itzuli

Editorial Auñamendi argitaldaria

    EDITORIAL AUÑAMENDI ARGITALDARIAREN SOSLAIA

    Estornes Lasa Hermanos S.R.C. / Editorial Auñamendi – Estornes Lasa Hermanos / Estornes Lasa Hermanos S.A. / Editorial Auñamendi Argitaldaria (Donostia, 1958-2010) euskal gaien inguruko liburuak argitara eman zituen argitaletxe bat izan zen.

    1958an Bernardo Estornés Lasa eta Mariano Estornés Lasa-k sortu zuten proiektu honen oinarri ekonomiko nagusia harpidetza izango zen eta administrazio zein zuzendaritza lanetara Garikoitz Estornés Zubizarreta eta Idoia Estornés Zubizarreta batuko zitzaizkien, gerora, Erronkariko anaiei. Egoitza soziala Donostiako Aldapeta 5ean eta, ondoren, hiriburuko Secundino Esnaola kaleko hamairugarren zenbakian ezarri zuen argitaletxe hau, Espainiako Gerra Zibila (1936-1939) eta honen ondoriozko Estornés-Zubizarreta familiaren Txileko erbestealdiak etengo zuen Bernardo Estornés Lasa-k Beñat Idaztiak-en aurrera eraman zuen aurretiko lanaren jarraipena izan zen. Bultzatzaileak erbesteratu ohiak eta abertzaleak izateak nabarmenki zailduko zuten erbestetik itzuli osteko argitaletxearen erregistro eta jarduera. Frankismoa (1939-1975) eta garai honen osteko zazpi urteetako zailtasunei iskin egiteko saihesbiderik ere topatuko zuten, ordea, argitaletxearen arduradunek. Bernardo Estornés Lasa eta Patxi Unzurrunzaga-ren adiskidetasuna tarteko, 1958tik 1966ra Itxaropena argitaletxea-ren babespean eman zituen bere lehen urratsak Editorial Auñamendi Argitaldaria-k. Itxaropena argitaletxea– k Auñamendi bildumako Mariano Estornés Lasa-ren Oro del Ezka (1958) lehen lan hura argitaratu ondoren, Michel Haristoy-en Abbé Haristoy. Nobleza y fueros vascos. Laburdi (1959), Mariano Estornés Lasa-ren Gente vasca en América (1961?), Antonio Zavala-ren Bosquejo de historia del bersolarismo (1964), Luis Michelena-ren Sobre el pasado de la lengua vasca (1964) ezezik garaiko euskal gazteriaren esnatze sozio-politiko eta kulturalean oinarrizkoa izango zen Jorge Oteiza-ren “Quousque tandem…! Ensayo de interpretación estética del alma vasca. Su origen en el cromlech neolítico y su restablecimiento por el arte contemporáneo (1963) argitaratuko zituen, besteak beste, Editorial Auñamendi Argitaldaria eta Itxaropena argitaletxea tandemak. Aldi berean, hastapenean bosteun mila pezetako kapitala zuen Estornes Lasa, Hnos. S.R.C. Sozietate Erregular Kolektiboa eratu zuten Mariano eta Bernardo Estornés Lasa anaiek 1961ean euren jarduera legalki erregistratzeko garai hobeak etorriko zirenaren esperantzaz. 1966ko martxoaren 19ko Ley 14/1966 de Prensa e Imprenta delakoak ahalbidetuko zuen hori. Estornés Lasa anaien aurretiko erbestea, jarduera eta ideologia abertzaleari lotutako zailtasun administratiboak gainditu eta Luis de Madariaga gestoreak Editorial Auñamendi – Estornes Lasa Hermanos erregistratzeko luzatutako eskaria onartua izan zen 1966ko urriaren 30ean, nahiz, azkenik, argitaletxea Sozietate Erregular Koletibo gisa erregistratua izan 1979an Estornes Lasa Hermanos, S.A. bilakatzea ahalbidetuko zuten dokumentuen arabera. Nolanahi ere, ez ziren desagertu argitaratzeko oztopoak. Gobernuko zentsurak Academia Errante-ren La Academia Errante Homenaje a D. José Miguel de Barandiarán. Una jornada cultural en compañía del maestro (1963), Lope de Aguirre-ren Lope de Aguirre descuartizado (1963), Jon Bilbao-ren Eusko Bibliographia (Cuerpo C de la Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco) lanaren IV. liburukia (1975), Juan Garmendia Larrañaga-ren Euskal esku-langintza = Artesanía vasca-ren V. liburukia (1975), Telesforo de Aranzadi-ren Etnología vasca (1975), Willem Freicher Von Humbolt-en Los vascos. Apuntaciones sobre un viaje por el País Vasco en primavera de 1801 (1975) berrargitalpena, I. de Sollube-ren Euskalerría. He aquí nuestra tierra = ona emen gure Lurra (1975), Bernardo Estornés Lasa-ren Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco (1976), Idoia Estornés Zubizarreta-ren Carlismo y abolición foral. En torno a un centenario 1876-1976 (1976), Antonio Maria Labaien-en Elizanburu. Bere bizitza ta lanak = su vida y obras (1978), Hainbat-en Herria-Eliza Euskadi=Pueblo-Iglesia. Problemática vasca (1978) lanen txostenak egiteaz gain Nikolas Ormaetxea Orixe eta Antonio Valverde “Ayalde” ilustratzaileak sinatutako Euskaldunak = Los Vascos (1976) bahitu zuten 1972an arazorik gabe argitara eman ostean. Arkatz gorria ere erabiliko zuen zentsurak Bernardo Estornés Lasa-ren Fantasía y realidad antología literaria vasca (1964) eta Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco-ren lehen liburukiko (Cuerpo B. Enciclopedia Sistemática. Literatura. 1968) hainbat pasarte desagertarazten saiatzeko, azken kasu honetan. Hala ere, berean jarraituko zuten Editorial Auñamendi Argitaldaria-ko Bernardo Estornés Lasa, Mariano Estornés Lasa, Garikoitz Estornés Zubizarreta, Idoia Estornés Zubizarreta, Elena Berasategui, Iziar Udabe, Pilar Udabe, Mari Kruz Aldanondo, Alberto Martínez Artola, Iñaki Sarnago eta, askoren artean, Jon Etxaide, Carmen Castells, Luis Michelena, Micaela Portilla, José Lainez, Nicolas Ardanaz, Arantza Ynchausti, Aitzol San Sebastián, Edorta Kortadi Olano, Francisco Etxeberria Gabilondo, Elena Barrena Osoro, Fermín Leizaola, Iosune Urzainqui Miqueleiz, Paulo Iztueta Armendariz, Pierre Charriton, Teresa del Valle Murga, Tito Irazusta Adarraga eta María Ángeles Mezquiriz Irujo bezalako kolaboratzaile entzutetsuek. Proiektu enblematiko hau aurrera ateratzean tematu eta, modu sistematizatuan, sona haundiko argazkilari zein Estornés-Zubizarreta familiak espreski ateratako argazkiak eta Euskal Herriko Historia, Geografia, Antropologia, Hizkuntza, Literatura eta Kulturan aditu zirenen ekarpenak zekarzkiten beste laurogeita bat liburuki argitaratu zituzten. Aralar, Azkue, Selectas eta, batez ere, Auñamendi bildumak eratzeko adimena zorroztu beharko zuen ere Bernardo Estornés Lasa zuzendari eta editoreak. Horretarako autozentsura, eufemismoak, deuseztatuak izateko aukera zuten ale gutxi batzuen osaketa eta Gipuzkoako Delegazio zorrotza sahiestuz jatorrizko ale zein liburuak zuzenean Madrilgo Dirección General de Información delakora bidaltzeaz arduratuko zen Luis de Madariaga-k zuzendutako agentzia-gestoria erabiliko zituen. Gorabehera administratibo-legalei iskin egin eta, askoren artean, Francisque Michel-en Poesías populares de los vascos = (Poésies populaires des basques) (1962), J. Ignacio Goicoechea Olaondo-ren Diccionario Auñamendi español-vasco. Tomo A-APAR, Auñamendi, Erdal-Euskal, Iztegia (1965), Txomin Agirre-ren Auñemendi-ko lorea = La flor del Pirineo (1966) berrargitalpena, Pedro de Madrazo-ren Navarra, sus monumentos y artes. Su naturaleza e historia. Usos, costumbres y Fueros (1972) faksimile-edizioa, Gabriel Celaya-ren Canto en lo mío: (Rapsodia Euskera-Baladas y Decires vascos) (1973), Jon edo John Zabalo Ballarin Txiki-ren Txiki marrazkilari ta umorezale. Txiki dibujante y humorista (1973), Bernardo Estornés Lasa-ren Como ha sido y cómo son los vascos. Carácter e indumentaria = izakera ta jaz kera (1974), Policarpo Larrañaga Aranguren-en Contribución a la historia obrera de Euskalerria (1976), William A. Douglass-en Echalar y Murelaga. Oportunidad y éxodo rural en dos aldeas vascas (1977), Engracio de Aranzadi-ren Ereintza. Siembra de nacionalismo vasco.1894-1912 (1980) ezezik José Estornés Lasa-ren Erronkáti’ko Urkara (1968) eta Fray Luis de León eta San Juan de la Cruz-en Gaztelu-k aukeratu eta itzulitako poemak Nikolas Ormaetxea Orixe-ren sarrera eta Nestor Basterretxea-ren irudiak jasotzen dituen Musika ixilla = Musica callada (1963) bezalako lanak argitaratuko zituen, modu honetara, argitaletxe gipuzkoarrak.

    Sistema demokratikoaren berrezarkuntzak nabarmenki faboratuko zuen hastapenetatik susmopean jardundako argitaletxe hau. Euskal gaien inguruko jakintza garaikidearen sistematizazioa lehenesten jarraitu zuen Editorial Auñamendi Argitaldaria-k. 1993ko krisi ekonomikoaren inpaktuak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien pixkanakako etorrerak Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco-k mundu digitalerako urratsa eman zezan ahalbidetu zuten 1996. urtean Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos-ekin sinatutako hitzarmenaren bitartez.

    Hiru urte beranduago, milurteko berriarekin batera sarean kontsultagai jarriko ziren edukien eguneratzearen ardura hartuko zuten, hurrenez hurren, argitaletxearen gerente eta zuzendari ziren Garikoitz eta Idoia Estornés Zubizarreta-k.

    2010. urtean eman zion amaiera bere ibilbideari Editorial Auñamendi Argitaldaria-k. Denboran barrena iraungo dute, ordea, harpidedun eta sustatzaileen fideltasun, adimen eta ahalegin itzelari esker gainditutako ibilbide nekezaren fruitu diren liburutegi oparoak eta, telemaketa-iraulketak eragindako erroreak zuzentzera bideratutako jarduketak sustatuko diren esperoan, jendarteak on-line kontsultatzen darraien 2006an Eusko Jaurlaritzaren aitorpena jaso zuen Auñamendi Enziklopediak ere.

     

    © Gurutze Lasa Zuzuarregui

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Lasa Zuzuarregi, Gurutze (2019). “Editorial Auñamendi argitaldariaren (1958-2010) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/editorial-aunamendi-argitaldaria/

    Deskargatu PDF-a

    "Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco" (San Sebastian: Auñamendi,1968) lanaren lehenengo liburukiari dagokion Auñamendi argitaletxearen logoa. Argazkiaren egilea: Gurutze Lasa Zuzuarregui.