Euskal edizioaren munduari buruzko informazioa daukazu hemen. Egin klik alfabetoko hizkietan eta euskal argitaletxeei dagokien informazioa irakurri ahal izango duzu

EUSKAL EDIZIOAREN HIZTEGIA: Sarrera

Edizioa euskaraz

 

Aurrekaririk gabeko erreakzio politikoa eta kulturala eragin zuen Euskal Herrian Hirugarren Karlistaldiaren (1876) ondoren foru-eskubideak galtzeak. Hala, «Euskal nazionalismo ofizialaren» sorrerak berpizkunde kulturala bultzatu zuen eta horrek XIX. mendearen amaieran egonkortasuna ekarri zien hamarkada batzuk lehenago sortutako inprenta-argitaletxeei: Lamaignère (eta alarguna) Baionan, Casa Baroja eta Pio Zuazua Donostian, Francisco de Lama (eta alarguna), Mendizabaltarrak eta López Tolosan. Aldi berean, garai hartako beharrei erantzuteko ezinbestekoak izan ziren inprimategi eta argitaletxe berriak sortu ziren: Martín y Mena, Iñaki Deuna, Verdes-Atxirika, Grijelmo, Jaungoiko-Zale, Elosu, Lasserre, etab.

Euskal argitaletxeen eremua indartu eta egituratu egin zen, batetik, inprimategiak eta argitaletxeak egonkortu zirelako eta ekoizleak garatu zirelako, eta, bestalde, ekoizpenaren eta produktuen aniztasuna handitu egin zirelako. Liburu erlijiosoen portzentajeak nabarmen egin zuen behera (ekoizpenaren % 51 izatera igaro zen; 1700-1875 aldian % 89,1 izan ziren), eta, adibidez, euskarazko lehen eskola-liburuak argitaratu ziren, batez ere Ixaka López Mendizabalen eskutik.

Espainiako Gerra Zibilak (1936-1939) eta ondorengo diktadura frankistak Bidasoaren hegoaldean euskararekin zerikusia zuen guztia etetea eragin zuten, eta horrek euskal argitaletxeen dinamikak aldarazi zituen. Gainera, inprimatzaile-argitaratzaileen savoir fairearen transmisioa eragotzi zuen. Erbesteak eta zentsurak markatu zuten euskarazko ediziogintzaren bilakaera frankismo berankorrera arte. Gerraosteko lehen hamarkada oso gaitza izan zen: euskal kultur industria txikia desagertu egin zen ia Espainiako lurraldean, eta Ipar Euskal Herria eta Amerika bihurtu ziren hainbat kultur eragileren helmuga eta lantoki.

Ameriketan sortutako euskal argitaletxe bakanen artean nabarmentzekoa da Ekin (Buenos Aires, 1942), historia, antropologia, kultura eta politikari buruzko lan ugari argitaratu zituena. Bigarren Mundu Gerraren (1939-1945) eztandak zaildu egin zuen Ekinen argitalpen-lana.

Euskal Herrian ez zen 1950eko hamarkadara arte iritsi euskarazko lanen berrinprimaketa: batez ere Itxaropena argitaletxeari zor zaio lan hori. 1932an sortua zen Itxaropena Zarautzen, baina Gerra Zibila piztuta eten egin zuen jarduna. Itxaropenako editoreek hildako euskal autore batzuen edizio berriak prestatu eta beste batzuk argitaratu zituzten: lan gehienak “Kuliska” bilduma xumean agertu ziren.

Urteek aurrera egin ahala, ekimen berriak sortu ziren euskal argitaletxeen munduan, nahiz eta Hego Euskal Herriko jarduera editorial guztia zentsura gogorra baliatzen zuten agintari frankisten permisibitate mesfidatiaren mendean egiten zen. 1956an Parisen egin zen Euskal Mundu Biltzarra funtsezkoa izan zen argitalpen-eremuaren bilakaeran, euskal kultura modu estrategikoan sustatzeko beharra nabarmendu baitzen bertan. Ordutik aurrera, duela urte batzuk egindako lana aldez edo moldez finkatzea lortu zen. 1960ko hamarkadan bilduma eta argitaletxe berriak sortu ziren, hala nola Auspoa (1961), Auñamendi (1962), La Gran Enciclopedia Vasca (1967) edo Txertoa (1968), neurri batean dibulgazio entziklopedikoarekin eta interes kulturaleko eta folkloriko-etnografikoko gaiekin lotuak.

Idazle, intelektual eta kultur eragile gazteen belaunaldi berrien agerrerak beste bultzada bat eman zion euskal kulturari oro har: 1960ko hamarkadan Euskara Batua sortu zen, euskal hizkuntza irakasten zuten ikastetxe berriak sortu ziren, Durangoko Disko eta Liburu Azoka antolatu zen, eta musikaren eta literaturaren esparruak berreskuratu eta modernizatu ziren. Gordailu (1969), Etor (1970), Jakin (1971), Gero (1972) edo Elkar (1972) argitaletxeak sortu ziren, besteak beste. Zenbaitetan, autore/itzultzaileek berek atera zituzten zigiluak, beren lanei bide emateko; Lur argitaletxea (Donostia, 1969) da kasu adierazgarrienetako bat. Hala ere, Auñamendi eta Itxaropena argitaletxeentzat izan ezik, editorearen lana ez zen oraindik profesionala: Jakin aldizkariak 1969an egindako ikerketa baten arabera, euskal argitaletxeen sektoreak plangintza eta profesionalizazioa behar zituen.

Frankismoaren eta estatu autonomikoaren ezarpenaren ondoren ireki zen gaur egungo euskarazko ediziogintzaren eremuaren oinarriak ezartzeko bidea. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako zati batean euskarak ofizialtasuna lortu izanak eta hezkuntza-curriculumetan euskara txertatu izanak kontsumitzaile potentzialen kopurua biderkatu zuen. Edizio-merkatu berria ekarri zuen horrek guztiak, eta garaiko eskaerari erantzuteko, ahaleginak biderkatu egin behar izan ziren: 1976 eta 1994 artean, urteko 659,2 liburu argitaratu ziren batez beste. Bada, kopuru horrek erakusten du aldea badagoela Frankismoaren azken bi hamarkadetako euskal kulturaren berpizkundean urtero argitaratutako 31,5 libururen batez bestekoarekin erkatuz gero.

Gaur egungo euskarazko edizioa nahiko egonkorra da. Euskadiko Editoreen Gremioan eta Euskarazko Editoreen Elkartean biltzen dira hainbat argitaletxe. Askotariko profiletako eragileek osatzen dute euskaraz argitaratzen duten enpresa-sarea, eta askotarikoak dira argitaletxeen izaera, jatorria, helburuak eta tamainak. Mota guztietako kultura-materialak editatu, banatu eta saltzen dituzten enpresa-taldeak daude, bai eta bestelako zerbitzuak (hala nola itzulpenak) eskaintzen dituzten argitalpen-enpresak ere. Bestalde, genero jakin batzuetan edo gai zehatzetan espezializatzea hautatu duten argitaletxeak daude, bai eta administrazioen zein unibertsitateko argitaletxeak ere. Euskaraz argitaratzen duten etxeen artean baditugu elkarte publiko eta pribatuak, harpidetzaren bidez funtzionatzen dutenak, Estatuko taldeetako argitaletxe sateliteak, lankidetza-proiektuak, argitaletxe elebakarrak, argitaletxe eleaniztunak, etab.

Bada, sarrera honetan laburbildutako ibilbideko urrats izan direnen soslaiak eta jakingarriak topatuko ditu irakurleak Euskal edizioaren hiztegian.

 

Miren Ibarluzea Santisteban

Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

 

Bibliografia

TORREALDAI, Juan Mari. Euskal kultura gaur: liburuaren mundua. Donostia-San Sebastián. Jakin. 1997.

ZULOAGA, Eneko. «Argitalpenen historia Euskal Herrian». In Auñamendi Eusko Entziklopedia, 2011: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/argitalpenen-historia-euskal-herrian/ar-153819/  [2020ko ekainak 1]

 

Dokumentu hau aipatzeko: Ibarluzea Santisteban, Miren (2019). “Euskal edizioaren hiztegiaren sarrera: Edizioa euskaraz”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/euskal-edizioaren-hiztegia/