itzuli

Delmas

    DELMASEN SOSLAIA

    Delmas familiaren inprentak (1816-1892) XIX. mendeko Bilboko eta Bizkaiko jarduera editorialaren oinarri nagusia eta garrantzitsuena izan ziren: delmastarren sagak Bizkaiko hiriburuko bizitza soziokulturalean arrakasta izan zuen eta beren argitalpenek garaiko gertaeren eta hamarkadaz hamarkada sortutako intereseko gaien lekukotasun zehatza ematen dute.

    Nicolás Delmas (edo Dal Mazzo) Bilbora iristearekin batera abiatu ziren delmastarren inprentak. Piamonten jaio eta Valladolidera bidaiatu ostean, 1809an Bizkaiko hiriburuan paratu zen eta 1816 aldera sortu zuen bere liburu-denda eta inprenta. Hastapeneko urteetan liburu-dendak ez zuen sona handirik izan, baina 1830eko hamarkada erdialdean, Lehen Karlistaldia (1833-1840) hasi ostean, egoera bestelakoa izan zen: 1834an ideologia liberalerako Nicolás Delmas jaurerriko inprimatzaile izendatu zuten: “El encargo consistía en la publicación de las Actas de las Juntas de Guernica, del Boletín Oficial de Vizcaya, y de los Reglamentos y demás disposiciones emanadas del señorío. Este cargo, además de prestigio, le supuso una seguridad económica que posibilitaba la producción de otros proyectos editoriales” (Zugaza 1989, 8).

    Nicolás Delmas hil ostean, 1852an, berak hasitako jarduera bikoiztu egin zen. Alde batetik, lehen emaztearekin izandako Juan Ernesto Delmas semeak, 1820an jaioak, “Imprenta Delmas” ez ezik, jaurerriko inprimatzaile-titulua ere jarauntsi zuen, eta 1884an Casa de Misericordia zelako inprenta probintziala sortu arte eutsi zion. Beste alde batetik, María de Sagastik, bigarren emazteak, Eduardo Delmas Sagasti semearekin batera, “Viuda de Delmas” izeneko inprenta sortu zuen, XIX. mendearen amaierara arte iraun zuena, hain zuzen.

    Testu guztiz administratibo-instituzionalez gain (adibide bezala, ikus Colección de proclamas, oficios, representaciones y otros documentos que dirige la Diputación a los habitantes del señorío [Aldundiak jaurerriko biztanleei zuzendutako aldarrikapen, egiteko, errepresentazio eta bestelako dokumentuen bilduma] (1839) edo Reglamento general de caminos de Vizcaya [Bizkaiko bideen araudi orokorra] (1841), Delmasen zigiluarekin argitaratutako lanek garaiko eta tokiko errealitate soziopolitikoaren, ekonomikoaren eta kulturalaren inguruko interes soziala eta intelektuala erakusten dute. Sortzen ari zen jarduera editorialaren lehenengo urteetan, karlistaldiak Bilbon izandako garapenari buruzko zenbait obra argitaratu zituen: Reseña histórica del memorable sitio de Bilbao [Bilboko setio gogoangarriaren aipamen historikoa] (1835), Reseña histórica del tercero para siempre memorable sitio y ataque contra Bilbao [Bilboren aurkako hirugarren setio eta eraso betiko gogoangarriaren aipamen historikoa] (1836), Felicitaciones por la heroica defensa de la muy noble y muy leal e invicta villa de Bilbao [Zorionak Bilbo hiribildu noble, leial eta garaitu gabeari, honen defentsa heroikoarengatik] (1837) o Historia de los dos últimos sitios de Bilbao [Bilboko azken bi setioen historia] (1837), eta abar. XIX. mendeko gatazka belikoak hurrengo hamarkadetan islatu ziren: ikus 1876an argitaratutako Antonio Oliverren Dorregaray y la tradición del centro: apuntes para la historia de la última guerra civil [Dorregaray eta zentroaren tradizioa: azken gerrate zibileko historiarako apunteak] edo 1876ko Sabino Goicoechearen Ellos y nosotros: episodios de la guerra civil [Haiek eta gu: gerrate zibileko pasarteak] bezalako lanak. Halaber, foruei buruzko eztabaida eta gai historikoa, hots, 1876ko foruen galerara arte konpondu gabeko auzia, luze eta zabal landu ziren hainbat hamarkadatan zehar, hala nola Pedro Novia Salcedoren Defensa histórica, legislativa y económica del señorío de Vizcaya y provincia de Álava y Guipúzcoa  [Bizkaiko jaurerriaren, eta Araba eta Gipuzkoako probintzien defentsa historikoa, legegilea eta ekonomikoa] (1851), Ramón Ortiz de Zarateren Compendio foral de la provincia de Álava [Arabako probintziako foruen laburpena] (1858); aldundiak babestutako Fueros, privilegios, franquezas y libertades del muy noble y muy leal señorío de Vizcaya [Bizkaiko jaurerri noble eta leialaren foruak, pribilegioak, zintzotasunak eta askatasunak] (1865); Pedro Egañaren Breves apuntes en defensa de las libertades vascongadas [Euskal askatasunen defentsari buruzko ohar laburrak] (1870); eta Fidel de Sagarminagaren Reflexiones sobre el sentido político de los fueros de Vizcaya [Hausnarketak Bizkaiko foruen zentzu politikoaz] (1871) eta Memorias históricas Vizcaya [Bizkaiko memoria historikoak] (1880).

    Aurrekoekin batera, foruen auzien inguruan Delmas semeak argitaratutako obren izenak ez ezik, (ikus, esate baterako, 1870ean agertu zen La verdad de los fueros [Foruen egia] obra), Bizkaiko jaurerriaren omenez argitaratutako obrak ere aipatu behar dira: Guía histórica descriptiva del señorío de Vizcaya [Bizkaiko jaurerriaren gidaliburu historiko deskribatzailea] (1864), Gaztelugach con su historia y tradiciones [Gaztelugatx bere historia eta ohiturekin] (1888), El castillo de Arteaga y la emperatriz de los franceses [Arteagako gaztelua eta frantsesen enperatriza] (1890), eta abar.

    Juan Estaquio Delmasen jarduera editorialean gailentzen den ezaugarrietako bat inprimatze-esparruan egindako ekarpena da: Parisen ikasi ondoren, “desarrollará una abundante producción litográfica, merced a la calidad, el gusto y las graduaciones tonales que imprime a sus estampas mediante el aguatinta y que son parte de su prestigio. Añádase a esto la electrificación de las máquinas, y con ella las prensas rápidas, las plegadoras, el huecograbado, la linotipia y que, el offset y la fotocomposición, técnicas que propagarían las artes gráficas trayendo consigo abundantes ediciones de libros, revistas ilustradas, tarjetas y, sobre todo, periódicos” (Calleja 2011, 73).

    Hain zuzen ere, argitalpen instituzionalez eta monografikoez haratago, Delmas deitura Bilboko hiriaren kazetaritza-jarduerarekin estu loturik agertzen da: 1833an El compilador vizcaino [Biltzaile bizkaitarra] izeneko egunkaria sortu eta atera zuten, 1840an El vascongado [Euskalduna] zeritzona, 1851n Irurac-bat, Delmas semeak zuzendutakoa, “uno de los periódicos de más larga vida e influencia como órgano de debate político y cultural” (ibidem, 8) izan zena, 1852an Boletín de Comercio Político y Marítimo [Merkataritza politiko eta itsastarraren buletina], 1853an El avisador bilbaíno [Mezulari bilbotarra], eta abar. Juan Eustaquio Delmasek, gainera, El correo vascongado [Euskal posta], El noticiero bilbaíno [Berriemaile bilbotarra], la Revista de Vizcaya [Bizkaiko aldizkaria] eta Euskal Erria izeneko egunkarietan kolaboratu zuen.

     

    © Eneko Zuloaga San Román

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Bibliografia

    AGIRREAZKUENAGA, Joseba. “Lehen agerkariak eta komunikazio enpresak: J. E. Delmas «padre del periodismo bilbaíno (1820-1892)»”. In Bidebarrieta. Revista de Humanidades y ciencias sociales (2005), zk. 16, or. 87-109.

    CALLEJA, Seve. El impresor Juan E. Delmas. Un sueño incendiado. Bilbo. Uribitarteko kaia.

    DÍAZ, Javier. Historia del periodismo vasco (1600-2010). Donostia. Sociedad de Estudios Vascos. 1996.

    ZUGAZA, Miguel. “Una familia de impresores: Los Delmas”. In Bilbao, zk. 21, or. 8-9.

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Zuloaga San Román, Eneko. (2019). “Delmasen (1816-1892) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan. URL: Delmas – MHLI

    Deskargatu PDF-a

    "Fueros, privilegios, franquezas y libertades del MNyML Señorío de Vizcaya" (1865) obraren azala