itzuli

Balea Zuria argitaletxea

    BALEA ZURIA ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Balea Zuria (2017- ) proiektu kolektibo gisa sortutako argitaletxea da, eta euskal literaturaren esparruan ezagunak diren lau izen dauzka atzean: Felipe Juaristi (1957- ), Juan Ramon Makuso (1961- ), Pello Otxoteko (1970- ) eta Aritz Gorrotxategi (1975- ).

    Juaristik, beste generoak landu baditu ere, poesia du, beharbada, genero begikoa; ibilbide oparoa egina du 80ko hamarkadatik, eta bere poesia hainbat aldiz izan da saritua. Juaristi bezala, hainbat genero eta esparrutan abileziaz mugitzen da Gorrotxategi, baina ez du horregatik genero laburra baztertu. Otxoteko 1999an hasi zen, Pasaia Hiria sariaren bitartez, poesia argitaratzen, eta hogei urtean bost poemategi eman ditu argitara; hasieratik erakutsi zuen, Juaristiren hitzekin esateko, “ukitu filosofikoa”. Makusoren poesiaz ere esan liteke antzeko zerbait, bere poesiak berariaz bilatzen baitu filosofiaranzko joera. Ikusten den bezala, poesiak elkartzen ditu, batez ere eta adiskidetasunaz gain, lau idazleon ibilbideak.

    Hain zuzen, poesia dago Balea Zuriaren muinean: eurek dioten bezala, Balea Zuria “abentura bat da, bidaia bat”, eta “poesiari ate berri bat zabaldu nahi diogu”. Ez alferrik, argitaletxearen irudian datorren aipua H. Melvillen Moby Dick ezagunaren lehen ataleko esaldi bat da: “Bai, mundu guztiak dakien bezala, gogoeta eta ura betiko daude lotuta”.

    Laukoteak aspaldian dihardu elkarlanean. 2008an “Pentsamenduaren poesia” manifestua eman zuten argitara, intentio auctoris kolektibotzat har daitekeen dokumentua. Bertan, gogora ekarri zuten Grezia klasikotik poesiak eta filosofiak elkarren ondoan eta elkarrekin lehian egindako ibilbidea (Platon, Nietzsche, Zambrano, etab.), eta gogoeta filosofikoa eta adierazpen lirikoa uztartu beharra aldarrikatu zuten: “poesia zerbait bada, pentsamendu musikatua behar du izan, barne isiltasunetik abiatzen den gogoeta, giza izatea jomuga eta infiniturantz helmuga duen oihu etiko bezain estetikoa”. Hori dela eta, zioten, ezin dira onartu gogoeta saihesten edo ukatzen duten poesiaren bideak: “saiheste horretan hitzak usteldu egiten dituzte, entitatez hustu eta hitzaren izate benetakoa deuseztatu. Izan ere, balizko poetika horrek gizartearen eta munduaren gehiegizko soinu antzua biderkatu besterik ez baitu egiten”.

    Manifestua argitaratu zutenetik, “Poesia eta pentsamendua” jardunaldiak antolatu izan dituzte, aipaturiko ildoan sakonduz eta poeta euskaldun nahiz atzerritar ezagunen partehartzearekin: Bernardo Atxaga, Xuan Bello, Antonio Carvajal, Jon Gerediaga, Juan Kruz Igerabide, Tere Irastortza, Clara Janés, Chantal Maillard, Joan Margarit, Ángeles Mora, Julia Otxoa, Manuel Rivas, Antonia Vicens, etab. Bide horretan guztian, aipatu beharrekoa da Imanol Larrinaga (1958- ) margolaria ere, hark eginak baitira orain arteko jardunaldietako kartelen irudiak.

    Hamarkada bateko esperientzia honen ondoren, irabazi asmorik gabeko proiektu gisa sortu zuten Balea Zuria; Juaristik umore puntuarekin esan zuen bezala, “arruinatzen ez bagara, behintzat, segituko dugu”. Kasu honetan ere Larrinagak ilustratu zuen proiektua: berak egina da argitaletxearen logoa, eta hari zor zaio kontrazal bakoitzean egileak eskuz idatziriko poema bat txertatzeko ideia.

    Argitaletxea sortzearekin batera, eta Donostia Kulturarekin lankidetzan, “Donostia Kultura Poesia Lehiaketa” jarri zuen abian laukoteak, 35 urtetik beherako poetei zuzendua. Lehen edizioa Estibaliz Martinez Diaz de Ceriok irabazi zuen, Azalberritze bat (2018) lanarekin, eta bigarren edizioa Gorka Salcesek, Iraganaren izterrak (2019) izenburuarekin argitaratu den poemategiarekin.

    Aipaturiko bi horiez gain, Balea Zuriak ibilbide luzeko poeta zenbaiten lanak eman ditu argitara: hor daude Luis Garderen Barbaroak baratzean (2017), Karlos Linazasororen Lurra bere erro gorrira (2018) eta Patxi Ezkiaga (1943-2018) zenaren antologia poetikoa, Blues bat bizitzari (2018). Gisa berean, bidea ireki die izen berriagoei ere, Izaskun Graciaren Ohe hutsetan (2018) eta Elena Olaveren Zeldak -Gorputz honetatik- (2019) poemategiak plazaratuz. Azkenik, editoreen poesia ere argitaratu du Balea Zuriak: lauen poemak bildu zituzten Chillidari gorazarre / Elogio a Chillida (2017) obra kolektiboan, eta Pello Otxotekoren Itsas bizimina (2019) ere eman dute argitara.

    © Alexander Gurrutxaga Muxika

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Bibliografia

    Webguneak

    ASURMENDI, Mikel. “Balea Zuria: poesia eta saio argitaletxe sortu berria”. In Argia (2017). 2017-11-08. https://www.argia.eus/albistea/balea-zuria-poesia-eta-saio-argitaletxe-sortu-berria [2018-11-08].

    URKULO, Iraitz. “Balea Zuria, euskal poesiako argitaletxe berria”. In El Correo (2017). 2017-11-11. https://www.elcorreo.com/zurekin/balea-zuria-euskal-20171111183927-nt.html [2018-11-08].

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Gurrutxaga Muxika, Alexander.  (2019). “Balea Zuriaren (2017- ) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan. URL: https://mhli.net/artxiboa/balea-zuria/

    Deskargatu PDF-a

    Balea Zuria argitaletxearen logoa