itzuli

Iker taldea

    IKER TALDEAREN SOSLAIA

    Iker taldea (1972-1978) Santutxuko Karmelo eta Erandioko ikastoletako euskaltzale talde batek sortu zuen 1970eko hamarkadan, frankismo amaieran. Ikastolak hedatzen ari ziren, eta, testuinguru horretan, Iker taldearen helburua zen (Gipuzkoako Gordailurena bezala) euskarazko irakaskuntzarako materiala sortzea, euskara eta berrikuntza pedagogikoa sustatuaz. Testuliburu eta irakurliburuak argitaratu zituzten disko argitaldari modura sortutako Cinsa zigilupean. Proiektu honetan jardun zuten egile eta itzultzaileen artean nabarmenduko ditugu, besteak beste, N. Arregi, J. Zuloaga, X. Kintana, X. Mendiguren eta J. R. Etxebarria, edota, ilustratzaileen artean, A. Olariaga, J. C. Eguilleor eta A. Zumalabe.

    Hasieratik, euskara batuaren aldeko apustua egin zuen Iker taldeak, eta bere egin zituen garai hartako joera pedagogiko berriak. Ildo horretan, 1974an, Saioka proiektua jarri zuen martxan, luzaroan ikastetxe askotan erabili izan den metodoa. Ikasgai guztiak bi liburutan banatzen zituen metodo honek; batetik, edukiei zegokien liburuxka eta, bestetik, ariketa gehigarriei zegokiena. Helburua zen, Europan hedatzen ari ziren joera pedagogikoekin bat, haurraren ulermena sustatzea, edukiak buruz ikasarazi beharrean.

    Haur eta gaztetxoentzako irakurgaiak ere argitaratu zituen Iker taldeak, esaterako, abenturazko klasikoen itzulpenak: “Gazteriaren Literatur Altxorra” sailean argitaratu zituzten D. Defoeren Robinson Crusoe, J. Spyriren Heidi edota E. Salgariren Morgan, Sandokan eta Pirataren emaztea.

    Interesgarriak dira, halaber, “Haurrentzako ipuinak” liburuxka bilduma eta “Pinpilin Sorta”, telebistarako ipuin saila, paperean inprimatuta. Haurrentzako euskarazko telebista saio bat zegoen honen oinarrian. Izan ere, hainbat ipuin moldatu zituzten X. Kintanak eta A. Olariagak telebistarako, diaporama sinple batzuen bidez; “Pinpilinpauxa” izeneko saio laburrean ematen zituzten, Euskalerria albiste emankizunarekin batera, Telebista Espainiarreko bigarren katean.

     

    © Izaro Arroita Azkarate

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Arroita Azkarate, Izaro (2019). “Iker taldearen (1972-1978) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/iker-taldea/

    Deskargatu PDF-a

    "Txano Gorritxo"-ren azala (1976). Kintanak eta Olariagak telebistako “Pinpilinpauxa” saiorako moldatutako ipuina, paperean “Pinpilin Sorta” sailean argitaratua.