gozo bukatzen dute ongietorria, Koldok jasandako torturak kontatzen baitizkie lagunei. Etxera itzultzean, eta gurasoek non egon den itauntzen diotenean, Teresak Koldo Murilloren ongietorrian egon dela esaten die, eta aitari Koldo nor den ba ote dakien galdetzen dio, ironikoki, ondo baitaki aita tartean egon dela. Aita zur eta lur geratzen da, eta luzez galtzen dute harremana aita-alabek. Baina, egun batean, aitak Teresari aitortzen dio baja hartu eta bulegora aldatu dutela, bere jardun poliziala aldatu duela iradokiz. Hortik aurrera, Teresak lasaitasun handiagoz bizi du bere bizitzaren dualtasuna: txakurraren alaba izateak ez du zertan bere patua erabaki.
1970eko urrian abiatzen du istorioa Antton Arraizak, 19 urteko protagonista-narratzaileak. Egun hartan goiz esnatzen da, egunero-egunero bezala, “Topo”-aren zaratagatik, Pasai-Antxoko Blas de Lezo kalean. Kalean bizitzeaz nazkaturik, Lezoko elizara (berrehun urtez familiaren baserri izandako Altza auzoko Ezkizu-beko ingurura) joatea erabakitzen du, baserritar euskaldunen giroa faltan sumatzen baitu Antxoko kaletar erdaldun artean. 1968an kanporatu zuten familia (Antton; ama eta aita; bi anai-arrebak, Felix eta Ana Mari; izeba Emili eta amona Ageda) Ezkizu-bekotik: izeba Emilik eta amona Agedak, ordea, baserrian bizitzeari uko egin nahi ez ziotelarik, osaba Jexux eta Izeba Arantzaren (eta hauen seme-alaben) bizileku den Martitxipi baserrira mugitzea erabakitzen dute. Tartean, Anttoni; seme-alabetako nagusiena izateagatik, lanean hasteko eskatzen diote gurasoek, eta Bengoetxearen garajean beharrean hasten da. Burgoseko Prozesuaren garaian ekiten dio Anttonek bizitakoa kontatzeari. Momentu horretan, ETAko hamasei kide epaituak izatear daudenean, greba orokorrak eta ETAren ekintzak nagusi dira Euskal Herrian (besteak beste, ETAk burutu zuen Alemaniako Bëihl kontsularen bahiketa), eta horrela hasten da protagonista garaiko manifestazio eta grebetan parte hartzen. Urte bereko (1970eko) Gabonetan, Anttonen lehengusu Iñaki (Jexux eta Arantzaren semea) desagertu egiten da. ETAk kontsul alemaniarra aske uztea erabaki ostean, Alemaniak Francoren gobernua presionatzen du Burgoseko Prozesuko kideak indultatzeko; egun berean, Iñakiren berriak heltzen dira Arraizatarrenera: seguru dago Donibanen. Lasaitasun bila ibili den beste batzuetan bezala, Antton Lezoko elizara doa, meza entzutera, eta bertako apaizak, On Jexuxek, protagonistaren lehengusu (eta Iñakiren anai) Josuk oparitutako Txirritaren Testamentua liburua eskuratzen dio. Hemendik aurrera, Antton euskal literaturan murgilduko da, eta sinetsi egingo du euskal letrek kalitatezko obrak dituztela. Baina, batez ere, hizkuntzarekiko kontzientzia eta nazio-askapenaren teoriekiko hurbiltasuna hartuko du protagonistak. Bien bitartean, Errenteriako jaietara bertaratzen da Antton lagunekin, eta liluratuko duen neska bat ezagutzen du: Gurutze. Batera egiten dute Donostiako Santa Klara uhartera irteera, eta Antton irrikaz betea dago Gurutzerekin. Uhartean, Donibanen omen zegoen Iñaki lehengusua ikusten du urrunetik, eta ezer ez esatea erabakitzen du, nahiz eta arraroa iruditu. Baina, Anttonen ezusterako, aste batzuen burura, izeba Emilik deitzen du, Iñaki hil dutela komunikatzeko: Zornotzan hil du poliziak Iñaki, komandoaren eta poliziaren arteko konfrontazioan. Iñakiren gurasoek ez diote Iñakiri omenaldi politikorik egin nahi, eta hileta kristaua egiten diote. Hala ere, Anai-Artea elkarteak antolaturik, Zokoan egiten dute Iñakik nahiko lukeen hileta, eta Antton bertara darama “Monique” ezizenaz ezagutzen duen etakideak. Horrela, protagonistak ETAko zenbait militante ezagutzen ditu, eta talde-armatuarekin harremanak edukitzen hasten da. Momentu honetan, eta Anttonek nabaritzen dituen Gurutzerekiko desadostasun politikoak direla medio, harremana eteten du bikoteak. Pasai-Antxora itzuli eta aste batzuetara, ETAko militante bat, Joxemi, berarekin kontaktuan jartzen da, ekintza batean kolaboratu dezan (besterik gabe, informazioa lortu behar du enpresa bati buruz). Baina, Joxemiren komandoa jauzi egiten da, eta poliziak Anttonen susmoak dituen beldurrez, Anai-Artearen Donibaneko etxebizitzara daramate, giroa lasaitu arte. Gero eta erbesteratu gehiago dagoenez bertan, ETAk Hendaian duen pisu batera mugitzen dute. Hendaiako pisuan, “Monique”-k beste ekintza batean parte hartzea eskaintzen dio: Donostian garaje bat alokatu beharko du kotxeak konpontzen dituen plantak egiteko, organizazioaren kotxe bat bertan uzten duten bitartean, eta “Suzanne” (Anttonen ezaguna zen Xanti Markulueta) deiturik beste kide batekin hasten da elkarlanean. ETAk ikastaro batzuk antolatzen ditu kide heldu-berrientzat, eta hauetan, talde-armatuarekin dituen desadostasun ideologikoez ohartuko da, baita Amaiaz maitemintzen hasi ere (ikastaroan ezagutu eta denbora luzez berriro ikusiko ez zuen burkidea). Ikastaroa burutzean, ETAko “liberatu” bihurtzen da Antton, eta “Silvino Maldonado Rupérez” ezizenaz bataiatzen dute. Bilbora joan dadin agintzen diote beste bi komando-kiderekin batera ekintza bat prestatzera, eta ekintza nagusia prestatu bitartean, Bilboko inprimategi batean lapurreta egiten dute. Hiru hilabeteren buruan, Urkiolako harrobiko zenbait lehergailu lapurtzeko plana antolatzen dute. Egoera zeharo okertzen da ekintzaren egunean, polizia heltzen baita harrobira, eta Anttonek zaurituta ihes egitea lortzen duen arren, bi komando-kideek ez dute poliziarengandik eskapatzea lortzen. Anttonek mendian gora egiten du ihes, Axpeko familia batek aurkitu eta etxean ezkutatzen duen arte. Gordelekua segurua ez izateaz oharturik, Arantzazura darama Antton Axpeko gizonak, lehengusu Josuren ezagun batzuen babes bila. Hala ere, egoera zein den jakin beharra duenez, Oñatira jaisteko laguntza eskatzen dio Arantzazun hartu duen familiako lagun Martini. Oñatira heldu berri denean, poliziak atxilotu eta Amarako Gobernu Zibilera eramaten dute. Horren ostean, berriz, Antiguoko Komandantziara, eta bertan, gau eta egun torturatzen dute protagonista. Torturen ostean, Pasaian uzten dute poliziek Antton, etxetik ez oso urrun. Etxera heltzean, ETAko kideak berarekin harremanetan jartzen dira, informaziorik eman duen jakiteko, eta handik gutxira, muga pasatzeko eskatzen diote, eta Hendaiako pisura doa. Geroago jakingo duen bezala, Hegoaldetik Iparraldera igarotzeko agindu orokorra emana zuen ETAk, Carrero Blancoren atentatua burutzear baitzegoen, eta kide guztiak salbu egotea baitzuten helburu. Hendaiako tabernetan dauden errefuxiatu taldeek batera ezagutzen dute atentatuaren berria, eta jai giroan daudelarik, Anttonek berriro ikusten du “Amaia”. Tabernan hitz egiten hasten dira, eta emakumeak aitortzen dizkio bere egiazko izen eta jaioterria: Axen du izena eta Zarauztarra da. Momentuaren zirraraz baliatuz, hiru egunez doaz Iratiko basoko etxe batera. Carrero Blancoren erailketaren ostean, Frantziar Gobernuak errefuxiatuak deportatzeko erabakia hartzen du, Espainiaren presioei ezin eutsirik. Horrela, zenbait errefuxiatuk Baionako katedrala hartu eta gose-greba hasten dute bertan. Beste askoren artean, Axenek ere parte hartzen du; Anttonek, aldiz, estrategia horrekin bat ez datorrenez, Hegoaldera ekintza “gogorragoak” burutzera joateko erabakia hartzen du. Axen agurtu, eta Martuteneko polizien kontrako ekintzan hilik bukatzen du Anttonek.
Idazleak gaztelania eta euskara tartekatzen ditu narrazioan zehar, pertsonaien ideologia eta rola markatzeko estrategia bezala (adibidez, poliziek gaztelaniaz hitz egin eta torturatzen dute protagonista; inoiz ez euskaraz). Bestalde, idazleak bere buruari buruz hitz egiten du beste euskal idazle batzuen artean, baita idazle hauen literatura "maila altu" batean kokatu ere: "Euskaraz irakurri nuen xeheki, neure bizian lehenengo aldiz. [...] "Txillardegiren "Leturiaren egunkari ezkutua [...]" (71).
Edorta Jimenezek idatzitako eleberri hau Urdaibaien kokatzen da, eta Onofre kapitaina du protagonista. Bi plano narratibotan, Onofre ardatz hartzen duten bi kontakizun daude: alde batetik, itsasgizonak Anita emaztearekin duen harremana agertzen da. Senar-emazteek ezin dute ondorengorik izan eta horren harira, Urigoien Bilboko medikuaren kontsultara joango dira laguntza eske eta euren arteko harremana txarrera joango da. Bestalde, eleberria gerraosteko 50-eko hamarkadan girotzen dela kontuan harturik, presoak trenbidea eraikitzen ari dira Mundakatik Bermeorako bidean. Onofrek ez zuen Gerra Zibilean parte hartu, baina Juan, Antton, Doroteo eta bestelako lagunek, gerran ibili izanaz aparte, makietan sarturik ibili dira. Hala, Onofre kapitain eta lagunari babesa eskatu eta honek bere etxean hartuko ditu. Azken fusila gerraostean egondako erresistentzia aintzat hartzen duen eleberria izateaz gain, gerra osteko garai ilunak jasan zituztenei egindako omenalditzat jo liteke.
Manuel guardia zibil baten semea da eta Euskal Herrira etorri da bizitzera aitarekin, Larrañetako kuartelera. Herriko eskolara joango da, baina Kepa ikaskideak begitan hartuko du euskalduna ez izateagatik eta horren harira, Manuelek tratu txarrak jasan behar izango ditu zenbait ikaskideren aldetik. Hala ere, Eba izango du bidelagun. Ebaren aita preso dago Euskal Herritik kanpo eta neskatoak, Manueli kontatzen dizkio kartzelara egindako bisitak. Hiru aste hemen egon eta gero, Larrañetako kuarteletik ihes egin behar izango dute Manuelek, bere aitak eta hango bizilagunek; izan ere, atentatu bat gertatuko baita kuartelean. Nor egongo da baina atentatuaren atzean? Bada Manuel, Eba, Kepa eta gainerako haurren inguruan mugitzen den Karlos maisua. Egunerokoaren formatuan idatzitako eleberri labur honetan, Manuelek berak kontatuko dizkigu bizipen eta sentipenak.
Gazteentzako eginiko liburu hau hiru ipuinez osatua dago: “Bihotza galdu zait”, “Barruan daukadan guztia” eta “Harri kozkor bat naiz”. Hiru ipuin labur hauetan, hiru gaztek euren eguneroko kezkak plazaratzen dituzte: amodioa, kale-borroka, familia-harremanak… Ipuinetako pertsonaiak euren artean lotuta egonik, ipuin bat bestearekin lotzeko aukera ematen digu Juan Luis Zabalak. Lehenengo ipuinean Jakes musikaria dugu protagonista, bigarrenean Xabat txirrindularia eta hirugarrenean Maddi espetxeratua. Presoak dira hiru protagonisten arteko haria; izan ere, Jakesek presoen aldeko kontzertuetan jotzen du, Xabat laguna da eta bere bizikleta gaineko lorpenak eskaintzen dizkie, eta Maddi bera da Galiziako kartzela batean dagoena. Hiru ipuinak lehenengo pertsona singularrean idatzita daudenez, egunerokoaren teknika erabiliz, Zabalak irakurlea pertsonaien azalean sartzea lortuko du.
Hiru ipuin dira liburu honetakoak, hirurak pertsonaien bitartez loturik. Ipuin batean protagonista direnak bestean bigarren mailako edo noizbehinkakoak dira eta alderantziz. Pertsonaien datuak sartzerakoan, protagonista rola esleitu diet ipuinen batean protagonista izan direnei; hau da, pertsonaia bakoitzean pisu gehien izan duen rola sartu dut datu basean.
“Hausturak” ipuina Aise eman zenidan eskua liburuko luzeena da. Antton sei hilabete ondoren, Euskal Herritik kanpo dagoen kartzela batetik irten da eta Maya bikotekidea eta Fermin laguna izan dira haren bila joan direnak. Sei hilabete denbora asko izan ez arren, biziki aldaturik ikusten dute lagunek Antton. Narrazio labur honetan, narratzailearen foku aldaketa etengabe erabiliz eta pertsonaien memoriarekin jokatuz, hiru lagunen kartzelatik Euskal Herriranzko bidaia kontatzen digu Anjel Lertxundik. Bidaian zehar Espainiako leku ezberdinak zeharkatzen dituzte, baina Valladolid izango da garrantzitsuena; izan ere, protagonistaren aldartean aldaketa eragingo baitu hiriak.
Hamasei urte inguru zituela atentatu baten lekuko izandako emakume batek, garai hartako bizipenak kontatzen ditu fikziozko nobela moral honetan. Atentatuarekin batera hasi eta handik hogeita lau ordura neskatoak bizitako sentipen eta egoerak agerian uzten ditu Anjel Lertxundik. Lehenengo pertsonako narratzailearen laguntzaz eta denboran jauzi eginez, idazleak irakurlea neskatoaren azalean kokatzen du etengabe, eta haren gogoeta eta ezinegonak geure bihurtzen ditu. Hala, atentatuak neskatoarengan eragindako trauma hartzen du oinarri eskuartean dugun eleberri laburrak; izan ere, etengabe bueltatzen baita emakumearen memoria egun esanguratsu hartara.
Joxan Kortarrabia munduan zehar ibili eta gero bere herrira itzuli da. Lagun guztiak ez bezala, Joxan langabezian dago eta Kike Lekue adiskideak lana eskainiko dio Iramendin, Luis Erdoiziren ukuiluetako zaldien gaueko zaindari gisa. Lana onartu eta gero, apurka Erdoizitarren familiara hurbilduko da Korta baina kontuan harturik ETAren jarduera armatuaren garaian gaudela, Xabier Montoiak hirugarren pertsonako narratzaile bat erabiliz, bira emango dio kontakizunari ipuinaren azken orrialdeetan. Hala, Luis Erdoiziren hilketa agerian geratuko da eta honek, familian ez ezik, langilearengan ere eragina izango du, Joxanek ezingo baitu Erdoizi andrea berriz ikusi.
1982ko futboleko mundiala da Bartzelonan eta Poloniako jokalariek, talde guztiarekin, Carlos izeneko gizonaren, Ugarteren, eta Guiomarren hotelean hartu dute ostatu. Testuinguru horretan, hoteleko langile eta kideei ezer esan barik, Carlosek poliziarengandik ihesi dabiltzan Jon eta Jone etakideak babestea erabaki du. Honekin batera, bikotea hoteletik ateratzeko plan bat behar du egin, baina mundialaren kontuarekin, bizilekua poliziaz betea egonik, uste baino arazotsuagoa izango da lana aurrera ateratzea. Zailtasunak zailtasun, etakideek hoteletik ihes egitea lortuko dute Mikelek, arrain-banatzaileak, eragindako suteak polizia guztia mobilizatu ondoren. Hala ere, sutea uste baino gehiago zabalduko da eta horrek ondorio latzak ekarriko ditu hoteleko bizilagunentzat. Ahots ezberdinak erabiliz, narratzaile orojakile baten bidez kontatutako istorio honetan, Atxagak Carlosen kontzientzian murgiltzen du irakurlea onaren eta txarraren arteko gogoeta egitera bultzatuz.
Iñaki Abaitua hiztegigilea, Bartzelonara joango da eskuartean daukan proiektua aurrera ateratzeko asmoz. Bertan, Eduardo Ortiz de Zarate etakidea ezagutuko du eta Ion Igartua lagunak eskatuta, Iñaki Abaituak Eduardo Ortiz de Zarate ekarriko du Euskal Herrira muga pasatzen laguntzeko helburuarekin. Bidaian, gerora fusilatua izango den Daniel Zabalegi ezagutuko du eta haren irudiarekin geratuko da idazlea. Fusilamendua eta gero, Iñaki Abaituak hari buruzko informazioa bilduko du eta Hamaika pauso izeneko nobelan, Zabalegiren heriotzaren nondik norakoak kontatuko dizkigu sentsazioak transmitituz eta memoriaren jokoa erabiliz. Testuartekotasun ugariko nobela metaliterario honen bitartez, Ramon Saizarbitoriak Angel Otaegik fusilamenduan jasandakoa norberaren azalean bizitzen laguntzen digu Daniel Zabalegi pertsonaiaren bitartez. Gainera, literaturaz, bizitzaz, maitasunaz, heriotzaz eta denboraz zer pentsa ematen du plano ezberdinak erabiliz eta memoriaren jausien bitartez kontakizunaren kronologia hautsiz.
Testuartekotasun asko. Metaliteratura.
1936ko abuztuan hasi eta XX. mendera arte luzatzen den istorio honetan, Felisaren bizitza lazgarria kontatzen da hirugarren pertsonako narratzailearen bitartez. Abuztuko Ama Birjinaren eguneko iluntzean hasiko da Felisa eta Margarita ahizpen eta euren amaren gurutze bidea; uniforme urdinez jantzitako soldaduek aita eta Esperanza, ahizpa nagusia, Lizarra inguruko baserritik betirako eraman zituztenean. Iluntze hartako bizipenak Felisarengan utzitako trauma izango da istorio osoaren oinarri, eta memoria erabiliz, etengabe bueltatuko da protagonista haurtzarora. Felisa gaztea, bere familiari traizio eginik, ahizpa Elena bihurtuko da urteek aurrera egin ostean, baina “Gorriaren Alaba” izanik, konbentuan ere zapalkuntza jasango du. Hala, istorioaren amaieran, Xabier Montoiak plano aldaketa bat eskaintzen digu lehenengo pertsonako narratzailea ekarriz eta beraz, Felisa bera izango da bere kondena argitara emango duena. Azken batean Golgota zerbait bada, errealitate gordin baten kontaketa edertua da.
Irene, 37 urte betetzera doan emakumea, kartzelatik atera berri da, bere bizitzako azken lau urteak espetxean igaro ostean. Bartzelonako tren-geltokian dago bere jaioterrira, Bilbora, itzultzeko asmoz. Bilborako trenaren irteera-ordua aurkitu ezinik, soldadu bati galdetzea erabakitzen du. Gizon gazteak autobusez joatea gomendatzen dio, Bilbora heltzeko duen modurik arinena omen da eta. Geltokian dituen pentsamendu guztiek kartzelara daramate protagonista: erretzen duen tabakoaren kea, hegan dabiltzan txolarreak… dena doa espetxerantz (izan ere, geltokia eta espetxea albo-alboan daude). Kartzela ahaztu beharra duela pentsatzen du, baina zinez badaki zaila izango zaiola. Geltokian dagoen bitartean (baita narrazio osoan zehar ere) flashbackak izango ditu kartzelako bizitzara, eta gogora ekarriko ditu bere ziega-kide izandako Margarita argentinarra eta Antonia galiziarra. Busa abian jarri arte, bazkaltzeko tartea du protagonistak, eta tabernan bazkaltzen duelarik ohartzen da bere bakardadeaz: ez da inor bere bila joan. Beti sentitu izan du inguruak epaitu duela emakume eta militante (ETAkide) gisa egokitzen zitzaion rola ez betetzearren: gaztetan mutil batekin bizitzera joateagatik, mutilarekin ezkondu eta umerik eduki nahi ez zuela erabakitzeagatik, mutilarengandik banatzeagatik, organizazioan sartu eta kartzelan bukatzeagatik, eta organizazioak esandakoaren kontra, damutu eta kartzela uzteagatik. Edonora begiratuta, bakarrik sentitzen da. Gainera, bere bikotekide izandako Andoniri gutun bat bidaltzeko erabakia hartzen du, denbora luzez esandakoez beterik: esan nahi dio epaitua eta bakarrik sentitu dela bere alboan. Autobusera igo arte eta autobusean bertan, denak zelatan dituela sentitzen du, polizia jarraika duela alegia. Autobusa martxan jarri, eta kartzela ondotik pasatu da, La Modelotik. Protagonistak negar-malko artean esan dio agur lau urtez bere etxe izandako eraikinari. Alboan duen emakumeak negarrez ikusita, hitz lasaigarriz hasten du elkarrizketa. Kartzelatik eramandako liburuak maletan ditu gordeak, eta irakurtzen hasten da, loak harrapatzen duen arte. Ametsetan, hainbat organizazio armatu bildu dituen aristokrata baten Biarritz inguruko etxean dago, bilera garrantzitsu batean. Bertan, beste talde armatu batetako kide den Larrearekin maitemintzen da, baina Yetik, Ireneren talde armatu bereko gizonak, esaten dio organizazioak ez diola berarekin harremanik edukitzea baimenduko, poliziak arrastoa jarraitu baitie Larreari eta bere taldekoei. Azkenean, organizazioak agindutakoari men egin, eta Larrearengandik banatzen da. Handik eta aste batzuetara, Larrea hilik agertzen da. Ametsen eta errealitatearen arteko linboan dagoelarik, autobusean zenbait polizia daudela eta zelatan dituela iruditzen zaio. Baina, ezer arrarorik sumatzen ez duenez, ametsetan imajinatu duela ondorioztatzen du. Autobusak etenaldia egiten du errepideko motel batetan, eta Irenek momentua probesten du hankak luzatu eta zerbait jateko. Autobusera berriro igotzen denean, zuzenean doa erretzaileen solairura eta autobus-geltokian ikusitako gorbata gorridun gizon berak sua eskaintzen dio erretzen hastear dagoenean. Irenek, duda izpirik gabe, polizia izatea leporatzen dio. Gorbata gorridunak, Ireneren egoera ahula baliatuz, baietz esaten dio, eta poliziarekin kolaboratzeko tratu bat eskaini nahi diola azaldu. Ireneren ezezkoak ez du balio poliziak lasai utz dezan, eta tartean, autobusean bidaiatzen dabiltzan bi moja agertzen dira Ireneren defentsan. Honi esker, Irenek ihes egitea lortzen du, eta bere eserlekura doa, bidaiaren hasieran mintzalagun izan duen emakumearengana. Emakumeak komunera egiten duen joan-etorria aprobetxatzen du gorbata gorridunarekin dagoen beste poliziak, Irene are gehiago mehatxatu eta kikiltzeko. Jo egiten du, eta kolaboratu ezean, jipoituko duela esaten dio. Tabakoak salbatzen du Irene; hain zuzen, erretzerik ez dagoen solairuan erretzen hasten da, beste bidaiariak kexatu eta beste poliziaren albotik ihes egitea lortzeko. Planak funtzionatzen du, eta mojen eta emakumearengana heltzen da. Hauengana heltzean, mojek leku seguru bat eskaintzen diote, haien bizitoki den hies-gaixoak zaintzeko egoitza. Hasieran ideia ona iruditzen zaio Ireneri, baina Bilbora heltzen direnean eta autobusetik jaistean, etxera joatea erabakitzen du, txikitatik ikusitako kale eta eraikinak berriro ikusi eta hauek ongietorria egin diezaioten.
Gatazka testuinguruan kokatutako istorio honetako protagonistaren izena Irene izatea ez da ausazko erabakia, inondik inora. Izan ere, Irene hitzak greziera klasikoan du jatorria, eta bakea esan nahi du. Badirudi idazleak protagonistaren izenaren esanahiaren eta honek ETA talde-armatuan hartutako erabakien arteko harremana erakutsi nahi duela: armak utzi eta kartzelatik ateratzen den pertsonaiak bakearen bidea aukeratzen du. Bestetik, narrazio osoan zehar errepikakorrak diren zeruen aipamenek azaltzen dute idazleak aukeratutako izenburua. Kartzelatik urruntzen doan heinean, urdinduz doa zerua, “ekaitza” pasatu den seinale izango balitz bezala. Gainera, idazleak zeruarekin bukatzen du eleberria: zeruak eskaintzen dio lasaitasuna protagonistari, nahiz eta bere egoera bereziki lasaia ez izan. Bukatzeko, eleberri osoan zehar testuartekotasuna da nagusi: narrazioan tartekatzen dira hamaika olerki eta euskal kantutegiko abesti. Atxagak berak, paratestuan, aitortzen du “zordun” gelditzen dela zenbait autorerekin.
Telesforo Monzonek gudarien omenez idatzitako poema-liburua dugu Gudarien Egiñak. Bost zatitan banatuta dago: “Guda zabaldu zutenai” da lehena, “Euskal Guda (1936-1937)” bigarrena eta luzeena, “Agur Euskalerri…” hirugarrena, “Ekaitz arteko tximista bi” laugarrena eta “Atzerri Barrena” azkena. Poemetan gudaren eta gudarien inguruan hitz egiten du, gertatutako batailetaz eta erbesteaz, besteak beste. 1937an, Francoren tropek Bilbo hartu zutenean, Monzonek ihes egin behar izan zuen, eta lehenengo Frantziara eta ondoren Mexikora erbesteratu zen. 1945ean lehen liburua argitaratu zuen, Urrundik izenekoa eta Gerra Zibila baino lehenagokoak kontatzen zituen. Erbestearen eragina ikus zitekeen bere poesian, Euskal Herria urrun izateak nostalgiaz josi baitzituen bere poemak. 1947an, berriz, beste liburu bat idatzi zuen, gudarien batailak azaltzen zituen Gudarien egiñak, hain zuzen ere.
“Euskal Guda (1936-1937)” ataleko “Zugaizpeko ziña” poeman Monzonek Gernikako arbolaren azpian “euskaldun Alkate” deitzen dionaren (gaur egun lehendakari deituko geniokeenaren) juramentu edo zinaren inguruan hitz egiten du: jai giroa nagusi den Gernika irudikatzen du, Agirre lehendakariak Batzar-Etxean egingo duen zina dela eta. Lege zaharra eta euskal arbasoak goratzen ditu, eta gutxienez Erdi Arotik datorren Gernikako arbolaren sinbolikoa irudikatzen; harik eta gerra karlisten testuinguruan gertatu zen foruen galeraren zehar-aipamena izan litekeenera iritsi arte: “Gernika yantzi zaigu len bezin eder! / Bai eun urte / il zala uste… / ta ara berriz piztuta ager!” dioenean batez ere. Hurrengo poeman, “Illunpetan behin” izenekoan, Gernikako jaiak eragindako itxaropena dakar Monzonek. Atal berean, “Gernika” izeneko poeman, bonbardaketaren egunean, 1937ko apirilaren 26an, kokatzen ditu gertaerak (“Bizkai erdia birrindu izan ondoren / Gernika sutan dago!”), eta ni poetikoa gauez Gernikara heltzen da (“Siñistu eziñik eldua naiz / Gernika'raño gauerdi garaiz”). Hondamendia deskribatzen du, baina “arrotzak” deitzen dien faxistak alferrik dabiltzala esaten du, gudarien irudi bilakatu den arbolak zutik jarraitzen duelako. Haritza, bere garaian, Gernikako herri martiriaren metafora edo iruditzat hartu bazen ere, egiari zor, iturri historiografikoek frogatu dute Francoren agindutako gerra-esperimentuen parte izan zen Gernikako sarraskia zehatza izan zela, eta hegazkin faxista eta naziek nahita utzi zutela arbola jomugatik kanpo (Irujo, 2023). “Gernika’ko uso txuriarena” poema da hurrengoa, eta usoa Gernikako sutean hil arte erretzen dela iradokitzen du idazleak. Litekeena da uso zuri hori gerrak kiskalitako bakearen metafora izatea. Azkenik, “Atzerri Barrena” ataleko “Zigor Zelaietan poeman “Gernika Berri” bat osatzeari ekiten diote herritarrek, gizarte mailako borrokaren eta esperantzaren ikur. Nola aipatu: Negredo, June (2024): "Telesforo Monzonen Gudarien egiñak-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Eleberri honek Eneko Ortega futbolariaren bizitza kontatzen du: Enekorengan futbolarekiko zaletasuna oso errotuta egon da txikitatik, haren ama, aita eta amona Sinforosaren mirespenaren eraginez, batez ere. Beraz, zaletasun horri trebetasunak jarraitzeak etxekoen poza ekarriko du. Halere, etxeko gatazkak direla eta, Enekoren bidea ez da erraza izango, aitaren alkoholarekiko menpekotasuna edota amari eta berari emandako tratu txarrak tarteko. Dena den, Enekok futbolari profesionala izatea lortuko du, Errealean lehenik eta Barçan ondoren, eta bizitzaren erraztasun eta zailtasunak biziko ditu giro horretan, bere sexualitatearekiko zalantzak edota pertsonaia publiko izatearen ondorioak, batik bat. Azkenean, ordea, oztopoak oztopo, bere bidea aurkituko du.
Gernika hainbatetan agertzen da irudikatua eleberrian, nola gertaera (Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoa), hala artefaktua (Picassoren Gernikaren ekfrasia) dela bide: lehen aldiz Enekok amona Sinforosaren logelako apaingarriak deskribatzean agertzen da, bertan aitonarekin ateratako hiruzpalau argazki gau-mahaiean, Euskal Selekzioaren argazki bat paretan zintzilik eta Picassoren Gernikaren poster bat zituela esaten baitu (11). Jakina denez, ezin konta ahala dira Gernika artelana oinarri duten kopiak, halako moldez ezen artean ere behin eta berriro erreproduzitzen baita irudia. 36ko gerrari eta ondotik etorri ziren gerrei lotutako protesta ikono boteretsua, ordea, denboraren joanean, pop artearen eta kontsumo gizarteen produktu soil bihurtu da (Cueto, 2017). Hori ez da Picassoren Gernika aipatzen den aldi bakarra, beranduago amona eta Eneko posterrari begira zeudela amonak esandakoa kontatzen baitu: “Badakik zer pentsatu nuen Athleticeko eta Errealeko jokalariek ikurrina atera zuten egun hartan? Alemanek Gernika suntsitu zutela, bai, baina zutik zegoela artean Gernikako arbola!” (112). Azken esaldi hau, gainera, Enekok beste behin ere ekartzen du gogora (193). Franco hil eta gutxira, 1976an, atotxako futbol zelaian, berrogei urtez legez kanpo egondako ikurrina astindu zuten jokalariek. Gernikako bonbardaketaren pasarte historikoa ere isildu beharreko gaia izan zen hamarkada askotan; gertaera horri buruzko erreferentzia oro, koadroaren aipamena barne, zentsurari erronka jotzea baitzen. Halere, frankismo bukaeran nabarmen hedatu ziren Gernika koadroaren erreprodukzioak protesta ikur gisa (Cueto, 2017). Beraz, testuinguru horretan, amona Sinforosari zutik geratu zen haritza gogoratzen zaionean, euskal gizartearen askatasun gosea, diktadurarekiko eten garbirik ekarri ez zuen trantsizio gatazkatsuak zapuztua (Guelle, 2019) iradokitzen dela esan liteke: “Uste genian orduan Euskal Herria askatuko genuela, baina gero, politikari zikin hauekin, kaka zaharra!” (112).
Eleberri honek Elizalde eta Ibargoyendar sendien historia kontatzen du belaunaldiz belaunaldi: istorioa Lehen Karlistadaren garaian hasten da, Teodoro Ibargoyen liberalak Robustiano Elizalde karlista hiltzen duenean, jakin gabe urte batzuk beranduago, Bigarren Karlistadan, Robustianoren seme Bonifaziok Teodororen seme Migel hilko duela. Horrela, lurrarekin lotuago dauden Elizaldetarren eta airezkoak diren Ibargoyendarren bizitzek aurrera egingo dute, lurra eta airea nahasiz joan eta trinkotasunetik urrunduz, bi familiak elkartuko diren arte, Ibargoyendar semeak Elizaldetar alabekin ezkontzean. Era berean, kontaketaren berri J-ren bitartez izango dugu lehen pertsonan, Elizalde-Ibargoyendarren azken belaunaldiaren parte den semearen bitartez, eta hasieran kontatuko digu kontaketaren lehen zatia haren osaba Joxe Ibargoyenek idatzia dela. Haren belaunalditik aurrera, aldiz, J izango da narratzaile, eta osaba Joxeri benetan gertatutakoaren berri izaten saiatuko da osaba Lazarorekin batera, ez baitute sinesten besterik gabe Gerra Zibilean borrokan hil zenik.
Lehenik eta behin, komeni da argitzea ohar hauetan agertuko diren erreferentzia guztiak bigarren argitalpenetik ateratakoak direla. Osaba Joxeri gertatu bezala, J protagonistak kontatzen du haren arbasoen istorioak idatzi ahala nolabaiteko adaketa jasan zuela bere baitan, idazten zihoan heinean aipatzen zituen senide guztiak bere barruan sentituko balitu bezala, eta Picassoren artelaneko aurpegien irudia erabiltzen du sentsazio hori azaltzeko: “Eta forma hori agertzen denean, orduantxe ohartzen zara itzalean zegoen gauza hura, pertsonaia hura, benetan bizi izan dela zugan, inoiz ikusi gabeko Picassoren aurpegi hautsi baten aurrean norbaitek esan dezakeen bezala: “Baina ni hori naiz, horiek guztiak naiz eta…” (25). “Aurpegi hautsiak”, kubismoaren bereizgarri den ikuspuntu geometriko eta anitzarekin lotura estua dutenak, ohikoak dira Picassoren margolanetan, eta Gernikan ere agertzen dira.
Liburu honek Peio, Mari Jose eta Luisen istorioa kontatzen du. Luis, Mari Joseren aita eta Peioren aitona da, eta haren osasuna dela eta ospitalean dago. Mari Jose eta Peio bisitan joaten zaizkion bakoitzean izandako bizipen zoroak kontatzen ditu eleberriak, eta baita hobetu ostean zaharren egoitzan bizitakoak ere. Senideen zaintzaren inguruko gogoeta egitera eramaten du istorioak, bi aldeetako sufrimenduaren berri emanez; alegia, Mari Jose eta Peiok aitona horrela ikustean sentitzen dutenaz gain, aitonaren ikuspuntua ere azalduz.
“Pijama marraduna”ren harira egindako txantxa baten ostean (36), Luisen anaia gorria izateagatik espetxean egon zela kontatzen da. Orduan Peiok gogoratzen du lehen gorri izateak zer esan nahi zuen ez zekien arren, amona Juanitak azaldu ziola: Amona Juanita gerra garaian Busturian bizi zen eta haren aitarekin Gernikara oinez joatea ohikoa zen. Amarekin negarrez zegoela, Busturiatik ikusi zuen Juanitak hegazkin alemaniarrek nola bonbardatzen zuten Gernika, eta umetan hegazkin bat entzuten zuen bakoitzean sentitutako beldurra azaltzen du (37). “Guda garaiko oroimenak kalkamonien antzera gelditzen dira buruan itsatsirik eta hil artean ezin ahaztu” esanez amaitzen du Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoa jasotzen duen pasartea. Esanguratsua da aitona-amonen iraganaren inguruan kontatzen diren gauza bakanetakoa hau izatea, eta gerraz hitz egiten den aldi bakarrean Gernika aipatzeak agerian uzten du leku-izen horren sintesi gaitasuna, Euskal Herrian Gerra Zibilaren oroimen gune nagusia izan arte. Nola aipatu: Negredo, June (2024). "Juan Luis Mugertzaren Zer du aitonak?-i buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea
Asier Serranoren olerki-liburu honek amodioa eta borroka nahasten ditu Euskal Herriko egoeraz hitz egiten ari dela. Liburuko pertsonaiak “ni” poetikoaren bitartez bere iraganeko pasarteak ekartzen ditu gogora eta gerra, abertzaletasuna, su-etenak, iraultza, erresistentzia… dira gehien errepikatzen eta metaforen bidez lantzen diren kontzeptuak.
Olerki-liburuaren izenburuak erreferntzia zuzena egiten dio Picassoren “Guernica” margolanari. Izan ere, koadroan agertzen den zaldia pisu sinbolikoz beteta dago (ikus Troiako zaldia), zaldia gerrarekin lotzen baita askotan, eta olerki-liburuari izenburua ematen dion Picassoren zaldia obraren kontzeptu orokorra bilakatzen da. Liburuko pertsonaia, hain zuzen, “Guernica” koadroan sartzen da eta Gernika zuzenean behin aipatzen da: “Barkazioa zubi gainean” (17.orr) poeman “ez da gernikarik zugan” dio “ni” poetikoak. Bertso-lerro horrekin autoreak “zu” lirikoarengan sufrimendurik, maltzurkeriarik, izurik… ez dagoela iradoki lezake. Olerkiak barkazioaz hitz egiten duen neurrian, “ez da gernikarik zugan” esanez benetako barkamen zintzo bat adierazi nahi duela erakusten du, ankerkeriaren sinbolo izan denari uko eginez. Gernika berez zuzenean aipatzen ez den arren gehiagotan koadroaren berri ematen zaigu zeharka bada ere. “Zaldiaren adoratzaileak” (43.orr) poemak hala dio: “Iheserako marraztu zuen Picassok / zaldiaren irrintzia eta tribu garelako / ez du inork koadrotik aldegin”. Bertan erreferentzia egiten dio, noski, Picassoren “Guernica” margolanari, olerki-liburuaren izenburuari ere autoerreferentzialtasuna eginez zaldiaren bitartez. Poetak lehenengo pertsona plurala erabiltzen du bertso-lerrotan, eta euskaldunen izenean hitz egiten duela suma daiteke, poema berean autodeterminazioa, euskara, bakea… aipatzen baititu. Kasu honetan, beraz, margolana aipatzen du euskaldunak bertan jarraitzen duela adierazteko, koadroak hartu dituen birsemantizazio ezberdinak azaleratuz, beste behin ere. Koadroari egiten dion azken erreferentzia bat aurkitzen dugu 49.orrialdeko poemaren izenburuan: “Laugarren gaua koadrotik at”. Koadroa zein den aipatzen ez bada ere, olerki-liburu osoak, izenburutik hasita, Picassoren margolanarekin duen lotura agerikoa da, beraz, eta besterik esan gabe, poemaren izenburuak aipatzen duen “koadro” soila Picassoren “Guernica”rekin lotzen dugu automatikoki. Aurreko bi poemek desertoreaz hitz egiten duten neurrian, eta poema honetan ere desterrua aipatzen denez, “koadrotik at” egotearen metaforaren bitartez jazarpenak eraginda sorterritik alde egin beharreko biktimak irudikatzen ditu poetak, nolabait koadroaren “barrua” etxetzat, herritzat, toki segurutzat hartuz, paradoxikoki, koadroak, berez, oinarrian bonbardaketa bat baitu, jakina denez. Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). "Asier Serranoren Picassoren zaldia-ri buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea.
Gerrak ez du izenik eleberri grafikoan Mirentxu haurrak 36ko Gerraren ondorioz Durangon bizitakoak kontatzen dira, bonbardaketa barne. Haurrentzako literatura den heinean, Mirentxuk dituen sentimenduak azaltzen dira: kezka, ezin hitz egitea, lotsa, beldurra, galderak… haren sentimenduak unibertsalizatuz eta eleberriaren izenburuari jarraituz, bonbardaketa ororen biktima diren haurren egoera zaurgarria azaleratuz.
Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). "Leire Bilbaoren Gerrak ez du izenik-i buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea.
Egunero hasten delako eleberri modernoak Gisele izeneko neska gaztearen istorioa kontatzen du, konpromisorik gabeko sexu harreman baten ondorioz haurdun geratzen dena. Eleberrian bi plano narratibo gailentzen dira: batetik, ezaugutzen ez dugun gizon berritsuaren elkarrizketa dugu, eta bestetik, Giselek abortatzeko ematen dituen urratsen kontaketa. Abortua Europako herrialde gutxi batzuetan soilik legala zen garai batean, 60ko hamarkadan, beraz, Giselek, haurdun dagoela jakin ostean, Suitzara alde egiten du abortatzeko aukera baten bila. Suitzan legez kanpokoa ez bazen ere, abortatzeko oztopoak aurkituko ditu bere bidean zehar arrazoi moral nahiz legezkoak tarte. Bi planoen artean loturak egon arren, irakurleak bere interpretazioaren arabera erlazionatzea uzten du Saizarbitoriak. Egunero hasten delakoren bitartez kontaketa teknika nahiz gai berriak ekarri zituen Saizarbitoriak euskal literaturara, eta arrazoi hauengatik kontsideratzen da eleberri modernoa finkatu zuen obra.
67. orrialdean Picassoren Gernika litografia agertzen da, aurreko edizioetan aipatzen ez dena, hain zuzen. Mutil gazte baten logela deskribatzen ari dela, poster pornografiko eta filmen posterrekin batera aipatzen da Guernica (ekfrasia). Adituek Gernika, bonbardaketaren toki gisa, eta Guernica Picassoaren koadroa, bereizi dituzte, lehenak, gerra historiaren kontakizunaren bidez garatzen duelarik, eta bigarrenak, ekfrasiaren bidez. Gaur egun, Picassoren Guernica jotzen da Gernikaren aurkako erasoa kontzientzia kolektiboan betikotzeko eragin handiena duen sorkuntza gisa: sinbolismo honek arrazoiaren zati handi bat koadroari eman zaion estaldura mediatikoan dauka. Cuetok (2017) azpimarratzen duenez, modernitateak, sekularizazioak eta kapitalismoak ikurrak beste esanahi batekin bereganatzeko aukera eman dute, eta honek azalduko lituzke Gernikak, bonbardaketa jasatetik aurrera, hartu dituen adiera desberdinak, ikono baten estatusa bereganatzera iristen den arte. Hau irudikatzen da eleberriaren pasarte honetan, Picassoren koadroa agertzen denean. Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). "Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako-ri buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea.
Hiru egileren artean Mikel Laboa kantariaren biografia bat egin dute ohiko biografia moldeetatik ihesi, eleberri grafiko baten bitartez, alegia. Laboaren bizitza azaltzeaz gain, haren espiritu, aldarte eta umorea adierazi nahi zituzten eleberrian, horretarako, surrealismotik asko edan dute egileek, irudimen handiaren bitartez transmitituz Mikel Laboa izan zena. Autoreek bakoitzaren gogoan Mikel Laboa asko existitu direla diote, eta hori azaleratzen saiatzen dira komikiaren bitartez, bakoitzarentzat esan nahi zuena irudikatuz modu pertsonal batean, baina era berean, denek enpatizatuko zuten modu batean.
Gernikak pisu berezia hartzen du nobela grafikoan. Izan ere, Laboatarren amak Lekeitio ingurutik alde egin zuen 36ko Gerra piztu zenean Donostiara seme-alabekin batera, eta ihesaldi hura irudikatzen da 51-54 orrialdeen bitartean: azkeneko orrialdean gerrako hegazkinak haien gainetik pasatzen dira eta salto kronologiko baten ondoren, 69. orrialdean, itzuli egiten da gerrako bizipenetara, dardarak eta leherketa soinuak irudikatuz. Laboak bi urte inguru besterik ez zituela bizitu zuen ihesaldi hura, eta urrunetik entzundako bonbardaketaren hotsak, dardarak eta inpresioak eraginda konposatu omen zuen “Gernika” kantua. Hori dela eta, komikiko pasarteaz gain, egileek Laboaren ihesaldi hura komikiarekin batera argitaratutako animaziozko bideo baten bidez ere transmititu nahi izan dute, literatura, ikus-entzunezkoa eta musika uztartuz (https://www.youtube.com/watch?v=VpNUkuepZGI). Aipatzekoa da sormen-lanak ekoizpen literario hutsa gaindi dezan nahiak gogora ekartzen duela Ez Dok Amairuren izaera. Beste alde batetik, Zumetaren Gernika koadroak hartzen du 75.orrialde osoa. Mikel Laboaren obraren baitan Zumetaren presentzia bera aipatu beharra dago, Laboaren diska askoren azalak Zumetak egin baitzituen. Koadroak, beraz, bi erreferentzia izan ditzake: batetik, bonbardaketako sufrimenduaren irudikapena, eta bestetik, Zumeta eta Laboaren arteko elkarlana. Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). "Harkaitz Cano, Joseba Larretxe eta Unai Iturriagaren Ni ez naiz Mikel Laboa-ri buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea.
Xabier Montoiak Goñitarren istorioa kontatzen du Azken afaria deritzon nobela honetan. Lau kapitulutan banaturik, urteak atzera Deustoko unibertsitatean zuzenbidea ikasitako lau lagunek ospatutako bazkariarekin hasi eta azkena izango den afariarekin bukatzen da narrazioa. Felix Goñi, Kosme Astoreka, Juanjo Rodera eta Samuel Salaberria lagunen bizimoduek hartutako bide desberdinak agerian utzi eta, Goñi abokatu entzutetsuaren bizimodura lerratuko da kontakizuna. Haren seme Eneko poliziek preso eraman zutenetik, Maite eta Felix Goñiren bizitza errotik aldatu eta infernu bilakatuko da: ordura arteko lagunen begiradak, Sotorako bidaia luzeak, semeak jasandako torturak, heriotzak… Hala ere, Goñitarrek, Juanjo Rodera lagun, abokatu eta anarkista, bidelagun izango dute une oro. Plano bakoitzean narratzaile bat erabiliz, heriotza, bizitza, gezurra eta mendekua bezalako gaiak hitzartzen ditu Montoiak; hala, irakurleak protagonisten azalean sartuz eta egun bizi garen gizartearen eta haren antolaketaren inguruan pentsatzeko tartea irekiz.
Benetako gertaera batetik abiatuz eta Gerra Zibileko gertaera historikoak uztartuz osatzen du kontakizun hau Inazio Mujika Iraolak. CNTk atxilotutako artzapezpiku bat askatzeko anarkista baten eta apaiz baten arteko elkarlana kontatzen du eleberriak. Anarkista egindako apaizgai ohi bat da Andres, inguru berrian bere iragana ezkutatzen duena. Egun batean, ordea, bizitza hankaz gora jartzen dio Don Roman apaiz ezagunaren eskaerak: CNTk Donostian preso daukan Valladolideko artzapezpikua askatzen lagundu behar dio. Bere iragana ezkutuan mantenduz, bere kideak ere ustezko ekintza sekretu horretara gehitzen zaizkio, apaiza Durrutiren ondorengoa dela sinetsita. Karmen ere, protagonistaren bikotekidea, Donostiara doa beraiekin. Zenbait tirabiraren ostean, artzapezpikua askatzea lortzen dute, eta kideak Donostiako istilu batzuetan murgiltzen dira. Beraz, Andres, Karmen, Don Roman eta Don Joakinek jarraitzen dute bidean. Ekintzak bata bestearen atzetik gertatzen dira istorio honetan. Amaieran, artzapezpikuari ihes egiteko azken urratsa betetzera doazenean, berriz ere bizitza hankaz gora jarriko dion berri bat jasotzen du Andresek: Don Roman harrapatu dute itsasontzian ihesean. Amaierako bi berriek iradokitzen digute istorioaren amaierak beste baten hasiera dakarrela.
17. orrialdean, Andres eta gainontzeko CNTko kideak ea santujaleen kontrako irain handiena nork botako jolasten ari direla, Karmenek ur bedeinkatuaren ontzian pixa egingo duela esan ondoren Fructuosok dio hori ez dela nahikoa eta haritza botatzeko labana ez dela aski. Kontagaia kontuan hartuta, litekeena da mozten edota botatzen nekeza den haritz hori zuhaitz jakin bat izatea, Gernikako arbola, hain zuzen ere. Euskal gizartearen oroimen gune nagusia den Gernikaren parte den arbolaren bilakaera historikoari erreparatuz gero, garden bihurtzen da askotariko adierak har ditzakeela une historiko, testuinguru kultural eta adierazpidearen (kultur oroimena ahalbidetzen duten euskarrien) arabera. GDn, foruei lotutako sinboloaren esanahi tradizionalak (gutxienez Erdi Arotik letozkeenak) aldarazi zituen 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketa baino lehenago, gerra hasierako testuinguruan, txertatuta ageri da Gernikako arbola; Andres protagonista (anarkista), ezkutuan, aspaldiko laguna duen don Romanekin (apaiza) batera, CNTk atxilotutako artzapezpikua askatzeko ekintza antolatzear dela. Boterearen forma oro borrokatzea desio duen, taldeko oldarkorrena den eta Andresen antagonista gisa deskribatzen den Fructuosok, norgehiagoka horretan Gernikako arbola botako lukeela iradokitzean, batetik, tradizio(ar)ekin puskatu nahia, eta bestetik, sinboloaren garrantzia, islatzen dituela uler liteke. Alegia, haritza erabiltzen duela garaiko tradizionalisten metafora gisa. Nola aipatu: Negredo, June (2024). "Inazio Mujika Iraolaren Gerezi denbora-ri buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea
Komiki honek Mari eta Martinen istorioa kontatzen du. Anai-arrebak haien aittitte Eleuteriorekin bizi dira umezurztu zirenetik, gau batean ezusteko baten ondorioz Eleuterio hiltzen den arte. Orduan, egoerak behartuta, Durangon bizi diren senideekin bizitzera eramaten dituzte Mari eta Martin. Durangon izeba-osaba eta lehengusinarekin biziko dira, eta hauek Martinkin bakarrik jabetzen direla antzemango da, Mariri jaramonik egin gabe. Hori ez da gertakari bitxi bakarra izango, itxita dagoen etxeko gela batetik oihuak entzungo baititu Marik. Istorioak aurrera egin ahala, Martinek haren bizimodu berrira ohitzeko izango dituen zailtasunen eta Anaren amodio-istorioaren berri izango da, Marirekin zerbait susmagarria gertatzen ari dela iradokitzen duten gertaerekin batera, eta hori dena Gerra Zibilak indar handiz eragiten duen testuinguru batean. Bonbardaketa abisua jaso eta egun batzuetara, goiz batez Anak, Martinek eta Marik hegazkinak ikusiko dituzte herritik ateratzen ari direla, eta Durango bonbardatuko dute hegazkin hauek. Bonbardaketan izeba hil egingo da, eta etxeko gela misteriotsuan zegoen gizonak ihes egingo du. Beste bitan bonbardatuko dute Durango faxistek. Osaba Felix eta Anaren maitea ere hil egingo dituzte, eta azkenean gelan sartuta zegoen gizonak Ana salatuko du, hau publikoki zigortzea eraginez. Azkenean, Anak bere buruaz beste egingo du eta Mari istorioan zehar hilda zegoela ulertuko da.
Udaberririk ankerrena obrak 1937ko Durangoko bonbardaketa du eszenatoki, beraz, testuinguru historiko horretan kokatutako fikziozko kontaketa baten aurrean gaude. Lana Durango 1936 Kultur Elkartearekin batera argitaratua da, eta hitzaurrean gertakarien garaian irakurlea kokatzearekin batera, haien helburuaren berri ematen dute: “Durango 1936 Kultur Elkartearen helburua gure hurreko historiaren inguruko hausnarketa egitea da, eta askatasunaren eta nazio-eskubideen alde bizia eman zutenei omenaldia egitea” (5). Hala eta guztiz ere, deigarria da bai hitzaurrean eta baita amaieran ere urte haietan Bizkaian egindako hainbat bonbardaketa aipatzen diren arren, Gernika ez aipatzea; Otxandioko bonbardaketa izan zela abiapuntu diote, eta bertako zaurituak haien herriko ospitalean ikustea izan zela durangarrentzat gerra horren gertu nabarituko zuten lehen aldia. Elorrio ere aipatzen da hitzaurrean, baina Gernika bere horretan ez. Dena den, amaieran Wolfram Von Richtofen aipatzen da, Italiako Aviazione legionariarekin batera Gernika bonbardatu zuen Condor Legioaren buruzagia, eta dokumentu historiko batetik ateratakoa izan daitekeen aipua egiten du: “Aireko indarrek tokiko eta sektoreetako erreserbak erasoko dituzte, POPULAZIO ZIBILA KONTUAN HARTU GABE” (47). Hau horrela, Gernikako bonbardaketa zuzenean ez aipatzeak pentsarazi diezaguke arrazoi bat dagoela atzean: ukaezina da Gerra Zibila eta Euskal Herriaren inguruan pentsatzen dugunean oihartzun handiena hartu duen gertakaria Gernikako bonbardaketa izan dela, hainbeste non mundu mailan ezaguna den margolari batek artelan bat eskaini zion eta “Gernika” entzutean Picasso datorkion burura askori bonbardaketa bera baino lehen. Horregatik, gertakarien memoria egitea eta irakurlea hausnartzera eramatea helburu duen lan honek hainbesteko zeresana izan ez duen Durangoko bonbardaketa dakar, 360tik gorako hildakoak utzi zituena eta Gernikakoa bezala, indar faxistek txikitutako herria izan zuena ondorio. Laburbilduz, Euskal Herriaren historiaren parte den beste gertakari bat dakarkigu komiki honek, literaturaren bitartez memoria eraikitzea helburu duelarik. Nola aipatu: Negredo, June (2024). "Unai Iturriagaren Udaberririk ankerrena-ri buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea
Komiki honek Santi Brouarden hilketa du kontagai, kontaketan zehar haren bizitzaren alderdi pertsonalen berri ematen duen bitartean. Santi Brouard Lekeitioko politikari eta mediku pediatra aurkezten zaigu, eta pediatra zein politikari gisa bizi zuen egunerokoaren kontaketarekin batera, Luis Morcillo eta Rafael Sanchez Ocaña hiltzaileek ekintza burutu artekoak azaltzen zaizkigu. Iragana, oraina eta geroa daude uztarturik istorioan; oraina kontagai nagusia da, geroa hiltzaileetako batek egindakoaren inguruan emandako elkarrizketa bat eta iragana Santi Brouard gazteagoa zeneko bizipen bat, bi etakideren hiletarekin amaitzen dena. Brouarden egunerokotasuna eta Morcillo eta Sanchez Ocañaren hilketaren prestaketa tartekatzen dira nagusiki, lehenaren heriotzarekin amaituz.
Nola aipatu: Negredo, June (2024). "Harkaitz Canoren Antzara eguna-ri buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea
Saizarbitoriaren Lili eta biok eleberriak Faustino Iturbe izeneko idazlea du protagonista, eta bere lagun Anaren bitartez ezagutzen duen Lili gaztearekin sortzen duen konplizitate harremana eta horrek dakarren kasualitate segida kontatzen ditu nobelak. Gaixotasunak jota errealitatetik urrun dagoen idazleak bizitzari eusteko eta berriz idazteko arrazoia aurkitzen du. Lilik kontatutako bere aitonaren Gerra Zibileko istorio bati tiraka, Otzetan izandako gertakarien osotasuna ezagutzera iristen da idazlea. Badirudi, Lili ezagutzen duen momentutik, aurkitzen dituen pertsonaia guztiek daramatela protagonista Otzetara modu batera edo bestera. Protagonista istorioa josiz doan heinean, irakurleak ere Gerra Zibileko ezinezko amodio baten istorioa ezagutzen du. Gerran falangisten bandoan dagoen Juan Aramendia eta Otzetako Jauregi baserriko Rosaritoren arteko harremana eta honen amaiera tragikoa kontatzen ditu nobelak. Hala ere, iraganak eta orainak etengabe egiten dute topo, esan bezala, XXI. mendean Faustino Iturberen inguruan dauden eta agertuz doazen pertsonaia guztiek baitute loturaren bat gertatutakoarekin. Hamarkada batzuk igaro arren, gerran irekitako zauri batzuek itxi gabe jarraitzen dute, eta askatu gabeko korapilo asko daude oraindik.
Faustino Iturbe protagonista Donostian zehar mugitzen da eleberri osoan zehar: adibidez, Ondarretak garrantzi berezia hartzen du nobelan, Gerra Zibilean zehar egon zen kartzelarekin lotura ezarri nahian agian, eta etengabe aipatzen dira protagonistak zapaltzen dituen kaleak eta haren pasealdien deskribapen zehatza egiten da Donostiaren mapa mental zehatz bat emanez. Horrela, Gernikako Arbola pasealekua ere agertzen zaigu eleberrian, eta nahiz eta Donostiako erdialdea eta Amara ingurua asko lantzen den eta zonaldeko kaleen izen asko agertzen diren, eleberrigile protagonista 36ko gerraz, abertzaletasunaz, memoriaz, etab. hausnartzen ari den heinean, litekeena da pasealeku hori aipatzearen atzean bestelako esanahi bat helarazi nahi izana Saizarbitoriak. Gernika euskal gizartearen oroimen gune nagusi bihurtu da, ondorioz, hura aipatzen denean, hainbat adiera har ditzake: hasieran, gerraosteko literaturan, Gernika aipatzen zenean, bonbardaketa eta bando nazionalaren salaketa izaten zen normalean autoreek azaleratu nahi zutena, baina denborak aurrera egin ahala, Gernikak diskurtso zabalago eta pentsakorrago bat ekarri du, errepresio mota ororen inguruko hausnarketak bultzatuz. Bestalde, 210. orrialdean idazleak lehen aldiz Otzeta bisitatzean ikusten dituen arbolez hausnartzean, zeharka bada ere, Gernikako arbola, Gernikaren oroimen gune izaera bonbardaketa gertatu baino askoz lehenagokoa dela gardentzen duen sinboloa, iradokitzen duela uler liteke: «haritzak ere ezagutzen ditu, baina hostoarengatik hauek, hain bereziak direnez –amak Gernikakorenak izaten zituen, Bizkaiko armarria zainartetako zulaketaz osatuta- eta ia etxe ondoan dauden bi aleak, adaburuak batuta bide gainean arku handi bat osatzen dutenak, guztiz zaharrak izan behar dute». Haritzak bereziak direla dio idazleak, hostoarengatik zehazki, baina jarraian “Gernikakoarena” aipatzen da, irakurleari zuzenean Gernikako Arbola gogora ekarriz. Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). "Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biok-i buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea.
Aristik narrazio-hari eta kontakizun ugari eskaintzen ditu eleberri bakar batean; herriaren eta hiriaren arteko desberdintasunean oinarriturik, tradizioaz eta modernitateaz hausnartzeko aukera ematen du, errealitatea ikusteko hainbat modu erakutsiz narratzaile eta ikuspuntu ezberdinen bitartez. Plano nagusia Fermin tabernariaren eta Luisa motoristaren arteko harremanean oinarritzen da, elkar ezagutzen duten unetik aurrera batak besteari gertatutakoak eta entzundakoak kontatzen dituztela. Ferminek egunean zehar herriko tabernan lan egiten duen bitartean, Luisak pub gautar batean zerbitzatzen du eta bien arteko dikotomia hau eleberrian zehar behin eta berriz errepikatuko da herria eta hiria, eguna eta gaua... elkarri kontrajarriz. Are gehiago, eleberrian zehar etengabe aurkitzen dugu «Birena da munduaren sorrera:...» moduan hasten den esaldia, zuzenean bi osagai kontrajartzen dituena. Baliabide honen bitartez Aristik baieztatu egiten du dikotomia bat irudikatu nahi duela haren narrazioaren bitartez: tabernako errealitatearen eta bertako bezeroek kontatzen dituzten istorioen artean bi mundu ezberdin daude. Ildo narratibo desberdinen artean, 36ko gerra, 80ko gazte abertzaleen arteko desadostasunak, ETA, desintoxikazioa, GIBa, homosexualitatea, memoria... tartekatzen dira gai nagusi gisa, ezagutzen dugun mundua begirada desberdinen bidez islatuz. Badu zer esan izenburuak, eleberriaren amaieran zera esaten baitu Luisak: «urrea kontakizunen osagai funtsezkoa izan bada mendeetan zehar, gaur egun, munduak ezagutu dituen aldaketekin buelta eman duela urrearen sinbologia osoak: gu mutu geratzeko asmatu dituzten zera guztien aurrean, informazioa eta jakin behar guztia gune boteretsuetatik dena eginda ematen zaigunean, guk irents dezagun, hitz egitea da gelditzen zaigun aberastasun bakarra, gauzak eztabaidatzea, auzitan jartzea, kritikatzea, eta, batez ere, istorioak kontatzea. Istorioak ondo kontatzen jakitea, berdin dio hitzez edo idatziz, hori da gure urrea, eta hori egiten dakiena aberatsa da. Hori da eskimalen urrea.» (358. orrialdea). Aristik eleberrian zehar kontatzen duen istorio andanaren muina bertan aurki dezakegu, zuzenean Luisak protagonistak egiten duena defendatzen baitu: istorioak kontatzea zilegiztatzen du, Ferminen tabernan kontatutakoak duten garrantzia nabarmentzen du. Era berean, Aristik berak eleberria idazteko justifikatzeko modu bat aurkitzen du Luisaren hitzetan. Izenburuaren arrazoia ere, bertatik atera dezakegu, urrearen sinbologiaz baliatzen baita mundua ezagutu eta azaltzeko.
36ko gerrako kontakizunei dagokionez, aipagarriena Lizarriturri zaharrak Gernikako bonbardaketan bizitakoak dira, hark bertan lekuko zuzen gisa bizitakoa kontatzen baitu telebistan “Gernika” hitza entzun ostean. Telebistan “Gernika” aipatzen den unean, narratzaileak Picassoren koadroa (ekfrasi bidez) bonbardaketa (errepresentazio historikoa eginez), eta astelehenetako azoka dakartza gogora; azken aipamen honek, azokak alegia, biktima errugabeen aurkako erasoa izan zela azpimarratzea izan dezake helburu, gizateria zibila, oro har, beldurtzeko asmoz. Kontuan hartu behar da, bestalde, kontaketa Lizarriturriren maitasun istorio eta bonbardaketako bizipenetara mugatzen dela, hau da, haren esperientzia pertsonala ezagutarazten du narratzaileak, eta Lizarriturrik bizitako horretatik kanpo, ez da Gernikan egun hartan gertatutakoaz bestelako xehetasun edo daturik ematen «Gernika igualekoxea zuan guretzat: ihesi zetorren jendearen bilgune eta pasalekua; Bilborantzako joan-etorrien nobedadea...» (46. orrialdea). Lizarriturri Polixene maitearen etxean zegoela harrapatu zuen bonbardaketak «Eta han, leihoa kale aldera zeukan Polixeneren lehen solairuko gela hartan, nire bizitzan lehenengo aldiz maitasunaren eztiak eta aparrak gozatzen ari nintzela, sentitu nian laurak aldera erortzen hasi ziren bonba haien burrundara» (48. orrialdea). Lizarriturri behin eta berriz kexu da haren belauneko minaz, eta arrazoia Polixeneren leihotik behera bonbardaketaren gau hartan egindako saltoan datza. Belauneko mina dela eta, zera esaten du: «Baina zer uste duk akordatu zaidala bizitza guztian belauneko mina sentitzen nuen bakoitzean, gerraren garratza ala amodioaren gozoa?» (48.orrialdea). Hala ere, Lizarriturriren lagun Eladiok Lizarriturriren istorioa gezurtatzen du, belauneko mina bonbardaketatik ihesi etxe bat suaren eraginez behera zetorrela salto egiteak eragin zuela kontatuz. Bi istorio ezberdin badira ere, Gernikako bonbardaketak momentuan eragindako desfase eta anabasa irudikatzen ditu modu batean edo bestean, baita gerora utziko zituen trauma eta oroitzapenak ere, memorian nahastuta sartzen direnak. Gernikako bonbardaketa hizpide duen istorio nagusiaz gain, eleberrian zehar gehiagotan agertzen zaigu Gernika. 60. orrialdean, Eladiok “gure gerra” eta “besteena” aipatzen dituenean, zera dio: «Nik ez zekiat ba zer-nolako hitzarmena egingo zuten gobernu batak bestearekin, edo Gernikakoaren ordainsaritzat emanak izan ziren, baina alemaniarrek eraman zitiztean denak». Amaieran ere, gerra atzean utzita, Gernika agertzen zaigu beste behin, hiru etakide Gernikako pisu batean harrapatu dituztela esaten denean. Litekeena da egileak nahita, euskal gizartearen oroimen gune nagusi gisa duen balio erantsiarekin, hautatu izana Gernika ekintza horretarako. Izan ere, aurrekarien esanetan (Olaziregi eta Otaegi, 2011), Gernika islatzen duen 90eko hamarkadatik aurrerako euskal literaturak euskal politikaren erradikalizazioa (bereziki, ETAren sortze testuinguruarekiko loturan) berrikusteko helburu etikoari erantzuten dio oro har. Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). "Pako Arestiren Orregilearen orduak-i buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea.
Galdera esanguratsu baten bueltan idatzitako poema liburua da Munstro abertzalea: «nola bihurtu naiz munstro?» (paratestuak, 7-9). Testuan zehar pertsona-izenordainez aldatuz doan galdera horrek, «nola bihurtu gara…», agerian uzten ditu oroimen pertsonalaren dimentsio kolektibo, kultural eta identitarioak. «Munstrokeria hori/ kazetari[-soziologo-historialari eta enparauek]/ esaten dutena baino sakon[agoa] denez,/ [...] deskribatzeko geratu zaidan bide bakarra/ poesia izango da, [...]/ euskal olerkia» (9). Hortik, gure historia garaikidearen berrikuspen kritikorako ahalegin e(ste)tikoan, poetak autokritikari zabaltzen dion lekua. Kontraesanez, zalantzez eta etenez betetako ni poetiko puskatuak («zer demontre naiz ni, Horazio?» (32)), atzera begiratzen du aurrerantz egiteko. Oinarrizko galdera eta azpigaldera filosofikoen inguruan (euskaldunok nor gara, nondik gatoz eta nora goaz?) jositako poemotan, gainera, Aiestaranek ironiaren eta umore beltzaren akuiluarekin zirikatzen du irakurlea. Horren erakusle argia da, besteak beste, lehen pertsonan idatzitako eta testuarteko erreferentziaz (Aresti, Saizarbitoria…) betetako “Aitaren etxea” poema (12-13). Aitaren etxea saltzeaz damutu ondoren, atzera errentan hartu du, baina beste etxe bat dirudi: aita falta da, «arbasoen baratzean parke eoliko txiki bat» jarri dute, Guernica koadroa egon ohi zen tokian jabeek utzitako diploma bat dago… Anabasa horretan, Arestiri galdetu nahi lioke etxea nola defendatu, baina ez dio telefonoa hartzen (12). Goiko bertso-lerroetan argi antzematen da, batetik, denboraren poderioz Picassoren koadroa pop artearen eta kontsumo gizartearen produktu salgarri bihurtu dela, kasu askotan, errepresentatzen duenetik erabat deslotuta. Ez bakarrik sortze testuingurutik (abangoardia historikoen garaitik) aldenduta, baizik eta baita erro-erroan dagoen bonbardaketaren gertaera historiko erreala bazter utzita ere. Bestetik, Arestik euskal poesian irekitako bide berriak arakatzen jarraitzeko asmoa agertzen du poetak: «[...] une batez/ [...] herriaren hitzak, [sorbaldan hartu eta]/ harri(dura)zko zama balitz bezala,/ bizpahiru segundotan/ [...] airean [eustekoa]», «harik eta azken mementoan/ berriro lurrera eror[i] [arte]» (67). Hain zuzen, autopoetika ariketak diruditen poemetan (22, 39, 67, 79-80…), besteak beste, gizarte kapitalistetan elkarrengandik desitsatsitako artea eta iraultza(k), estetika eta etika, poetika eta politika berriro uztartzeko abaguneez hausnartzen du Aiestaranek. Horrez gain, Guernica koadroa “Nire aitaren etxea” poemari lotzean, literaturak birsemantizatu egiten du sinboloa; bere adierazgarritasun mugagabean, koadroaren alderdi bat, euskalduna, azpimarratuz. Poemak irakurri ahala hazi egiten da Gernikaren irudikapenek, testuan zehar, gogoratzeko tresna gisa betetzen duten lekuaren neurria: dela ekfrasi mailan (12), dela bonbardaketaren errepresentazio historiko mailan (61-62), dela bonbardaketa gertatu baino lehenagoko esanahi tradizionalei (foruei etab.) lotutako ikur mailan (35). Modu horretara, uretan bezain garden nabaritzen dira gure oroimen gune nagusiaren polisemia eta gaurkotasuna. Izan ere, kultur sorkuntza garaikideek ahalbidetutako oroimen geruzen pilaketa edo sedimentua eratu den gunea da Gernika, euskal kultur eta talde oroimenaren mugez haratago, mundu mailara hedatzen dena. Picassoren mihiseak Gernikako gertakizun tragikoa oroimen ibiltari bihurrarazi zuela uler daiteke (Erll: 2011), nazioarteko oihartzuna eta ospea emateaz bat, bonbardaketa traumatikoa, haren errepresentazioa bezala, eraldatuz. Harik eta Gernika, zentzu epistemologikoan, etengabeko gatazka leku bilakatu den arte (hainbatetan, euskal gizartean barne). Horrekin batera, Gernikaren aipamen hutsa gure historia garaikide traumatikoa laburbiltzeko baliabide boteretsutzat agertzen da testuan. Euskal politikaren erradikalizazioaren aurrekari historiko eta soziopolitikoak azaldu eta prozesu historikoak beren konplexutasunean testuinguratzeko ez ezik, ETAren bilakaera makurra salatzeko, eta, beraz, norabide askoko kultur memoria eraikitzeko gune bilakatzen da. Hain zuzen, uler liteke, poema liburu honetan elkarrizketa polifonikoa sustatzen dutela Gernikaren errepresentazioek, aintzat hartuz, besteak beste: desmemoria eta erredukzionismoa (43, 61-62…), trantsizio gatazkatsua (15-16, 60…), ETAren atentatuak (37, 49, 74…), tortura (68, 71, 52…). Jakitun, era berean, «[...] kultur talde bakoitzak modu ezberdinean eraiki[tzen duela] memoria bere nortasun kolektiboaren baitan, baina memorien arteko gatazkan kultur talde txiki(tu)enak dauka[la] galtzeko arrisku gehien» (Elizalde: 2016). Gernikako bonbardaketaren narratiba historikoa oinarrizko printzipio eta arau historiografikoak urratuz osatu zen, egia estaliz eta atzera askatzen zaila den gezur sarea ehunduz. Urraketak ondotik dakartza desmemoria eta erredukzionismoa. Frankismopeko berrogei urtez mantendu da desmemoria, eta beste berrogei urtez mantendu da aurrekoaren ondorio den erredukzionismoa: «[...] Poesiaren zati bat,/ hizkuntzaren leku bat,/ galdu zen betirako/ [...] Gernikatik» (61-62). Gernika gogoan hartuta poemako irudi guztien artean gailentzen den ideia, ordea, bakearena dela esan liteke. Horren erakusle dira “Bakea eta kea” (29) eta “Paz, Paix, Bakea” (59) poemak: «Bakea hitza esaterakoan/ itzelezko bonba batek eztanda egin du/ eta/ bakea entzun beharrean/ kea besterik ez dut aditu» (29).; «[...] Non/ Ez/ No/ La paz/ C’est pas possible/ Jakina/ Mais/ Guztion artean/ Tenemos que alcanzarla» (59).
Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Ignazio Aiestaranen Munstro Abertzalea-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Pindar eta lano dokumentu historikotzat defini liteke, liburuaren muina Jean Marie Diharcek (Iratzederrek) Gerra Zibil betean, lekuko zuzen gisa, idatzitako poema datatuek osatzen dutelako. Esandakoaren erakusle argia da hitzaurrea, poemak gerran hildako Mixel anaiari eskaintzen baitizkio Iratzederrek, batik bat, gerraostean, 1940ko uztail eta abuztu artean, idatzitako “Hila da” (81-82) eta “Alargun” (83) izenekoak. Horrekin lotuta, Mixeli eginiko eskaintzaren ondotik segidako mezua helarazten die irakurleei: «Hautan nihork ez dezala/ Pertsu ederrik bila./ Hautan deus ere ez baita/ Baizik eta/ Pindar, ahuen, amodio/ Eta goiko bozkario…» (5). Aitzitik, kritikak azpimarratu bezala, irudiz betetako idazkera du Iratzederrek, are, erretorika eklesiastikoa darabilela esan liteke. Bestela esateko, Iratzeder «pertsutan» (6) ari zaigula esan liteke, alegia, belarria da poemen etorria arautzen duena eta isilpean irakurtzeko baino, kantatua eta lekukotza gisa “kontatua” (are, buruz ikasia) izateko poesia harmoniatsuaz ari gara. Esanahiz kargaturikoak diruditen metafora edo irudi errepikakor horietako batzuk dira sua, odola, kea eta argia. Suari eta odolari lotuta doa 36ko gerraren tragedia, Gernikako bonbardaketa izanik, duda izpirik gabe, horren guztiaren ikur eta oroimen gune nagusia: «Orai lurrari odol eta ke dario…!» (25); «Gaur egin dut gogotik/ Nigar ilunbetan…/ GERNIKA!/ GERNIKA! [...] Orai datza [...]/ Paret beltz handi batzu/ baizik ez dauzkala./ Jazko Euskaldun-iri/ haren gorputz hila/ Nigarrik egin gabe/ nola ikus, nola?/ GERNIKA!» (26-27). Iratzeder apaiza izaki, pindarrez gain (sua), lanoa (kea) dario poemetan islatzen den gerra garaiko Euskal Herriari. Hau da, otoitzaren antzera zerurantz igotzen den kea ere badago, argi jainkotiar eta zerutiarraren bila edo eske hedatzen dena (fede kristaua). Hitz gutxitan biltzeko, gerrak eragindako giza sufrimendua, abertzaletasuna eta fede kristaua har daitezke poema liburuaren gai nagusitzat. Giza sufrimendua, ondoko lerroetan antzematen den eran, biktima errugabearen errepresentazio unibertsalaren irudigai klasikoen bidez irudikatzen du, haurraren eta amaren bidez, alegia: «Bere haurñoa salbatu nahiz, ihesi joan da joan ama…» (21); «Haur emaztek etxeri diote adio» (25). Aberria hildako ama gisa, euskaldunak umezurtz gisa, eta 36ko gerra, berriz, anaien arteko guda odoltsu gisa haragitzen dira hainbat poematan: «Anai odola herrari/ Eskainiz nasairik,/ Euskadi gure amari/ Bularrak beterik/ Haurñoak hurrupatzean/ Hilen dire gerruntzean [...]» (19). Horrek guztiak garden bihurtzen du gerren azpian elurpean bezala gordeta egon ohi den baina, maskulinitate eta feminitate rolak testuinguru belikoetan aztertu dituzten ikerlariek frogatu bezala, erro-erroan dagoen genero gatazka.
Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Iratzederren Pindar eta lano-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Itzela da Koldo Izagirreren Balizko erroten erresuma-ko “Lauaxetaren betaurrekoak” poema sortan (25-28) Gernikaren iruditeriak hartzen duen lekuaren neurria. Picassoren Guernica koadro ezagunaren alderantzizko ekfrasitzat irakur liteke poema. Denbora pasa ahala zentzu alegorikoan betez baina zentzu historikoan lausotuz edo hustuz doan artelana, atzera berriz, dagokion sortze testuingurura baitakar. Era horretara, euskal gizartearen oroimen gune nagusienaren bereizgarri sinbolikoei buruzko gogoeta pizten du, hain zuzen ere, irakurlea Gernikaren dimentsio alegoriko eta historikoaren arteko talkaren erdian kokatuz. «Ulertzen dut poeta frantsesaren [Eluarden] izua/ [...] izua [...] begietan/ Picassoren oihalari beha [...]/ —Gernikaren hezurrak/ merkatu eguna/ Hiru ordu terdi bonbaketa/ Bi mila hildako/ Haritz bat—/ Baina poeta frantsesak ezin du ulertu/ Picassoren oihalari poeta bat falta zaiola/ Euskarazko oihu hori duela eskas/[...]» (26). Aipu horretan argi laburtzen den eran, gizateria zibilaren aurkako erasoaren alegoriak 1937ko apirilaren 26ko sarraskiaren historia eta memoriak irents ditzake. Hortik, «ikono global» bilakatu den «Picassoren oihalari beha» daudenei Guernica-k erro-erroan duen Gernika, hau da, gertaera historiko erreala, gogora ekarri eta zehazteko helburua. Literaturak, hortaz, birsemantizatu egiten du sinboloa, bere adierazgarritasun mugagabean alderdi bat, euskalduna, azpimarratu eta aitortuz. Are, haritzaren edo Gernikako Arbolaren aipamenarekin, Gernikak euskal gizartean duen garrantzia sinbolikoa, aspalditik (gutxienez, Erdi Arotik) letorkeela zehazten du. Izenburua oinarri, Gernikako bonbardaketa gertatu eta gutxira, 1937ko ekainaren 25ean, Gasteizen, fusilatu zuten Estepan Urkiaga (Lauaxeta) poetaren omenez idatzitako gorazarrezko olerkia izango delakoan, irakurleari harridura sor liezaioke «Haur batek jaso ditu zure betaurrekoak/ Hankagabeko zaldiak hautsiak/ [...] Ezin hazaket maita afusilaturik besterik» pasarteak (28). Alde batetik, aipagarria da «hankagabeko zaldiaren» irudia, baita haurrarena ere, Guernica koadroaren osagai ikonografikoen ekfrasitzat jo daitezkeelako. Picassoren margolana irakurleon talde iruditerian sakonki ainguratuta egoteak ekfrasia erraztearekin bat, zaildu ere egiten duela uler liteke. Erraztu, oroimen guneek, sintesi ahalmen itzelarekin, ikur gutxirekin (kasu honetan, bi hanken gainean intzirika ari den zaldia eta biktima errugabearen errepresentazio unibertsalaren irudigai klasikoetako bat den haurra) esanahi ugari adierazteko gai direlako. Eta zaildu, arestian ikusi bezala, Gernika, zentzu epistemologikoan, oroimen ibilitari eta etengabeko gatazka leku bilakatu delako. Beste alde batetik, poetak (oro har, artistak) genio ukiezintzat hartu ordez, hezur-haragizkotzat eta argi-itzalez oroitzeko helburua suma daiteke. Lauaxetaren kasuan, Izagirrek burges izaera leporatzen dio, baita arlo batzuetan erreakzionarioa izatea ere (27-28). Hortik poemaren azken bertso-lerroa: «sendoa bazina [...]/ Idatziko zenituzke bide barrijak [...] Hika dagiat [...]/ Ezin hazaket maita afusilaturik besterik» (28). Horrekin batera, testuarteko elkarrizketan jartzen ditu protagonista eta Gerra Zibilean frankistek fusilatu, edo kartzeleratu eta hil arte gaixotzen utzi, zituzten beste bi poeta ezagun: «Italia eta Alemaniaren armiarma beltzenek/ Eta gero Españaren poeta suminduek Miguel/ Lehertu zuten Gernikan atxilotua/ Gorrotozko igitai batek ustel dezala heldu zintuzten eskua/ —Federico, Miguel—/ [...]» (25).
Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Koldo Izagirreren Lauaxetaren betaurrekoak-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Itsastxorien bindikapena poema liburuan euskal gizartearen oroimen gune nagusia den Gernikari eskainitako bi poema aurki daitezke. Hurrenez hurren, “Gernika I” (31-33) eta liburuari izenburua ematen dion “Itsatxorien bindikapena” (35-38). Bi poemen azpitik bultzaka dabiltza Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoa eta Picassoren Guernica artelan ezagunaren ekfrasia, Gernikaren dimentsio historikoaren eta alegorikoaren arteko elkarrizketa (noiz talka, noiz ezkontza) sustatuz. 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketa eta giza sufrimenduaren ikur bihurtu den koadroa elkarrizketan jartzean, agerian geratzen da euskal sinboloaren polisemia. Hain zuzen ere, argi ikus daiteke Gernika, zentzu epistemologikoan, nola bihurtu den etengabeko gatazka leku. Nazioartean, kasu batzuetan, Guernica koadroa bere hutsean, arlo piktorikora murriztuta, bilakatu da ikur unibertsal; ez bakarrik Picassoren artelanaren sortze testuingurutik aldenduta, baizik eta baita erro-erroan dagoen bonbardaketaren gertaera historiko erreala bazter utzita ere. Gero eta sarriago agertu ohi da Gernika hitza Picassoren koadroari lotuta eta gerrak jotako leku-izenari deslotuta. “Gernika I” poeman, Picassoren artelanetako figura eta irudigai esanguratsuak zaurituta, zurtz, doluminez edota hilda azaltzen dira Bizkaiko herriaren suntsipenaren erdian. «Usoa/ zerraldo [...] Avignoneko/ emakumeak/ beltzez jantzita/ hilotz./ Arlekina negarrez [...]» (31). Picassoren ikonografia Gernikak euskal gizartean duen garrantzia aspalditik (gutxienez, Erdi Arotik) letorkeen erakusle diren foruei lotutako sinboloekin, «haritz zaharrarekin» eta Iparragirreren “Gernikako Arbola” bertsoekin, nahastean, koadroaren esanahia euskal testuingurura lotzeko helburua gailentzen da (31-32). Literaturak, beraz, birsemantizatu egiten du sinboloa, bere adierazkortasun mugagabean alderdi bat, euskalduna, azpimarratuz. Horrez gain, traumak esan nahi dituen ulergaiztasuna eta adierazi-ezina sormenaren bidez adigarri bihurtu arteko bilaketa artistikoaren ispilu da poema: «Iparragirre/ mutu/ sokabako/ gitarrari eragiten/ mutu [...] Poetak/ deitu ditugu/ Poetak/ etorri dira [...] eta/ ezin/ hitzetan/ jaso [...] Pintoreak/ deitu ditugu/ Pintoreak/ etorri dira [...] eta/ ezin/ koloreetan jaso» (32). Sormenezko arakatze lan horrek, gogoetagai sakon bati egiten dio leku: Mina “adieraztean”, ba al da beste biderik artea hel daitekeen lekuraino heltzeko? Horretaz aparte, Omar Nabarrok Guernica koadroan azaltzen diren biktima errugabearen errepresentazio unibertsalaren irudigai klasikoak, haurrak, azpimarratzen ditu. Era berean, esanahiz betea da Guernica-ko bonbilla itxurako eguzkiaren eta ihesi doan lagunetariko batek daraman kriseiluaren ekfrasia, sarraskiaren lekukotza ematen duen elementu sinboliko nabarmena baita «argia». Izan ere, zenbait arte historiagilek Guernica iruzkinduz esan bezala, «what else is there in the world with which to confront the terror except light and the naked truth?» (Rhodes, 2013: 24). Ez da harritzekoa, pasarte batean, kriseilua armen pare edo armatzat aurkeztea, poeta baten eskuetan, gainera: «Pablo Neruda/ kriseiluaz harmaturik [...]» (32). Esandakoaz bat, agerikoa da olerkian testuartekotasunak hartzen duen garrantziaren neurria, literaturaren eremuko pertsonaia ezagunen aipuz ez ezik, artearen historiako pertsonaia eta irudigaiez betea (32-33). Tartean badira Guernica koadroaren aurrekaritzat jo izan diren artelan eta gai ikonografikoak (Goyaren Maiatzaren hiruko fusilatzeak edo Boscoren «monstrutalde izugarriak» kasu), bai eta Gerra Zibilari lotutako pertsonaia eta gertaera historiko esanguratsuak ere (Federico Garcia Lorcaren fusilatzea edo Cesar Vallejoren poemak, adibidez). “Itsastxorien bindikapena” poemari dagokionez, gutun itxura du. «Zu» izenordainak ahalbidetzen duen fikziozko elkarrizketari edo egitura dialogikoari esker, Omar Nabarro zuzenean ari zaio Pablo Picassori hizketan. «Aizu, Pablo,/ [...] bakearen usoa/ [...] Lapurtu egin digute/ [...] Guernica ere kaiolatu egin dizute/ Madrilen [...]» (35). “Gernika I” poemako irudi eta gogoetagai beretsuak aurki daitezke hemen ere, besteak beste: kriseiluaren argitasuna (egia) Gernikako bonbardaketaren arduradunez Francok saldoka botatako gezurren aurrean; Gernika eta Guernica-ren arteko talka; arteak traumari bide emateko duen ahala eta ezina… Esandakoaren adibide argiak dira honako lerro hauek: «[...] lurrean hankaz gora/ inongo argirik ikusi ezinik/ ez bada/ kriseilu humilak opaltzen diguna» (35); «[...] Guernica ez dago Gernikan» (37); eta «[...] koadro bat pintatuz ez bait da/ inoiz/ gerrarik amaitu» (36).
Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Omar Nabarroren Itsastxorien bindikapena-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Ixiar Rozasen Patio bat bi itsasoen artean poema liburuan aurki daiteke “Zumetaren Gernika” poema. Izenburuak barruan darama Jose Luis Zumetaren Gernika (1999) mihise gaineko olio pintura erraldoiaren (350x780 cm) ekfrasia. Hainbat ikerlariren arabera, euskarazko literaturan gerrak jotako leku-izena ingurune jakin bat (dela Bizkaiko herria, dela Euskal Herria) izendatzeko erabiltzearen joeraren azpian, Gernikaren dimentsio alegorikoa orekatu nahia legoke, dimentsio historikoari arnasa emateko. Izan ere, zenbait kasutan, gizateria zibilaren aurkako erasoaren alegoriak gerrak suntsitutako leku errealaren historiak eta memoriak irents ditzake. Irakurleoi, hasiera-hasieratik, ekfrasi ariketan aurkituko dugun Gernika-ren islada ez dela Picassoren koadroarena, Zumetarena baizik, zehaztean; mundu mailan ikur bihurtu den baina maiz arlo piktorikora murriztu ohi den Guernica koadroaren oinarrian berau eragin zuen euskal gertakari historikoa aitortzen eta azpimarratzen du. Aldi berean, baina, Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikotik alegoriaranzko sintesi ariketa bat ere burutzen du poeman, gizateria zibilaren aurkako erasoaren ideia nabarmenduz. Sarraskiek eta testuinguru gatazkatsuek eragindako traumei bide nola eman galdegiten duen itauna gailentzen da, hain zuzen ere, testuan barrena: «zerutik zintzilik diraute/ mina/ heriotza/ gorrotoa/ nora doaz/ odolaren eztandaz zipriztindurik/ koloreetan amiltzen dira/ heriotz hutsalez nekaturik dagoen/ esku ahurrera/ nora doaz/ deiadar urrunak/ oihartzun intziriak/ [...] bizitza bera/ nora doa» (43). Aipu horretan nabarmentzekoa da, halaber, koloreei buruzko metafora jasotzen duen bertso lerroa, bai Picassoren mihisean, bai Zumetarenean, ezaugarri formal erabakigarritzat jo daitekeelako. Aurreneko kasuan, arreta pizten du polikromiarik ezak, koloreen eskala grisaille-ra mugatzeak; bigarrenean, aldiz, arreta kolore biziek pizten dute, kolore bero eta hotzen ezkontza koloretsuak. Ekfrasi bidez, Zumetaren Gernika-n azaltzen diren gorriaren eta beltzaren tonu guztiak esanahiz gizentzen ditu poetak, biktima errugabeek isuritako odoloaren eta errauts bihurtutako herriaren ideia nabarmentzean: «odolaren eztandaz zipriztindurik/ koloreetan amiltzen dira/ heriotz [...]». Era berean, poemari batasuna ematen dion «nora doaz» galdera errepikakorrak Prévert Jacquesen “Chanson dans le sang” poema ekar dakiguke gogora; «où s’en va-t-il tout ce sang répandu» aipua, hain zuzen ere (testuartekotasuna). Honenbestez, poema honetan Gernikaren dimentsio historikoaren eta alegorikoaren arteko elkarrizketa, are sinbiosia, gertatzen dela esan genezake.
Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Ixiar Rozasen Zumetaren Gernika-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Kritikarekin bat etorriz, proposamen berritzailea da Ihes ederra bere osotasunean, nola formaz, hala mamiz. Ezohiko (azpi)genero bati dagokion liburua da: irudi eleberria, komiki liburua edo album nobelatua. Hitz eta irudien arteko muga lausotzen den eremu narratiboan badira, gainera, aipagarriak diren ñabardura gehiago ere. Esandakoaren erakusle dira tartekatuta ageri diren hiztegi-sarrerak, poemak, kantak, artelan esanguratsuen ekfrasiak (Picassoren Guernica-rena, kasu), argazkiak, sukalde errezetak edota iritzi zutabeak. Horrekin batera, irakurketa sakontzen jarraitzeko aukera eskaintzen duten informazio iturriak topa daitezke orrialde jakinen ertzetan. Adibidez, aipu bibliografikoak eta interneteko estekak (testuartekotasuna). Gai aldetik, arazo intimo eta soziopolitikoen arteko ertzei erreparatzen die egileek; maitasunaz, sexuaz, geopolitikaz, memoriaz, historiaren aldakortasunaz eta bestez hausnartuz (kontrazala). Bikote heterosexual monogamo baten egunerokotasuna da, hain zuzen, istorioaren muina. Joanes Apaolaza argazkilariaren eta Olga Perls irakaslearen eguneroko gorabehera horiek guztiak, ordea, ukronia baten barruan gertatzen dira. Alegia, egundo existitu ez den baina, prozesu historikoek beste bide bat hartu izan balute, existi zitekeen Euskal Herri garaikide batean bizi dira bi protagonistak. 1808-1813ko «Argien Gerra» ezkero, Frantses Errepublika Federalaren parte da Euskal Errepublika Askea (39). Plano nagusi batean, Joanes, kazetari lanetan jarduteko, «Ebroko Gune Neutralera» joango da (38-39); Pauline lankidearekin batera, «Euskal Irauna» eskuin-muturreko alderdiaren burua, Mirande Jauna, elkarrizketatuko du (97-109); eta altermundialisten mitin erraldoira ere hurbilduko dira Pauline eta biak, argazkiak ateratzeko (120-133). Beste plano nagusi batean, Olga eta Joanesen etxe barruko egunerokotasuna erretratatzen da (47-81, 166-167…). Nolanahi ere, plano narratiboen aldiberekotasuna eta aniztasuna askoz ere konplexuagoa bihurtzen da aipatutako arrazoiengatik (kode artistiko ezberdinen arteko nahasketa; ukronia; elipsi, analepsi zein prolepsi bidezko denborazko salto erraldoiak…). Modu horretara, testuaren eta irudien irakurketa mailak modu kaleidoskopikoan biderkatzen eta gizentzen direla uler daiteke. Esandakoaz bat, nabarmentzekoa da Iban Zalduak ingelesez idatzitako zientzia fikziozko hitzaurrea (5-7). Horrela, kritikak azaldu bezala, «lan intelektual sakon bezain zail[tzat]» defini liteke Ihes ederra.
Gernikaren errepresentazio franko aurki daiteke liburu honetan. Hasteko, Picassoren Guernica (1937) koadroaren detaileak ageri dira 151. orrialdean (ekfrasia). Hala nola: kriseilua; haurra hil zaion amaren oinazezko oihua (pietatea); kriseilua eskuan ihesi doan figuraren begitartea… Bineta formako ebakin horiekin tartekatuta, aurreko orrialdearen ertzean zehazten den eran, Alain Renaiss eta Robert Hessensen Guernica (1950) filmeko aipuak irakur daitezke, frantsesez. Gainera, protagonistak ere agertzen dira bineta batean, Olga eta Joanes Guernica filma telebistatik ikusten ariko balira bezala. Liburu ukronikoetan gertatu ohi den legez, gertaera historikoak nahieran desegin eta berregin dituzte egileek, oraineko begietatik, iragana irudimenez eta (kasu honetan) ironia finez berrasmatuz. Hortaz, ez da harritzekoa tartean datu historiko errealak txertatzea. Izan ere, Gernikako bonbardaketa gertatu eta gutxira, Paul Éluardek, Georges Auricen musika partitura iturritzat hartuz, "La victoire de Guernica" (1937) poema argitaratu zuen Cahier d'art aldizkarian. Resnaisek poema musikatu hura hartu zuen oinarritzat “Guernica” filmeko soinu banda sortzeko garaian. Deigarria da, bestalde, Picassoren Guernica-ren detaileak erakusten dituzten bineta horiei guztiei Etxartek eta Urrutiak goialdean gehitutako «arte» hitza. Segidako orrietan (151-152), gizateria zibilaren aurkako erasoaren ikur bihurtu den Guernica koadroaren erreproduzkioa ageri da, osorik. Erreproduzkioaren azpian, Éluarden poema irakur daiteke frantsesez. Horrez gain, Mikel Antzak euskaratu eta Susa argitaletxeak sarean zintzilikatutako “Gernikaren garaitza”-ra, Éluarden poemaren itzulpenera, garamatzan esteka topa daiteke orrialdearen ertzean. Bistan geratu denez, mugarritzeko zaila den proposamen ausarta da Ihes ederra. Kontrazalean irakur daitekeen antzera, baina, baditu bi ardatz: maitasuna eta konkista. Lurren, gorputzen eta kulturen kolonizazioaren gaineko gogoeten artean, bada aipu bat zuzen-zuzenean lotu daitekeena Gernika/Guernica binomioaren irudikapenekin. Are, nola Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoak, hala Guernica margolan ezagunaren (eta hark bultzatutako fenomeno transmedialen) ekfrasiak irakurtzeko giltza izan daiteke: «Inbasiorik mingarriena memoriena da» (39). Jakin badakigunez, Gernika euskal gizartearen oroimen gune nagusia da; kultur sorkuntza garaikideek ahalbidetutako oroimen geruzen sedimentua eratu den gunea, euskal kultur eta talde oroimenaren mugez haratago, mundu mailara hedatzen dena. Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Hedoi Etxarte eta Alain M. Urrutiaren Ihes ederra-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Oskar Faupel, Euzko Gudarostean borrokatu zen hogei urteko gudari gaztea, basozain jarduten da Etcharte bordaren inguruetan. 1937ko udaberrian, Gaztelumendiko babestokian, horma zulatu zuen metraila zati bat sartu zitzaion saihetsean Faupeli, eta zauriaren larritasuna ikusita, Eusko Jaurlaritzak Lapurdin antolatutako erietxera eraman zuten (191). Sendatu arteko denboran, Gerra Zibila azkendu da. Basozain modura bizimodu berri bati ekin nahiko liokeen arren, gerrako mamuek ez diote bakerik ematen (76, 192). Ama gerraren bezperetan hil zitzaion; aita, Iruñean erbesteratutako I. Mundu Gerrako soldadu alemana, berriz, haurra zela. Ibarra lagunaren bidez lortuko du aspaldian sentitu gabeko zirrara eragiteaz batera mina zeharkatzen lagunduko dion lan berria. Espioi gisa bidaliko dute atzerrira Euskal Zerbitzu Sekretuetako buruzagiek, argibide zehatzik emateke, eta bidean argituko du protagonistak bere eginkizun misteriotsuak duen garrantziaren neurria. Parisera aurrena eta Alemania nazian barrena gero, orpoz orpo jarraituko dion Francoren zerbitzuko espioi espainiarrak eragingo dizkion susto larriez gain, espero gabeko beste hainbat egoera arriskutsu biziko ditu espioi euskaldunak. Hain zuzen, zelatatzeko agindu dioten SSko gizona, Weber irakaslea, bere aita dela eta egiaz ez zela hil ohartuko da. Ordura arteko bizitza irauliko dion ezezagunarekin adiskidetu eta ezagutu ahala argituko du espiotza lanaren giltza den Eguzki Beltzaren sekretua (179). II. Mundu Gerra lehertzear den horretan, Hitlerren zaldunentzat berebiziko garrantzia duen erlikia mirarigilea da jokoan dagoena: Longinos lantza (253-256). Lehen pertsonan eta iraganeko aditz-denboran, Oskar Faupel narratzaile pertsonaiaren ahotan kontatzen diren eguneroko antzerako kapituluekin tartekatuta (1, 2, 3, 6, 7, 9, 11…), Enrique del Valle antagonistaren (agente espainiarraren) pasadizoak datoz, hirugarren pertsonan eta kontalari orojakile baten ahotan (4, 5, 8, 10…). Gerra arteko garai historiko gatazkatsuaren erretratua marrazten du Ladronek, nazionalsozialismoaren hedapena testuinguratzeko. Kritikak aipatu bezala, narrazio historikoak (datu historikoz betetako sarrera eta epilogoa izanik dokumentazio lanaren erakusle nabarmenenak), erlikia mirarigileari lotutako «ukitu fantastikoek», eta irakurlearengan intriga pizten duten estrategia narratiboek bat egiten dute espioi eleberri honen bilbean (kontrazala).
Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historiko andana aurki daiteke nobela honetan (11-13, 130, 147, 179-180, 285…). Bularraldeko zauriaz gain, 1937ko apirilaren 26an gertutik bizitako bonbardaketa da Gerra Zibilak Oskar Faupelengan utzitako marka edo zauri handiena. Alegia, oroimen gune nagusia. Faupelek aita ezezagunari, SSn dabilenez gizatasuna aspaldi galdu zuela iruditzen zaion Weberri, Gernikako bonbardaketaren lekukotza ematen dion unea erabakigarria da. «Ni Markina hirian nintzen bonbardaketaren berri eman zigutenean. Lau aste lehenago Durango ere gogor bonbardatu zuten, eta azken egun haietan Kondor Legioaren hegazkinen burrunba ia eguneroko gauza bihurtu zitzaigun. Baina Gernikakoak marka guztiak hautsi zituen [...] Jendea hil beste helbururik gabeko erasoa izan zen [...] Leher egindako emakumeen hezurrak ikusi nituen. Haur kixkalien odola arnastu. Oraindik ere sentitzen dut kirats hura [...] Bonbetatik bizirik ihes egiten zutenak txiki-txiki egin zituzten ehiza-hegazkinek. Untxiak bezala ehizatu zituzten errepide eta soroetan, ihesi zihoazela! [...] Aireak igeltsu lehorraren usaina zuen, eta kearena, eta giza haragiarena. Jendea nora ezean zebilen, hautsez eta kedarrez belzturik [...] Gau hartan gudari anitz atera ziren Gernikatik. Ihesi zebiltzan, Bilbo alderantz. Desertatu egin zuten [...] Neu ere argitu baino lehen atera nintzen herritik… oso bestelako helburuekin, baina: etsaiaren bila abiatu nintzen» (188-189). Aipuaren azken lerroan irakur daitekeen antzera, Gernikako bonbardaketa basatiaren biharamunean, protagonista nazionalen lerroetarantz abiatu zen mendeku hartzera: «Eroturik nenbilen [...] —Nazionalak ofentsiban zetozenez, ez zidan luze jo haien abangoardiako tropekin topo egiteak [...] Bi soldadu hil nituen [...] Gernikatik atera nintzenez geroztik musika entzuten nuen buru barnean, aita, Wagnerren operak [...] Ustekabean egiten nien eraso. Gau eta egun [...] Zazpi egun eman nituen hala [...] Gure lerroetara itzul[tzean] [zauritu ninduten]» (190-191). Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Alberto Ladron Aranaren Eguzki beltzaren sekretua-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Paratestuetatik hasita azken orriraino, sormenari, egiletasunari eta kritikari buruzko gaiak aletzen dira nobelan. Kritikak azpimarratu bezala, ondokoa da testuaren zolan dagoen galdera: ba ote du idazleak desagertzerik? Bere obraren baitan soilik bizitzerik? Romain Gary eta Emile Ajar ezizenen atzean bere burua ezkutatuz desagertu nahi izan zuen J.M. Catonné idazlearen benetako kasua oinarri hartuta, Romain Gary ezizenaren babesean anonimotasunean bizitzea erabaki duen euskal idazlea da liburuko protagonista. Espektakuluaren mesedetan sormen lana bigarren mailan uzten duen sistema literariotik at idazteko erabakia eta bizimodua, ordea, korapilatu egiten zaio pertsonaia nagusiari. Nobelaren premisa den hilketatik hasita: emakume batek tiroz hil du bere senarra (9). Baina senarra erail aurretik, anonimoki jardun den, eta ondorioz, aspaldidanik irakurle, kritikari eta ikertzaileak aztoratuta dauzkan euskal idazlearen eskuizkribuak ematen dizkio eskura narratzaile-pertsonaiari (13). Homodiegetikoa den kontalariak, literaturako irakaslea eta idazlea denak, urteak daramatza hil berria den ustezko idazle distiratsu bezain misteriotsuaren kasua argitu nahian. Idazketari eta arteari buruzko saio tankerako digresioek (18, 43, 49-52, 98, 103, 166, 176…) testuarteko aipu andanak (25, 76, 80, 170-174, 192-193, 199…) fikzio maila ezberdinetako pertsonaien nahasketak (72-73, 183-185…) eta geruza tenporal ezberdinen arteko aldiberekotasunak, intrigazko nobelen ohiko ezaugarritzat jo daitekeen jakin-mina piztu eta mantentzen dute irakurlearengan. Azken aldera baino ez da argitzen euskal literatur sistema astindu eta markatu duen protagonistaren benetako egiletza: idazlea ez da hil berria, senarra hil duen Sophie Callas baizik. Bere anonimotasuna gordetzeko senarrarekin egindako tratuak ataka larrian jarriko du, ondoko lerroetan irakur daitekeen eran, «bikoizkeriak» eta «mozorroak» muturreraino eramanda, Callasen lekua hartu nahi baitzuen. «Niri idaztea gustatu izan zait beti, ez idazle izatea. Gorrot[o dut] fokoen pean jartzeko duten premia hori. [...] Nardargarriak iruditzen zaizkit beren maskarak, onberatasun poseak eta kasua handien aldeko aldarrikapenak [...] Tratu bat egin genuen: berak bereak balira bezala zainduko zituen nire lanak [,argitaletxeetara egilearen arrastorik utzi gabe bidaltzen lagunduz], eta nik idazten xahutuko nituen nire indarrak. Eta nire lanak bereak zirela pentsatzera iritsi zen» (179-180).
Oroitzearen ekintza erreproduktiboa eta performatiboa da, eta horixe ematen du aditzera remediation kontzeptuak, iraganarekiko hartu-eman dinamikoa beti ere bitartekatua da, askotariko euskarriek ahalbidetua. Narratzaile-pertsonaiak ideia horren harira hartzen ditu hizpidetzat Gernikako bonbardaketa eta hura oroitzeko egindako koadroa. Baina Picassoren Guernica-ren ordez, fikziozko artista baten artelanak aipatzen ditu. Beraz, memoriaren eta artearen arteko loturez hausnartzeaz haratago, birsemantizatu egiten du sinboloa, bere adierazkortasun mugagabean alderdi bat, euskalduna, azpimarratuz. Hain zuzen, bonbardaketaren lekuko zuzen izan zen eta erbestealdia suntsitu aurreko herria pintatzen igaro zuen pintore gernikar bat agertzen da testuan. «Pintoreak, oraindik haurra zela, alde egin zuen amarekin Ameriketara. Bonbak zerutik erortzen ari zirela atera omen ziren biak, gainean zutenarekin, ihesi. Argazki zahar eta filmetan ikusi ohi diren gisan, buru-makur korrika, etxeen babesa bilatuz eta aldika zerura begiratuz igaro omen zituzten herriko kale bakanak eta, mendian gora muino batera iritsi zirelarik, atseden hartzera geratu eta suaren mende zegoen herriari begira negar egin omen zuen amak. Aita frontera joana zen. Mutikoak [...] amari eskua estutuz, “Zaude lasai, ama- esan omen zion-, nik berregingo dut Gernika”. [...] Ameriketara ontzian itsasoz zihoazela, hasi omen zen mutikoa lehen marrazkiak egiten, eta behin eta berriz, etengabe. Gernika [...] agertzen omen zen marrazkietan. Oso azkar zabaldu zuen pintorearen sona euskal diasporan. [...] pintore gaztearen lanetan [...] gerrak matxuratu gabeko Gernika bat agertzen zen, argazkietakoa bezain sinesgarria baina aldi berean atzokoa, ezinezkoa; azken batean, haurtzarokoa [...]» (49-50). Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Joxean Agirreren Romain zen bere izena-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Irudiz betetako narrazio laburrean, Gerra Zibilaren historiografian funtsezkoak diren gaiak aletzen ditu. Desmemoriaren edo fartsa historiografikoaren gaia jo liteke, hain zuzen ere, narrazioaren muintzat. «Ahaztu dezagun suntsidura, eta oinazea [...] Ez ukitu adreilu hautsiok, ez errauts epelok, ez odol itsaskor hau» (92). Hainbat historiagilek frogatu bezala, Durangoko bonbardaketaren kasuan (Gernikako esperimentu militarraren faseetako bat izan baitzen), frankismopeko berrogei urtez mantendu da desmemoria, eta beste berrogei urtez mantendu da aurrekoaren ondorio den erredukzionismoa. «Ez entzun [...] inondiko irrati irabazleren parterik [...] Ez ikusiarena egin [...] Ez izutu inguruko eta zure baitango seinale kezkagarriengatik, hitzak ahaztu dituzulako [...] Ahantz dezagun hondamendi hau guztia» (92). Hortik narrazioaren gaurkotasuna, nola edukiz hala formaz adierazia. Durangoko bonbardaketa oraineko aditz denboran eta gertaeren garaiko lekuko zuzen baten ahotan narratzen du. Gainera, lehen pertsona pluraleko izenordainaren bidez, irakurleoi zuzenean garamatza herria sutan eta ketan, txikituta, geratu zen une eta gune historikora. Are, izenburu zehatzagatik (“Durango 1937”) eta Euskal Herriko historiari lotutako datu zehatz batzuengatik ez balitz, kontakizuna noranahiko eta noiznahikotzat irakur liteke. Biktima errugabearen errepresentazio unibertsalaren irudigai klasikoak jasotzen dituela uler daiteke, hau da, emakumea eta haurra. Kasu honetan, umezurtzak: «[...] haur esku solteak eskailera hondatuetan barrena, bere amaren bila [...]» (92). Horrez gain, azpimarratzekoa da narrazioaren ondoko orriak dakarren argazkia, gertaeren garaiko dokumentu historiko bat baita, Durangaldeko artxibo historikotik ateratakoa. Bertan, hondakin artetik berreskuratu eta San Jose elizaren ataurrean jarritako gorpu zati bat ikus daiteke. Jakina denez, bonbardaketa amaitu orduko, identifikagarriak ziren gorpuzkinak bildu eta elizaurreetan eta hilerrian kokatu zituzten, familiek edo lagunek ezagut zitzaten.
Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Joseba Sarrionandiaren Durango 1937-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Inazio Mujika Iraolaren narrazioak 1936ko Gerra Zibilean Euskadin berriemaile gisa jardun zen kazetari ingeles baten bizipenak kontatzen ditu. Pertsonaia nagusiak, beraz, lehen pertsonan mintzatzen den kazetaria eta haren ondoan izan zuen Kuireka gudaria dira, biak, hain zuzen ere, faxistak Bilbon sartzearen zeudela, Carlton hotelean ostatuz ziren eta 1937ko udaberrian Euskadik bizi zuenaren berri ematen du. Kuireka gudariak kazetari ingelesari egiten dion eskaeraren arabera egiten du aurrera kontakizunak: Euskadin benetan gertatutakoa munduan zehar zabaltzea eskatzen dio, funtsean. Gerra galdu ostean, kazetaria haren jaioterrira itzultzen da, baina hainbat urteren barru, erresistentziako kide ziren zenbait euskaldunek Euskadira itzultzeko eskatzen diote, haren iraganeko jarduna ezagututa, Franco kanporatzen lagunduko zuten agintari britaniarrekin zuen harremana lagungarria izango zelakoan. Nagusitzen den plano narratiboa kazetariarena izan arren, tarteka, euskaldun gazte batek frankismopean aurrera eramaten duen “ekintza” bat aipatzen da. Gazte honek, izan ere, hildako aita gudariaren omenez “Euzkadigatik” hartzen du parte ekintzan eta kazetari ingelesa Euskadira itzultzean bat egiten dute bi plano narratiboek: ekintzan parte hartzen duen gaztea Kuirekaren semea da eta kazetari ingelesa ezagutzen du honek, Euskadira itzultzean, ekintza berberean parte hartzen duelako.
Kazetariak 1937an Gerra Zibilean ikusitakoak kontatzen dituen gertakarien artean, Gernikako bonbardaketa ere aipatzen du. Lehen pertsonan beraz, Gernikako erietxearen berri ematen du lehenengo, inguruko gudariak artatzeko eraikia izan baitzen: “Gernika hiriko begiratoki eroso, bakealdian lekaime-etxe izateko asmoz jasoa bazen ere, bukatu baino lehen, guda-eritegi bihurtua zegoen” (36.orr). Kuireka bertan zegoen eta alta jaso berri zuen, baina bertan kazetari-lanetan gudari zauritu eta gaixoak ezagutzen ari zela, bonbardaketaren lehen ekintzak deskribatzen ditu: “Elkarrekin bazkaldu genuen, eta, bazkalondoren, terrazan geundela, hegazkinen alderatze burrunbak aditu genituen. (...) Bat-batean, izugarrizko dunbotsa aditu genuen, eta sailean beste bost. Arnasari eutsita, adi-adi, hegazkina bere heriotza-lana amaituta urrundu zela entzun genuen, baina ez luzerako. Hortik aurrera gauza jakina da ikasi nahi duenarentzat” (37.orr). Bonbardaketaren errepresentazio historikoa agertzen da eta, gainera, auzotarrek sentitutako beldurra eta sufrimendua aditzera ematen ditu, gertaera traumatiko gisa irudikatzen duelarik bonbardaketa: “ordu larri haietatik eszena batzuk ditut ametsen munduan gordeta, eta inoiz edo behin errepikatzen zaizkit” (38.orr). Bestalde, Gernika bonbardatu eta hurrengo egunean herriak zuen itxuraz gogoetatzen du kazetariak: “Biharamunean sartu ginen Gernika izandako kale mamu-giroko haietan. Ez zen harria harriaren gainean geratzen. Etxe izandako hautsikinen artetik sua ateratzen zen. Bilborako errepidean autoak, gudariak eta oinezkoak zihoazen ilara luzeetan” (38.orr). Argi uzten du idazleak, kazetariak egiten dituen aitortzari esker, Gernikako bonbardaketaren helburuetako bat gizateria zibila izutzea zela, eta gainera, era berean, Gernikaren suntsipenaren inguruan bando nazionalak zabaldutako gezurrak salatzen ditu, etengabe errepikatzen den leloa baita “egia osoa” kontatzearena, Francoren gezurrek eragindako “desmemoriari” aurre egiteko. Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). "Inazio Mujika Iraolaren Sagarrak Euzkadin-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea
Joseba Sarrionandiaren eleberri hau Gerra Zibilean dago kokatuta, Kalaportu izeneko kostako herri batean. Oraindik haurra den mutil baten bizipenak kontatzen ditu, gerra lehertzen eta bere etxeraino sartzen ikusten duena. Hasieran jolas bat zena, inguruko guztia kutsatzera iristen baita. Eleberriaren hasierarekin dator gerraren hasiera ere. Protagonistaren aita karlistekin doa gerrara, ideologikoki urrun eta haurdun dagoen ama eta semea etxean utzita. Herriko giroan urduritasuna nabaritzen hasten da, eta jakinmin handia dute haurrek. Danboliteroak gerra egoera deklaratzen du eta komunistek Guardia Zibilaren kuartela hartzen dute. Bestalde, herriko karlistak preso hartzen dituzte. Arreba jaiotzen da, gudariak iristen dira herrira, Alemanek Kalaportu bonbardatzen dute, Karlistek herria hartzen dute, alkatea fusilatu… Bien bitartean, protagonista eta bere lagun mina den Josemari guztiaren lekuko dira. Biek dute aita gerran, bakoitza bando ezberdin batean badago ere. Don Juan Manuel Garaikoa, aitaren adiskidea izendatzen dute alkate eta aita herrira itzultzen da, denbora laburrerako bada ere, berriz gerrara baitoa. Margarita eta Pelaioen taldeak sortzen dira herrian, baina Juamanuel izendatzen dute Pelaioen buruzagi, protagonistaren etsaia. Haurrak, berekin izandako gorabehera batzuen ondorioz, Pelaioen taldea uztea erabakitzen du, eta Pelaioek torturatu egiten dute. Gerraren amaieran, aita etxera itzultzen da, baina hankarik gabe. Etxeko egoera sostengaezina bihurtzen da, eta egun batean jada hain haurra ez den protagonistak aita amari pistola batekin apuntatzen aurkitzen du. Etxeraino sartu den gerraren alderik ilunena ikustera heltzen da, eta gerra oraindik hortik dabilela dio. Alemaniatik zirko bat omen dator, eta kolosala izango omen da.
Edorta Jimenezen bosgarren nobela dugu Kilkerren hotsak. Espioi nobela da, eta aldi berean nobela historikoa eta inbestigaziozkoa. Bi plano narratiboren bitartez, bata XXI. mende hasieran eta bestea 1937an, Uriarte espioi ohiak 1936ko Gerran izan zituen zeregin eta lanak kontatzen ditu. Uriartek jasotzen duen bisita baten aitzakiapean, lehenengo pertsonan, hark bizitakoak kontatzen ditu, horrela, bisitariak dituen galderei ere erantzuten die. Bisitariak, izan ere, Alejandro Mallona alkatearen fusilamenduaren berri izan nahi du eta dokumentu ezezagun nahiz historikoetatik tiraka, espioiak kasuaren inguruan ezagutu zuenaren berri ematen du, bere parte-hartzea barne. Istorioaren abiapuntua Espainiako faxistek Bermeoko kostalde inguruan ihes egiteko zuten barku alemana da: faxistek, hain zuzen ere, Jaurlaritzaren onespenari esker egiten zuten alde eta bertan kolaboratzen zutenen artean izen handiak zeuden, tartean, Mallona alkatea bera. Ihes egiteko barkuan oinarrituta, protagonistak hainbat misio eta gertaeraren berri ematen du, fikzioa eta errealitatea etengabe nahastuz. Benetako pertsonaien artean aurkitzen ditugu, adibidez, Lauaxeta kazetari eta poeta, Noel Monks eta George Steer nazioarteko kazetariak, Robert Capa eta David Seymour “Chim” argazkilariak, Jay Allen, Agirre lehendakaria... Jimenezek, beraz, istorioari lekukotasun errealaren zentzua emateko garai hartan Bilbo inguruan Gerra Zibilean ibili ziren benetako izen handi batzuk ekartzen ditu gogora, modu honetan, nobelari kronika eta lekukotasun itxura ematea lortzen du. Gernikaren aipamen ugari egiten dira kontakizunean zehar, bai Gernikako Arbolaren inguruan, baita bonbardaketaren inguruan ere. Lehenengo aldiz 39.orrialdean Gernika aipatzen da Euzkadiko Errepublika aldarrikatu zen kokaleku gisa eta honekin lotuta, Gernikako Arbola ere aipatzen da: “pasadizo horiekin gogoratzean 1931n Gernikan Euzkadiko Errepublika sortzearen alde agertu zen gizona ikusi nuen. (...) Han zegoen Agirre Lehendakaria, Gernikako Arbolaren itzalpean zin egin zuen egunean.” Gernikak euskal gizartean duen garrantzia Erdi Arotik dator gutxienez, Gernikako haritz zaharraren inguruan biltzen baitziren Bizkaiko eliteak, eta pixkanaka, XIX. mendeaz geroztik sinbolo herrikoi bihurtuz joan zen arbola. Izan ere, testuan azaltzen den moduan, Jose Antonio Agirrek lehendakaritzarako zina arbolapean egin zuen, haren ondotik etorri ziren lehendakarien gisan. Haritzaren inguruan, ondorioz, ekitaldi politiko eta instituzionalak antolatzen hasi ziren 20. eta 30. hamarkada inguruan eta honen adierazgarri da, berriro ere, “Gernikan 1936ko urrian gertatuak etorri zitzaizkidan. Estatutua Madrilen onartua, Euzkadiko Jaurlaritza sortu zen” (39.orr) Gernikak instituzionalki okupatzen zuen lekua agerian uzten du. Bestalde, azpimarragarria da Gernikako bonbardaketaz kontakizunean egiten den deskribapena, protagonistak Gernika suntsitu zuten egunaz entzun eta ezagututakoak kontatzen baititu, batez ere, 9. kapituluan. Bonbardaketa zeharka aipatzen duen lehen erreferentzia dugu “Alemania neutrala omen zen eta! – Gernikakoa gertatu gabe zegoen” (40.orr). Agerikoa da narratzailea Gernika bonbardatu baino lehenagoko gertakari batez ari dela, eta Alemaniaz hitz egitean oraindik egingo zutenaren berri ez zutela justifikatzen du, “Gernikakoa” gertatu ez zela esaten baitu. Beraz, narratzaileak alemaniar tropek Gernikan 1937ko apirilaren 27an egindakoa aurkezten du era xumean, eta beranduago, baieztatu egiten du naziek izan zuten presentzia 1936ko Gerran 53.orrialdean:“Hitlerren hegazkinekin zerikusi zuzena izan zuten”. Ondorioz, Gernikako bonbardaketa zuzen-zuzenean aipatu gabe ere, naziek esperimentaziorako erabili zuten gerra egiteko modua agertzen da. Aurrerago, esplizituki azaltzen da Gernikaren suntsipena: “gogoa berriro 1937ko udaberriko egunetara joan zitzaidan. Gernika suntsitu zutenekoaren ingurura” (81.orr). “Gernika bonbardatu dute – mutilaren ahotsa ezagutu nuen” (82.orr). “Hoteleko harrera gelara iritsi nintzenean orduantxe ziren Gernikara joanak Noel Monks eta George Steer. (..) Kazetariek Gernikatik ekarri zituzten azalpenak edonor zorarazteko modukoak ziren. Ezin sinetsi zen. Kazetariek eta argazkilariek lan erraza zuten Gernikan. Ez zen teknika berezirik behar hangoa erretratatzekoa. (...). Gernikan, argazki lazgarri bat ateratzeko, ez zeneukan zeri klik egin pentsatu beharrik; dena zen lazgarria” (83.orr). “Hilaren 29an Lekeitio jausi zen eta egun berean sartu ziren faxistak Gernikan” (85.orr). Narratzaileak, beraz, Gernika suntsitu zuten egunaren berri ematen du pertsonan ezagutzen zituen kazetariek helarazitako informazioari esker: paisaia atsekabegarri eta etsipenezkoa deskribatzen da. Noel Monks eta George Steeren aipamenak esanahi berezia dauka, idazleak liburuaren amaieran azaltzen duen moduan, Gernikan jazotakoaren berri eman zuten nazioarteko kazetari garrantzitsuak izan baitziren biak: historialarientzat funtsezkoak diren dokumentu historikoak eman zituzten. Noel Monks Gernika bonbardatu zuten egunean Gernikara iritsi zen nazioarteko lehen kazetaria izan zen eta hegazkinak Gernika bonbardatzen ikusi zituen, gorpuak kontatu zituen eta gertakizunaren kronika idatzi zuen artikulu batean. George Steer, bestalde, bonbardaketa bukatu eta ordu erdira iritsi zen Gernikara eta gertakizunaren ingurukoak biltzen aritu zen.
Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). "Edorta Jimenezen Kilkerren hotsak-i buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea.
Ikatza bezain beltz Xabier Montoiaren Gasteizko hondartzak ipuin liburuaren narrazioetako bat da. Narrazioak bata bestearekin lotuta daude geografia eta une historiko zehatzek osatzen baitute lana: Gasteizek 1937tik gaur egunera arte jasandako aldaketa da ipuin-bildumaren ildo nagusia. Elkarri kateatutako ipuinak idatzi ditu Montoiak, pertsonaiak sarri errepikatzen baitira: lehen mailakoak bigarren mailako pertsonaia gisa agertzen dira, aurretik agertutako izen bat aipatzen da, etab. Kritikak, hain zuzen ere, ipuin-bildumaren batasun eta kohesioa nabarmendu du, kontakizunen aniztasuna gozagarri eginez aldi berean. Ikatza bezain beltz kontaketa, beraz, liburu osoan zehar aurkitzen den Gasteiz kronotopoan kokatuta dago. Denborari dagokionez, narratzaile autodiegetikoak 1937ko gertaera jakin bat kontatzen du, nahiz eta kontaketaren garaia gerraostean kokatu: “Oraintxe bertan gizon biren arteko maitasuna txarto ikusita baldin badago, areago gerrako borroka giroan” (19.orr). Narratzaileak, beraz, analepsia bidez ematen du haren bizipenen berri, iragana erabiliz kontakizuna egiteko. Narratzaile protagonistak 1937ko apirilaren 27tik ekainera bizitako maitasun istorio homosexuala kontatzen du, Gasteizko hotel bateko langile zenean Hans Schawrz soldadu naziarekin izan zuen istorioa, hain zuzen ere. Protagonistak etengabe adierazten du gizonenganako erakarpenak sorrarazten zion sufrimendu eta etengabeko ezinegona: “heriotza zen gelditzen zitzaidan irtenbide bakarra” (12.orr), “hilik beharko nuke gaixotasun hartaz libratzeko” (10.orr)... Sexurako grina eta hura asetzeko ezintasunak pentsarazten zion gaixorik zegoela, konponbiderik ez zuela eta lasai bizi ezin izango zuela. Sufrimendu hau Hans izeneko soldadu alemana ezagutzen duenean apaldu eta itzaltzen da, Gerra Zibilean faxistei laguntzeko borrokatzera heldu arren, gainetik baitaude protagonistaren desira eta maitasuna. Kontakizunaren hasierako lerroetan “1937ko apirilaren 27an jo nuen larrua lehenengoz” (9.orr) eta “Oskarbi zegoen zerua Gernika gainean” (9.orr) esaldiak aurkitzen ditugu. Lehen paragrafo honek, oharkabean, irakurleari, Gernikako bonbardaketa dakarkio burura. Historialari eta dokumentu ofizial nahiz estraofizialei esker dakigunez, Gernika 1937ko apirilaren 26ko astelehenaz bonbardatu zuen nazien Rüger operazioak, Kondor legioa eta italiar faxisten Aviazione Legionariako hegazkinekin batera. Bonbardaketaren data ofiziala 1937ko apirilaren 26a izanik, narratzaileak hurrengo eguna azpimarratzen du, Gernikako zerua oskarbi zegoela nabarmentzearekin batera, beraz, hasieratik, suma daiteke kontakizunak Gernikako bonbardaketarekin izango duen lotura. Protagonistak, aurretik aipatu bezala, Gasteizko hotel batean lan egiten du, eta bando nazionaleko soldaduak ditu bezero, oro har. 15.orrialdean “Alemaniarrak Hotel Fronotnera heltzeaz batera hasi zen niretzat benetakoa, nire bizitzan bete-betean sartuko zena” lerroen bitartez narratzaileak izan zuen lehen maitasun istorioaz hitz egiten du, agerian utziz, garai hartan, narratzaileak ideiarik ez zuela alemaniarrek eskuartean zuten Gernika, Durango... suntsituko zuten saiakera ankerrari buruz. “Egunak pasa ziren, azkenean nire desira bete ahal izan nuenerako. Historia liburuetan data agertuko ez balitz ere, ez litzaidake ahaztuko, bezperan izan baitzen Iñakiren heriotzaren urteurrena; seguru asko Gasteizen inoiz izandako estreinako trafiko istripuan, gure anaia zaharra auto batek azpian harrapatu zuen urtebete lehenago. // -“Zer ospatzen dute”, -“Ez zakiat. Edozer izanda ere, garrantzi handikoa izan behar dik! Horrenbesteko poza!”” (17.orr). Narratzaileak lehen aldiz sexu harremanak izan zituen egunaren data ematen du, data ahaztezina, hain zuzen ere, bezperako egun gogoangarriagatik: haren anaiaren heriotzaren urteurren data. Irakurleak jakin arren bezperako data gogoangarria Gernikako bonbardaketa dela, pertsonaiaren ezjakintasuna agerian uzten du idazleak, Gernikako sarraskia aipatu ere egiten ez baita, pertsonaia konturatu arren soldadu nazional eta naziak ospakizunean zebiltzala. “Hans ohetik jaikitakoan, zoru gainera jausten utziriko nire frakak jaso eta zimurdurak eskuz lisatzen niharduela, orduan inongo garrantzirik eman ez nion berba bat ezagutu nuen idazmahaian zabalik zegoen koadernoan: Gernika; idatziriko guztien artean alemanieratik bereizi nezakeen bakarra. Gernika, amari inoiz entzuniko izena, baina ezer gutxi adierazten ziona oinez baino hegan zebilen bati. Hegan irten nuen Hansen gelatik, maitasunaren opari bakanetarikoa izaten den arintasunaz” (18.orr). Gernikako sarraskiaren errepresentazio historikotzat sailka daiteke soldadu naziaren agerpena kontakizunean, are gehiago, Gernika aipatzen zuen papera bazuen eskuartean. Narratzaile autodiegetikoak erakusten duen oharkabetasun eta ezjakintasuna Gernikako bonbardaketaren narrazioa oinarrizko arau historiografikoak urratuz egin izanaren erakusle argia da, “desmemoria” zabaltzeaz arduratu baitziren arduradunak frankismoaren azkeneraino. Benetan gertatutako setioaren eta sarraskiaren berri oso gutxik izan zuten bai 1937ko apirilean, baita hurrengo urteetan ere, hala adierazten baitu narratzaileak berak: “Sarritan itaundu diot nire buruari, zer egingo nukeen Hansen koadernoan kasualitatez irakurririko Gernika izenaren ostean gordetzen zenaz jakitun egon izan banintz” (21.orr). Gernika aipatzen duen paper-zatia ez da Hans pilotu alemanari egozten ahal zaion Gernikako bonbardaketan parte-hartzearen arrazoi bakarra, Heinkel 51 bat pilotatzen zuela ere aipatzen baita kontakizunean: “Dorreko erloju aldera begiak altxa nituelarik ikusi nuen. Kez bilduta zetorren goitik behera. Heinkel 51 bat zen, Hansenaren modukoa” (23.orr). Heinkel 51 Luftwaffe aireko armada naziaren hegazkina zen, 1936ko Gerran erabili zutena Kondor Legioaren mesedetarako eta armada naziaren entrenamendurako. Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoa agerikoa da Montoiaren ipuin honetan, zuzenean eta esplizituki aurkitzen ez den arren. Gainera, deigarria da 20.orrialdean narratzaileak zuhaitz eta arbolez dioena: “sustraiak dira, nahiz eta lurpean ezkutuan egon, zuhaitzari irmo eusten diotenak. Eta arbola baten erroak legez, lurpean gorderik egon beharra neukan nik; ezkutuan eduki behar nituen irrika, amets, desira eta asmo guztiak”. Gernikako Arbolaren sinbologia aspaldikoa da euskaldunen artean, hau kontuan hartuz, ez litzateke harritzekoa izango Montoiak Gernikaz diharduen kontakizun batean arbolak, sustraiak, erroak... eragiten dioten gogoeta txertatu nahi izatea, saihestezina izanik Gernikan pentsatzean Arbolan ere pentsatzea. Aipatutako lerro hauek, beraz, Gernikako Arbola edo beste sinboloren bat ordezka lezakete oharkabean.
Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). "Xabier Montoiaren Ikatza bezain beltz-i buruzko fitxa". MHLIren MNLab-en datu-basea.
Rodrigezek Floren aitona eta Manex bilobaren arteko erlazioaz baliatuz 36ko gerra ekartzen digu gogora. Florenek haren sorterrira itzuli nahi du bilobari erakuts diezaion hazi zen tokia, eta honek bere gaztaroan maitatu zuen Manuel ekartzen dio burura etengabe. Florenek Manuelen erailketaren eguna gogoratzen du, fusilamendu baten biktima izan baitzen, eta kontatzen du nola mendekatu zen udaletxeko balkoia kolore errepublikarrak irudikatzen zituen loreekin apainduz. Ekintza hau dela eta, Floren Iparraldera erbesteratzen da eta bilobarekin batera izango da herrira itzuliko den lehen aldia harrezkeroztik. Rodrigezek nagusiki errepresioa irudikatzen du narrazioan: alde batetik, frankistek errepublikar eta abertzaleen aurka ezarritakoa eta bestetik; narrazioa kontatzen den denboran ere oraindik presente dagoen aniztasun sexualaren eta lgtb kolektiboaren aurka ezarritakoa. Narrazio labur batean, beraz, bi gatazkek bat egiten dute, bata 36ko gerraren bortizkeria eta zailtasunak gogora dakarzkigunak, eta bestea gaur egunera arte ere mantentzen dena.
"Eta handik gutxira gaur" ipuina izen bereko ipuin-bildumean argitaratu zen lehenik eta bigarren aldiz Bihotz handiegia (2017) ipuin bilduman. Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). "Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur-i buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea
Kontaketa honen protagonista Sabiñe da, eta haren egunerokoaren bitartez edukiko dugu gertakarien berri. Protagonista Gerra Zibilean basoan komunikatu ezinik geratu zen Euzko Gudarostea patruilako kide da, eta haien unitatearekin kontaktua galdu zutenetik bizi dira bertan, harremana noiz berreskuratuko zain. Bitartean, janaria bilatzera, inguruak behatzera edota armak garbitzera mugatzen dira, Sarjentuak hala aginduta. Ezkutuan daudenez, tiro egitea debekatua dute, baina errekete talde batekin egiten dute topo, haiek baino zaharragoak diren erreketeekin, eta tiro-truke baten ondoren denak hiltzen dituzte bat izan ezik. Azken honek hil baino lehen Bigarren Karlistadan ari direla borrokan esaten dio sarjentuari, borrokan hasi zirenetik inkomunikaturik egon direla aditzera emanez eta beraz, amaieran jakingo dugun bezala, Sabiñeren patruilari gertatutako gauza bera azalduz. Kontakizunean zehar irakurtzen ari garen egunerokoaren egilea neska dela iradokitzen duten zantzuak ikus daitezkeen arren, Markel patruilako kideak Sabiñe bainu bat hartzera doanean eraso egiten dion arte ez da esplizituki adierazten. Kontakizuna Ertzaintzaren txostenaren zati batekin amaitzen da, eta bertan patruilako kideak aurkitu dituztela azaltzen da, ETAko partaideak direlako susmoa alde batera utziz eta gertatutakoa ikertzen jarraituko dutela esanez. Beraz, kontaketa bakar batean hainbat “gerra” elkartzen direla ikusiko dugu; Bigarren Karlistada, Gerra Zibila eta ondorengo Euskal Gatazka batetik, eta Sabiñek emakume izateagatik bizi beharrekoa bestetik.
Gertakarien zein narrazioaren denbora 90- hamarkadan kokatzen dira. Nahiz eta egileak pertsonaien garaiaren pertzepzioarekin jolastu.
Narratzaileak elkarrizketen bidez “Bi Harriak” ezizenez ezagunak ziren Joseba Arrizubieta eta Andoni Arrizabalaga gudarien gaztetako bizipenak erreskatatzen ditu. 36ko gerran Joseba eta Andonik elkarren artean duten gorrotoa azpimarratzen da, arrazoia emakume batekiko maitasuna dela eta. Dena dela, hasierako bien arteko lehia amaitu eta adiskidetu zirela kontatzen du narratzaileak. Beranduago, gaztaroko erokeria hura atzean utzita, Joseba erbestean minbiziaren ondorioz hil zela kontatzen da, 60ko hamarkadan Andoni “gazte eroekin”, hau da, etakideekin, zegoela. Narrazioan zehar nabarmentzen dena gerra garaiko, bai gerra osteko tira-birak dira, 36tik aurrerako errealitate ezberdinak agerian utziz (erbestea, borroka armatua, etab.), baina baita egunerokoan, normaltasunean, ohikoak diren aferak ere kontatuz (maitemina, heriotza, laguntasuna, etab.).
Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). "Inazio Mujika Iraolaren Bi harri-ri buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea.
Gabriel Aresti hil eta gero argitaratzeke geratutako poemen bildumatzat defini daiteke Poesia Argitaragabea. Azken poesia. poema liburua, 1986an kaleratua. 84 olerki aurki daitezke bertan, editoreek lau ataletan multzokatutakoak: 1)“Poema datatuak”; 2)”Poema datagabeak”; 3) “Gaztelaniaz idatziak”; eta 4) “Kantatzekoak”. Horietatik guztietatik, litekeena da 32 poema jada ezagutzea, Azken Harria liburuan eman baitziren argitara poeta hil eta urtebetera, 1976an. Baita editoreek epilogoan azaldu bezala, han-hemenka agertu izan diren beste olerki solte batzuk ere. Dena den, ordura arte sekula argitaratu gabeko Arestiren 30 poema inguru irakur daitezke bilduma mamitsu honetan. Nola edukiz, hala formaz, askotarikoa da, bere zabaltasunean, honako liburu hau. Nolanahi ere, badira zenbait gai poetak ahotara behin eta berriz ekartzen dituenak, hala nola: euskara, Euskal Herria, askatasun eza, iraultza komunista, munduko diktadurak, frankismoa eta frankismoaren azken arnasa, Gerra Zibila, Gernikako bonbardaketa, Gernikako Arbola, foruen galera, klase borroka… Horrekin batera, ezin konta ahala testuarteko erreferentzia topa daiteke testuan zehar, noiz euskal literaturakoak, noiz beste hizkuntza batzuetako literatura unibertsalekoak. Baina azken puntu honetan ere, badira zenbait idazle bereziki gogoan hartzen eta omentzen dituenak, besteak beste, Jose Maria Iparragirre, Xabier Lizardi eta Bertolt Brecht. Esandakoaz bat, hirugarren olerki sortaren izenburuak argi adierazten duen eran, liburuko poema gehienak euskarazkoak izan arren, tartean badira gaztelaniaz ondutako batzuk ere. Euskal gizartearen oroimen gune nagusia den Gernikaren (bonbardaketa baino lehenagokoa zein gerokoa) eta Guernica koadroaren errepresentazioak aurki daitezkeen poemak iruzkinduko dira datozen lerroetan. Hots, “Lizardi” (19-20); “Ertzillako murru zabaletatik” (42); “Koartet iheskorra” (54-55); “Oskorri - gatelu bana ur” (69-71); “Poetak daude” (72-78); “A Picasso” (92-94); “Poesia para Agustin Ibarrola” (122-123); “Homenaje de la tierra al hombre (El señorito de Vizcaya por José María Iparraguirre) (124-136); “Bertso berriak xoriei, loreei eta izarrei Etxanoko Galiziano-k jarriak” (160-164); “Gernikako Arbola” (173) eta “Oskorri gaitz” (186-197). Izan ere, Gernika, kultur sorkuntza garaikideek ahalbidetutako oroimen geruzen pilaketa edo sedimentua eratu den gunea da, euskal kultur eta talde oroimenaren mugez haratago, mundu mailara hedatzen dena; Gernika/Guernica-ren irudikapenen analisia, beraz, poema liburuaren muina osatzen duten gai nagusiak lantzeko abagunea izan liteke. XX. mendearen bilakaera historiko odoltsuaz hitz egiten dio Arestik Lizardiri, “zu” izenordainak ahalbidetzen duen egitura dialogikoaren bidez poeta hilarekin fikziozko elkarrizketa sortuz. Gutun traza du 1974ko “Lizardi” poemak: «[...] Eta zuk eskribatzen zenuen denboretan/ mutilak ez baitziren hiltzen/ kamino bazterretan [...] eta deserrituak herrian zeuden; eta orduan gartzelan ez zegoen gose-grebarik,/ [...] eta orduan etzuten oraindik/ [...] Lauaxeta/ [...] asesinatu,/ eta orduan/ Gernikan etzen bonbardatu [...]» (19). Ez da, baina, iragan argitsuagoaren ideiari katigatuta gelditzen. Aitzitik, poemaren sortze testuinguru soziohistoriko eta politikoa (1974ko Euskal Herria) kritikoki aztertu eta iraultzeko aldarria har liteke testuaren gai nagusitzat. Norabide horretan, Harri eta Herri (1964) liburuko «poesia mailu bat da» aipu sonatuan adierazi bezala, literatura (artea bezala) injustiziak ikustarazteko, klase borroka hedatzeko eta gizartea iraultzeko lanabes bilakatzen da: «Baina orain hemen bizi gara,/ [...] Eta nik eskribatu[ko] dut/ eta eskribatu dut/ eta eskribatu dut […]» (20). “Ertzillako murru zabaletatik” poema, berriz, kaligramatzat jo liteke. Arte plastikoak eta poesia uztartuz, olerki honek hesi edo murru forma du. Are, hizkiz osatutako irudiaren eta poemaren izenburu osoaren (“Esperantza: Espainia: Ezpata: Ezpaina”) artean gertatzen den elkarrizketaz haratago, irakurketa bera zailtzen du, irakurlea liburua okertzera behartuz. Poemaren hitzezko edukiari begira, berriz, Txileko eta Euskal Herriko diktaduren aurkako deia nabarmentzen da. Beraz, litekeena da, kaligrama, askatasun ezaren eta itolarriaren sentipena areagotzeko helburuz marraztu izana: «[...] Orain Chile Arauko-Herria Euskal Herria eta munduko herri guztiak itotzen garen Espainia hertsia da» (42). Esandakoaz bat, sarraskiek eta gatazka politikoek baldintzatutako egoera bizi duten herrialdeen arteko elkartasunezko mezua helarazten du Arestik, mugez haratago hedatzen dena: «Hala nola Gabriela [Mistral] hark bere obrak testatu zizkien Gernikako arbola bakarraren euskaldun haurrei,/ Gabriel honek ere/ neure [...] prestutasunak eta nobleziak testatzen dizkiet indio maputxeei» (20). Honenbestez, zapalkuntza, askatasuna eta oinarrizko giza eskubideen aldeko borroka dira, besteak beste, poema honen erro-erroan dauden gaiak. “Koartet iheskorra” izeneko poemari dagokionez, Gernikako bonbardaketaren gertakizun tragikoari idatzitako deitorezko eresia dela esan daiteke. Sei ahapaldiz osatua dago eta bigarrenean zein hirugarrenean aurki daiteke Gernikako Arbolaren eta Gernikako bonbardaketa basatiaren sinbolismoa. Ondokoa irakur daiteke poemaren lehen, bigarren eta hirugarren estrofetan: «[...] Hau barauan [...],/ nekearen nekez/ isuritako/ negar sufritu, ugari eta erdiragarri/ bat/ da./ [...] elurraren gogortasunetik/ babesten ninduen/ arbola…/ haritz noble eta garai/ hura,/ [...] neure abaroa,/ [...] haritz maitea/ zeruetatik mailukada bortitz batek/ goitik behera/ erre eta apurtu badu,/ zer jalgiko da/ ene ezpain ebakietatik/ ezpada/ negar luze, sakon eta kexatu bat/ intzirina zerradagarri bat [...]?» (54-56). Nahiz Gernikako bonbardaketa kirurgiko eta kalkulatuan hegazkin nazi eta faxistek ez zuten haritza ukitu, Arestik, gutxienez Erdi Arotik letorkeen Gernikako Arbolaren sinbolismoa, bonbardaketaren izaera «disruptiboa» errepresentatzeko darabilela esan daiteke. 1937ko apirilaren 26ko sarraskiak hankaz gora jarri baitzituen Gernikaren tradiziozko esanahiak (foruei lotutakoak, oro har). Gainera, “ni” poetikoa bonbardaketaren ondorioz hildako baten ahotik mintzo dela esan daiteke: «Bizia/ bezpera luze bat da/ inoiz argitan urratuko ez zaidana,/ gau ilun bat/ otso harraparien aho beldurgarriak baino/ ilunagoa./ Ai, zergatik jaio nintzen ni mundura/ mundutik hain itsusiro hiltzeko gero!» (57). “Oskorri - gatelu bana ur” olerkian, aldiz, kapitalismoaren eta faxismoaren, klase sozialetan banatutako gizarteek esan nahi duten hondamendiaren eta Gernikako sarraskiaren, arteko harremanez diharduela uler daiteke. Merkatuen menpe dagoen eta oinarrizko giza eskubideak urratzen diren munduan, ez gizateriaren gehiengoak, ez Euskal Herriak, bermerik ez duela adierazteko: «Mundu honetan ez da ikusi/ inoiz halako trantzerik:/ Herri xumea hemen gabiltza/ neketan eta goserik./ Bizkitartean apaizak daude/ ur-edanean, aserik;/ eta gainera ez dagoela giza-artean klaserik!/ Argirik ez den ilunpeetan/ egin dugu geure lana;/ Geure hezurren hotzetik ihes,/ biltzen ginen elkar-gana./ [...] Egun batean zimistak dira/ eroriko Gernikara:/ Horixe mundu zabal guztiko/ burjesen politika da» (70). “Poetak daude” poema prosatik gertu dagoela esan daiteke, trinkoa, luzea eta estrofetan bereizi gabea baita. Bertan, Gernikako bonbardaketaren gertakizun traumatikoarekin batera (kasu honetan, bonbardaketaren arduradunez Francok saldoka botatako gezurrak azpimarratzen ditu poetak) Gernikaren inguruan sortutako kultur adierazpenak biltzen ditu. Modu horretara, garden bihurtzen du euskal gizartearen oroimen gune nagusia den Gernikari gehitutako geruza interpretatiboen ugaritasuna eta konplexutasuna. «Behin batean/ Gernika suntsitu zuten,/ eta Agirrek gezurra dio batekin/ konpondu zen guztia./ [...] Picassok koadro bat pintatu zuen,/ Eluard-ek bertso batzuk eskribitu zituen, [...] baina Gernikan hil ziren/ behieri/ etzien/ inork/ piztuerarik/ eman.» (76-77). “A Picasso” poema, izenburuak dioen bezala, Guernica koadroaren (1937) egileari, Pablo Picassori, zuzendutako gutuna da, gaztelaniazkoa eta ohar kritikoz hornitua. «Guernica no es muy hermosa/ Picasso/ si me la vistes de gala./ Extraña es entre mis labios/ [...] la lengua [...]/ Si no puedo hablar en vasco [...] Hay una cosa en España/ Picasso/ que se llama la Falanje,/ afilada y puntiaguda,/ [...] como si fuera un alfanje./ Habrá quien pueda explicarme,/ Picasso/ en esta patria tan perra/ porque una paz necesita/ Picasso/ tanto consejo de guerra.» (92-94). Jakina denez, Picassoren artelanak bihurrarazi zuen Gernika ikur unibertsal eta gerra egiteko modu naziaren sinbolo. Zer neurritan aldendu zen, ordea, Picassoren Guernica euskal sinbolotik, zegokion sortze testuingurutik eta gertaera historikotik desitsatsi ahala? Gernikako herri martiriaren irudia, ankerkeria faxistaren biktimarena, gailendu zen abertzaleen artean, bai Euskal Herrian, bai erbestean. Baina diskurtso nazionalisten ekuaziotik kanpo geratu zen Picassoren koadroa, abertzaleen buruek eta euskal gizarteak oro har, hasiera batean, arbuioz hartu baitzuen. Arestiren “A Picasso” poema arbuio horren erakusle argitzat har daiteke. 50eko hamarkadatik aurrera, belaunaldi aldaketa eta ezker abertzalearen erradikalizazioa, Euzko Gaztediren gorabehera eta ETAren sorrerarekin, gertatu ziren testuinguruan, belaunaldi berriko gazteek poliki-poliki ekin zioten koadroa Gernika gogoratzeko tresna gisa bereganatzeari; garden bihurtu zen hala sinboloaren polisemia. Jarrera aldaketa horren adierazle argiena 80ko hamarkadan sortu zen Guernica Gernikara ekimena da, Picassoren mihisea Gernikara ekartzeko eskatzen duena. Gernikaren errepresentazio artistiko eta literarioak, dela Guernica-rekin lotutakoak, dela Guernica-rekin loturarik ez dutenak, harrezkero asko ugaldu dira, talde eta kultur oroimenaren etengabeko eraikuntzan parte hartuz. Dena den, Picassoren koadroari gehitutako geruza interpretatibo edo irakurketak, kasu batzuetan sinboloaren oinarrizko esanahiaren kalterako izan dira. Euskal Herritik kanpo, koadroa bere hutsean, arlo piktorikora murriztuta, bilakatu da ikur unibertsal, ez bakarrik Picassoren artelanaren sortze testuingurutik aldenduta, baizik eta baita erro-erroan dagoen bonbardaketaren gertaera historiko erreala bazter utzita ere. Gero eta sarriago agertu ohi da Gernika hitza Picassoren koadroari lotuta eta gerrak jotako leku-izenari deslotuta. Horixe da, besteak beste, Koldo Izagirrek “Lauaxetaren betaurrekoak” poeman (Balizko Erroten Erresuma, 1989) azpimarratzen duena, Arestiren «Si no puedo hablar en vasco [...]» lerroari testuarteko erreferentzia eginez, «Picassoren oihalari poeta bat [Lauaxeta] falta zaiola/ Euskarazko oihu hori duela eskas» ebakitzen baitu. Ildo beretik doa “Poesia para Agustin Ibarrola” gaztelaniazko poema luzearen laugarren olerki sorta, kasu honetan, César Vallejo poetari zuzendua: «Mira, César Vallejo [...]/ [...] si bien cantaste de mi tierra,/ de Durango, Guernica y de Bilbao,/ qué bien cantaste, o casi bien cantaste,/ cantando a la española en español.» (122). Horrez gain, Agustin Ibarrola artista plastikoari eskainitako poema honetan, “Lizardi”-n bezala, artearen funtzio politikoaz eta artelan kolektiboez egindako hausnarketa andana aurki daiteke «Hay que localizar el mal, ser cirujano/ [...] qué buen pintor [Agustin Ibarrola]/ a golpes de pincel de rompe y rasga sobre/ el lienzo de una vida más humanizada./ [...] Que el arte es esperanza; y quiero darte parte/ de cuanto aquí sucede y se silencia. Todo/ es demasiada carga en una sóla espalda.» (118-120). “Homenaje de la tierra al hombre”, hots, Jose Maria Iparragirreren omenezko poema luze eta trinkoaren azken lerroan esaten den antzera (136), 413 bertsoz osatua, Gernikako arbolaren sinbolismoaz horniturik dago. Hain zuzen, ugari-ugariak dira Iparragirreren “Gernikako Arbola” bertsoaren (eta oro har, haren bertsogintzaren) testuarteko erreferentzia zuzenak (126-127, 130-132, 134-135). XIX. mendearen erdialdean, Gernikako haritzaren sinboloa herrikoi bihurtu zen egun ezaguna den Iparragirreren bertso horri esker, nahiz Gernikako arbola 1876an bilakatu zen, foruen galera tarteko, euskal identitatearen sinbolo nabarmenetakoa. Olerki honetan, Iparragirreri gorazarre egitearekin bat, Arestik foruak indarrean zeuden iragana idealizatzen duela uler daiteke: «[...] Esta es la tierra en que las ramas/ del árbol juradero protegían al hombre; tierra sin fronteras, tierra/ sin aduanas, donde la frontera/ sólo era un árbol. Y éste el hombre, afirmo;/ éste es el hombre [...]/ [...] bueno,/ el hombre de la plaza, el versolari,/ único versolari de guitarra,/ [...] El pueblo, siendo analfabeto, nunca/ supo escribir sus leyes, ni dictarlas,/ y en su justicia no hubo trampa alguna,/ porque no sabía ser leída, porque/ buscaba buen refugio en la palabra/ llana del pueblo» (124-125). Hitz batez, foruen galerak euskaldunentzat esan nahi izan zuen gertakizun traumatikoa errepresentatzen du Gernikako arbolaren bidez: «[...] el árbol ya no daba/ sombra ninguna al pueblo desangrado,/ la Junta había desaparecido, [...]» (133). Esandakoaz bat, berriz ere arteaz eta politikaz hausnartzen du Arestik, baita abertzaletasunaz ere, hain zuzen ere, Iparragirreren ibilibide artistikoa eta bizitza (erbestea, kartzelaldia…) eredutzat hartuz. Datozen bertsoetan antzeman daiteke, besteak beste, esandakoaren isla: «[...] Y el pueblo estuvo a punto de obtener/ por medio de la voz de un poetastro,/ lo que no consiguió con fusiles/ y los morteros. Fue revolución/ de paz y de armonía [...]/ Por ello los señores que ocupaban/ la sucia brillantez de los sillones/ ministeriales, [...]/ interdijeron la canción unánime,/ prohibieron la justicia [...]» (129). Poema musikatua da “Bertso berriak xoriei, loreei eta izarrei [...]”, bildumako azken multzoari, alegia, “Kantatzekoak” atalari dagokiona. Gerra Zibilaren eta bereziki gerra galtzearen ondorioez dihardu Arestik (gerraondoa, gosea, erbestea, kartzela, kontzentrazio-esparruak, diktadura…), eta testuinguru horretan, Gernikako arbola euskararen, euskaldunen eta Euskal Herriaren ikur modura darabil: «[...] egin da erori/ gure libertadeen/ alde zenbait xori/ hala gertatu zaio/ euskaldun askori/ [...] Zuhaitz eiharrak ez du/ eman ezein frutu/ [...] horrelako negurik/ ez dut ezagutu/ [...] euskara nahi dute/ euskaldunik gabe/ [...] Akuiluz jo gaituzte/ idiaren pare,/ ibiltzen garelako/ herriaren alde./ Gure lagunak daude/ Espainian zeihar,/ ezagutu dituzte/ ehun gela mehar.» (160-163). “Gernikako arbola”, poema musikatua hau ere, satira usainekoa da. “Homenaje de la tierra al hombre”-n foruen eta haritzaren tradiziozko esanahien gainean erakusten duen ikuspegi idealizatua goitik behera pitzatzen du, autokritika eginez (dela maila pertsonalean, dela maila kolektiboan). Horretarako, umore beltza eta ironia fina baliatzen du: «Gernikako arbola[...]/ [...] zorigaizto-ekarle/ madarikatua./ [...] eman eta zabaldu/ mundu guztiari/ ezkur gozo-gozoak/ zerrien janari. [...] Euskaldun herritarrak/ salbatzen ez gara/ Gernikako arbola/ bukatzen ez bada.» (173). Bukatzeko, “Oskorri gaitz” kantan, Gernikaren iruditeriatik abiatuta arestian aipatu ditugun eta poema liburu osoa zeharkatzen duten ardatz tematikoak barnebiltzen dituela esan daiteke, hala nola, iraultza komunista, euskara, askatasun eza, munduko diktadurak, frankismoa eta frankismoaren azken arnasa, Gerra Zibila, klase borroka, ETAren jarduera armatua, kapitalismoa… Horretarako, neurri eta estilo ezberdineko olerkiak batu ditu “Oskorri gaitz” poema musikatuaren baitan (dela errimadunak, dela bertso libreak, dela prosatik lirikatik baino gertuago daudenak…). Esandakoaren bidetik, segidakoak dira aipu adierazgarrienetakoak: «Erori da, erori da Gernika libre hura, eta egin da/ burjesen habitazio, eta kapitalista zikin guztien eta/ faszista zikin eta exakrable guztien erretiragune/ [...] deserri luze batera/ gaituzte bidaldu. [...] Nola maita [...]/ Nola lagun [...]/ Nola barka [...]/ etsai gaizto horri? bakean bizitzen ez gaitu utzitzen/ horrelaxe barkatzeak/ ez du merezitzen./ [...] Burruka harmatu batetan, hiltzera donaka, bizitzea/ emateko,/ arrazoi gogorrak atera behar ditu [...]/ Gure historia kontatu daukutenek beti esan daukute/ euskaldunok, burruka/ harmatuetan,/ kolore bategatik, arrosa bategatik, hodei bategatik/ hil garela./ Eta hori ez da egia [...]/ Gure gorroto bizia ez baita aurtengoa [...]» (191-193). Bestalde, borrokaren helburua argia da: iraultza komunista. «Euskal-herrian ez da/ klase sozialik/ izango,/ eta euskaldunak/ zoriontsuagoak/ izango gara.» (199).
Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Gabriel Arestiren Poesia argitaragabea. Azken poesia-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Hamazazpi kontakizunez osatutako ipuin liburua da Sua nahi, Mr. Churchill?. Kritikak azpimarratu bezala, gai aldetik «behin eta berriro bueltatzen da [Koldo Izagirre] ohiko mamuetara: gerra zibila eta frankismoa». Hain justu, diktadurapean bizi diren lau lagunen (pertsonaia-narratzailea, Txato, Antxon eta Tomas) nerabezaroko pasadizoak dira ipuinaren ardatz. «Bagenuen piztia bana gorputzaren otzaran, [...] halako desadostasun bat geure buruarekin» (144) dio iragan aditz denboran mintzo den kontalari autodiegetikoak narrazioaren hasieran; nerabezaroak dakartzan nahaste eta etengabeko bilaketaren zantzu nabariak daude testuan: haurrak zirela egin ohi zituzten irudimenezko jolasei eustea (150-153); zigarroak erretzea (163), dantzalekura joatea (154-156); gaztelu zaharreko gordelekutik militarrei harriak botatzea (148); pertsonaia-narratzaileak lotsagatik erakutsi gabe gordeak dituen poemak (144, 156); praka motzak ordezkatuko dituen galtza luzeak (166) eta abar. Finean, heldu izatera jolasten duten mutikoak dira: «Eta inolaz ere entzun nahi ez genuen huraxe entzunarazi zigun orduan Tomasek. Faborez…! Ez gaituk umeak!» (162). Gertakizunen denborari begira, istorio osoan narratzaileak ez du datarik ematen, salbu eta zeharka, protagonistak The Graduate ikustera joaten diren pasartean 1967 ingurura (filma estreinatu zen urtera) baikaramatza. Hortik aurrera, frankismopeko Euskal Herriko giroak blaitzen du ipuina: militarren presentzia ugaria, apaizak politikari bilakatzen dituen eta eskoletaraino iristen diren errejimenaren garroak (146), iraultza komunistaren aldeko pintadak (167) etab. Esandakoaz bat, Gerra Zibileko gertakizun traumatikoen memoria komunikatiboaren transmisioa nabari da ipuinean zehar, esaterako, lau nerabeak jakitun dira faxistek herria hartu zutenean Kasparren andreari eta bere hiru ahizpei burua soildu zietela (159) edota 1937ko apirilaren 26an bonbardaketa basatia gertatu zela Gernikan (148, 168…). Horrek guztiak herritar askori eragindako mendeku gosea ere antzeman daiteke testuan (159). Testuinguru soziohistoriko eta politiko zehatz horretan “iniziatuko” dira Txato, Antxon, Tomas eta pertsonaia-narratzailea, itsasoaren inguruan. Bizi diren herria nahiko aspergarria eta itogarria da lagun taldearen begietara. Itsasoa, berriz, askatasunarekin lotzen dute lau nerabeek: «[...] besterik ez nuela desiratzen esanen nuke: etor zedila, Ternuatik edo Gransoletik, gu beste norabait eramanen gintuen baga askatzailea» (143). Horregatik zaie hain erakargarria itsasoa, horregatik dute hain gustuko hara joatea, bertan erreko dituzte lehen zigarroak eta hitz egingo dute iraultza boltxebikeaz; baita jolas egin ere, Matiuxenko eta Vakulintxu marinelak direla ez ezik, herriko leize batean azaldu den naufragoa beraien erresistentzia gidatuko duen Vladimir (Lenin) bera dela imajinatuz; urpekontzi sobietiko batetik lehorreratu dena (157). Late motiv baten pare, behin eta berriz errepikatzen dituzte protagonistek «the war is not finished» (152, 159, 167…) eta «mundu hau kaka zaharra duk!» (160, 167…) esamoldeak, hasieran jolasez bezala, baina denboraren poderioz, gero eta gehiago politizatu eta langile kontzientzia garatuko dute; besteak beste, kontalariaren arrebaren «liburu sobietikoa» irakurriz. Modu horretara, «sinbolotik errealitatera» igaro ahala (164), «gizarteak ez direla barrutik aldatzen ahal, gizarte berriak sortu behar direla» (161-162) eta «handik goiti aroak abiatuko [dituztenak]» beraiek direla jabetuko dira (168). Orduan den-dena ikusiko dute betaurreko gorriz: «non zagok Vladimir? Nonahi! (167)». Hala, iraultza txikiak egiteari ekingo diote «Vladimir Brigadaren» izenpean (165). Udalak festetarako ekarri ohi zuen zezen plaza erre dutenak Potiomkin-eko marinelen modukoak dira lau lagunen begietara, eta istripua izan dela zabaldu duten udaltzain eta egunkarietako zuzendariak berriz, tsarrak (164). Izan ere, ordurako, Txato, Antxon, Tomas eta pertsonaia-narratzaileak identifikazio argia egiten zuten fraideen ikastetxeko giro jazarlearen eta militarren mehatxuen artean, besteak beste biak ala biak baitziren autoritatea eta arriskuaren sinboloa (146). Ondoko egunetan jaioterriak aspergarri eta domestiko izateari utzi zion eta bere lehen ekintza burutu zuen Vladimir Brigadak.
Ipuineko protagonista diren lau nerabeek Gernikako bonbardaketaren sinboloa bereganatzen dute, nolabait esateko, beren burua hegazkin nazi eta faxistek erasotutako biktima errugabeen eta gudari komunisten ondorengotzat identifikatuz. Vladimir Brigada gisa burutzen duten lehen ekintza politikoan, prentsara bidaltzen duten ohar kamuflatuaren bidez helarazten duten mezua argia da: «oraindik ez [gaitu]ztela derrotatu» (164). Beraz, borrokarako arrazoitzat bizi dute Euskal Herriko iragan hurbilaren ikur eta sintesitzat har daitekeen Gernika. Hain zuzen, iraultzaile komunisten rola betetzen duten aldi oroz ekartzen dute sarraski hura gogora; dela jolasean, irudimenez Errusiako Iraultzarekin uztartuz, dela Vlamidimir Brigadaren izenean, benetako ekintza politikoak burutzean. Azaldutakoaren erakusle argia da herriko haitzulo batean azaldu den naufragoa, beren jolasean murgilduta, Lenin dela imajinatzen duten pasartean irakur daitekeen aipua: «Menturaz bai, menturaz ez zituzten sakailatu miliziano guztiak Gernikan, menturaz Bigarren Mundu Gerraz geroztik yankiak noiz hurbilduko labana zorroztuta leizean igurika zeuden gerlari nipon haietarik bat iduri kukutua Vladimir, Molaren atzeguardari jazar egiteko» (148). Vlamidir Brigada eratu eta «Historia aldatzen hasiak» diren testuinguruan aurki daitekeen Gernikaren ondoko errepresentazio historikoak ere, garden bihurtzen du protagonistek iraultzarako arrazoitzat bizi dituztela Gerra Zibila eta Frankismoa: «—Gernika suntsitzera zatozak!/ Dozenerdi Junker 52, sabelandi, bonbadun, gure bila. Halako harramantza bederen. Arma patiora jalgi gara bokalea aldean beste iragaiten duen tentsio altuko kablean pankarta nola zintzilikatu bertan utzita. Hegazkin arin bat hodeipean, jira dotorea eginda gaztelura buruz amiltzen. [...] Vladimir gure herri mozkor ustel zabarra inarrosten [...] gerra ez da amaitu» (168-169). Honenbestez, Izagirrek ETAri aipamen zuzenik egiten ez dion arren, euskal politikaren erradikalizazioa testuinguratu eta berrikusteko helburu etikoa antzeman daiteke “Vladimir” ipuinean, bereziki, frankismo betean sortu zen borroka armatuarekiko loturan. Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Koldo Izagirreren Vladimir-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Hamazazpi kontakizunez osatutako ipuin liburua da Sua nahi, Mr. Churchill?. Kritikak azpimarratu bezala, gai aldetik «behin eta berriro bueltatzen da [Koldo Izagirre] ohiko mamuetara: gerra zibila eta frankismoa». Hain zuzen, Gerra Zibilaren azken aldera, itsasontzietan Ingalaterrara erbesteratutako euskal haur errefuxiatuen eta II. Mundu Gerraren hasierako itsas gudetan parte hartutako euskal gudari gazteak (Andoni Olabe, pertsonaia-narratzailea etab.), Andoni Olabe soinujolearen eta Cecilia Boltonen arteko maitasun istorio platonikoa, eta Werner Hartmann eta pertsonaia-narratzailearen arteko ustekabeko enkontrua dira, besteak beste, ipuinaren narrazio hari nagusiak. «—Zu... Werner Hartmann zara? [...] —Euskalduna nauzu, Hirugarren Reich-aren aurka gudukatu nintzen lehorrez eta itsasoz. Lepoa jarriko nuke zeu izan zinela Irish Pride hondoratu zuena, Brighton inguruan, hamar mila tonako zamako zahar bat, masta bikoa» (88). Ipuinaren gertaleku nagusiak heterotopiak direla esan liteke: erbestea (dela Ingalaterra, dela Venezuela), itsasoa eta portuak. Deigarria gertatzen da kutsu ironikoa darion pertsonaia-narratzailearen «hi» izenordainak ahalbidetzen duen egitura dialogikoa, irakurlearekiko gertutasuna errazten duen fikziozko elkarrizketa, maiz galderazkoa, sortzen duen neurrian. Esaterako, ondokoa iruzkintzen du erbesterako bidea hartzear dauden euskal errefuxiatuen itsasontziez: «[...] bizitza erdia despedidatan, [...] alabaina, hik badakik hiltzen ari dena despeditzen? Ikasten baduk, abisa iezadak [...] Niretako, [...] urpean amaitu behar zuten La Guaira jo baino zatiaz lehenago, hiltzen hasiak ziren. [...] Euzko Gudariak kantatzeari ekin zioten, Andoni Olabe soinulari zutela» (69). Gerra frontean ibilitako pertsonaia-narratzailea, «despedidarako» betarik gabe, ezkutuan ontziratuko da Ingalaterrara doan barkuan, eta Olaberi lagunduz, musikari plantak eginez ibiliko da jaialdiak eskainiz euskal haurrak aterpetzen ari diren Bristolen, eta aurrerago, Londresen; bertako Euzko Etxean lortuko baitituzte paperak (70). Nazioarteko politikaz gutxi ulertuagatik, protagonistek usaintzen dute garai ilunak datozela: «Egik kontu 1939ko martxoan geundela, Espainiako liskarraren azkenak artean, baina Inglandek errekonozitua zeukan jadanik Francoren gobernua [...]» (71). Hitler Frantzian sartu eta gutxira, Ingalaterrak gerra deklaratu ondoren, Olabe eta pertsonaia-narratzailea gerraontzi batean itsasoratuko dira, naziak nahaste aldera, ingelesek bandera irlandarraren (herrialde neutro baten) koloretan pintatzeko agindutako baporean. «Aneika aldiz esan nion [Andoniri] guda bat elkarrekin eginda bizirik urtetea nahikoa xantza zela, ez zela posible bigarren batetik biok onik ateratzea [...] ez nuen konprenitzen doixtarren jokamoldea, ez inglandarrena» (75). Denbora narratiboari so eginez gero, memoriaren fikzioen bereizgarri den geruza tenporal ezberdinen arteko aldiberekotasuna gailentzen da testuan. Deigarria da (ez soilik ipuin honetan, baizik eta liburu osoan) analepsi eta prolepsi artean gertatzen diren elipsien garrantzia, kritikak deskribatu bezala, Izagirrek isiltasunaren bidez idazten duela baitirudi. Hain zuzen, gerrara joan aurretiko eta itzuli ondorengo denbora planoak tartekatuz, Olaberen maitasun istorio platonikoa kontatzen du narratzaile-pertsonaiak. Nazioarteko brigadetako zamakoetan, gudapean zeuden portuetan sartutako lehenengotariko emakumeaz, Cecilia Boltonez, maiteminduko da Olabe; Eguna egunkariko albistea irakurri geroztik. Hala, «Basque refugee rescued of Bilbao by captain Bolton in the merchant ship Seven Seas Spray» kartoia zintzilik soinua jotzen ibiliko da Londreseko kai inguruetan sos batzuen truk eta musa bihurtuko duen Ceciliaz galdezka (84). Pertsonaia-narratzailea baina, kritiko eta ironiko agertzen da, Bolton kapitaina bezala, euskaldunei laguntzera joandako brigadetako ingelesekiko: «Izkiluak behar genituenean, neutraltasuna jokatu zuen Inglandek. Gero, dena galdua zenean, Hitlerri aurre egiteko gai zela erakustearren, bere sportamanak bidali zizkigun gosea lur-sagarrez ari genezan… Nardargarria ez denik!» (86). 1940ko abenduan, Bolton kapitaina eta bere eskifaia osoa barruan zituela hondoratuko da izenez aldatutako Seven Seas Spray gerraontzia, U-37 torpedoak jo ondoren. Izagirreren literaturan ohi bezala, ipuin honetan ere gertakizun historikoak eta fikzioa nahasten direla esan daiteke, beraz. Esandakoaren adibide adierazgarriena, ipuinaren bukaerako eszena dela izan liteke, arestian aipatu bezala, pertsonaia-narratzaileak eta Werner Hartmann komandante naziak Livornoko kafetegi batean topo egin ondotik, kafea hartuz izango duten elkarrizketa, hain zuzen ere.
Andoni Olabe eta pertsonaia-narratzailea II. Mundu Gerran gudaontzi ingelesean dabiltzan testuinguruan ageri da Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoa. Itsaspeko kanoi bat jaurti ondotik, ontzidi naziko komandanteak emango dien aginduak Gernikako gertakizun traumatikoa gogoraraziko dio Olaberi, lekuko zuzena ez izanagatik bonbardaketa bizi izan balu (eta atzera bizitzen ariko balitz bezala) adieraziko duena: «Doixtar komandanteak bozina hartu zuen eskuan, [...] Eta “Abandon ship!” manatu zigun. “Gernikan horrelaxe egin ziguten!”, Andonik inglandarrei, “Gernikan horrelaxe egin ziguten!”, [...] besteok txalupa erriatzen eta Andoni «Gernikan horrelaxe egin ziguten!» atertu ezinik eskifaiari zainak airatzen, bera Gernikan egon balitz moduan. Eta inork adorerik ez erantzuteko [...]» (77-78). Behin torpedoaren arriskua pasatakoan, azpimarratzekoa da kapitainak Olaberi esaten diona: «Euskalduna haizelako barkatzen diat! [...]»; baita, orduan, narratzaile-pertsonaiak irakurleari aitortzen diona ere: «ez genien guk berehalakoan barkatuko lau urte lehenagoko portaera koldarra inglandarrei» (81). Esanguratsuak dira, halaber, barealdia ospatzeko, Olaberen eskusoinuaren doinura kontalariak botatzen dituen bertsoak. Izan ere, Gernikako bonbardaketa (ondoko urteetan gizateria zibilaren aurka helburu militarrekin egindako) beste gerra esperimentu batzuei aurre hartu zien gertakizun den aldetik irudikatzen du: «[...] Doa ontzia hondora/ Hondoan dauka Gernika portu/ Ez bedi inor aztora/ Gure herrian zorroztua zen/ Mastan jo duen aizkora [...]». Werner Hartmannekin izandako enkontruaren harira, pertsonaia-narratzaileak ahotara ekartzen du, berriz ere, Gernikako bonbardaketa basatia, Luftwaffek Londres bonbardatu zuen egunaz galdetzeko. Bera itsasoan bazegoen ere, asko akordatu baitzen egun hartaz, lehorrean geratu zen Andonirekin kezkatuta. Dena den, irakurlearen esku uzten du Hartmannen begietatik ikus dezakegun Andoniren istorioa osatzeko ardura: «[...] badatoz hegalontziak urdina betean, hirurehun itsaspeko hegan, Londongo zerua Gernikakoa halako hamar, hogei, berrogei, sirenen txistua baino mingarriagoa arranoen amiltze astuna, oinaztuaren garraren aitzin bere tarrata, zelako edertasuna eraikinak lur jotzen bazterrak sutan karrikak lehertzen, eta durunda handiaren gainetik, beste uhin-luzera batean, euskaldun liluratuaren oihua hondakin guztietan oihartzun [...]/ «Sua nahi, Mr. Churchill?»/ Bolton eta bere alaba ez beste inglandar guztiek Gernikako fosforo berean kiskali behar dute, garaia zen, londondarrak babestokietara doaz astrapalan, sotanoetan ezkutatzen dira koitaduak, eta soinulari zoro batek kalejirarik alaiena jotzen du Waterloo-Bridge-ren erdian [...]» (89). Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill?-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
«Ondamendi Baten Ondoren» esaldiarekin ekiten dio Gudari aldizkariko egile anonimoak Gernikako bonbardaketaren testuinguruan sortua den “Etxeko giltzak… Zetako?” ipuinari. Gertakizunarekiko garaikidea eta lekuko zuzen batek idatzia izaki, 1937ko maiatzaren 2an argitaratutako ipuin hau dokumentu historikotzat har daiteke. Prosazko poema zabala dirudi, irudiz betea baita. «Gu» izenordainak ahalbidetzen duen egitura dialogikoaren, hots, irakurle (edota entzuleekiko) gertutasuna bilatzen duen fikziozko elkarrizketaren bitartez aurkezten du kontalariak ipuina: «Ba-dira gauzak, idazlan-eder-sakenaren biarik ixan-oi eztabenak. Zertzelada txikiñuaren bidez jazekun batez anditasuna azaldu ei-dabenak. Eta emen edustuke deguna, eretaiko bat degu». Ikur gutxirekin esanahi ugari biltzeko gaitasuna nabari da, hain zuzen ere, ipuin labur bezain hunkigarri honetan. Bonbardaketa traumatikoa gertatu eta gutxira, «bihotza odolusten ari zaien» pertsonaia-narratzaileak eta beste lagun batzuk, Bilboko Areatza zubi parean «gernikar herrikide apal batekin» izandako enkontrua eta elkarrizketa dira ipuinaren muina. Gernikarrak, gertatu berria den sarraskitik bizirik atera bada ere, bizi osorako zauritzeaz bat etxerik gabe utzi dutenak, hondamendiaren lekukotza zuzena ematen die. Gernikako bonbardaketaren eguneko bizipenak Bilboko lagunei kontatu ahala, eskua patrikan sartzeko keinua egiten du, eta giltzak ukitu orduko, zerutik botatako bonbek etxea su eta ketan, txikituta, utzi diotela gogoratzen zaio: «—¡Giltzak! ¡Etxeko giltzak! ¡Zetako yudaz baña giltzen, neure bijotzeko Gernika'n etxerik ezna-yust, aterik ezna-yust, giltz-zulorik be ezna-yuat?». Ipuinaren amaieran, izenik ez duen eta, beraz, edonor izan litekeen oinazez betetako protagonista gernikarrak, Bilboko itsasadarrera botatzen ditu errauts bihurtutako etxearen giltzak, gertakizun tragikoak milaka errugaberi eragindako babesgabetasuna gardendu eta salatuz.
Laburpenean aipatu bezala, irudi boteretsuz jositako ipuina da, artean Picassoren Guernica lehen zirriborroetan baizik ez zegoen eta ezezaguna zen arren, artelan piktoriko edo poema batetik gertu dagoen idazkera duela uler baitaiteke. Bestela esanda, halako moduan errepresentatzen du gertakizun traumatikoa, non irakurleengan bonbardaketa bertatik bertara ikusten ari direlako irudipena sorrarazteko gai baita. Ildo horretatik, ipuinean enpatia lantzen dela uler daiteke, irakurlea lekuz aldatzera behartzen baitu, gerturatu, baina aldi berean, urruntzearen etengabeko sokatiran: «Gernikarak bere erayetan eruan atsekabiari [...] zer erantzun ez genkigula mutu lotu gintzazan. Bere gogo-minduba arintzeko esakairik asmatzen ez genun». Nolanahi ere, testuan gailentzen dena gizateria zibilaren aurka burututako sarraskiaren salaketa da: «Deistar egazkiñen ego-baltzak begi-ninientan irariak deguz. ¡Ikuspegiajaren baltza! ¡Gizonak eren ankar ixan biar ebela!». Esandakoaz bat, foruei eta euskal identitateari lotutako sinboloaren, Gernikako Arbola sakratuaren, tradiziozko iruditeria (gutxienez Erdi Arotik letorkeena) ere aurki daiteke ipuinean; testuinguru horretan, bonbardaketak haritz zaharraren tradiziozko esanahiak errotik aldarazi zituela aurreratuz: «Eta arantza zorotzak bijotza zauritu dautsenaren antzo, gernikar gixaxuak, edestu dausku, Zugatz-Deuna'ren bizteki zoragari zanaren ondamendija. Umetxu erugien uluak. Emakumien intzirijak. [...] Gixaki eraildubak. [...] Kabi apurtubak...». Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Etxeko giltzak... Zetako?-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Hamazazpi kontakizunez osatutako ipuin liburua da Sua nahi, Mr. Churchill?. Kritikak azpimarratu bezala, gai aldetik «behin eta berriro bueltatzen da [Koldo Izagirre] ohiko mamuetara: gerra zibila eta frankismoa». Hain zuzen, gerraondoan, Frente de Juventudes-eko uda kanpamentuan bizitako pasadizoak dira “Losadaren Pizkundea” ipuinaren ardatz. Zehatzago esateko, narratzaile-pertsonaiak eta bere lagunek, Gerra Zibila galdutako gudari gazteek zein bortxaz errekrutatutako haur eta nerabeek, falangisten doktrinaren aurka eginiko iraultza txikien, askatasun gosearen eta erresistentziaren inguruan harilkatzen da istorioa. Esandakoaren erakusle dira orientazio ikastaroan kanpin dendetatik behar baino gehiago urruntzea (111-113), zuzendariak «Viva Franco» eta «Arriba España» esandakoan erantzunik ez ematea, lerrokatzeko agintzean jaramonik ez egitea… eta, bereziki, bigarren batxilergoko Losada mutiko galiziarrak oihukatutako «Gora Vladimir Ilich!» (115); fusilatzeko puntuan jarri baitute kapilauak, zuzendariak eta errefortzu gisa etorritako militar falangistek. Hortik, 1937an Bizkaiko kanpainan parte hartu zuten protagonista autodiegetikoari eta Uriarteri (118), baita euren lagunei (Aldaz, Dopazo, Barbeitio…) ere, Trintxerpeko Losada mutil koskorrak eragindako harridura, mirespena eta izua. «[Losadak] ilunabarreko zeremonian azaldu zuen edertasun beldurgarri hura berritu genuen denok gure kautan, egia zen inork ez zuela halako kemenik erakutsi presondegian generamatzan sei hilabeteetan» (117). Koldo Izagirrek irakurlearen esku uzten du, baina, Losada egiaz fusilatu duten ala fusilamendu simulakroa pairatu duen argitzea: «Eta denek ere Losada zoroaren oihua estaliko zuen deskarga espero zutelarik, Urbasa osoko basurdeak kanpamendua hartzen hasiak ziren denda guztietako galletak mermeladak txokolateak tabakoak linternak esne kondentsatuak gutun paperak eguzki kremak argazki kamerak kapilauaren aldizkariak eta Aldazek maiatzaren aurreneko bazkalondo luzeetan aitari ikasitako Pilatosen Balkoia esaten zitzaion faxisten hiltegi klandestino hartan ezarri nahi zuen pirograbatua txehetzeko: hemen…fusilatuak…askatuta» (122). Denbora narratiboari so eginez gero, memoriaren fikzioen bereizgarri den geruza tenporal ezberdinen arteko aldiberekotasuna gailentzen da testuan. Deigarria da (ez soilik ipuin honetan, baizik eta liburu osoan) analepsi eta prolepsi artean gertatzen diren elipsien garrantzia, kritikak deskribatu bezala, Izagirrek isiltasunaren bidez idazten duela baitirudi. Gainera, orokorrean lehen pertsona darabilen kontalari autodiegetikoa mintzo den arren, kasu batzuetan zaila gertatzen da narratzailea bereiztea, denboran zehar nola, hirugarren pertsonara ere tarteka hala egiten baitu jauzi. «Ahots nahasketa» hori, memoriaren lanketa pertsonalak dakartzan dimentsio kultural, kolektibo eta identitarioen islatzat jo daiteke. Are, idazlearen hitzetan, «narratzailearen ikuspuntu-desplazamenduak ez dira estetika hutsa [...] nik uste dut [...] gure berraragiztatzea historian gertatzen dela. [...] Haragiztatu, historian haragiztatzen gara, gugan datorrelako. [...] Iragana zen hori transmisioan dabil [...] Gure derrotetatik oraingo ezintasunetara». Oroimenaren gaineko kezkaz landa, nabarmentzekoak dira pertsonaiek ahotan hartzen dituzten Trintxerpe inguruko esamoldeak edota galegozko esapideak. Bestalde, Izagirreren prosan ohikoa den bezala, pertsonaia nagusiak Frente de Juventudes-ek zigortu ala errekrutako ume, nerabe eta gazteak izanagatik, ez dago epelkeriarik. Esan nahi da, gehienak ere pertsonaia «agirretartzat» defini daitezkeela: desengainatuak, errebeldeak eta zailtzen hasitakoak baitira. Idazleak berak elkarrizketa batean adierazi bezala, Sua nahi, Mr. Churchill? bildumako «ipuin[ak] dialektikoak [dira], pertsonaiek ihes egin nahi dute leku horretatik, leku horretatik ihes eginez garaiaz ere aldatuko direlakoan, ihes egin nahi dute diktaduratik eta itotasunetik. Konstante bat da liburuan. Eta epika apalean gertatzen dira gertatuak, ez dago mitifikaziorik pertsonaien aurkezpenean, nahikoa lan daukate egiten dutena egiten [...] gristasunak dauzkaten pertsonaiak sortu ditut, errealitateak moldatzen dituen heroikotasunik gabeko heroi apalak».
Goiko aipuan laburbildu liteke Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoak ipuin honetan duen adiera. Izan ere, gertakizun historikoak eta mikrohistoriak uztartzen ditu, jende xumeak gertaera historiko handiekiko loturan bizi dituenak, alegia. Hala, Gernikaren bonbardaketa pertsonen arteko harremanei eta gatazkei estekatuta zehazten da ipuinean, zehatzago esanda, sarraskiak eragindako doluari eta zurztasunari lotuta. Pertsonen arteko gatazken dimentsio soziala garden bihurtzen duela esan daiteke. Zentzu horretan, nahiz ipuinean aipatu ez, kontuan izatekoa da Gernikako bonbardaketaren errepresentazio piktorikoan (Picassoren Guernica-n) biktima errugabearen errepresentazio unibertsalaren irudigai klasikoak ageri direla, hain zuzen ere, zurztasunaz eta doluaz dihardutenak: haur hila altzoan duen ama. Era berean, Gernikako bonbardaketa gerran parte hartu zuten gudari komunista eta abertzaleen testuinguruari lotzeko helburua nabari daiteke. Literaturak, kasu honetan, birsemantizatu egiten du sinboloa, bere adierazkortasun mugagabean alderdi bat, gerra galdu zuten eusko gudariena, azpimarratuz: «—Mutil hori komunista zan lehen, Trintxerpeko galiziano horietakoa, eta Gipuzkoako frentean zaurituta egoan Gernikako Karmeliten komentuan. Neskatila gazte batek zaintzen eban [...]. Gernika suntsitu ebenean, erizaian familia osoa galdu eban, baina neskato harek esan ei eutson orain bere familia Euskadi zala. Eta entzun egik, Sagardui, neskatila harengatik egin zala eusko abertzale esan eustan Losadak [...] Abertzalea dalako doia pozik fusilamentura, ez dozue sinsituten?» (118-119). Zer gerta ere, abertzaleen artean gailendu ziren galtzaile duinaren eta Gernikako herri martiriaren (ankerkeria faxistaren biktimaren) irudiaz hausnartu eta urrats bat haratago joaten dela uler liteke, artean gazteak diren protagonistek, gerraren oroimen habitatuaren eramaile izatearen zama arindu, bazter eguzkitsuago batera ihes egin, eta berriz hasteko duten desira islatzean: «Nik bizi egin nahi nuen, ez nuen Euskadiren martiria izateko batere gogorik heriotzaren forma koldar eta kementsu guztiak ondo ikasiak ukan behar zituzten entregatutako batailoi haien aitzinean. Abertzalea nintzen, eta horregatik sinesten nuen gerra baino luzeagoa dela bizitza [...]» (119). Baliteke horrek ipuinaren izenburuarekin zerikusirik izatea, hots, «pizkundearekin» edo gerrak eta diktadurak pitzatutako haurtzaro eta gaztaroen “errenazimentuarekin”. Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Koldo Izagirreren Losadaren pizkundea-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Noiztenka liburua Itxaro Bordak zazpi urtean idatzitako poemek osatzen dute, eta kritikak azaldu bezala, era askotako poemak aurki daitezke bertan; hala egituraren aldetik (sonetoak, bosdun zein lauko txikiak, bertso librea), nola gai aldetik. Hiru atal nagusitan daude bilduta poemak, “Milia Lastur on the road”; “Medearen iratzartzea”; eta “Kreutzer sonate Für Siggi, Gabi und Malou Berlin”. Hiru poema sorten azpitik dabilen eta liburuari batasuna ematen dion gaia bidaiarena da. Bidaiaren metafora liburu osoan zehar hedatzen da, bidaia hori, denboran eta espazioan ez ezik (Grezia klasikotik Bamakora, Madrildik Berlinera, Bilbotik Maulera…), pertsonaia historikoak (XV. mendeko Milia Lastur, adibidez) testuinguru garaikideetara ekarriz, itsas irudiekin, heterotopien bitartez, idazkerarekin eta errepresentatzen dituen bizimodu zein gorputzen bidez ere haragitzen baita. Identitate finko eta hegemonikoak bainoago nomada eta ertzekoak (migranteak, lesbianak), mestizaia (hizkuntzen nahasketa), deserrotze sentimendua, norabide eza («Iparra erraz galtzen da Berlinen»(101))… dira, besteak beste, poema liburua zeharkatzen duten narrazio hari nagusietako batzuk. Bordak marrazten duen Euskal Herriak lotura zuzena du aldiriekin edo periferiarekin; ez da harritzekoa, beraz, euskal munduari eginiko erreferentzia guztiak ez-gipuzkoarrak izatea: Bizkaiko kosta, Gasteiz, Maule, Tutera... Horrez gain, funtsezkoa da emakume gorputzen garrantzia bidaia nondik eta norantz doan ulertzeko orduan: «Zure gorputza highway gisa / Imajinatzen dut etengabe» (8). “Milia Lastur on the road” lehen poema sortan, lehen pertsona eta oraineko aditz denbora darabiltzan pertsonaia-narratzailea, Milia Lasturren maitale bihurtzen da «Zorigaitzez, Milia,/ Legeak ez digun ezkontzeko baimenik emango» (24); «Emazteen arteko amodioa/ Eder zitzaidan» (15). Hala, Bizkaiko kostaldean gertatzen den maitasun istorio bat ehuntzen du Bordak, pertsonaia historikoaren bizitza kontuan izanda, esanahiz betea dena. Are, ekintza politikotzat har daiteke. Milia Lastur XV. mendean jaio zen Deban, Lastur auzoan. Erditzean hil zen. Hil eta gero, ahizpak hileta-kantu bat eskaini zion Lasturri, gaurdaino iritsi den ahozko literatur tradizioaren ondare dena, besteak beste, Esteban Garibaik idatziz jaso zuelako. Eresi horretan, Peru Garzia izeneko gizonak Lasturri tratu txarrak ematen zizikiola kontatzen du ahizpak; litekeena da Garziak bortxatu ondotik erditu zen haurraz hil izana. Horregatik adierazten du ahizpak hileta-kantuan gorroto duela Garzia, antza, gainera, Lastur hil eta berehala Marina Arrazolarekin ezkontzear dagoenak. Horrekin batera, Bordak euskal literaturaren historiografia feminista egiten du Noiztenka-n, “Euskal literaturaren faborez Kalaka” poema izanik esandakoaren erakusle argiena. Hain zuzen ere, (emakumezko) euskal idazleen zerrenda dakar: Miren Agur Meabe, Ana Urkiza, Amaia Lasa, Arantxa Urretabizkaia, Katixa Agirre, Nora Arbelbide, Leire Bilbao, Tere Irastortza, Marixan Minaberri, Aurelia Arkotxa, Maripi Solbes, Lurdes Unzueta, Laura Mintegi… (118-119). Zentzu horretan, azpimarratzekoa da ugari-ugariak diren testuarteko erreferentzia gehienak nola, paratestuetako aipu guztiak hala, (emakumezko) idazle, filosofo eta artistenak direla: Simone Weil, Amina Said, Hannah Arendt, Luisa Villalta, Marguerite Duras etab. Kritikak aipatu bezala, idazlearen alderdi sarkastiko eta «basilikianoena» “Euskadi Morning kalaka” poeman topa daiteke. Bertan, komunikabideen erretorika militar maskulinizantearekin jokatzen du, hain zuzen ere, errealitatearen parodia eginez: «Bomba, un dos tres/ Bonba gehiagorik ez./ [...] Euskadi, aurrera doan herria» (65). Bestela esateko, boterearen hiztegia bereganatzen du boterearen diskurtsoa zartatzeko. Komunikabideen «kalaka» eta ETAren gainean eraikitako kontakizun deformatuari kritika egitearekin bat, bakearen alde lerratzen da idazlea; baita kulturaren premiaz, hots, kulturak epe luzera eragin lezakeen iraultza politikoaz ohartarazten ere, ondoko aipuetan antzeman daitekeen eran: «Ludwigek salbatu nau» (63); «Eskerrak Schiller» (66) etab. Bestalde, lekuei dagokienez, Euskal Herriaz landa (bereziki, euskal gizartearen oroimen gune nagusia denez, maiz aipatzen duen Gernika) Alemania da liburuan pisu handiena duen herrialdea. Ez bakarrik geografikoki, sinbolikoki ere askotan jotzen du Alemaniarekin lotutako elementuetara (hizkuntza bera, Hannah Arendt, Auschwitz, Karl Marx…). Alemanierazko hitz eta esapideez gain, zuri-beltzeko ilustrazioak aurki daitezke orri artean tartekatuta. Hitz batez, idazleak berak zenbait elkarrizketetan aitortu bezala, liburuko pertsonaien etsiak (bizi diren munduarekikoak) uzten du itxaropenerako tarterik (horren adierazgarri “Behar dugunaz” poema).
Gernikaren iruditerira sarri jotzen du idazleak. Hasteko, euskal gatazkaren gainean eraiki den “errelatoaz” eta testuinguru horretan guztian, emakumeei ukatu zaien lekuaz (hau da, marjinez edo, finean, tokirik eta zailenaz) pentsarazteko baliatzen du: «From Amikuze to the Tutera band [...] Gernikan ginen/ Jadanik./ Gure herria zen./ Gure ardura zen./ Gure bakenahia zen./ Gure aniztasuna zen. [...] This is my land too [...]» (18). Horrez gain, «Gernika berriak» irudikatzeko eta bakea aldarrikatzeko orduan, Guernica koadroan aurki daitezkeen biktima errugabearen errepresentazio unibertsalaren irudigai klasikoetara, emakumeak eta haur hilak, jotzen duela esan daiteke. «Ez duzu Madrile ikusi./ Gernika berria/ [...] Zure ele poetikoaren umezurtz/ Uzten gaituzu [Luisa Villalta]/ [...] Nunca mais oihukatuko zenuen./ Hitzak, aditz trinkoak/ Eta ezpazioa zein denbora/ Egiastatzen dizkidaten/ Deklinabideak/ Ukatzear geratu naiz./ Neure herria eta bere-ismoak oro/ Gorrotatu ditut./ [...]/ Odolez estali arpegi haien/ Izua eta etsia,/ Hilotzak burdinbideetan./ Milaka errugabe sabelak airean/ Lurrean hedailo./ Nunca mais oihukatuko zenuen/ [...] Gernika bat gehiago [...]» (46-47). Esandakoaz bat, Gernikaren polisemia eta XX-XXI. mendeetan izan duen bilakaera historikoaren (bi noranzkotan, bakantasuna eta unibertsaltasuna, eginiko joan-etorriek ezaugarritzen dutena) sintesia egiten duela uler daiteke. Euskal Herritik kanpo gerrak jotako leku-izenari deslotuta ageri ohi den Gernika hitza (ez bakarrik Picassoren artelanaren sortze testuingurutik aldenduta, baizik eta baita erro-erroan dagoen bonbardaketaren gertaera historiko erreala bazter utzita ere) birsemantizatu egiten baitu; sinboloaren adierazgarritasun mugagabearen alderdi bat, euskalduna, azpimarratuz (18). Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Itxaro Bordaren Noiztenka-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Jonek, pertsonaia-narratzaileak, Euskal Herritik (eta bere iraganetik) ahalik eta gehien aldentzeko helburuz Bolognara autoz egiten duen bidaia da eleberriaren ardatz. Bidaia fisiko horri, baina, adinean sartzen hasia den eta hainbat arrazoiengatik (Euskal Herriko indarkeria egoera, argitalpen baten harira jasotako kritika gogor eta mehatxuak (31), zapuztutako bikote harremana…) lur jota dagoen Jon protagonistaren barne bidaia gailentzen zaio. Sinbolikoki, sorterritik urrundu ahala, atzera begira jarri eta oroimenak esan nahi duen ahaztearen eta atxikitzearen arteko elkarrekintzatik, pertsonaia nagusiak efemerideak hautatzen eta errepasatzen dituela esan daiteke. Zenbat eta gehiago aldendu Euskal Herritik (Donostia, Irun, Biriatuko muga, Hastingueseko zerbitzugunea, Aire du Port Laugerais, Nîmes, Ventimiglia…) orduan eta gehiago zehazten dira, bakarrizketa eta barne pentsamenduen artean, nahastuta (prolepsi eta analepsiak sortuz) datorzkion oroitzapenak. Gidatu eta bidean geldialdiak egin ahala, familia osoaren iragana marrazten du Jonek. Baita, oroimenaren lanketa pertsonalak dakartzan dimentsio kultural, kolektibo eta identitarioak direla tarteko, Euskal Herriko iragan hurbila ere. Istorioaren benetako gertalekua oroimena dela esan liteke, beraz. Errepublikaren garaitik edota gerraurretik abiatu eta Gerra Zibilean sakonduz, gerraondoa, diktadura frankista eta borroka armatuaren hasierak errepasatzen ditu, harik eta 90eko hamarkada bukaerara/XXI. mende hasierara iritsi arte. Pertsonaia-narratzaileak familiakoengandik memoria komunikatiboaren bidez jasotako oroitzapen pisuzkoena aitona Miguelen fusilaketa dela uler liteke, gertakizun horrek markatzen baitu familiak harrezkero barruan daraman eta belaunaldi berriei (protagonistari, kasu) erasango dien oinazearen hasiera (28). Gertakizun horrekin batera, Euskal Herriko oroimen gune nagusia den Gernika darabil Mikel Hernándezek, hasieratik bertatik, oroimen komunikatibotik ez ezik, talde eta kultur oroimenetik ere edandako oroitzapenak gogoratzeko tresna nagusitzat: «Aldi luze baterako noa [...] Aireportu zaharrerantz noa zuzenean, gure birraitonari desjabetutako lurretan eginiko aireporturantz, naziak Gernika bonbardatzeko atera ziren aireporturantz, eta gero autobidera, Bolognaraino daraman autostradara hurbilduko nauen autopistara [...]» (11). Nolanahi ere, nobelan zehar Jonen ahotsa eta ikuspuntua nagusituagatik, zenbait kapitulutan (“Lau”; “Zazpi”; “Hamabost”), perspektibismoa baliatzen du Hérnandezek, instantzia narratiboaren ahots eta ikuspuntu aniztasuna, alegia. Teknika narratibo horrek, memorien arteko talkan, oroimen kolektibo bakoitzak zer toki betetzen duen hausnartzeko beta eskaintzen du, ondoko adibideen pareko galderei erantzuten lagunduz: Memoriaren zer kontakizun sustatzen dira eta zein geratzen dira gerizpean? Nork gogoratzen du nor/zer? Hain zuzen, aitari jarritako bonba-autoan istripuz hildako polizia baten alabaren, tortura eta kartzela pairatu ondotik autobusa hartzean zigorrik jaso ez duen torturatzailearen burlaizea jasan beharko duen etakide baten, eta atentatu baten eraginez su hartutako Guardia Zibilen kuartelean titiko haurra duen ama baten ikuspuntu eta ahotsak kontrajartzen ditu, indarkeria desberdinen arteko gurutzaketa gardenduz. Oroz gain, prozesu historikoak beren konplexutasunean azaltzeko ahalegina nabari da nobelan, batez ere, euskal politikaren erradikalizazioaren (frankismo betean sortu zen borroka armatuaren) aurrekari historiko eta soziopolitikoak azaldu eta berrikustekoa, besteak beste: fusilaketak, bonbardaketak, kartzela, atxiloketak, lapurretak, mehatxuak, errejimenaren doktrina eskoletan, gerrako errefuxiatuak eta erbestea, zentsura, eskubide zibilen bortxaketa, tortura... Hala eta guztiz ere, ETAren bilakaera makurra ikusita, armei uko egin ezean, Euskal Herria «suizidiora» doan mezua helarazten du. Mezu hori sendotu edo azpimarratzeko, gainera, testuartekotasuna darabil, oraineko irakurraldiari iraganeko irudikapen eta irakurketen oihartzunak erantsiz. Are, garai bateko laguna zen eta ETAn sartuta dabilen Anderri idatzi (eta behin ere bidali gabeko) gutunean literatur kritikariaren rola hartzen du, bere burua idazle gisa irudikatzeraino. «Irakurri duk, [...] M.H.I.aren lehen eleberria? 1991n argitaratu zuan. [...] Sarrionandiari egindako omenaldia dudarik gabe. [...] Bukaeran kartzelako poeta hori suizidatzen denean [...] ene ustez esan nahi dik Euskal Herria oraingo bide biolentotik segituz gero suzidiora doala. [...] Bernardo Atxagaren [Gizona bere bakardadean ere] [...] ikusten duk antzera bukatzen de[la], bietan, sinbolismo horren bidez, adierazi nahi duk oraingo bidetik joanda etorkizuna suntsitzera doala Euskal Herria» (81). Esandakoaz bat, ugari-ugariak dira kanta ezagunen hitzei eta artelan plastikoei eginiko erreferentziak. Bolognara Euskal Herriko indarkeria egoerarekin nazkatuta dagoelako alde egin nahi duela dioen arren, kasik ordura arteko arazo guztiei egin nahi lieke ihes (Norarekiko hausturak eragindako mina, Anderrekin hartutako dezepzioa, Laurarekin bueltatu nahi eta ezina, unibertsitatean bizi duen tentsioa…), hau da, bere iraganari. Aitzitik, nobelaren bukaeran nabarmentzen den moduan, noranahi joanda ere, norbere izatasunaren kontzientzia ahalbidetzen duen gaitasuna den oroimena galdu ezean, oroitzapenak edozein unetan etor litezke akordura, are gehiago, memorien emozio-zama oraineko aldartearekin bat etorriz gero.
Gernikaren irudikapen historikoek berezitasun nabarmenak dituzte nobela honetan. Izan ere, aurrez erantsitako aipuan irakur daitekeen eran, pertsonaia nagusiaren birraitonari desjabetutako lurretan eginiko aireportutik aireratu ziren Gernika bonbardatzeko su hegazkin naziak (11, 126). Hortaz, gizateria zibilaren aurkako erasoaren ikur eta Gerra Zibilaren oroimen gune gisa agertzeaz gain, estatu kolpea eman zutenek errepublikarrei eta abertzaleei eginiko arpilatze eta lapurreten erakusle funtzioa ere betetzen du Gernikak. Gainera, bakana den beste errepresentazio historiko bat ere aurki daiteke eleberrian, Gasteizen faxistek familia burgesak euren etxeetan militar arrotzak hartzera derrigortu zuten testuinguruan, Gernikako sarraskia pilotu alemaniar baten ikuspuntutik kontatzen delako: «Uribetarren etxean adibidez kapitain aleman bat sartu zuten, hegazkinlaria, errepublikarrak ziren Uribetarrak, alemana gizon edukatua omen zen, atsegina eta adeitsua, txokolatea eta tabakoa eramaten zien askotan [...] egun batean herri bat bonbardatu zutela esan zien itzulitakoan, ezagun zuen ez zegoela oso gustura egindako lanarekin, ez zieten herriaren izena ere esan, bonbak zein koordenadatan bota behar ziren besterik ez, azkenean mapa hartu eta handik eta hemendik joan zirela eta Gernika zela atera zuten ondorioa [...] ba guk hor familia daukagu, esan zioten alemanari. Lotara joan zen eta ez zuen hitzik esan astebetean [...]» (126). Ertz horretatik, Gernikako bonbardaketaren probaketa izaera azpimarratzen dela uler liteke, erasoaren zabarkeria eta ankerkeria maila salatzen dituena, alemaniarrek euren Dornier eta Heinkel hegazkin berriak probatu nahi eta, Atxagak Soinujolearen semea-n (361) jaso bezala, Francok esan baitzien: “Ba hortxe daukazue aukera. Joan eta erre Gernika”. Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Mikel Hernandez Abaituaren Ohe bat ozeanoaren erdian-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Asaba zaharren baratza ipuinean aletzen den gai nagusitzat euskal belaunaldi berriek aurrekoengandik jaso duten abertzaletasunaren zama ideologikoa har liteke. Polikarpok, protagonista-narratzaileak, gerra garaian txofer lanetan jardun zuen eta abertzaletasunaren sortzaile Sabino (Polikarpo) Aranaren hezurrak faxistengandik babesteko hobitik atera eta lekualdatu zituzten egunean presente egon zen abertzale baten semea da. Aranaren gorpuzkiak, gorpua garraiatzean ostu zituen hezurtxoak, herentzian ematen dizkio semeari, kontalari autodiegetikoari. Ipuinean zehar, analepsi eta prolepsiak tartekatuz, familiaren iragana zehazten da pixakanaka, aita-semeen arteko elkarrizketa eta une intimoen bidez, gehienetan. Iraganaren berri ematen duten une intimo horiek, baina, min fisikoa eragiten die Polikarpori. «Ez dakit nola, ohean esertzean askotan zangoak hartzen zizkidan azpian, baina bera ez zen konturatzen [...] edo ez zitzaion iruditzen min egin behar zidanik, eta noski, ez zen hala izaten, izango baitzituen erraz laurogeita hamar kilo [...]» (404). Aitak bere iragan abertzale “ospetsua” kontatzeari ekiten dion une bakoitzak barruan darama, beraz, zama fisiko (eta, hedapenez, sinbolikoa) Polikarporentzat. «Nahiago nuen bere zama isilean jasan, txikikeria horrekin berak zorionaren kontzientzia beteaz bizi z[it]uen une [haiek] [...] zapuztu baino» (428). Aranaren gorpuaren desehorzketa eta garraiatzearen inguruan bat ez datozen narrazioek, kontraesan nabarmenak agerrarazten dituzte aitak semeari kontatutako pasadizo hanpatuen, gertakizunaren egunean Ceferino Xemeinek idatzitako akta akastunaren (420) eta historia “errealaren” artean (424). «Deia egunkariak argitartutakoan bere izenik ikusten ez nuelako harrituta nola zitekeen posible galdetu nionean —[...] hainbat urtetan gezurretan jardun zuela ere pasatu zitzaidan burutik— [...] gizajoa lehen aldiz aho bete hortz geratu zen, eta, hitza berreskuratutakoan, “ni txoferra besterik ez bainintzen” esan zidan» (424). Honekin guztiarekin, hatxe larriz idatzitako Historia ere finean kontakizun bat dela ulertarazten du Saizarbitoriak, interes edo ertz ideologiko jakin batetik eginiko eraikuntza, beraz. Polikarpok, ipuinaren amaieran, aitak hil bezperetan hilobira itzultzeko aginduz emandako Aranaren hezurtxo ebatsia atzera nola ehortzi ez dakiela, azkenean, itsasora botatzeko erabakia hartzen duenean, egiaz, aitak bere gain jarritako zama ideologikoaz libratzen da. Hain zuzen, aitak debozio handiz gorde eta oinordekotzan emandako erlikiak sinbolizatzen duen hori guztia litzateke urperatzen duena. Hortaz, hein batean askatzailea ere bada Polikarporentzat aitaren heriotza. Bioleta maiteari, iragan abertzalearen zama daraman alaba hura ere —«oinordekotasun zaila, tokatu zaiguna» (459)—, zuzentzen dion «Zu zara nire aberria» (463) esaldia jo liteke ipuinaren mezu eta muintzat. Oroimena, abertzaletasuna, desira… harilkatzen ditu, honenbestez, Saizarbitoriak, gehiagotan ere jorratu dituen gaiak; umore beltz eta ironia kutsuak eraginda, hunkitzearekin bat, hainbatetan barre eginarazten duen narratzaile-pertsonaiaren ahotan.
Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoek, Asaba zaharren baratza-n, lotura zuzena dute gertakizun nagusiaren, hots, Sabino Aranaren hezurren desehorzketaren, inguruko narrazioekin. Hain zuzen ere, Gernikako sarraskiaren larritasunak markatu zuen, Polikarporen aitaren arabera, Sabino Aranaren hilobia faxistek profanatzeko arriskutik babesteko erabakia: «Behin, Gernikakoa gertatu ondoren, maiatzeko lehendabiziko egunetan —jakina denez, bonbardaketa apirilaren 26an gertatu zen— aitak, mandatu baten zain zegoela, entzun omen zuen nola Ajuriogerrak [...] Gamarra [...] burukideari esaten zion beldur zela nazionalek, ordurako Bilbon sartzeko zorian, ez ote zuten Sabino Aranaren hilobia profanatu[ko]» (415). Pasarte horretan kontalariak ebakitzen duen «jakina denez» esapideak, agerian uzten du, bestalde, Gernika bihurtu dela, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren ostean, Euskal Herriko oroimen gune nagusia eta ikur gutxirekin esanahi ugari (kasu honetan, Gerra Zibilaren sintesia) biltzeko gai dela. Horrez gain, Aranaren hezurren lekualdaketari buruzko kontakizunen talkan, Xemeinen akta ustez akastunean, gertakizunari berari garrantzia emateko baliabide bihurtzen da Gernikaren irudikapen historikoa: maiatz hasieran beharrean, apiril bukaeran kokatzen du ekitaldia, aurrerantzean, gogoratzeko tresnari estekatuta, errazago oroitze aldera. «[...] Gertaerari dagokion eguna [...] ez da egiazkoa. Aita ziur zegoen maiatzean gertatu zela: lehenbiziko egunetan, baina maiatzean jada, ez apirilean [...] zergatik aldatu nahi izan [ote] zuen Xemeinek [?] Testua behin eta berriz irakurrita, gertakizuna Gernikako bonbardaketari [...] lotzeko asmoa susma daiteke» (420). Era berean, zeharka bada ere, Gernikaren iruditeriak Saizarbitoriaren literaturaren bereizgarritzat har daitezkeen eta Polikarporen aitak azpimarratzen dituen gudarien porrota duinaren eta bakezaletasunaren ideiak sendotzen dituela nabari daiteke: «Kontatzen zizkidan pasadizo gehienak gerra amaierakoak izaten ziren, hau da, porrota jada burututa zegoen garaikoak. Gehien atsegin zuena, berek Bilbo uzterakoan ez zituztela fabrikak erre eta zubiak suntsitu esatea izan ohi zen. Ezin omen zituzten bota edo erre, beren fabrikak eta zubiak zirelako, eta gerra ondoren bizitzeko eta lan egiteko beharko zituztelako» (414). «[...] berak ezetz erantzuten zidan, abertzaleek ez zutela hiltzen; alderantziz, bizitza asko salbatutakoak zirela, batez ere gorriek garbitu nahi zituzten apaiz[enak] [...]. Gerra ikaragarria dela ere esan ohi zuen [...]» (420). «[...] Eta triste ageri zen euskaldunok zatituta gaudelako» (427). Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Ramon Saizarbitoriaren Asaba zaharren baratza-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Gerra Zibilean hanka galdu zuen eta pentsioa eskatu ahal izateko notarioarengana joan eta notario-akta bat lortu beharra duen gudari zahar baten ibilerak dira ipuinaren ardatz. Kontakizuna, Saizarbitoriak lagun duen benetako gudari bati eskainia, 1937ko apirilaren 20an Intxortaren magalean gertatutakoek osatzen dute: Martiartu batailoiko gudari bat, istorioko pertsonaia nagusia dena, metraila batek larriki zauritu ondoren, aurrena Durangora eta ondoren Basurtoko ospitalera bidaltzen dute. Protagonistak 1937ko apirilaren 20an galdu zuen hanka, Bergara eta Arrasatetik zehar tropa faxistek gogorrago erasotzeari ekin zioten egun berean. Handik lau egunetara, apirilaren 24an, Molaren tropak Elgetan sartu ziren. Saseta, Martiartu, UHP eta beste batailoi batzuetatik bizirik ateratakoek Intxortako lubakietatik erretiratu egin behar izan zuten. Apirilaren 26an, Kondor Legioak eta Aviazione Legionariak Gernika bonbardatu zuen. Testuan zehar aurki daitezkeen iruzkin metanarratiboek («Askotan gertatzen zitzaion zerbait kontatu beharra zuenean nondik hasi ezin asmatzea» (33) etab.) metafikzio historiografikora garamatzate, izan ere, gertaera eta pertsonaia historikoen erreferentziez betea egotearekin bat, iragana berreskuratzeko ahalegin orok iragana berrasmatzea esan nahi duen ideia azaleratzen du. Pertsonaia nagusiak notarioaren aurrera eramandako bi lekukoek gertaerak azken xehetasuneraino (eta norberak, jakina, bere modura) kontatzeko duten joerak, notarioak etengabe mozteko eta «harira, harira» esanez gertakizunaren kontakizunak labur ditzaten eskatzeko duen joerak bezainbat, garden bihurtzen du objektibotasuna bilatzeko saiakera oro alferrikakoa den ideia (11). Era berean, gerrako elbarri errepublikarraren pentsioa lortzeko ahaleginean ari den eta gerra barrutik bizi izan zuen gudari zaharraren eta pasadizo bera kanpotik eta tramite administratibotzat baino bizi ez duen notarioaren arteko talka bistaratzen da. Notario-akta akastuna izateaz haratago (batailoien izen batzuk, esaterako (48)), protagonistak notarioaren aurrera eramandako lekukoak ere, hankabakar geratu zen momentu jakin hartan, egiaz ez zeuden toki berean. Ikuspuntu eta kontaera diferenteak kontrajartzeaz gain, denboran aurrera eta atzera egiten du etengabe (analepsi eta prolepsiak). Formalki ez da batere lineala, beraz. Hori guztia baina, ezer gutxi axola zaio gerrako oroitzapenak burutik ezin kendu bizi den gudari zaharrari (41), gerra denboran izandako galera larriena, nahiz hori izan bere hutsunearen arrasto nabariena, ez baita belaunetik behera falta duen hanka, Miren maitearen heriotza baizik. Hortik erlojuaren orratzak (eta ondorioz, bere bizitza) lau eta erdietan gelditu izana, ordu hartan hil baitzuten bonbardaketatik ihesi zihoan Miren (17, 60). Ez dakigu gudari zaharraren izena, edonor izan liteke. Zentzu horretan, uler liteke Saizarbitoriak azalera ateratzen dituela guztion alderdi gizatiar eta miserableenak. Gerrara doanean, «esan amari ez naizela joango bazkaltzera» (18) esaten dio protagonistak bizilagunari, hori da bere agurra. Heroirik gabeko gudaren ideia nagusitzen da. Kritikak azpimarratu modura, horixe litzateke Saizarbitoriak bere literatur lanetan goretsi ohi duen oroimena, Gerra Zibileko galtzaileen ohorea eta estetika: «tiroak galaraztea izan zen tokatu zitzaion gauzarik heroikoena» (41); «[...] gerra galduz irabazi egin zuten: duintasuna irabazi zuten, berentzat eta etorriko ziren belaunaldientzat» (32)... Testuan behin eta berriz aipatzen diren Adolfo Suárezen hitzek, «hay que restañar las heridas de la guerra» nabarmendu baino ez dute egiten hori ezinezkoa dela, epe laburrean bederen ezin daiteeken gauza (27). Istorioaren bukaeran, protagonista Luis Amiano lagunak hanka lurperatu zion lekura bueltatzen denean, Aszensio ermitaren inguruetara alegia, lurrean aztarrika hasi eta gutxira ohartzen da ez duela sekula berreskuratuko, eta galera hori onartu orduko, hau da, Miren maitearen heriotza, zerraldo erortzen da. Hitz gutxitan biltzeko, izenburuan ez ezik, nonahi aurki daitekeen «galdua» hitza litzateke kontakizunaren giltza.
Oroimen gune, gogoratzeko tresna eta oroimen mota ugari aurki daitezke Gudari zaharren gerra galdua-n: Intxorta (47), Elgeta (13), Durango (16), Santoña (33), Gernika; Eusko Gudarostearen aldeko zutarriak (45), Trabajadoresetako kontzentrazio-esparruak (28), gudari izandako lagunen lekukotzak (15), gerrak gorputzean utzitako markak (hankamotz geratu zen protagonista)… Gerra Zibilean zehar Heinkel 111 eta Junker 52 hegazkin naziek egindako sarraskien errepresentazio historikoei darraie, beraz, horietako gehienek (39, 51-53…). Bonbardaketen irudikapen historikoen bidez, Gernikakoa izanik, giza sufrimenduaren ikur bihurtu den neurrian, funtzio hori betetzen duen gogoratzeko tresna esanguratsuena, gerrako galtzaileen duintasunaren ideia azpimarratzen du. Horrez gain, istorioa zalantza askoren ondoren pentsioa eskatzeko erabakia hartu berri duen gudari zaharraren deskribapenarekin hasten denez gero, erabaki horrek agerian uzten du diktadura bukatu dela; Trantsizio esaten zaion garai gorabeheratsuak aurreko errejimen politikoarekiko haustura garbirik ekarri ez zuen arren. Izan ere, eskaera osatu eta pentsioaren ordainketa lortzekotan, gudari zaharrak Burgoseko Auzitegi Militarrera joan beharra du gogoz kontra bada ere. Burgos tarteko, berriagoak diren eta Euskal Herriko indarkeria egoeraren jarraipena bistaratzen duten oroitzapenak gogoratzen zaizkio: Burgoseko epaiketa eta Txiki eta Otaegiren fusilamenduak, hain zuzen ere (25). Frankismo betean sortu zen ETAren aurrekari historiko eta soziopolitikoak pentsamendu kritikoz errepasatzeko funtzioa betetzen dute, hortaz, Gernikarenak nola, Elgeta edota Durangoko bonbardaketen irudikapen historikoek. Aldi berean baina, 36ko gudarien oroimena ez bezala, Saizarbitoriak ez ditu goresten izen bera hartu izan duten etakideen memoriak, elkarrengandik gero eta urrunago ikusten dituen heinean. Horren erakusle da, esaterako, lehen irakurketan anekdotikoa lirudikeen arren esanahiz betea den eta gudari zaharrari pasieran dabilela egokitzen zaion gaztearen «pizgailu ikurrinduna» (28), gerra garaiko protesta ikono boteretsua zena, denboraren joanean, pop artearen eta kontsumo gizartearen produktu soil bihurtu den kritika egiten baitu. Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Ramon Saizarbitoriaren Gudari zaharraren gerra galdua-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Liburuaren aurkezpenean idazleak berak esandakoak ahotan hartuz, ETAk Miguel Ángel Blanco hil eta gutxira, 1997an, Londresen bizi zela ezagututako zalaparta mediatikoa luke oinarri. Hain zuzen, nobelaren gai nagusitzat, batetik komunikabideen pisua eta bestetik, berriz, historiaren ahanztura jo litezke. Londres eta Euskal Herria biltzen dira Gerra Zibilean Gernikan ibili zen kazetari ingeles baten bila ari den Galder protagonista euskaldunaren munduan. Bi gertaleku aurrez aurre, kazetaritza egiteko bi molde aurrez aurre. Eta atzean Fernando Aranguren kazetari ohia, balizko traidorea, testamentua idatzi ahala aitorpena egiten, azken orrialdeko sinadurari (ordurarteko sinesgarritasuna hausten duenari) kasu eginez gero. Kritikaren esanak gogoan, moldaketa lantzat defini daiteke Paperezko hegazkinak, testuarteko erreferentzia andanarekin batera (kapitulu bakoitzak du, esaterako, atariko aipu bana) hizkuntza (zalaparta mediatikoa irudikatzeko behin eta berriz dakarren komunikabideen erretorika, ingelesetik eta italieratik mailegatutako hitzak…) eta memoria ezberdinen (Gerra Zibilaren gaineko kontakizunak Euskal Herrian eta handik kanpo) arteko talkak agintzen duen neurrian. Hasieratik bertatik, garai eta leku desberdinetan girotutako bi plano diferente nahasten dira, 36ko gerrako gertaeren kontakizuna (gehienetan, sarraskia gertatu eta gutxira Gernikara joandako atzerriko gerra kazetarien begiradapean) eta Londresen bizi den Galderren ibilerei dagokiona (egunero irakurtzen dituen herrialde ezberdinetako egunkariek 90ko hamarkada bukaerako euskal munduari buruz dakartena, gainbehera etorritako Fiona eta bien arteko bikote harremana, pisukideekiko harreman gorabeheratsuak…). Londreseko planoa, baina, tai gabe zeharkatzen du oroimenak, askotariko iturrietatik, dela kultur eta talde oroimena (adibidez, gerra garaiko argazkiak (34), artelanak (40) eta egunkariak (74), dela oroimen komunikatiboa (adibidez, Gerra Zibileko kronikari ingeles ospetsuena bide zen Ben Caponen biloba Emmarekin eta Jose Urkidi gudari zaharrarekin izandako elkarrizketak). Nobela honetako denbora narratiboa, beraz, analepsi eta prolepsiz betea da, eta oroitzapen horien guztien artean, zalantza izpirik gabe, Gernikako bonbardaketaren memoria(k) gailentzen d(ir)a. Euskal kulturako oroimen gune eta gogoratzeko tresna esanguratsuena bihurtu den Gernikaren bi maila sinboliko adierazgarrienak etengabe jartzen ditu elkarrizketan Lutxo Egiak. Dela gerrak jotako leku izenaren dimentsio historikoaren (1937ko apirilaren 26ko sarraskiaren errepresentazio historikoen bidez) eta dimentsio alegorikoaren (Picassoren Guernica artelanaren ekfrasien bidez) arteko ezkontza, dela kontrakarreko ikuspuntuen talka. Hain zuzen, Gernika/Guernica-ren iruditeria har daiteke nobelaren narrazio hari garrantzitsuentzat. Kritikarekin bat etorriz, hausturen moldapentzat jo liteke nobela, hainbatetan sasoi eta leku ezberdinetako egunkari ebakinez eta horiei guztiei buruz eginiko iruzkinez osatutako collage-a baitirudi. Hain zuzen ere, esan liteke, edukiz zein formaz errepresentatzen duela komunikabideen boterea eta komunikabideek egunero eraikitzen duten errealitatearen kontakizun deformatua. Nobelaren idazkerak eta egiturak berak sorrarazten baitu gehiegizko datu zaparradak eragin ohi duen desinformazioaren (eta ondorioz, ahanzturaren) eta batzuetan hain agerikoa ez den manipulazio informatiboaren efektua. Izan ere, istorio osoaren sinesgarritasuna zartatzen duen diegesiaren baitako traidorearen hilurreko testamentua litzateke irakurleak esku artean duen nobela. Galderrek traidoretzat du 36ko gerrako kazetari izandako Fernando, izan ere, Gernikako sarraskiaren arduradunei buruz saldoka botatako gezurrak zabaltzen parte hartu zuen egunkarietako batean jardun zuen, baita diktadura garaian ministerio batean lan egin ere, harik eta arrazoi ez oso garbiak tarteko, Londresera alde egin eta ondorengo urteak bere iragan frankista ezkutatzeko ahaleginetan eman arte.
Esan bezala, deigarria da nobela honetan Gernika/Guernica-ren iruditeriak betetzen duen lekuaren neurria eta irudikapenen oparotasuna, nonahi aurki baitaitezke gerrak jotako leku izenaren askotariko errepresentazioak. Oroz gain baina, esan liteke, gerrako krimenen inguruan sortu ohi den egiaren eta gezurraren arteko borrokaren ikur den aldetik errepresentatzen dela Gernika. «Ez zekien zer pentsatu Gernikan jazotakoaz [...] Batean baieztatzen zutena bestean gezurtatzen zuten. Hori zen, azken batean, gerra bat» (89). «Egunkari guztiak zeuden zentsuraren mendean» (74). Horrez gain, pisuzkoa da nobelan zehar karga sinbolikoz betez baina zentzu historikoan hustuz doan ikonoaren (Picassoren Guernica) eta Gernikako bonbardaketaren gertaera historikoaren (Gernika) arteko tentsioa. Hain zuzen, zeharka ez ezik, zuzenean ere hausnartzen du narratzaile-pertsonaiak Gernikatik Guernica-ra dagoen distantzia irristakorrari buruz. «Hire Gernika eta nirea ez ditun berdinak [...] Zer esan gura duk? Picasso…? [...] Fionak [Galderren bikote ingelesak] ez daki Guernica eta Gernikaren artean bereizten» (40-41). Euskal Herrian, espainiar estatu mailan ala mundu mailan, bakantasunaren eta unibertsaltasunaren poloen artean lebilzkeen norabide askotako adierak har ditzakeen Gernikaren adierazgarritasun mugagabea islatzen du, beraz (91-92, 101-102, 117, 119…). Horrekin guztiarekin lotuta, ikonoen antzera gurtua den eta ezin konta ahala erreprodukzio dituen artelana, denboraren poderioz, historiara bere hutsean ere (hainbat kasutan, irudikatzen duen historiatik aldenduz edo zeharo bereiziz) pasatu den ideia azaleratzen du: «Pentsa ezak irratian entzundakotik [Fernandok Unión Radioko esatariak bonbardaketaren berri eman zuen 1937ko apirileko biharamun hartaz ari da] egun buruan daukana osatu arte, zenbat Gernika pasatu ote diren. Guernica. Gernica. Guernica. Gernika» (53). Bestalde, XX. mende bukaeran Londresko komunikabideetan (eta luzapenez, nazioarteko prentsan) Euskal Herriaren gainean eraikitako azaleko irudiaren edo karikaturaren giltzarri ere bada Guernica koadroa, Guggenheim eta ETArekin batera (97-98). Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Lutxo Egiaren Paperezko hegazkinak-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Agirretar Nikolak, ezizenez Metxak, kartzelatik ihes egiteko baino, barrura sartzeko egiten ditu zuloak, lurrazpiko pasabideak. Ekintza edo “ezintza” (28) horretan, kartzelaz kartzela «barruranzko ihesean» (92), askatasunaren bila dabil Metxa. Izan ere, bere burua preso ematea iruditzen zaio askatasuneranzko bide egokiena. «Nik ihes egin behar nuen zuen mundu ustel horretatik, eta pertsona garbien eta kontzientziadunen lagungiroa bilatu nuen. Alegia, gizatasunaren baloreak epaileek kondenatzen dituzten [pertsonen] artean baino ez direnez aurkitzen, mundutik presondegira egin nuen nik ihes» (218). Nobelaren muina gatibutzaren eta askatasunaren kontzeptu maiztuak edo azaleko esanahiak azpikoz gora jartzea da, askatasunaren esanahi sakona gardentzearekin batera, «nabarmenki zapaltzen gaituen botere[aren]» (141) gaineko gogoeta pizte aldera: «Mundu honetan denok gara presoak. Ziegaren tamaina da gutxienekoa…» (80). Hamazazpi atalez osatua dago nobela, instantzia narratiboaren aldaketak markatzen duen epilogo antzerako (“Aittitteren laudorioz”) kapitulua barne. Narratzailea autodiegetikoa da oro har, Metxa bera mintzo baita lehen pertsonan eta oraineko aditz denboran; azken atala, ordea, homodiegetikoa den Martin Hurson preso lagunak idatzia da. Gerra Zibilean miliziano izandakoa eta kartzelatik pasatakoa ez ezik kontalari aparta den Nikola zaharrak gerra garaiko eta gerraondoko pasadizo ugari kontatzen dizkie kartzelaldi berrietan ezagututako presoei. Nahiz preso lagun batzuk aldioro pasadizoak aldaberritzen dituela leporatu, «Intxortako gudaria Dolomitetako partisanoa Mauthausengo sabotaiagilea Aldudeko mugalaria Aralarko makia Herrera de la Manchako satorra [...]» (204) bide den Metxak ongi daki oroimenak izaera narratiboa duela eta kontakizun orori, norbere bizitzarenari barne, saihestezina zaiola asmazio neurria. Are, bere esanetan, «galdutakoak oraitu ezinda beti berriro asmatzen [dakiena] [...] da kontalari ona» (239). Agirretartasuna litzateke Nikola zaharraren nortasunaren eta unibertso literarioaren ardatz. Tasun hori, Koldo Izagirrek berak nobela honen aurrekari den Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak-en azaldu bezala, «[...] ez [du] sorlekuak ematen, baizik eta erorikoen minak» (7). «Behin eta berriroko erori behar historiko[ak]» (195, 201). Kritikaren arabera, agirretartasunak sorlekuak dakartzan tasunak ezeztatzen ditu, baina aldi berean, sorlekuaren ideia luke abiaburu. Ondorioz, agirretartasunaren kontzeptuak euskalduntasunaren eta abertzaletasunaren diskurtso zenbait jarriko lituzke auzitan. Bide horretatik, nortasun zirikatzaile, paradoxiko eta ironikoa du Metxak. Narratzaile-pertsonaiaren jarrera ironikoak, hainbatetan txantxetan ala benetan ari den bereiztea zailtzen duenak, diskurtso sozialen izaera gatazkatsu eta paradoxikoa azalarazten du, hain zuzen. Kritikak azpimarratu bezala, Metxak anbiguo bihurtzen du edozein egoera eta edozein adierazpide (baita bere burua ere). «Agirre zaharrak, preso bolondresa izanagatik presondegi guztiak apurtu nahi lituzke» (kontrazala). Gainerako presoekin ez ezik kartzelako funtzionario edo «boterearen morroiekin» (jaulier edo giltzatako, abokatu, zerbitzuburu, zuzendari…) (221) izandako eztabaida zirikatzaileetan nabarmendu bezala, «erreformismoa gainditzea» (49) du helburu: iraultza komunista. «Igitai baten marrazkia egin nahi izan dut baina ez zait ongi atera, Beñaten [bilobaren] laguntza behar nuke orain gure ikurrak egoki markatzeko» (173). «Badakizu jendeak gorreria daukala gorrira» (228). Nolanahi ere, ez da batere ortodoxoa eta sinesten duen hori ere pentsamendu kritikoz etengabe errepasatzeko premia aldarrikatzen du: «[...] patioan bildu eta ziegara eramaten ditut hostoak [...] [liburuetan] sartzen ditut, horitu arte. Hosto batzuek ez dute irauten ahal [...] orrialdeari itsatsiak geratzen dira, ezin dute libratu irakurri dituzten letretarik, haiengana ahuspeztuak bezala bizi nahi dute [...] liburuz liburu ibili behar du beti iraultzaileak, bestela orrialdeari edo liburuari atxikia gelditzen da[...] hosto horitu bat bezala[...]» (159, 169). Era berean, ohartzen da «batzuetan boterearen gaztelua ez d[el]a hain gotorra. [...] jaulierra oroit liteke[elako] pertsona izan zela inoizko batean» (162). Askatze prozesua edo ahalegina hizkuntzaren eta kode diskurtsiboen bidez ere irudikatzen du narratzaile-pertsonaiak. «[...] Izena duen guztiak dauka izana, baina izenik gabeko gauza mordoa dago munduan [...] eta izenak ere aldatu egiten dira garai batetik bestera…» (145). Horrekin lotuta, artearen funtzio politikoaz ere hausnartzen du: «berba dugu agirretarrok, Beñat, armarik kiskalgarriena» (208). Hizkuntzaren mugak hausteko asmoa, ordea, diskurtso mailatik sintaxi mailara hedatzen da, Izagirrek, kartzela barruko hizkera sortu eta ijitoak omendu asmoz, erromintxeletik hartutako hitzak tartekatzen baititu. Baita hitz-jokoak eta hitz berriak proposatzen ere, esaterako, "ezintza" (28), "hagindu" (29), "irritzi" (53) eta "izugile" (72). Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaiketan eta kondenaren amaieran esanak dira, ziur asko, Agirre zaharraren ibileren azpitik uneoro bultzaka bezala dabilen ideia nagusia argien agerrarazten dutenak: «[...] Zer egin dut, nire kartzelaldi zahar eta berriotan, zuen tortura hilgarria pairatu besterik? Europan eta Afrikan dituzuen presondegi guztiak ezagutu ditut, ziega mota guztietan eduki nauzue, euskal presorik beteranoena naiz, eta hala ere ezin izan duzue [...] espero zenuten ondorioa lortu. Gogorrean gauzkazue menderatuta, baina ez duzue sekula garaituko [...] Zerbitzuburu jauna, ez dut nire askatasuna sinatuko. Nik sinatuko banu zuk eskaintzen didazun paper hori, zeuen krimena zurituko nuke» (227, 259).
Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoak sarri askotan aurki daitezke eleberri honetan. Agirre zaharrak, isolamendu ziegetan jasandako tortura irudikatzeko ez ezik, Gerra Zibileko bizipenak gogoratu eta testuinguratzeko nahiz prozesu historikoen bilakaera (batik bat frankismo betean sortu zen ETArekiko loturan) azaltzeko euskarritzat ere badarabil Gernikaren iruditeria. Gertatzen ari dena kokatu/kontatu ezinak baldintzatzen duen bizipen hausgarria litzateke tortura, ulergaiztasunak eta deskribatzeko zailtasunak ezaugarritzen duena. Sormenezko ekintzak eskatu ohi dituen traumaren adierazgarritasun arazo horri, sutan eta ketan, txikituta ikusitako Gernikaren irudikapen historikoarekin erantzuten dio pertsonaia-narratzaileak. «Hauxe da tortura zuri ospetsua [...] inoiz amatatuko ez den argi gogorra [...] Baina [...] nola erotuko du isiltasunak, urteetan gauero fusilamenduko deskargak entzun dituena? Nola eraginen dio burutik argiaren gordinak, Gernika sutan ikusitakoari? [...]» (93-94, 100). Bestalde, Gernikako sarraskiaren irudikapenek, Metxari oroimen gune eta gogoratzeko tresna zaizkion (eta diren) neurrian, preso lagunei bere oroitzapenak kontatu eta berrasmatzean ahotan hartu ohi dituen hiru denbora nagusiak (Gerra Zibila, gerraondoa eta diktadurapeko garaia) josteko aukera ematen diote. Horren erakusle lirateke segidako aipuak: «[...] Hogeita hamazazpiko apirilaren hogeita [seian] [...] Gernika suntsitu ziguten, baina nik España hondoratu nuen handik lau egunera, horixe egin nuen nik… bonba bakarrarekin, ulertzen?» (146). «Matzakuko [itsas guda] hartan [...] urak hartuta eta hala ere tinko, [...] gure azken kanoikada jaurti genuenean, Gernikaren suntsimendua [genuen] bihotzean gorroto» (195). Iragan hurbilaren kontakizuna josteaz haratago, jakina, Gernikaren iruditeriari esker argi eta garbi lerratzen da gerra galdutako gudarien aldean, eta ertz horretatik berreraikitzen du historia garaikidearen kontakizuna, botere faxistak bultzatutako ahanztura ofizialaren diskurtso hegemonikotik urrun. Esandakoaz bat, zeharka bada ere, nabari litezke nobelan zehar Guernica koadroaren ekfrasiaren zantzuak, aipatu torturaren eta terrorearen errepresentazio arazoari bide emateko orduan. Mauthausen-Gausen kontzentrazio esparruan, alboan hil zitzaion Gregorio lagunaren heriotzak eragindako oinazearen deskribapenak, esaterako, Guernica-n ageri den errugabearen errepresentazio unibertsalaren irudigai klasikoetara garamatza: haurra eta ama. «Eskua eman nion, hunkiturik. Berea [...] hila zegoen ordurako. Ez nion [ezer ere] esan ahal izan, ama hilaren odola usaintzen duen txahalaren marrua baino ez nukeen eginen» (164). Dena den, Metxa zaharrak, kontakera manikeotik urrun, «garaileen aldean eroritako nekazari, jornalari eta mandazainei» ere egiten die aitortza (229-230). Oroz gainetik baina, nobela honetan, euskal literatura garaikidean nola, Gernikaren iruditeriak nagusiki euskal politikaren erradikalizazioa pentsamendu kritikoz errepasatzeko helburu etikoari erantzuten diola uler daiteke. Izan ere, kartzelako funtzionarioak kondena amaitu duela eta dokumentu bat sinatu ostean kalera irteteko «libre» dela esaten dion unean, Agirre zaharrak azaltzen du gerra ez zela Gernikako bonbardaketarekin bukatu. Era batera edo bestera jarraitu egin zuela. Edo hori pentsatzen zutela behintzat 60ko urteen bukaeran armak hartzea erabaki zuten gazte askok: gerran zeudela Estatu espainolarekin. «-Atetik irten orduko zain dauzkat zuen zomorroiak… Bihar ezponda batean edo mahasti batean azalduko naiz tirokatua, edo Guadalquivir-en itoa, eta zuek esanen duzue libro irten nintzela hemendik, liskarren batean hil nautela [...] [presoen] arteko kontu kitatze bat izan dela… [...] -[...] horiek kontu zaharrak dira, gerrako kontuak dira, eta gerra aspaldi amaitua da [...] -Ez, gerra hark gerra hau ekarri du, gerra berdinean gaude duela… duela zenbat urte, jaulier jauna?» (261). Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Koldo Izagirreren Agirre zaharraren kartzelaldi berriak-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Goio Ugarte, ezizenez Gorria, Nikaraguako Bluefields herrian bizi da. Legezko paperik ez duen arren, badu herritarren babesa, besteak beste erizaina delako. Bat-batean izoztu egin da: ez ditu ingurukoak ezagutzen, ez du hitzik egiten ezta erreakzionatzen ere. Hori jakinda joan da Maribel, errefuxiatuen artean postari lanak egiten dituen bera bezalako errefuxiatu bat. Managuan Goiorentzako psikiatrarik ezin aurkitu eta Goio Ekuadorrera eramatea otzen zaio, han Andoni bizi baita, Goioren txikitako laguna eta, euren antzera, erbesteratua. Hala hasten da nobela, eta hortik aurrera, hiru narrazio-hari josten dira, plano paraleloetan. Plano horietako batean, orainaldian eta lehen pertsonan, Maribelek Goioren gaixotasuna eta honen gorabeherak kontatzen ditu; Ekuadorrera bidean doazela aurrera egin ezinik geratuko dira Barranquilla inguruan, eta hor azalduko da Urioste familia, 36ko gerrako erbesteratu baten ondorengoak, euskaltasunaren irla moduko batean bizi direnak, aberri urrunarekiko lotura kontraesankorrak dituztela. Beste plano bat lehenaldian kontatuta dago, hirugarren pertsonan, Andoni izanik plano honen narratzailea: Andoni Martinezek 14 urte zitueneko ikasturtea gogoratuko du. Bilbotarra, Kalaportuko jesuitenera interno bidali zuten gurasoek, eta han ezagutu zuen Goio, Kalaportukoa bera. Maitasuna eta sexua, gurasoekiko erlazio gatazkatsua, frankismoa eta honen kontrako erresistentzia dira plano honetan aletzen diren gai nagusiak. Azken batean, frankismoaren bukaerako euskal kostaldeko kasik edozein herriren argazkia erakusten du Kalaportuk. Hirugarren haria etorkizunean narratuta dago, narratzaile orojakile baten ahotsean, zeina tarteka eta berariaz nabarmendu egiten baita narrazioan Josu/Armando gogoraraziz. Hemen, Artarktikara doan espedizio zientifiko batekin Goiok egingo duen bidaia kontatzen da. Erizaina izaki, minbiziak jotako zientzialari baten laguntzaile ontziratu da. Plano honetan baina, zientzia edo erizaintza kontuek baino indar handiagoa hartzen du naturaren ikuskizunak: izozmendi erraldoiak, gaurik gabeko egun argien segida, ia bizitzarik gabeko kontinente hotzaren magia, izadiaren aurrean gizakiaren txikitasunaren kontzientzia... Aipatu hiru plano horiez gain, bada beste bat, guztiak ezkutuki lotzen dituena: Managuan, etxetik irten ezinik bizi den Josu (ezizenez Armando) protagonista duena. Maribelen senarra da, eta bere itxitura behartuan bi zeregin izango ditu: bata, ogia egitea; bestea, idaztea. Inoiz amaitzera ez doala dirudien eta inori erakusten ez dion eskuizkribu hori Lagun izoztua dela jakingo dugu, eta ondorioz, Josu/Armando dela orain arte aipatu ditugun istorio guztien asmatzailea, bera bezain errorik gabeak diren pertsonaien eraikitzailea, Maribelekiko harremanaren gainbehera fikzioaren bidez ulertu nahiko lukeena, hala nola, denborarekiko eta espazioarekiko duen harreman korapilotsua askatu nahiko lukeena. Azken batean, Josu/Armandok erbesteari aurre egiteko erabiltzen du fikzioa. Hitz batez, erbestea da nobelaren muina.
Gernikako bonbardaketa ETAren aurrekari historiko eta soziopolitikoak azaldu eta prozesu historikoak beren konplexutasunean testuinguratzeko funtsezko irudigaia bihurtzen da; 36ko gerraren, gerraondoaren eta diktadurapeko hamarkada latzen injustizia eta sufrimendu pilatuaren oroimen gune. Lagun izoztua nobelaren ardatz, sasian bizi diren eta ETArekin harremana dutelako edo izan dutelako, Euskal Herritik urrun bizi diren pertsonaiak dira. Nahiz eta, Ameriketako planoan, pertsonaiek politikarekiko erakusten duten lotura mugatuagoa izan: agian, kritikak azaldu bezala, hara eraman dituzten arrazoiak beste garai eta beste kontinente batean gertatu direlako. Kalaportuko planoan gardentzen da erbesteratutakoak etakide izatera bultzatu zituen giroa, frankismoa Euskal Herrian, alegia: guardia zibilak nonahi, politikari bilakatutako apaizak, eskoletaraino iritsitako doktrina frankistak, ETAren aldeko pintadak, errejimenari aurre egiteko ezkutuan gordetako pistolak... etab. Uriostarren kasuan, Arantxak azaltzen du anai-arrebak erbestean jaio izanaren arrazoia: aitak, Jose Uriostek, gerra amaieran Santanderretik Orozkora itzuli eta baserria hutsik topatu zuenean, berehala ezkutatu zen; handik gutxira etorri zen Guardia Zibila bere bila. Egunak gordean eman eta gero ihes egitea lortu zuen Bilbora, eta handik erbesteratu zen Kolonbiara. Jose ez zen sekula Orozkora itzuli, ongi baitzekien itzuliz gero ez zuela bere irudimenean gordetako herria aurkituko, eta beharbada are urrunago sentituko zela sorterritik Eukal Herrian bertan. Seme-alaba euskaldunak hezi zituen ordea, Kolonbian eraikitako baserrian, eta Euskal Herrira begira bizi izan zen hil artean. Deserri handi bat da, beraz, Lagun izoztua-n irudikatutako Amerika. Kolonbian, Nikaraguan edota Ekuadorren jaioagatik, Euskal Herrira ezin buelta daitezkeen (edo bueltatu ez diren) euskaldunek marraztutako Amerika. Sorterriarekin, erbestearekin eta bien arteko talka ala uztarketarekin duten harremanak baldintzatzen ditu pertsonaia guztien bizitzak. Aipatu bezala, Maribelek Goio izoztu dela dioen oharra jasotzean egindako gogoeta da nobelaren abiaburua: «Lagun sakabanatuen artean gutun eta paketeak jaso eta albait arinen entregatzen ditut, gure herri urrunetik zer helduko zain beti ni ere, denok bezala» (15). Maribelekin batera bizi den Armandok ere Jose Uriosteren antzera bizi du Euskal Herrira itzultzeko ikara: «Ulisesen madarikazioa dun. Hemen bizi gaitun eta hara itzultzea dinagu beti gogoan, baina zenbat eta geroago orduan eta zailagoa dun leku hau uztea beste hartara joateko eta, itzuliz gero ere, gainera, ez gaitun gure gogoko sorterrira helduko, baizik eta beste ia ezezagun batera» (27). Andonik, aberriari buruz zuzenean ez hitz eginagatik, Euskal Herria ordezkatzen duten objektu, irudi sinboliko edota ikurrez betetatako «amesgela» bat du etxean: «Horman gernika biak, arboladun tenplua eta kriseiluak argituriko suntsidura, eta oteizak, eta ruizbalerdiak, eta zazpiakbat, eta ameztoiak, eta Bilboko argazkiak. Gela honek ez du leihorik, baina leihorik balu, ireki eta leiho horretatik seguru Bilbo ikusiko litzatekeela, Santutxuko paisaia urbano bat, eta eraikinek tapatu ezik igual Otxarkoaga edo beste bazterrauzo bizi eta humanoren bat aldapan [...]» (84). Andoniren amesgelaren deskribapenaren buruan doan Gernika/Guernica-ren iruditeria, dimentsio historiko nahiz alegorikoan (ekfrasi bidez) adierazia, erbestean bizi diren pertsonaien ordurarteko bizitzen laburpena bihurtzen da, eta luzapenez, Gerra Zibiletik XX. mende bukaera arteko Euskal Herriko iragan hurbilaren sintesia. Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Lauaxeta, benetako izenez Estepan Urkiaga, Gerra Zibilean fusilatu zuten Euzko Gudarosteko komandante eta poeta ospetsua, nola eta zertarako jakiteke, hirurogei urte beranduago berpizten da Gernikan, ustekabean, ertzain auto baten ondoan. Mamu bihurtuta, euskal kulturaren oroimen gune eta instituzio ezagunetara jotzen du (Gernikako Arbolaren gerizpera, Juntetxera, Euskal Herria Museora, Bakearen Museora, Euskaltzaindiara…), bere kezka-iturri nagusia, «Euzkadi azke ete da? [...] Irabazi egin ete genduan azkenean guda?» (9,12), argitzen lagunduko dion eta 1997ko Euskal Herria erakutsiko dion gidari baten bila. Hil aurreko lagunei, ordea, ikusezina gertatzen zaie Lauaxetaren mamua. Horregatik, liburu eta egunkari artean egiten du murgil, hirurogei urtetan Euskal Herria nola edo zenbateraino aldatu den bere kabuz ikertu asmoz, harik eta Julen Lamarain pertsonaia-narratzailea ezagutzen duen arte. Julen Egunkaria-ko kultur sailean jarduten duen berrogei urteko kazetaria da, Lauaxetari buruz idatzi izan duena. Artean konturatu ez den arren, bera ere hilda dago, eta horregatik ikus eta entzun dezake poeta berpiztua. Mendiz mendi ibiliko dira Lauaxeta eta biak, oroitarri ugari bisitatuz eta Euskal Herria zeharkatuz. Bidaia fisiko horrek, bidaia iniziatikoaren traza hartzeaz gain (bereziki Julenentzat, okerreko lekuan dagoela iritzita, bidea inon ez egoteko eta bilatzeko abagunea iruditzen baitzaio), euskal kulturaren mapa marraztu eta iruzkintzeko beta ere ematen die. Lauaxetak eta Julenek belaunaldi arteko aldeez eta euskal artisten lanez eztabaidatzen eta solasten duten uneak aitzakia hartuta, ugari-ugariak dira Zabalak nobela osoan zehar biltzen dituen testuarteko erreferentziak. Hain zuzen, Lauaxetaren poema liburua gogorarazten duen izenburutik hasita, eleberri hau euskal kulturako protagonisten, gertaera historiko nagusien eta, oro har, gogoratzeko tresnen aipamenez horniturik dago. Testuarteko elkarrizketa horietan, deigarria da nola jartzen dituen parez pare, fantasiazko literaturaren estrategia narratiboen bidez, berez oso fikzio maila desberdina duten pertsonaiak. Konparaziorako, fikziozko geruza berean kokatzen ditu Lauaxeta berpiztua (oinarrian pertsonaia historikoa izanagatik, mamua den heinean, izaki fantastikoa), Martxelo Otamendi (Egunkaria-ko benetako zuzendari ohia eta Berria-ko egungo zuzendaria), Goizeder (etakidea denentz argi ez dagoen arren, lapur arrunta dela dioen eta bidearen zati bat Julen eta Lauaxetarekin batera egingo duen gaztea), Nora (Anjel Lertxundiren Azkenaz beste nobelako pertsonaia) eta Mateo Txistu (mendian dabiltzala topatzen duten ehiztari mitologikoa). Horrez gain, esanguratsua da bidaia horren azpitik unero bultzaka dabilen beste bidaiaren, hau da, bi-bien mamu agerraldiaren, leloa: «Il nintzan [...] eta bizi naiz» (29). Lelo hori bat letorke egungo kultur oroimenaren ikasketen ikuspegi dinamikoarekin, iragana ez dagoela sekula iraganda esan nahi duen neurrian. Azpimarragarria da lehen pertsona darabilen pertsonaia-narratzailearen hizkera, natural eta soila, ahozkotasunetik gertu dagoena, eta baita umorea ere, maiz beltza. Nahiz eta, ironikoki, eleberrian zehar behin baino gehiagotan ebaki Saramagoren O ano da morte de Ricardo Reis-eko aipua: «Hildako bat pertsona serioa da, neurritsua, dagoen egoeraz jabetua» (78, 131). Nolanahi ere, kritikak azaldu bezala, abertzaletasunaren inguruko gogoeta da eleberriaren muina, gainerako gai guztiak josten edota gain hartzen diena. Lauaxeta lagun, Pizkundearen garaiko euskal idazleen eta 30eko hamarkadako euskal kulturaren errenazimentuko abertzaletasun baikor eta sendoaren printzak berritzen zaizkio, 90ko hamarkadaren hondarrean, Juleni. Lauaxetaren jeltzaletasuna erreakzionarioa iruditu arren (111), badu, pertsonaia nagusia den kontalariarentzat, argiunerik: «hil eta gero ere hezur-hozten ez den [euskaldun, euskaltzale eta abertzalearen] aberriarekiko maitasuna [...]» (25, 157). Eleberriaren azken atalean, Julenek argi eta garbi ikusten du ez duela erredakzioan elkarrizketatu ohi zituen eta «euren beharretan etsipenetik baino ezin abiatu ei diran egungo poeta eta artista ustez moderno horreen antzekoa» (158) izan nahi, eta aberriaren alde egin nahi duela lan, Lauaxetarekin bat datorrelako «[...] denon beharra dik aberriak» (152) iriztean. Beraz, abertzaletasunaren balio batzuei gorazarre egitea litzateke, beti ere, «bide berri[ei]» lotuz (136), nobelaren funtsezko mezua eta helburua.
Nobela honetan nabarmena da Gernikaren irudikapen historikoek oroimen gune eta gogoratzeko tresna gisa betetzen duten funtzioa. Izan ere, Lauaxeta berpiztuak, hilda egon den artean galdutako denbora (1937tik 1997ra arteko tartea) berreraiki ahal izateko giltza da Gernikako bonbardaketa, lotura zuzena baitu bere hil-bezperarekin (atxiloketa-fusilamendua): «[...] 1937ko apirilaren 29an [,atxilotu ninduten egunean,] guztiz suntsituta zegoen Gernika, baina Andra Mari eliza eta Juntetxea osorik geratu ziren. [...] Zutik iraungo ote zuen Gernikako Arbolak?» (11). Sarraskiaren irudikapen historikoak nobelaren lehen zatiko hari narratibo nagusiaren eta Lauaxetaren kezka nagusiaren sostengu ere badira, Gerra Zibilaren amaierari buruzko galdera-gakoaren sostengu, alegia: «irabazi egin ete genduan azkenean guda?» (12). Hitz gutxitan esateko, Lauaxetaren hil aurreko (30eko hamarkada) eta berpiztu osteko (90eko hamarkada) bizitzak, hots, Euskal Herriaren bi errealitate historiko horiek alderatzeko zein elkarrizketan jartzeko zubi lana betetzen dute Gernikaren irudikapenek (13). «[Lauaxetak] gerra hura faxistek irabazi zutela ikasi behar izan zuen; [...] Agirre [...] erbesteko Euzko Jaurlaritzako lehendakaria baino ezin izan zela 1937ko abuztutik aurrera; etsaien burua [...] ohean hil zela 1975ean, Euskal Herria eta euskara ahal izan zuen bezain zapalduta utzirik eta ondorengotzaren inguruko kontuak ahal izan zuen bezain estu loturik. Horrekin guztiarekin batera, garaiko abertzaleen zatiketaz jabetu zen, eta ETAri buruz ere asko [...] irakurri zuen» (31-32). Hasiera batean, Lauaxetaren eta Julenen garaia marra argiz bereizten dira eleberrian. Irakurketan aurrera egin ahala, ordea, marra lausotuz doa, Julenek «galtzailetza[ren]» diskurtsoa bereganatzen duelako. 36ko gerra, gerraostea, diktadurapeko garaia eta trantsizio gorabeheratsua aurkezten ditu euskal politikaren erradikalizazioaren (batik bat frankismo betean sortu zen ETArekiko loturan) eta 90eko hamarkadako gatazken aurrekari historiko eta soziopilitikotzat: «[...] Borroka galduetatik gatoz [...] 60 urte [...] gutxi gorabehera lehen zeundeten, lehen geunden lekuraino heltzeko» (143). «Zer uste duk egingo dutela guardia zibilek hik gerra aurreko euskal olerkaria haizela esaten badiek, gerra garaian euskarazko lehen egunkariaren bultzatzaile suharra eta Euzko Gudarosteko intendentzia komandantea, 1937ko ekainean faxistek fusilatua eta [...] bat-batean [...] berpiztua? [...] Ez al dituk gogoan fusilatu hindutenak? Haien oinordekoak dituk hauek azken batean!» (100). Aitzitik, gerra galdu ondoren bizitako oinazearen narrazioa gailendu arren, esan gabe doa euskaldun guztiek ez zutela errepublikaren alde borrokatu eta euskaldun guztiak ez zirela eusko gudarostearen alde lerratu, eleberrian bertan ere jasotzen denez gero: «[...] inguruko baserritar batzuk Francoren aldekoen eskuetan hiltzen eta beste batzuk inguruko mendietan Euzkadi Francoren atzapar etsaietatik defenditzen [...]» (137). Horrez gain, Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoek bakearen alde dei egiteko bide ere ematen die pertsonaiei, gehienbat iragana ikertu duen Lauaxetari, Gernikaren iruditeriari lotuta baitoa ondorengo belaunaldiei transmititu nahi dien mezua: «[...] alkartuta joan behar dogu guztiok [...] alkar maitez eta alkarri euskaraz berba eginez. Horixe da nik zuek ataka gaizto honetan ikusirik esaten deutsuedana [...]» (61). Esan liteke Julenek jasotzen duela Lauaxetaren lekukoa, berretsiz «[...] gutxieneko errespetu bat izan behar zioagu[la] elkarri. [...] Horretan egin diagu[la] huts, eta gero emaitza katastrofe bat duk, dena kaka zahar bat…» (95). Honenbestez, eleberri honetan, ETAtik aparteko bide berriak bilatzeko deiaz gain, iragan hurbileko prozesu historikoen errepaso kritikoa, sasoi ezberdinen arteko elkarrizketa eta, batez ere, abertzaletasunaren goraipamena (euskararen alde azken hatseraino aritzearen ideia) biltzen ditu Gernikaren iruditeriak. Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Juan Luis Zabalaren Agur, Euzkadi-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Desagertuek eta euren mamu agerraldiek eragin sakona dute indarkeria hori pairatzen duten gizarteetan. Desagerpenak, desagertuen bizitzez haratago, desagertuen inguruko guztien bizimodua zauritu eta baldintzatzen du: «non zauden ez jakitearen larritasun hori aurpegiko zimur bakoitzean zizelkatzen doakiela zahartuko dira zure ahaideak» (22). Hauxe da Diego Lazkanoren kasua, bizi-eten bat eragin dio desagerpenak (dela lagunenak, dela aitarenak) eta zauria hain izatean sakona, bera ere, neurri batean bederen, desagertzen ari delako sentipena du. Bereziki “Lehen difuminazioak” kapituluan aletzen da gai hori. Diego Lazkanok, bere bizitzaz gain, desagertutako Soto eta Zeberio lagunen bizitzak ere bizitzen ari delako irudipena du. Hitz batez, haien ordez bizi da, hildakoen bizitza bere gorputzaren bidez luzatu nahi eta ezinean, Sotoren idazkiak berak sortuak balira bezala argitaratuz eta Zeberioren bikotea zenarekin oheratuz, besteak beste. Egiturari dagokionez, zortzi kapituluz osatua dago eleberria eta analepsiaren bitartez kontatzen da pertsonaia nagusien iragana. Aipagarriak dira, bestalde, William Faulknerren Mientras agonizo (1930) nobelari egindako testuarteko erreferentziak, bide ematen baitute Soto eta Zeberioren heriotz tragikoaren susmoa irakurleengan indartzeko. Izenburutzat “Cambalache 1983” badu ere, lehen kapitulua ez da mintzo 80ko Argentinaz, Lasa eta Zabalaren 1983ko desagerpenaz baizik. Nolanahi ere, nobelan zehar aipamen ugari egiten zaizkie Argentina zein Txileren diktadurapeko testuinguruetan gertatutako tortura, desagerpen eta hilketei. Egungo memoria ikasketetan, transnazionala bilakatu da “desagertu” kontzeptua. Bistakoa da, hortaz, Twist-en fantasiak (hots, Soto «berriro bizirik, edo ia-ia, hilik eta esna» (35) lurpetik ateratzeak) betetzen duen funtzioa: iragan hurbileko krimenak salatzea. Ulerkera horren argitan, literatura fantastiko garaikidea, literatura subertsiboa izan liteke, errealitatetzat jotzen den kapitalismoaren baitako kultura hegemonikoaren aurka eraikia den neurrian. Egiturazko bortxa antolatuaren kontra matxinatzen den satira usaineko nobela da Twist. Hasieratik bertatik sor lezake harridura esnatu berri den Sotok nola bizi duen «bizitzara itzultzea»: aldatu diren gauzen gose da, mundua ikusi nahi du, diferente, eta zahartutako lagunak, barre egin haien kontraesanen lepotik. «Dena aldatu eta pikutara nola joan den ikusteko besterik ez bada ere, ederra» da bizirik egotea mamuaren begietan. Ez da mamu serio eta beldurgarria, beraz. Narratzaileak Sotoren iratzartzea kontatzean darabiltzan estrategia narratiboen artean, testuaren fikziozko izaera azpimarratzen dutenak nabarmendu litezke. Kontalaria ez da batere arrunta. Hasteko, bigarren pertsona darabil Sotorekiko (zalantza egiten du, gainera, hika ala zuka aritu behar litzaiokeen) zein irakurlearekiko, harreman dialogikoa sortuz. Horrekin batera, deigarria gertatzen da bere hizkera: sarri tartekatzen ditu kanta ezagunen hitzak, esamoldeak etab., hitz jokoak, baina batez ere, barrea eraginez. Horren erakusle argia da, adibidez, Iparragirreren Gernikako arbola-ren kopla ezagunak parafraseatuz josten duen hitz jokoa: «Eman da zabal zazu munduan hezurra» (31). Esan daiteke, aurreneko kapituluan gainerakoekiko distantzia markatzen dela, umore beltzaren eta iruzkin metanarratiboen bidez, irakurleak hasieratik bertatik erakarriz irakurketara. Umore beltza, ordea, tentsio arintzaile eta izu apaltzaile izateaz batera, batzuetan asaldagarri ere gertatzen da Twist-en, Soto eta Zeberioren desagerpen-tortura-hilketaren soka tenkatzean. Izan ere nobelak badu kutsu groteskoa. Altxorraren bila balebiltza bezala, Soto eta Zeberio lurperatu zituzten tokia esapide ezagun baten bitartez adierazten du: X marks the spot. Estrategia narratibo horiek guztiak testuaren irakurle inplizituarentzako arrasto bihurtzen dira, narratzaileak Sotori etengabe egiten dizkion galderen erantzunen bila baitoa, orpoz orpo, irakurlea. Badakigu 1983an gaudela, «en la piel del toro» (23). Hortik aurrera, baina, kontalariari sortzen zaizkion zalantzek gertakarien laztasuna areagotzen dute: «Ez dirudi bizirik zinenik hona ekarri zintuztenean. Ala bai? [...] Hilik ekarri zintuzten hona [...]?» (12), «Manta marroi batean bilduta ekarri [zintuzten] agian?» (22). Bestalde, beldurrezko istorio fantastikoetan gertatu ohi den legez, gaua da, ilunpeak eta ezkutuan dagoenak markatzen baitu gertalekua: hilen mundua eta mamuen bidaia arketipikoak. Canok literatura garaikidearen ardatzetariko bat den galdera egiten du: «Sublimatu daiteke artearekin tortura? Gainditu daiteke artearen bidez terrorea? [...]» (383). Bestela esanda, nola adierazi adierazkaitza dena? mina adieraztean, ba al da beste biderik artea hel daitekeen lekuraino heltzeko? Nobelan bertan aurki daiteke galdera horien guztien erantzuna edo muina: artea ez da aski, baina on egin diezaguke: «Dena esan. Bere kiratsean biluztu. Bere burua irentsi eta suge-azalaren mudantza baino ez laga. Miseriarik ez ezkutatu. Liburu hura idatzi eta bere burua sendatu. Erredimitu esaten zaio orain sendatzeari, zer axola [...]» (354). Hain zuzen, Twist-en omentzen diren artisten (Joseph Beuys, Marina Abramovich…) performance, readymade eta antzezlanek literaturaren mugei buruz pentsarazten dute. Azken batean, kapitulu jakin batzuetarako fantasiazko literatura aukeratzeak izua irudika daitekeela esan nahi luke, ez agian hitzez hitz kontatzea, baizik eta sormenaren bidez ikustarazi, agerrarazi eta gardentzea. Horren erakusle fina da Gloria pertsonaiak Arratoiak instalazioan Francoren erretratu erraldoiarekin egiten duena (383): Arratoi “zaborjaleak” Francoren erretratu erraldoiari haginka ikustea irudi boteretsua da esanahi aldetik. Narrazio maila eta testuartekotasun andana tarteko, palimpsestotzat irakur liteke nobela. Honenbestez, zurtointzat Lasa eta Zabalaren desagerpena (bahiketa-tortura-hilketa) duen nobela honetan sakon hausnartzen da literaturak terrorea adierazteko duen ahalaz. Arte adierazpenen gaitasunaren inguruko gogoeta estetiko-etikoak gailentzen dira eta fantasiazko literaturaren estrategia narratiboak baliatzen ditu protagonista desagertuen, Soto eta Zeberioren, istorioak azaleratzeko. Finean, nola mamuak, hala iragana «[...] gutxien espero duzunean agert[zen]» (27) delako mezua helarazten du. Iragana beti bueltatzen dela, alegia, ilunpean zegoena argitara ekarriz. Iraganaren eta orainaren arteko elkarrizketa berrosatzen laguntzen du, iraganaren ezagutza eta aitortzaren alde lan egin eta isilduei hitza ematean.
Gernika/Guernica-ren iruditeriak euskal kulturan ez ezik nazioartean duen garrantziaren eta adierazgarritasun mugagabearen hainbat adibide aurki daiteke Twist-en, batik bat Picassoren koadroaren zein hura oinarri hartuta eginiko artelanen ekfrasiak. Esanguratsua da, esaterako, irudi frankista eta naziak bildumatzen dituen Furmicak, Gloriaren aita «fatxak», Bigarren Mundu Gerraz dihardutela Picassoren Guernica-z iruzkintzen duena: «Gernika Batailoia izan zen Parisen sartzen lehena, euskaldunak… [dio Lazkanok] --Izenaren sinboloagatik, auskalo: marexalen batek erabakiko zuen, “utzi vascoiei pasatzen, Picassoren koadro zatar horrekin zorterik izan ez dutenez, kontsolagarri”, batek daki» (313). Kontrakarreko ikuspuntuen talka tarteko, pasarte hori oroimen guneak gatazka lekuak diren ispilu argia da. Aipatzekoa da, era berean, «Miro-ren Gernika esaten ziotean» (301). 1937ko Bodegó amb sabata vella artelanaren ekfrasia, pertsonaiek (Gloria eta Diegok) artearen funtzio politikoaz eztabaidatzen ari diren unean hartzen dutena ahotan. Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Harkaitz Canoren Twist-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Bilbao-New York-Bilbao nobela, bizitzara atxikitzen gaituen kontatzearen edo istorioak partekatzearen beharrizanari eginiko omena dela uler liteke. Hamaika kontakizun motzekin ehotako sarea dirudi. Hezurdura ornogabe horretan datza, idazkera bereziarekin batera, nobela hau esperimentu literariotzat jotzeko arrazoia. Esan nahi da, nobelaren baitan ez dagoela hari narratibo nagusirik, ezta gainerako istorioei gain hartzen dien istorio barnebiltzailerik ere. Aitzitik, hari askoren bidegurutzea denez gero, irakurleei ematen zaie, ohi baino modu agerikoagoan, esanahiak eraikitzeko ardura. Ikusmolde artistiko horren aldeko jarrera, erdi autobiografikoa-erdi fikziozkoa den Uribe kontalariak berak ebakitzen du pasarte batean: «Kontakizun batez apaindu zuen haren argudioa, balorazio zuzenik gabe. Horixe izan nuen gogokoen, alegia, kontakizun harekin askoz garbiago ikusi nuen dena. Izan ere, kontakizunek errealitatearen ñabardurak jasotzen dituzte. Eta ñabardurak dira bizitzan inportanteena» (52).
Familiako mikrohistoriak materia poetikotzat, literatura egiteko iturritzat, darabiltza Uribek. Istorio bihurtutako historia zati horien artean, sormen prozesuaren, edo fikzioranzko igarobidearen inguruko oharrak eta zalantzak plazaratzen ditu. Barru-barruko kontuak, mundu propiala, paperera eramateko emandako urratsen segidan (162), pisu itzela hartzen du gertuko eta inguruko jendearengandik bildutako ondareak. Oroimenaren iturri anitzetatik edaten du, dela komunikatibotik —ahozko testigantzak, ahots grabaketak, gutunak, bertsoak... (19, 87, 188, 105...)—, dela kulturaletik —artelanak, museoak, dokumentuak... (15, 17, 174, 13, 235...)—. Guztira, «zatika, oso zatika» bada ere, hiruzpalau belaunaldiren kontakizunak aurki daitezke eleberrian (155). Iragana eta oraina nahastuz, gerraurreko, Gerra Zibileko, diktadura frankistaren mendeko eta erakunde armatuak markatutako sasoietako oroitzapenak, 2008an, hitzaldi bat emateko Bilbotik New Yorkera bidean doan autofikziozko idazlearen orainaldiarekin tartekatzen dira. Autofikziozko kontalariak bizitzea egokitu zaion testuinguru gatazkatsuaren gainean egiten duen hausnarketaren sostengu da Gernika/Guernica-ren iruditeria. Gure iragan hurbila ezaugarritzen duten bizipen eta oroitzapen traumatikoak ez ezik, itxi gabeko zauriak denboraren (alegia, oroimenaren) neurri bihurtzen direlako gogoeta, testuinguru politiko gatazkatsuetan artisten funtzio politikoa zein ote den planteatzen duen galdera, trauma habitatzeko modu desberdinak, eta bakegintzari ekiteko deia ere irudikatzen ditu Gernika/Guernica binomioaren bidez. Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Bikoteen arteko gatazkak eta Euskal Herriko gatazka historiko-politikoak lirateke Martutene eleberriaren adatz. Bi plano nagusitan dago zatituta, eta bakoitzean, asperdurak, erruak eta aspalditik datozen arazoek erasandako bikote heldu bat da protagonista: kapitulu bakoitietan, Martin idazlea eta Julia itzultzailea; bikoitietan, berriz, Iñaki Abaitua eta Pilar medikuak. Lynn soziologo estatubatuar gaztearen etorrerak irauliko du bi bikoteen bizimodua. Arreta berezia ematen zaie Iñaki Abaitua eta Julia pertsonaiei, bikote harremanen baitan elkarri eta ingurukoei eragindako kalteak erakusteko ez ezik, baita erruduntasun indibidual nahiz kolektiboaz, gerraz, gatazkaz edota abertzaletasunaz hausnartzeko ere. Martutene-k Montauk (Frisch, 1975) nobela omentzen du; etengabeak dira testuarteko erreferentziak. Tonu grisen edo ñabarduren literaturatzat har liteke eleberri mardul hau, XX. mendeko memoria komunikatibo, kolektibo eta kulturalak hurrengo belaunaldiari beren konplexutasun osoan transmititzeko borondatea antzematen delako Juliarengan eta Iñaki Abaituarengan. Hortik euren semeei azalpenak ematean sortzen zaizkien zalantzak; beren buruari egiten dizkioten galderak eta aitorpenak. Eta batez ere, kezka: ondorengoei zer eta nola helarazi behar zaien haztatzen dute nobela osoan zehar. Gogoeta hori Juliak egiten du sakonkien, itzultzailea izaki, hizkuntzen artean ez ezik, belaunaldien artean ere egiten baititu itzulpen edo bitartekari lanak. Are gehiago, «Euskal Herriaren historia bat idaztea dauka pentsatuta Gombrichen Munduaren Historia laburra-ren tankeran, gauetan Zigorri kontatu izan dizkionak baliatuz» (715). Amaren aldeko aitonari buruzko ikuspegi sinplista desegiten saiatzen da Abaitua, Loiolari azaltzean Francoren alde borrokatu izanak ez duela esan nahi aitona faxista zenik. Juliaren eta bere seme Zigorren kasuan, berriz, abertzalea da familia guztia, eta memoriaren transmisioa korapilatzen duena abertzaletasunaren eta ETAren indarkeriaren arteko lotura da. Zigorren aita hilaren herentziaren inguruko arazoa nabarmentzen da, aitaren etakide izena zen Zigor, eta semearentzako hil ondoko gutun bat utzi zion Juliari. Saizarbitoriak, beraz, alde bietako mitoak jartzen ditu zalantzan, eskema manikeoetatik haratago. Zigorren amonak kontatzen dituen Gernikako bonbardaketari buruzko lekukotzek garrantzia itzela hartzen dute Martutene-n. Azken buruan, heroirik gabeko gudaren ideia azpimarratzen da eta gogoeta metaliterarioen bidez, idazketa bera bihurtzen da Euskal Herriko errealitate historiko-politikoa hurrengo belaunaldiari transmititzeko biderik egokiena. Esan gabe doa, momentu historiko berezian argitaratu zela Martutene, ETAk jarduera armaturi uko egin eta handik gutxira.
Nobelako pertsonaiek azaltzen duten antzera, «leku asko daude [sarraskien eta gatazka politikoen] eszenategiak izan direlako markatuak, zeinetan metrailaren oihartzuna sentitzen den oraindik eta ikus litezkeela dirudien odolaren orban ezabaezinak» (242). Baina Gernika da, oroimen gune eta gogoratzeko tresna guztien artean nagusiena bihurtu den neurrian, diegesiaren baitan ere iragan hurbila berreraikitzean pertsonaiek sarrien darabilten ikur eta sintesi baliabidea (129-130, 185, 399, 586…). Gerrak jotako leku-izenaren aipamen soilak 36ko gerra denborara eta gerraostera baikaramatza, harik eta diktadurapeko garaira eta ETAren sortze testuingururaino ailegatu arte. Hain zuzen, Juliaren amaren lekukotzen bidez heltzen zaizkigun Gernikako bonbardaketaren irudikapen historikoek errepresio frankistaren eta indarkeriaren jarraipenaren arteko lotura zuzena gardentzen dute (129). «Hirurogeita hamargarren hamarkada amaiera arte naturala zen ETArekin egotea. [...] ETAko militante torturatua, ihesean tirokatua, hormetan Gora Euskadi margotzen hasi eta ondoren lehergailuak ipintzen hasi zena anaia zen, auzokidea [...] gainerakoak beren gain ezin hartu zuten eginkizuna, ez eragozgarri etikoengatik, adore faltagatik baizik, onartzen zuen[a], bizia arriskuan jarriz herri oso bati beldurrak lapurtutako duintasuna eman ziona» (392). Ostera, ETAren jarduera armatuak izandako bilakaera makurra dela eta, Gudari zaharraren gerra galdua ipuinean nola, Saizarbitoriak pitzadura bat markatzen du benetakotzat dituen gudari zaharren eta izen bera hartu izan duten etakideen artean. «Donostia [...] hain da txikia, aukera asko daude biktima baten amak erailearenarekin topo egiteko» (358). Bereizketa zorrotz hori markatu arteko prozesua, ordea, ez da batere erraza, zalantza, eztabaida, gogoeta eta atzera-aurrez betea baizik, hainbatetan erantzun bakarrera ezin muga litekeena: «Zein da zure jarrera bortizkeriaz, borroka politikorako tresna bezala? [A.] [...] pertsonalki borroka bat saihestea nahiago [duzu], baina bortizkeriaren erabilera onartzen duzu [teorikoki, bederen] borroka politikoan. [...] [B.] Bortizkeriaren erabilera kondenatzen duzu errotik [...]» (380). Nolanahi ere, zeharo konplexua izanagatik, indarkeriaz hitz egiteko ezinbesteko premia aldarrikatzen (eta betetzen) du Martutene-n Saizarbitoriak (383). Gainera, gaiari modu kaleidoskopikoan heltzen diola uler daiteke, bai formaz (memorien arteko talka eta aurki guztiek izan ohi duten ifrentzua irudikatzeko/agerrarazteko bide ematen duten askotariko estrategia narratiboen bidez: ikuspuntu eta ahotsen polifonia, denbora narratiboaren manipulazioa eta ironiaren erabilera, besteak beste) zein edukiz (eskala ezberdinetako gatazkak tartekatuz edota testuinguru historiko eta soziopolitikoak eguneroko bizitzan duen inpaktua islatuz). Finean, ETAtik aparteko bide berriak bilatzeko aldarria nabarmentzen dela uler liteke, horren erakusle argia izanik azken aldera irakur daitekeen «Noiz bukatuko ote da hau dena» (694) esaldia. Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Ramon Saizarbitoriaren Martutene-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Davidi —narratzaile-pertsonaietariko bati— erbesteko etxean bizi dela, Stonehameko rantxoan, ustekabean berritzen zaizkio ume denborako zein gaztaroko bizipenak (331). Izan ere, Humboldt Countyn euskal artzainen carving-ak bisitatzen ari dela, zuhaitz baten azalean aurkitutako irudia dela medio, «Gernika euskaldunek berek erre zutela» zioen diskurtso faxista gogoratzen zaio (16-17). «Berak ere carving bat egitea erabaki zuela esan zidan» (17) —kontatzen dio Mary Ann alargunak Josebari, David hil eta gutxira, hilabetez etxean bisitan izan duten aspaldiko lagunari,— Davidek «hizkuntza zaharrean» idatzitako memoria-liburua erakutsi eta kopia bat, itzuleran, Obabako liburutegira eramateko enkargu ematean (18-20). Hain justu, irakurleari heldu zaion izen bereko nobela Daviden oroitidazkia litzateke, Josebak orraztua eta beste lagun batzuen lekukotzekin osatua, baina. Ahots nahasketa hori, literatura postmodernoaren ohiko ezaugarritzat ez ezik, memoriaren lanketa pertsonalak dakartzan dimentsio kultural, kolektibo eta identitarioen erakusletzat ere har liteke. Perspektibismoak memorien arteko talkan oroimen kolektibo bakoitzak zer toki betetzen duen irudikatzeko eta oroimen hegemonikoak inposatutako mugak zalantzan jartzeko aukera ematen du. Esandakoaren adierazle da, halaber, Davidek bere carving-a Lubisi eskaini izana, ETAko militante zen sasoian, Iruaingo bere lagun min hura, hil arte torturatu eta errekara bota baitzuten (371). Hala bada, Davidek, hegaka dabiltzan tximeletak balira bezala gogoratzen zaizkion pasadizoak antolatzeko eta idazteko listariaren (gauzak ondo gogoratzeko tresnaren) ideia darabilen eran (57-61), Gernikaren irudikapenek ere, oroimen gune zaizkion —eta diren— neurrian, kontakizunaren hiru denbora nagusiak josteko aukera ematen diotela esan daiteke. Alegia, 30eko hamarkada eta Gerra Zibila, 60-70eko hamarkadak —Davidek, gerra-denboran zein gerraondoan gertatutakoez ohartu ahala, kontzientzia hartzen duen eta ETAn sartuta dabilen garaia—, eta mende bukaera —erbestea Stonehamen—. Bestela esateko, sasoi bakoitza harremandu liteke Gernika/Guernica binomioaren esanahi edo geruza sinboliko desberdin batekin; aldi berean, ordea, irudikapen guztiek ere uztardura, hau da, prozesu historikoen garapena ikustarazten dute. Memoriaren fikzioetan ohikoa den legez, nobela honetako denbora narratiboa, tximeleten hegaldiaren irudiarekin adierazi bezala, analepsi eta prolepsiz betea da. Irakurleei dagokie, beraz, David eta Joseba narratzaile-pertsonaiekin batera, listariari jarraituz oroitzapenak lotu eta iragan partekatua gogoratzea. Hortaz, frankismo betean sortu zen borroka armatuaren aurrekari historiko nahiz soziopolitikoak begi kritikoz aztertu, ahanzturatik gorde eta ezagutaraztearekin bat, (Gernikako sarraskia kausa nagusitzat aurkeztuz,) argi ematen dio oraineko errealitate historikoari, prozesu historikoak beren konplexutasunean konprenitzen lagunduz.
Ugari-ugariak dira Iruaingo, Obabako, New Hampshireko eta Stonehameko pertsonaiek Gernika zein Guernica hitza ebakitzen duten aldiak edo pasarteak. Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoa euskal politikaren erradikalizazioaren aurrekari historiko eta soziopolitikoak azaldu eta prozesu historikoak beren konplexutasunean testuinguratzeko funtsezko irudigaia bihurtzen da; 36ko gerraren, gerraondoaren eta diktadurapeko hamarkada latzen injustizia eta sufrimendu pilatuaren oroimen gune. Maila globalean esanguratsua bihurtu den Guernica koadroaren oinarrian, berriz, berau eragin zuen euskal gertakari historikoa azpimarratzen dute pertsonaiek. Literaturak birsemantizatu egiten du sinboloa, bere adierazgarritasun mugagabean alderdi bat, euskalduna, azpimarratuz. Hitz batez, alderantzizko ekfrasia burutzen du Atxagak, maizegi arlo piktorikora murriztutako koadroa, hizkuntza historikoz betez. Idazleak berak Markak saiakeran (78) jaso bezala, «Gernika galtzen eta irabazten ari da aldi berean, xehetasunak, zirkunstantziak, berezitasunak, galtzen, baina esanahia irabazten, giza sufrimenduaren sinbolo bihurtzen». Nolanahi ere, eleberri honetako Gernika/Guernica-ren iruditeriak erakutsi bezala, kasu guztietan ez lirateke bateraezinak errealitate historiko zehatzetik alegoriaranzko sintesi joera eta jatorrizko erreferentzia errealaren lanketa sakona. Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
«Badakizu, behin burua moztuz gero, antzara batek, ttipi-ttapa-ttipi-ttapa, zenbat metro egin ditzakeen?» (311). Esaldi horretan laburbil litezke Jokin Muñozen Antzararen bidea nobelako hari narratibo nagusien abiapuntua eta bilakaera. Izan ere, burua galdu duen antzararen bidetzat irakur litezke nobelako bi protagonisten bizitzak. Gertuko pertsonen galera injustuen doluak, ezin ahaztuak eta galera izugarri horien azpian berriz bizitzen asma ezinaren latzak definitzen ditu bi-bien bizialdiak. Liburuko pasarte batean Lisak Jesusi aitortzen dion moduan, «jakin-nahiak bil[tzen] [d]itu elkarrengana [...] [edo, hobeto esan,] jakin beharrak» (285). Memori(ar)en langintzaren premiak batu aurretik, baina, bi pertsonaia nagusien arteko hartu-emana bestela hasten da. Lur jota dagoen Lisak, aurrerantzean, Gigi lagunaren bultzadari esker, lanpostu berri batean jardungo du, Donostiako etxe dotore batean, azkenekotan bizi den Jesus agurea zaintzen, hain zuzen ere. Era horretara gurutzatzen dira 36ko udaberrian, bere herriko fusilamendu pelotoitik osaba falangista zuelako libratu zen lagun bakarraren bizitza eta Lisarena, 2003ko uda betean, semea borroka armatuaren izenean bonba bat manipulatzen ari zela hil berri zaion ama gaztearena. Antzarek topo egitean, antzara-jokoan bezala, bi geruza narratiboak gainjarri, nahastu eta tartekatzen dira. Hau da, memoriaren fikzio garaikideetan ohi bezala, hurrenkera kronologikoa anakronia narratibo eta geruza tenporal ezberdinen arteko aldiberekotasunean urtzen da. Jesusen bidea azaltzeko, Errepublikako eta gerraurreko garaia kontatzen da Trilluelos izeneko Erriberako herri literarioan. Lisaren ibilbidea narratzeko, berriz, mende bukaerako eta XXI. mende hasierako sasoiak Donostialdean. Fikziozko lehen markoan, Jesus, Dioni, Paula, Justino eta Candi lagunen gaztaroa eta gerra hasierako fusilatzeak kontatzen dira. Bigarren geruza narratiboak Trantsizio deritzon prozesu gorabeheratsuari eta borroka armatuaren bilakaera makurrari buruz dihardu. Igor, Amaia, Gigi eta Lisa lirateke marko horretako pertsonaia nagusiak. Bi planoen artean eraikitzen diren zubien hasiera puntutzat memoria komunikatiboa har liteke, Jesusen etxean aurkitutako zuri-beltzeko argazki zahar bat dela medio ekiten baitio Lisak gure iragan hurbila ikertzeari (analepsia).
Antzararen bidea-n Gernika/Guernica-ren iruditeriaren garrantzia eta esanahia kultur oroimenaren langintzan egiteke dagoena ikustaraztean datza. Gernika gernikak azpimarratzeko testuratzen du idazleak, lerro bakarrean, kontatzeke dagoena garden bihurtuz: «[...] Gernikan hil zirenak hamar halako. Baina inork ez zuen koadrorik egin beren oroimenez» (154). Erriberan, Gerra Zibilean, fusilatu eta desagerrarazi (kare bizitan erre edo hobi komunetan pilatu) zituztenen historia ahaztuen kultur oroimenaren euskarri da eleberri hau. Gernika/Guernica-ren iruditeriak oroimen gune eta gogoratzeko tresna gisa duen adierazgarritasun mugagabean, berau eragin zuen gertakari historiko zehatza baino, berau eragin zuen testuinguru historikoa azpimarratzen du. Gernikako bonbardaketa bezain ezagunak ez diren Gerra Zibileko beste krimen batzuk, Erriberako fusilaketak, dakartza kultur oroimenaren agertokira. Gernikaren errepresentazio historikoak eta ekfrasiak bat egiten duten aipamen labur horrekin, euskal kulturako oroimen gune nagusiaren oinarrian dagoen testuinguru historikoa berrosatzen eta ñabartzen jarraitzeko premia ikustarazten du. Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Jokin Muñozen Antzararen bidea-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
36ko udan hasten da istorioa, eta urtebeteren buruan bukatzen. Jon Iturri, narratzaile-protagonista, 13 urteko mutiko bilbotarra da eta Garraitzetara, (oinarritzat Lekeitio duen leku literariora, alegia) doa uda pasatzera, osabarenera. Osaba Alejandro Garraitzetako farozaina da. Gurasoek, abertzale sutsuak izaki, Bilbon geratzeko erabakia hartzen dute, harik eta Bizkaiko hiria frankistek menperatu arte. Uda hasieran, Jonek, osabaren lagun abertzaleez gain, Mirra ezagutuko du, titiriteroen taldeko ijito gaztea. Berehala maiteminduko da Mirraz. Hain zuzen, bien arteko hartu-emana litzateke eleberriaren lehen atalaren ardatz. Bigarren zatian kontatzen dira, “Gerraren hezurrak” izenburuak gardentzen duen eran, istorioaren muin diren Gerra Zibileko gertaerak, 13 urteko mutil koskorraren begirada laño, baina aldi berean, argi bezain zorrotzetik. 1936ko irailetik 1937ko abuztura arteko denbora-tartean, goitik behera markatzen du Jonen bizitza Gerra Zibilaren garapenak eta Eusko Gudarostearen ahultzeak dakarrenaren latzak. Gerra garaiko testuinguru historikoaren baitan harilkatzen dira, besteak beste, Guardia Zibilek faroa hartu ondoko osabaren atxiloketa; arreba Liberen jaiotza eta ama-alabak Jonekin elkartu arteko gorabeherak; gerratik bueltatuko denentz ez dakienaren ziurgabetasunak zauritutako aitaren bilaketa, etsaiek menperatutako Bilbon; familia osoaren erbesteratzea Venezuelara etab. Fikziozko gertaerak bat datoz, beraz, Gerra Zibileko gertaera errealekiko, eta bata zein bestea tartekatzen dira kontalariaren ahotan, Gernikako bonbardaketaren eta Eusko Gudarostearen Santoñako errendizioaren narrazioak, kasu. Horrez gain, nobelaren bereizgarri da testuartekotasuna, dela gerra denborako kultur erresistentziaren, dela euskal politikaren protagonistekin zuzenean lotutako gertaera eta testuekiko. Ugariak dira, hain zuzen, Estepan Urkiaga (Lauaxeta), Sorne Unzueta (Urtasus) edo Agustin Zubikarairen pareko idazleei, Emakume Abertzale Batzako kideei nahiz euskarazko egunkariei (Eguna, adibidez) egindako aipamenak. Narratzaile-protagonistaren sentiberatasuna litzateke istorioaren ezaugarri nabarmenena, sarri eguneroko baten itxura hartzen duen oroitidazkian 36ko uda gogora ekarri ahala, gerrak esan nahi dituen ankerkeria eta hondamendia azaleratzeaz haratago, 30ko hamarkadan loratzeari ekin zion (eta 1936an, aurreneko aldiz, Eusko Jaurlaritzaren legezko babesa ezagutu zuen) euskal kultura zaurituaz ere ohartzen baita.
Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoak hiru kapitulutan zehar hedatzen dira: “Apirila: Zeruko deabruak”; “Maiatza: Dardarak eta marmarrak”; eta “Ekaina: Zuloa, zuloa, zuloa”. Eleberrian Guernica-ren ekfrasirik ageri ez den arren, azpimarragarria da, beraz, Gernikaren dimentsio historikoak hartzen duen garrantziaren neurria. Gertaera historikoak (1937ko apirilaren 26ko sarraskia; bonbardaketaren arduradunei buruz saldoka botatako gezurrak; indar nazionalek Gernikan sartu zirenean, espiatzat hartuta, fusilatu zuten kazetarien «gidari euskalduna»…) fikziozko pertsonaien bidez helarazten dizkio kontalari homo- eta autodiegetikoak irakurleari. Osaba Alejandro apirilaren 26an alarguntzen da, azoka egunez Gernikako plazara joana den Katalin ustekabean harrapatzen dutelako nazien hegazkinek (94-96). Garraitzetako itsasargiko irratitik Gernika gorriek erre duten berria aditzen dute (99) eta ekainaren 25eko egunsentian, Katalinen laguna eta XX. mendeko euskal idazlerik maitatuenetakoa den Lauaxeta exekutatzen dute. Narratzaile-pertsonaiari, burutik ezin kendu, ametsetan agertzen zaio: «[...] agur [...] [egin nion] Estepan ia ezezagun bati, bizarra egin gabe eta narras baitzegoen pareta baten aurrean abailduta, gurutze bat lurrean, odola bularrean (111)». Halaber, «Gernikako arbolaren itzala» aipatzen du Jonek, bonbardaketa gertatu baino lehen ere, euskaldunentzat leku sinbolikoa zela adieraziz, ahotara ekartzean 1936eko urriaren 8an arbolapean Jose Antonio Agirrek zin egindako Estatutua. Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Miren Agur Meaberen Urtebete itsasargian-i buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Harkaitz Canoren Belarraren ahoa eleberri ukronikoa da. Inoiz gertatu ez diren baina noizbait, gertaera historikoek beste bide bat hartu izan balute, gerta zitezkeen errealitateak irudikatzen dituen nobela historiko alternatibotzat definitu du kritikak. Egoki gertatzen da, beraz, gogoratzearen ekintzaren izaera irudimentsuari buruz hausnartzeko. Irakurleari ezagun zaizkion pertsonaia eta gertaera historikoak ardatz hartu eta nahieran desegin eta berregiten ditu Canok, oraineko begietatik, iragana irudimenez, ironiaz eta umore beltzez berrasmatuz. Horrekin lotuta, mende honen hasieraz geroztik, Gernika/Guernica-ren iruditeriari darraion euskarazko narratiba, tematikoki zein estilistikoki anizten eta eraberritzen ari den erakusletzat ere jo liteke Belarraren ahoa. Ondoko ideiaren inguruan harilkatzen du idazleak bere ukronia: «Demagun Hitler ez zela Berlinen hil 1945ean. Demagun ez zuela gerra galdu eta Europa osoaz jabetu zela [...]. Demagun itsasoz doala Manhattanen jabe egitera, [i]tsasontziko sotoan [...] Chaplin [preso hartuta]» (kontrazala). Nazien itsas zeharkaldiaren narrazioari orpoz orpo jarraitzen dio, analepsi bidez, Olivier Legrand polizoiaren bidaiaren kontakizunak. 1886ko ekainean, Askatasunaren Anderea eskultura famatua berrehun kutxatan banatuta garraiatu zuten New Yorkera, eta hala migratu zuen Rouengo portuan lan egiten zuen Legrandek, koroaren barruan gordeta. Estatuaren historia materialari lotutako kontakizuna erreala izan arren, polizoiak ez du, beste bi pertsonaia nagusiek ez bezala, —komediantea (Chaplin) eta gizon txikia (Hitler),— pertsonaia historikorik oinarri. Pertsonaia guztien ahotik mintzo den kontalari orojakileak, film bateko eszenak diruditen kapitulu motzetan, oraineko eta iraganeko aditz denborak tartekatuz, analepsiez gain prolepsiak ere badarabiltza istorioa narratzeko. Zortzigarren kapituluan, hain zuzen, komedianteak eta Legrandek uneren batean elkar hartuko dutela iragartzen zaie irakurleei, tonu ironikoz, beti ere: «beste ontzi bateko sotoan, [...] Olivier gaizki ari da pasatzen, hirurogei urte lehenago elkartasuna adieraziko balio bezala komediante torturatuari» (37). Hamabigarren kapituluan elkartzen dira denboran (1946 inguru) eta espazioan (Manhattango moila) ontzidiko sototik ihesi doan Chaplin eta ordurako agure bat den Legrand, nazien lehorreratzeak paseoan harrapatu duena (49). Laster ezagutzen du ezinean doan komediantea eta beren etxean ematen dio babes, gaixo dagoen Marie Ann emaztearen ondoko ohean. Sendatu arteko denbora, Legrandek estraperloan lortutako idazmakinari esker, idazten igarotzen du Chaplinek, naziak munduaren jabe egiten ari diren egoera larri horretan, «Historia aldatzeko» helburuz (62).
Esan liteke, literaturak talde eta kultur oroimenen osaeran kontramemoria edo kontradiskurtso gisa eragiteko gaitasuna duelako ideiak gorpuzten direla ukronia honetan. Belarraren ahoa-n aurki daitezkeen Guernica-ren ekfrasiek abangoardia historikoetako utopia (artearen bidez mundua aldatzea posible den ideia) haragitzen dute. Hiperbolearen eta ironiaren hauspoaz, zentsuraren artaziekin Picassoren sormen prozesua eten izan ez balute, lehen zirriborroetan geratu zen eta Dora Maarrek argazkitan dokumentatzeari ekin zion Guernica koadroa nazien aurkako tresna guztien artean eraginkorrena izan zitekeen ideiarekin lotzen da. Artelan ezagunaren erreferentziatik abiatu eta irudimenaren bidez, egundo gertatuko ez den baina gerta zitekeen ukronia batera garamatza Canok, ‘zer gertatuko zatekeen Guernica koadroa munduak ezagutu izan ez balu?’ galdera planteatze hutsarekin, agerian utziz gure historia garaikidean eta kultur oroimenean duen garrantziaren neurria. Baina Gernikako bonbardaketari buruzko koadroaren ekfrasiaren une gorena komedianteak gizon txikiaren torturapean jasandako oinazearen irudikapena da: komediante torturatua Guernica-ren zirriborroen parte bizidun bihurtzen da, koadroa hark bukatzen baitu bere min-oihuarekin. Guernica artelanaren ikonografia gogora dakarkiguten keinuak (torturaren ondoriozko aurpegi kubista etab.) sintesi baliabide boteretsu ez ezik, arteak traumari aurre egiteko duen gaitasunaren ikur bilakatzen dira, beraz. Hortik Guernica-ren ekfrasiarekin bat kontalariak (33) ebakitzen duen «akabo zinema mutua» esaldia. Nola aipatu: Iruretagoiena, Leire (2023). "Harkaitz Canoren Belarraren ahoa-ri buruzko fitxa". MHLIren MNLAB datu-basea.
Nobela honek Mo izeneko behi baten memoriak kontatzen ditu. Mo gerraostean Balantzategi izeneko baserri batean jaio zen, eta Setatsua deitzen dion barneko ahots batek bultzatuta idazten ditu bere bizipenak, 50 urterekin, XX. mende amaieran, Zuberoako komentu batean bizi dela. Setatsuak zenbait aholku eta agindu ematen dizkio, hala nola, elurtean basoan ez geratzekoa edo otsoak atzetik zituenean ihes egitekoa. Behiak bere jaiotza gogoratzean ere, hasieran bere behitasunarekin oso konforme egon ez arren, Setatsuak konbentzitzen du ez dela hain patu txarra ere. Egun batean, protagonistak Antiaju Berderekin egiten du topo, eta honek eraso egiten dion arren, La Vache qui Rit behiaren laguntzaz ihes egitea lortzen du. Berak azaltzen dizkio Balantzategi inguruko zenbait kontu: Antiaju Berderekin kontuz ibili behar duela, batzuetan behiek banketeak izaten dituztela… Gerrari buruz hitz egiten dio, eta oraindik ez dela bukatu iradokitzen. Setatsuaren aholkuen aurka eginda, Mo bere lagun berriarekin ibiltzen da basoan, beste behiekin ikuilura joan beharrean. Genovevak jarritako musikarekin ikuilura hurbiltzen dira bi behiak, eta Mo bertako erosotasunean gelditzen da, beste behi guztiak bezala makalduta, eta La Vache qui Rit lagunarengandik urrunduta. Noizean behin, banketeak izaten dituzte, baina behi beltzak eta gorriak banatuta. Bankete gau batean, Mok gizon batzuk somatzen ditu zaldiak kargatzen. Mok laguna faltan somatzen du, eta bakardadea den desertutik igarotzen da bolada batez, azkenean beste bankete batean La Vache qui Ritekin topo egiten duen arte. Behi beltzen banketeetan gizon horien mugimendua dagoela ikusten dute, eta egun batean pentsuaren ordez arroza jartzen diete nahastuta, gizonentzat baitziren zaku horiek berez. Orduan asmatzen dute: Balantzategi errenditu ez direnen almazena da, eta Antiaju Berde eta bere lagunen ezkutuan ari dira. Zoritxarrez, azkenean Antiaju Berdek asmatzen du zein den trikimailua: behi gorriak kanpoan daudenean jeisten dira mendikoak. Horrela, tranpa prestatzen dute, eta Bizkar Oker hiltzen dute abisua ematen saiatzen delako. Genoveva preso eraman, eta Balantzategi haien eskuetan gelditzen denez, La Vache eta Mo herriko festa batzuetarako saltzen dituzte. Hala ere, bertatik ihes egitea lortu eta mendira joaten dira bi lagunak. Denbora luzez basoan ibili ondoren, bakoitzak bere bidea egiten du, La Vachek basurdeekin joatea erabakitzen baitu. Mo Zuberoa aldera joaten da, eta bertan Pauline Bernadetterekin egiten du topo, berekin ezkondu nahi zuen Piarresengandik ihesean zebilela. Biak batera joaten dira komentura, Mo Paulineren dote moduan. Bertan idazten ditu protagonistak bere memoriak.
http://www.euskara.euskadi.net/appcont/tesisDoctoral/PDFak/MARIA_JOSE_OLAZIREGI.pdf
Eleberri historiko honetan Kirmen Uribek euskal familia nazionalista baten nondik-norakoak kontatzen ditu, Gerra Zibiletik hasita demokraziarako trantsizioaren lehen urteak arteko tarte historiko esanguratsuan oinarrituta. Idazlea benetako gertaera eta datu historikoetan oinarritzen da, eta ibilbide gorabeheratsu batean murgiltzera behartuta dagoen euskal familia horren bitartez euskal nazionalismo militantearen patua sinbolizatzen du, belaunaldi oso batena. Egiazko familia baten historia nobelatua dugu, Urresti-Letamendirena hain zuzen, non istorioko idazleak kazetari edo ikertzailearen lana egiten duen. Narrazio konplexu honetan izaera zein maila ezberdinetako istorioak ageri dira, elkarren artean oso urrun dauden errealitate soziopolitikoak marko globalera eramanez uztartzen direnak. Batetik, guraso eta seme-alaben zein neba-arreben arteko familia harremanak testuinguru geopolitiko ilun batean. Bestetik, Pariseko kaleetako bizitza eta Venezuelako oihanen xarma kontrajarria, edota Ondarru kostaldeko itsas-herriko usadioak, eta diktadurako komisaldegietako torturak. Gainera, bi maitaleen arteko gertuko harreman lagunkoi eta zaindua kontatzen zaigu, baita Franko eta AEBetako gobernuaren arteko elkarlana Komunismoaren aurkako itunean ere. Autoreak berak planteatzen dituenekin batera, Gerra Zibila galdu eta diktadura faxista jasatera kondenatuta egon den familiak eleberria gai etikoz eta galdera moralez osatzen du, historiaren aurka borrokatzea beste irtenbiderik aurkitu ez duen pertsona ororen izenean.
36ko gerraz eta diktaduraz diharduen eleberri historiko honetan, Gernikako bonbardaketa xehetasunez deskribatzen da. Uribek 37. orrialdean ikerlariaren paperaren ikuspegitik heltzen dio gaiari: «Gernikako bonbardaketak, esate baterako, lotura ugari ditu Bigarren Mundu Gerran erabateko protagonista izan ziren pertsonaiekin. Gernikako bonbardaketa, azken aldiko ikerketei kasu eginez gero, Varsoviako setioaren entsegua izan zen». Gernikako sarraskiaren errepresentazio historikotzat sailka daitekeen aipu horrek, Bizkaiko herriko gertakizun tragikoa Varsoviako setioaren «entsegutzat» jotzean, Gernika, gerra egiteko modu naziaren aurrekari sinboliko gisa, batetik, eta izaera esperimentaleko izu bonbardaketa gisa, bestetik, irudikatzen duela esan daiteke. Hain zuzen, hura esperimentu bat izan zela baieztatzen duten dokumentuak aipatzen ditu narratzaileak. Hala nola: “Baina are larriagoa da, opari bat baino ez zela izan Gernikako bonbardaketa. Göringek Hitlerri egindako urtebetetze oapria. Hitlerrek apirilaren 20an beteko zituen urteak eta Göringek dena filmatua nahi zuen Hitlerri bere berrogeita zazpigarren urtebetetzean erakusteko”. “Parisko irudiak” azpi-atalaren lehen kapitulua horrela hasten da, eta orrialde osoa jarraitzen du Gernikako bonbardaketaren inguruko xehetasunak emanez: “Carpet boming eta Shuttle bombing tekniken bitartez, eta hegazkinekin, lehenik eta behin biztanleria toki batean bildu eta ondoren hura bortizki bonbardatuz, Gernikaren gainera 31 eta 41 tona inguru bonba bota zituzten alemanek. Erabat kiskalita geratu zen hiria, eraikinen %1 bakarrik geratu zen onik.” Gernikako bonbardaketaren narrazioa oinarrizko arau historiografikoak urratuz egin zen, diktaduraren azkeneraino desmemoria zabalduz. Desmemoriak eragindako erredukzionismoa (hots, nahita edo oharkabean, Gernikako bonbardaketari buruzko orotariko datuak minimizatu edo erdizka esatea), egun mantentzen den neurrian (Irujo, 2017), orrialde horietan talde eta kultur memoria(k) lantzeko helburu etikoa suma liteke. Esandakoaz gain, Gernikako arbolaren irudikapenak ere aurki daitezke eleberrian (63. eta 264. orrialdeetan). Aipamen horiek 1936ko urriaren 7an, gerra betean, Agirre lehendakari izendatu berriak arbolapean zin egin zuen ekitaldia dakarte gogora, Gernikaren oroimen gune eta sinbolo izaera bonbardaketa gertatu baino antzinagokoa den erakusle. Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). "Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua-ri buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea.
Uxue Alberdiren Aulki Jokoa eleberrian gozotegian biltzen diren zaharren bizipenak kontatzen dira, zeinak Gerra Zibila nahiz diktadura frankista bizi zituzten. Gaztaroko oroitzapenek gainbeheran dagoen zahartzaro bat biziberritzen dute eta fusilamenduek, eskubide zibilen urraketak eta familien arteko harreman gogorrak gai nagusi bihurtzen dira. Alberdik memoriaz, oro har, eta memoria historikoaz, zehazki, hausnartzeko aukera ematen du eleberrian, gaurko edadetuen bizimodua eta bizitzari aurre egiteko zailtasunak agerian utziz eta, aldi berean, haien haurtzaro eta gaztaroko bizipen gogorrenak gogora ekarriz. Bizipen traumatiko horien artean ditugu, adibidez, Eulali eta Teresak, haurrak zirela, testigatutako txurreroaren fusilamendua, edo Teresa eta haren ahizpa herrenaren eszena Plaza Berduran: errekateek Teresaren gorputza ukitu eta manipulatzen dute (ilea mozten diote, alegia) eta bortxaketa sexuala gertatzeraino geratzen da Teresa arerioaren menpe.
Nola aipatu: Alquezar, Irati (2024). "Uxue Alberdiren Aulki-jokoa-ri buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea.
Eleberri honetan Ramon Saizarbitoriak bi gerra uztartzen ditu, batetik, protagonistak bere baitan bizi duen “amodio gerra” eta, bestetik, Espainiako Gerra Zibila. Protagonista ezkonduta dagoen entziklopedia saltzaile bat da eta sarritan Hanbre sagardotegian igaroko du denbora bertan egon ohi den adineko lagunarte batekin, haien Gerra garaiko oroitzapenen kontakizunak entzuten. Flora izeneko emakume batekin ezkonduta dagoela jakingo dugu hasieratik, eta baita hura hilko duela ere, beraz flashforward batekin hasiko du kontaketa eta ondoren hori egiteraino nola heldu den kontatuko digu. Protagonistaren eta Floraren arteko harremanaren xehetasunen berri izango dugu eta harremanaren garai ilunena kontatuko digu protagonistak bere ikuspuntutik, bere emazteak izango duen ezkontzaz kanpoko harremanarekiko obsesioa adieraziz. Halere, desleialtasuna ez da bakarrik Floraren eskutik etorriko, protagonistak Bioleta izeneko neska gaztea ezagutuko baitu eta harekiko sentituko duen menpekotasunaren lekuko izango baikara. Kontaketak aurrera egin ahala, gerrako istorioen eta gertaeren garaiaren arteko lotura ezarriko da, protagonistak haren aita Mikele de Abando izeneko lider abertzale baten ondoan agertzen den argazkia ikustean, emakume horrek ezagutu berri duen Bioletarekin duen antzaz jabetuko baita, eta haren iloba izan daitekeelako ondoriora iritsi. Horretaz gain, nolabait bi garaiak lotzeaz gain, iragana protagonistaren etxeraino sartuko dela esan daiteke, Bioleta aldi berean Floraren maitalea zen Adolforen maitale dela jakingo baitu, eta haren emaztearen hilketa plana nahasiko du.
Eleberri honetako protagonista Hanbre sagardotegian Gerra Zibila bizi izan zuten adineko talde batekin elkartzen da, eta haien gerrako istorioak entzuten igarotzen du denbora. Haien istorioak kontatzeko moduari erreparatuta, Klaudiak, emakume bakarrak, emakume izateagatik beste modu batera bizi dituela gauzak esaten du, eta ondorioz, beste modu batera kontatu (24). Orduan, Klaudiak Gasteizen lanean zebilen bitartean militarrak entzuten zituela kontatzen zuela gogoratzen du protagonistak, hegazkinak bonbardaketarako prest zeudela esaten, eta frontean zituen anaiengan pentsatuz sufritzen omen zuela dio. Bi anaia behintzat bazituen Klaudiak frontean, Modesto zaharrena eta gazteena, izen ezezagunekoa; gazteena burugogorkeriagatik joan omen zen gerrara. Amak Modestori anaia ondo zain zezan agindu zion eta hala egin zuen Modestok, baina halako batean bularrean tiro bat jaso zuen anai gazteenak, eta bertan hil zen. Anaiaren gorpua bizkarrean zeramala igaro omen zituen Modestok bizpahiru egun, haien jaioterrian lurperatu nahi zuelako eta amak ikus zezan ez zuela edozein lekutan abandonatu (25). Azkenean, ordea, Gernikan ehorztea erabakitzen du Modestok, bertan lur ematea mendiko edozein lekutan ematea baino ideia hobea delakoan. “Eta horregatik dago Gernikan. Ezta, gizon?” esaten zion Klaudiak bere senar Benitori kontaketa amaitzean (26). Beraz, Klaudiaren anaia gazteena Gerra Zibilean hil zen eta Gernikan lurperatu zuten “mendian edozein lekutan baino” (26) leku hobea zelakoan, Gernikak Gerra Zibilean hartutako esanahiaren erakusle; hau da, Gernika ez da “edozein leku”, bonbardaketaren ondoren lehenagotik zuen balio sinbolikoari Gerra Zibilaren hondamendiaren adierazle izatearena gehitu baitzitzaion, eta horrek bilakatzen baitu Gernika “edonon” ez den leku. NNola aipatu: Negredo, June (2024). "Ramon Saizarbitoriaren Bihotz bi-ri buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea
Benetako gertaera eta datu historikoetan oinarritzen da Adriano de Mata idazlearen eleberria. Gerra Zibiletik ihesean, 1937ko maiatzean Southamptongo portura iristen da ia lau mila haur errefuxiatu garraiatu zituen Habana itsasontzia, Santurtziko portutik atera zena. Bertan joan ziren Pirmin, Aurea eta Eusebio anai-arreba lekunberritarrak, gurasoen azken hitzak, Sanrokeetarako Debako amatxirenean egongo direla elkarrekin, memorian nork bere sakontasunez gordeta. Behin erbestean, umeen xalotasuna bizitzaren gorabehera geroz eta handiago eta gordinagoekin uztartzen da, koxkortze-prozesu naturala bizipen larriekin azkartzera behartuz: hasieran faxistek eragindako beldurrak indartzen du herrimina, baina denbora pasa ahala, sorterrian gertatzen direnen berri izanen dute haur guztiek: askok ezingo dute etxera itzuli luzaroan. Beldurra gorroto bilakatzen da, haurra heldu bilakatzen den aldi berean. Benetako senideen heriotza etorriko da, eta hasieran berria zena, jadanik egonkortzen ari da, familia eta hizkuntza berriek sortzekoak ordezkatuko dituzte. Hala ere, gerra Erresuma Batura ere iritsiko da, eta honekin batera Eusebioren heriotza bonbardaketa batean. Era guztietako minak pairatu zituztenengandik ere idatzia da istorioa.
Haurrak Ingalaterrara eramango zituen Habana itsasontzia noiz abiatuko erabakitzean, bonbardaketen mamuari buruz hitz egiten da, Durango, Elorrio eta Gernikakoen ondoren batik bat, baina azkenean “Gernikako sarraskiak” eramaten ditu Jaurlaritzakoak ebakuazioa baimentzera (63). Eleberriaren amaieran, ordea, egoera hipotetiko bat aurkezten zaigu, non, izenburuak hitzeman bezala, Pirmin, Aurea eta Eusebio San Roke egunerako etxera bidean doazen; gudariek Franco harrapatzen dutela kontatzen da eta fusilatu egiten dutela: “Eztabaida sutsuen ostean Gernikan fusilarazi dute, non eta arbola sainduaren pean” (598). Beraz, eleberrian zehar haurren San Roke egunerako etxean egoteko esperantza ikusi ondoren, azken orrialde hauetan nahi hori gauzatuko balitz gertatuko litzatekeena irudikatzen da, eta Gerra Zibilaren erantzule nagusia Gernikako arbolaren azpian fusilatzen dute. Horretaz gain, eleberri osoan zehar abertzaleen seme-alabek, Pirmin, Eusebio eta Aurea barne, “Gernikako arbola” abesten dute behin baino gehiagotan, haien ereserki gisa, eta erbestean igarotako denbora handituz doan heinean eta ama-hizkuntza duten euskara galduz doazen heinean, ereserkia ere abesteari uzten diote, pixkanaka Riegoren ereserkia eta ingelesen “God save the king” ekin ordezkatuz. Hortaz, eleberrian Gernik(ar)en balio sinbolikoaren bilakaera ikus daiteke. Batetik, arbolaren eta euskaldunen ereserki bihurtutako Iparragirreren bertsoaren aipamenak tarteko, leku-izenaren tradiziozko izaera sinbolikoa, aspalditik letorkeena, bistaratzen dela esan liteke. Gainera, “aberria galduz” doazen heinean, haurrek “Gernikako arbola” abesteari uzten diote, sinbolikoki, haurtzaroa, erbestea eta trauma, isiltasunarekin zein euskararen (eta sustraien) galerarekin lotuz. Bestetik, Gernikako bonbardaketaren errepresentazio historikoei esker, gertaera tragikoak sinboloaren bilakaeran izandako eragin “disruptiboa” iradokitzen dela esan liteke (Ostolaza, 2023). Izan ere, 36ko gerrak eta Francoren aginduz burututako gerra-esperimentu hark behin betiko markatu zuten leku-izena, Gernikaren ordura arteko karga sinbolikoa esanahiz berrituz. Hain zuzen, nobelan, Gernikako izu-bonbardaketarekin lotzen da Habanaren itsasoratzea, eta Franco, bere aginduz sarraskitutako herrian, arbolaren azpian, fusilatzen dute: sinboloaren bilakaera agerrarazteaz gain, bi esanahiak, sarraskia baino lehenagokoa eta ondokoa, lotuz. Nola aipatu: Negredo, June (2024). "Adriano de Mataren Sanrokeetarako, etxean-i buruzko fitxa" MHLIren MNLAB datu-basea