itzuli

Pasazaite argitaletxea

    PASAZAITE ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Pasazaite(2012-) Xabier Queiruga (Vilagarcía de Arousa, Pontevedra, 1979) galiziarrak sortu zuen. Argitaletxearen izena, ezer baino lehen, gonbidapen bat da, eurenera pasa gaitezen; baina, era berean, itzulpen praktikei buruzko iruzkin bat ere bada, horixe baita itzulpenak egiten duena: testuak hizkuntza batetik bestera pasa, liburuak eraman leku batetik bestera. Ildo beretik doaz, hala argitaletxearen azpititulua, “inportazioko liburuak”, nola autodefinizio gisa emandako aipu poetikoa ere:

    Kariñoarekin hautatuak

    arrotzak bertakoak eginak,

    pasa daitezen alde batetik bestera letrak,

    pasa zaitez zu gure etxera.

    Argitaletxearen izenak, beraz, Pasazaiteren jardueraren izpiritua jasotzen du nolabait: irakurlearentzako gonbita batetik, eta, ikusiko dugun bezala, autobiografia doi bat bestetik.

    Xabier Queiruga Zuzenbidean lizentziatu zen Bilbon, eta Donostian bizi da 1999tik. 2011. urtean, bere argitaletxe propioa sortzea pentsatu zuen eta, ordu arte edizioaren munduarekin kontakturik izan ez bazuen ere, aurrera egin. Galiziako Rinoceronte bezalako etxeen lana erreferentzia gisa hartuta, hilabete gutxian jarri zuen martxan bere proiektua, literatura garaikidea euskarara itzulita argitaratzeko asmoz.

    Ez dira ahaztu behar egoerak zekarzkion eragozpenak. Garai hartan (2008-2014) krisi gogorra ari zen pairatzen euskal gizartea, eta egoera hark euskarazko liburuen edizioaren mundua ere jo zuen, lehendik ere nahiko ahula zen sistemaren oinarriak kolokan jarriz. Hitz gutxitan esanda, Queirugaren apustuak arriskutsua zirudien euskal edizioaren mundua ezagutzen duen edonorentzat; hainbeste, ezen El Diario Vasco (2012-12-30) egunkariak “krisiari erronka jo dioten hamabi proiektu”-ren zerrendan sartu zuen Pasazaite enpresa.

    Aipaturiko baldintzek eraginda, Pasazaitek ez dauka bulego fisikorik. Liburu salmenta ahalbidetzeko, berriz, argitaletxearen web plataforman (www.pasazaite.eus) salgai jartzeaz gain, Queiruga bera izan da Euskal Herriko liburu-denda erreferenteetan liburuak banatzeko lana hartu duena.

    Apustu zaila zirudien, esan bezala, baina Pasazaitek arrakastaz gainditu du momentuz, liburu bakoitzaren etekinak beste baten argitalpenera bideratuz. 2019ko apirila bitartean —lerro hauek idazten ditugun egunak arte—, argitaletxeak 14 liburu kaleratu ditu; horietatik gehienak kartsuki hartu ditu euskal irakurleriak, 27 dira dagoeneko prentsan egin zaizkien iruzkin kritikoak, eta asko han-hemengo irakurle taldeetan komentatuak dira.

    Pasazaitek argitaratutako lehen lanak A. Longo idazle eta gidoilari italiarraren Hamar [Dieci] eta B. Vanderbeke alemaniarraren Muskuiluak afaltzeko [Das Muschelessen] izan ziren, eta testuok dagoeneko markatua utzi zuten argitaletxearen lerro nagusia izango zena: kalitatezko literatur lanak, batzuetan lehenago gaztelaniaz argitaratu ez direnak, oro har zirkulu komertzialetatik apartean dabiltzan egile garaikideek idatziak eta, azkenik, euskal itzultzaile ezagunek egindako itzulpen egokietan emanak.

    Horrela, beste egileen bilduma heterogeneoa osatuz joan da Pasazaite. Aipagarriak dira, besteak beste, W. Kaminer, D. Albahari edo S. Drakulicen lanak, “beste Europak” dakarzkigutenak: XX. mendeko europar gatazka handiek eragindako errealitate bortitzak jasotzen dituzte egileok euren nobeletan. Zerrendan daude, halaber, “Espainiako beste literaturak” ere, idazle katalanen Hobe kontatzen ez badidazu ipuinen antologian edo I. Zuñiga galiziarraren Post-it bizitzak [Vidas Post-it] lanean. Azkenik, E. Keret israeldarraren edota H. Blasim irakiarraren literatur lanak ere argitaratu ditu, euskal literaturari bestelako gai eta munduetarako atea zabalduz.

    2016an bilduma berri bat abiatu zuen Pasazaitek; “43. Ipar Paraleloa” izenpean eta argitaletxearen lerro nagusitik bereizten duen azalaren diseinu batekin, literatura iparramerikarra biltzen du. Momentuz, sail honetan argitaratu dira D. F. Wallacen Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat, C. Ozicken Xala eta J. Kerouacen Errepidean ezaguna.

    Soslai labur hau ixteko, derrigor aipatu beharrekoa da Pasazaitek eskaintzen duen kalitatezko edizioa. Testuen lanketa finaz gain, oso ongi zaindutako elementu paratestualak ikus ditzakegu. Zerbitzu eta produktu digitaletan espezializatutako La Personnalité enpresak egiten du lan hau argitaletxearentzat, liburu fisikoki erakargarriak onduz. Azal bakoitzak mapa zati bat errepresentatzen du —liburutik liburura aldatzen den kolore batean—, euskarara ekarritako idazlearen jatorrizko lurraldearena izaten dena. Modu horretan, alde batetik bestera pasatzen duen liburu bakoitzarekin, Pasazaitek errealitate zati berri bat jartzen digu eskueran, gure literatur mundua osatu eta aberastuz.

     

    © Alexander Gurrutxaga Muxika

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Gurrutxaga Muxika, Alexander (2019). “Pasazaite argitaletxearen (2012-) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/pasazaite-argitaletxea/

    Deskargatu PDF-a

    Pasazaitek argitaraturiko liburu batzuen azalak