itzuli

De la Lama, Francisco

    FRANCISCO DE LA LAMAREN SOSLAIA

    Francisco de la Lama (?-Tolosa, 1828): Gipuzkoako probintzian inprimaketa-lanetan jardun zuen leinu bateko lehen kidea izan zen Francisco de la Lama. Horrez gain, lehena izan zen inprimategia Donostiatik kanpo ipintzen, Tolosan. 1780tik 1828ra bitartean aritu zen inprimaketa-lanetan. Francisco de la Lama dagoeneko inprimatzailea zen probintziako inprimatzaile izendatu baino lehen. Zegamakoa zen, eta jatorri bizkaitarrekoa. 1782a baino lehen, De la Lamak dagoeneko bere tailerra zuen Tolosan; izan ere, Agustín Cardaveraz apaizaren liburu bat urte hartakoa da (Mezaco sacrificio, bigarren edizioa), eta Regla instituida por revelacion divina por el gran padre San Francisco de Asis lana 1780koa.

    1802an, Francisco de la Lamak korrejidorearengana jo zuen inprimatzaile-lanpostua eskatzera; izan ere, urte hartan bertan, irailaren 15ean, Probintziak inprimatzaile izendatu zuen. Honako hau irakur zitekeen De la Lamaren inprimategi-zigiluan: “En Tolosa: en la imprenta de Don Francisco de la Lama, Impresor de la expresada Provincia y del Tribunal del Corregimiento”. Horrela agertzen da 1803ko Bergarako Batzarren Erregistro Liburuan. 1808ra arte, Batzarrak inprimategi-zigilu berarekin inprimatu ziren. 1809tik 1812ra bitartean, Independentzia Gerran, ez zen Batzarrik izan Gipuzkoan; beraz, ez zen Erregistrorik egon urte haietan. 1813ko uztaileko Debako Batzarren Erregistroa Ramón Barojaren etxean inprimatu zen, Oiartzunen, eta De la Lamak hori erreklamatu zuen: izan ere, berak bakarrik inprima zitzakeen Erregistro Liburuak. De la Lamaren erreklamazioari erantzun ostean, Mendizábal jeneralak inprimatzaile ofizial izendatu zuen 1813ko otsailaren 24an, eta Foru Aldundiak ontzat eman zuen izendapena urte bereko uztailaren 12an. Errenteriako eta Getariako Batzarren Erregistro Liburuak ere inprimatu ziren 1814an eta 1815ean, baita Cardaverazen lan erlijiosoak eta Pierre Hubert Nysten autorearen Manual de Medicina práctica lana ere.

    1820-1822 urteetan zehar ez zen Batzarrik izan, eta Ordiziako 1823ko Erregistroa Francisco de la Lamaren inprimategian inprimatu zen berriz.

    Badago ezaguna ez den gertakari bat: Inkisizioak bi aldiz debekatu zuen Francisco de la Lama. Lehena 1783an izan zen, Catón cristiano y catecismo de la doctrina cristiana inprimatzeagatik. De la Lama fede-prozesu batean egon zen inprimaki horregatik, obrak adierazpen desegokiak zituelako. 1790eko Índice lanean 46. orrialdean agertzen da, eta, 1844koan, edizio-urtea 1784 dela zehazten da, eta Índice lanaren 68. orrialdean agertzen da. Bertan adierazten da “Joaquin Moles presbiteroari egozten zaiola modu okerrean. 1785eko ediktua”.

    Hurrengoa 1790ean izan zen. Bere ondorengo Isaac López Mendizabalek zioen moduan José Luis de la Lombanak bidali zion idatzi batean. De la Lombanak dokumentu bat topatu zuen Artxibo Historiko Nazionalean. Antza denez, Francisco de la Lamak esku hartu zuen “Carta apologética al señor Masson. Ahora si que están buenos los huevos” infolioaren inprimaketan, zeina, Julián de Apraizen arabera, Félix Maria de Samaniegok idatzi baitzuen Tomás de Iriarteren aurka.

    Francisco de la Lamak 105 lan inprimatu zituen bere inprimaketa-zigiluarekin, eta honela banatzen dira: 37 erlijioari buruzkoak dira, 6 historia edo zientziakoak, 3 hizkuntza eta literaturakoak eta 59 lege eta ordenantzenak.

    Erlijio-lanak aipa ditzakegu, hala nola Meza eta comunioa (1782); Jesus, Maria ta Joseren devocioa (1784); Ondo illtcen icasteco eta ondo illtcen lagunteco; San Antonio Abadearen sermoia. Tolosan, (1786); Aita San Ignacioren egercicioen gañean (1790), guztiak Agustin Cardaverazenak; Christau doctrin berri-ecarlea christavari… Claude Fleury-rena, aita Ubillosek itzulia (1785). Horrez gain, aita Asteteren Doctrina christiana lanaren argitalpenak ere egin zituen.

    Hona hemen beste obra batzuk, gai ezberdinetakoak: Ensayo sobre la nobleza de los bascongados (Barthélemy Jean-Baptiste Sanadon, 1786); Continuación de la memoria que sobre las fábricas de anclas… (Bernabé Egaña, 1788) eta Ortografía necesaria para niños y utilísima para adultos (Manuel Vicente Murgutio y Gaitán de Ayala, 1789). Francisco de la Lamak Errege Zedulak ere inprimatu zituen 1814 eta 1819 artean.

    Franciscok seme bat izan zuen, Juan Manuel. Hura ere inprimatzailea izan zen, Juan Ignacio Mendizábal suhiaren antzera. Franciscok hasitako lanarekin jarraitu zuten.

     

    © Mª Dolores Fernández de Casadevante Romaní

    UNED – Ikertzaile independentea

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Fernández de Casadevante Romaní, Mª Dolores (2019). “Francisco de la Lamaren soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/de-la-lama-francisco/

    Deskargatu PDF-a

    "Regla instituida" lanaren azala, San Francisco Asiskorena. Liburutegi Kapitularra, Iruñeko Katedrala