itzuli

Auñamendi argitaletxea

    AUÑAMENDI ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Estornes Lasa Hermanos S.R.C. / Editorial Auñamendi – Estornes Lasa Hermanos / Estornes Lasa Hermanos S.A. / Editorial Auñamendi Argitaldaria (1958-2010) euskal gaien inguruko liburuak argitara eman zituen argitaletxe bat izan zen.

    1958an Bernardo Estornés Lasa eta Mariano Estornés Lasak sortu zuten proiektu honen oinarri ekonomiko nagusia harpidetza izango zen eta administrazio zein zuzendaritza lanetara Garikoitz Estornés Zubizarreta eta Idoia Estornés Zubizarreta batuko zitzaizkien, gerora, Erronkariko anaiei. Egoitza soziala Donostiako Aldapeta 5ean eta, ondoren, hiriburuko Secundino Esnaola kaleko hamairugarren zenbakian ezarri zuen argitaletxe hau, Espainiako Gerra Zibila (1936-1939) eta honen ondoriozko Estornés-Zubizarreta familiaren Txileko erbestealdiak etengo zuen Bernardo Estornés Lasak Beñat Idaztiaken aurrera eraman zuen aurretiko lanaren jarraipena izan zen. Bultzatzaileak erbesteratu ohiak eta abertzaleak izateak nabarmenki zailduko zuten erbestetik itzuli osteko argitaletxearen erregistro eta jarduera. Frankismoa (1939-1975) eta garai honen osteko zazpi urteetako zailtasunei iskin egiteko saihesbiderik ere topatuko zuten, ordea, argitaletxearen arduradunek. Bernardo Estornés Lasa eta Patxi Unzurrunzagaren adiskidetasuna tarteko, 1958tik 1966ra Itxaropena argitaletxearen babespean eman zituen bere lehen urratsak Editorial Auñamendi Argitaldariak. Itxaropena argitaletxeak Auñamendi bildumako Mariano Estornés Lasaren Oro del Ezka (1958) lehen lan hura argitaratu ondoren, Michel Haristoy-en Abbé Haristoy. Nobleza y fueros vascos. Laburdi (1959), Mariano Estornés Lasaren Gente vasca en América (1961), Antonio Zavalaren Bosquejo de historia del bersolarismo (1964), Luis Michelenaren Sobre el pasado de la lengua vasca (1964) ez ezik garaiko euskal gazteriaren esnatze sozio-politiko eta kulturalean oinarrizkoa izango zen Jorge Oteizaren “Quousque tandem…! Ensayo de interpretación estética del alma vasca. Su origen en el cromlech neolítico y su restablecimiento por el arte contemporáneo (1963) argitaratuko zituen, besteak beste, Editorial Auñamendi Argitaldaria eta Itxaropena argitaletxea tandemak. Aldi berean, hastapenean bostehun mila pezetako kapitala zuen Estornes Lasa, Hnos. S.R.C. Sozietate Erregular Kolektiboa eratu zuten Mariano eta Bernardo Estornés Lasa anaiek 1961ean euren jarduera legalki erregistratzeko garai hobeak etorriko zirenaren esperantzaz. 1966ko martxoaren 19ko Ley 14/1966 de Prensa e Imprenta delakoak ahalbidetuko zuen hori. Estornés Lasa anaien aurretiko erbestea, jarduera eta ideologia abertzaleari lotutako zailtasun administratiboak gainditu eta Luis de Madariaga gestoreak Editorial Auñamendi – Estornes Lasa Hermanos erregistratzeko luzatutako eskaria onartua izan zen 1966ko urriaren 30ean, nahiz, azkenik, argitaletxea Sozietate Erregular Koletibo gisa erregistratua izan 1979an Estornes Lasa Hermanos, S.A. bilakatzea ahalbidetuko zuten dokumentuen arabera. Nolanahi ere, ez ziren desagertu argitaratzeko oztopoak. Gobernuko zentsurak Academia Erranteren La Academia Errante Homenaje a D. José Miguel de Barandiarán. Una jornada cultural en compañía del maestro (1963), Lope de Aguirreren Lope de Aguirre descuartizado (1963), Jon Bilbaoren Eusko Bibliographia (Cuerpo C de la Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco) lanaren IV. liburukia (1975), Juan Garmendia Larrañagaren Euskal esku-langintzaren [Artesanía vasca] V. liburukia (1975), Telesforo de Aranzadiren Etnología vasca (1975), Willem Freicher Von Humbolt-en Los vascos. Apuntaciones sobre un viaje por el País Vasco en primavera de 1801 (1975) berrargitalpena, I. de Solluberen Euskalerría. He aquí nuestra tierra [ona emen gure Lurra] (1975), Bernardo Estornés Lasaren Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco (1976), Idoia Estornés Zubizarretaren Carlismo y abolición foral. En torno a un centenario 1876-1976 (1976), Antonio Maria Labaienen Elizanburu. Bere bizitza ta lanak [su vida y obras] (1978), Hainbaten Herria-Eliza Euskadi [Pueblo-Iglesia. Problemática vasca] (1978) lanen txostenak egiteaz gain Nikolas Ormaetxea Orixe eta Antonio Valverde “Ayalde” ilustratzaileak sinatutako Euskaldunak [Los Vascos] (1976) bahitu zuten 1972an arazorik gabe argitara eman ostean. Arkatz gorria ere erabiliko zuen zentsurak Bernardo Estornés Lasaren Fantasía y realidad antología literaria vasca (1964) eta Enciclopedia General Ilustrada del País Vascoren lehen liburukiko (Cuerpo B. Enciclopedia Sistemática. Literatura. 1968) hainbat pasarte desagertarazten saiatzeko, azken kasu honetan. Hala ere, berean jarraituko zuten Editorial Auñamendi Argitaldariako Bernardo Estornés Lasa, Mariano Estornés Lasa, Garikoitz Estornés Zubizarreta, Idoia Estornés Zubizarreta, Elena Berasategui, Iziar Udabe, Pilar Udabe, Mari Kruz Aldanondo, Alberto Martínez Artola, Iñaki Sarnago eta, askoren artean, Jon Etxaide, Carmen Castells, Luis Michelena, Micaela Portilla, José Lainez, Nicolas Ardanaz, Arantza Ynchausti, Aitzol San Sebastián, Edorta Kortadi Olano, Francisco Etxeberria Gabilondo, Elena Barrena Osoro, Fermín Leizaola, Iosune Urzainqui Miqueleiz, Paulo Iztueta Armendariz, Pierre Charriton, Teresa del Valle Murga, Tito Irazusta Adarraga eta María Ángeles Mezquiriz Irujo bezalako kolaboratzaile entzutetsuek. Proiektu enblematiko hau aurrera ateratzean tematu eta, modu sistematizatuan, sona haundiko argazkilari zein Estornés-Zubizarreta familiak espreski ateratako argazkiak eta Euskal Herriko Historia, Geografia, Antropologia, Hizkuntza, Literatura eta Kulturan aditu zirenen ekarpenak zekarzkiten beste laurogeita bat liburuki argitaratu zituzten. Aralar, Azkue, Selectas eta, batez ere, Auñamendi bildumak eratzeko adimena zorroztu beharko zuen ere Bernardo Estornés Lasa zuzendari eta editoreak. Horretarako autozentsura, eufemismoak, deuseztatuak izateko aukera zuten ale gutxi batzuen osaketa eta Gipuzkoako Delegazio zorrotza sahiestuz jatorrizko ale zein liburuak zuzenean Madrilgo Dirección General de Información delakora bidaltzeaz arduratuko zen Luis de Madariagak zuzendutako agentzia-gestoria erabiliko zituen. Gorabehera administratibo-legalei iskin egin eta, askoren artean, Francisque Michel-en Poesías populares de los vascos [Poésies populaires des basques] (1962), J. Ignacio Goicoechea Olaondoren Diccionario Auñamendi español-vasco. Tomo A-APAR, Auñamendi, Erdal-Euskal, Iztegia (1965), Txomin Agirreren Auñemendi-ko lorea [La flor del Pirineo] (1966) berrargitalpena, Pedro de Madrazoren Navarra, sus monumentos y artes. Su naturaleza e historia. Usos, costumbres y Fueros (1972) faksimile-edizioa, Gabriel Celayaren Canto en lo mío: (Rapsodia Euskera-Baladas y Decires vascos) (1973), Jon edo John Zabalo Ballarin Txikiren Txiki marrazkilari ta umorezale. Txiki dibujante y humorista (1973), Bernardo Estornés Lasaren Como ha sido y cómo son los vascos. Carácter e indumentaria [izakera ta jazkera] (1974), Policarpo Larrañaga Arangurenen Contribución a la historia obrera de Euskalerria (1976), William A. Douglass-en Echalar y Murelaga. Oportunidad y éxodo rural en dos aldeas vascas (1977), Engracio de Aranzadiren Ereintza. Siembra de nacionalismo vasco.1894-1912 (1980) ez ezik José Estornés Lasaren Erronkáti’ko Urkara (1968) eta Fray Luis de León eta San Juan de la Cruzen Gazteluk aukeratu eta itzulitako poemak Nikolas Ormaetxea Orixeren sarrera eta Nestor Basterretxearen irudiak jasotzen dituen Musika ixilla [Musica callada] (1963) bezalako lanak argitaratuko zituen, modu honetara, argitaletxe gipuzkoarrak.

    Sistema demokratikoaren berrezarkuntzak nabarmenki faboratuko zuen hastapenetatik susmopean jardundako argitaletxe hau. Euskal gaien inguruko jakintza garaikidearen sistematizazioa lehenesten jarraitu zuen Editorial Auñamendi Argitaldariak. 1993ko krisi ekonomikoaren inpaktuak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien pixkanakako etorrerak Enciclopedia General Ilustrada del País Vascok mundu digitalerako urratsa eman zezan ahalbidetu zuten 1996. urtean Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascosekin sinatutako hitzarmenaren bitartez.

    Hiru urte beranduago, milurteko berriarekin batera sarean kontsultagai jarriko ziren edukien eguneratzearen ardura hartuko zuten, hurrenez hurren, argitaletxearen gerente eta zuzendari ziren Garikoitz eta Idoia Estornés Zubizarretak.

    2010. urtean eman zion amaiera bere ibilbideari Editorial Auñamendi Argitaldariak. Denboran barrena iraungo dute, ordea, harpidedun eta sustatzaileen fideltasun, adimen eta ahalegin itzelari esker gainditutako ibilbide nekezaren fruitu diren liburutegi oparoak eta, telemaketa-iraulketak eragindako erroreak zuzentzera bideratutako jarduketak sustatuko diren esperoan, jendarteak on-line kontsultatzen darraien 2006an Eusko Jaurlaritzaren aitorpena jaso zuen Auñamendi Enziklopediak ere.

    © Gurutze Lasa Zuzuarregui

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Bibliografia

    ARCHIVO GENERAL DE LA ADMINISTRACION. “Libro de Registro de Empresas Editoriales”. In Cultura, 62/07175 kaxa, 1. 57. liburua.

    ESTORNÉS LASA, Bernardo. Memorias. Recuerdos y andanzas de casi un siglo. Donostia. Auñamendi. 1996.

    ESTORNES ZUBIZARRETA, Idoia. Cómo pudo pasarnos esto. Crónica de una chica de los 60. Donostia. Erein. 2013.

    REGISTRO MERCANTIL DE GIPUZKOA. “Nota Simple Informativa”. 2018.

    Webguneak

    AUÑAMENDI EUSKO ENTZIKLOPEDIA. http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/.

    BLOG DE GAIZKA FERNÁNDEZ SOLDEVILLA, “Alerta ante el posible cierre de la Enciclopedia en red Auñamendi”. https://gaizkafernandez.com/2015/12/10/alerta-ante-el-posible-cierre-de-la-enciclopedia-en-red-aunamendi/ [2018-11-27].

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Lasa Zuzuarregi, Gurutze. (2019). “Auñamendi argitaletxearen (1958-2010) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan. URL: https://mhli.net/artxiboa/editorial-aunamendi-argitaldaria/

    Download PDF

    "Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco" (1968) lanaren lehenengo liburukiari dagokion Auñamendi argitaletxearen logoa

  • Elkarrizketa hau aipatzeko: ELIZALDE, Amaia eta GANDARA, Ana. Elkarrizketa Estornés, Idoiari. "Edizioaz hizketan: Idoia Estornés (Auñamendi argitaletxea)". In Youtube. 2019-03-26. Eskuragarri hemen: https://youtu.be/ThUzSRhxyng