itzuli

La Gran Enciclopedia Vasca

    LA GRAN ENCICLOPEDIA VASCAREN SOSLAIA

    La Gran Enciclopedia Vasca (Bilbo, 1967-?) Jose Maria Martin de Retanak 60ko hamarkadako erdialdean bultzatutako argitaletxe proiektuak euskal gaiaren inguruko liburuak argitaratzea zuen helburu. Horretarako bide bikoitza aukeratu zuen; alde batetik, garai batean argitaratutako liburuen berrargitalpenak prestatu zituen, eta bestetik, urte haietan idazten ari ziren ikerketak argitaratu zituen. Agian Retanak Katalunian 1965ean fundatutako Enciclopèdia Catalanaren eredua jarraitu nahi izan zuen.

    Izenak dioen modura, Retanaren asmoa euskal gaiaren inguruko ezagupen entziklopedikoa osatzea zen, gai ezberdinak hartuta, historiarekin hasi eta artearekin bukatuta, sukaldaritza edo kiroletatik pasatuta. Hain zuzen, argitaletxeak landutako gaien aniztasuna azpimarratzeko modukoa da, nahiz eta bere libururik ezagunenak historiakoak, etnografiakoak, zuzenbidekoak eta hiztegiak izan. Hain zuzen, Manu de la Sotak, Pierre Laffitek eta Lino Akesolok zuzendutako Diccionario Retana de Autoridades de la Lengua Vasca (1976) eta Jose Miguel Barandiaranen lan guztien argitalpena (1974) bezalako proiektuek argitaletxea ezaguna egin zuten.

    Esan behar da Retanak aukeratu zuen itxura bere liburuentzat entziklopediatakoa izan zela, hau da, azal gogorrak eta larrua imitatzen zituen gainazalak, inprimatutako hizkiekin izenburuetarako eta egileen izen-abizenentzako (sarritan urre kolorekoak). Hain zuzen, argitalpen klasikoekin bat egiten zuten liburuaren itxura dotore eta sendo horiek izan ziren argitaletxearen ikurra..

    Aspaldian agortutako edo argitaratutako liburu klasikoen argitalpenekin hasi zuen bere ibilbidea Retanak, batez ere Resurreccion Maria Azkueren Diccionario Vasco-español-francés (1969) eta Cancionero Vascorekin (1968), Estanislao Labayruren Historia de Bizkaia (1972), Baltasar de Echaveren Discurso de la Antigüedad de la Lengua Cántabra Vascongada (1971), Duvoisin-Bonaparteren Biblia (1972), Juan Antonio Moguelen Peru Abarca (1971), baita Euskalerriaren alde eta Julio Urkijok zuzendutako Revista Internacional de Estudios Vascos aldizkariak ere. Liburuen berezitasuna zela eta, sarritan argitaletxeak facsimilera jotzen zuen.

    Bilduma ezberdinen artean, euskal arteari eskainitako liburuxkak aipatzeko modukoak dira. Biblioteca de Pintores y escultores Vascos de ayer, hoy y mañana izenburupean Euskal Herriko artisten faszikulu antzekoak argitaratu zituen gero liburuxka handiagotan biltzeko. Entziklopedia zabala osatzeko asmotan, XIX. eta XX. mende hasierako artistekin batera, bizirik zeuden artistei argitalpena ordaintzea proposatzen zieten. Horrek kalitate desoreka eragin zuen, artista interesgarri askok ez zutelako proiektuan parte hartu eta ia ezezagunak ziren artistak ikusgarritasuna hartu zutelako.

    Retanak arteari eskainitako arreta ez zen pinturara mugatu eta urte batzuk beranduago jarraipena izan zuen eskulturarekin, 1980an Mario Angel Marrodanen La escultura Vasca izeneko liburu mardula argitaratu zuenean. Era berean, arteari buruzko liburu monografikoak ere argitaratu zituzten argitaletxean, adibidez, Juan Daniel Fullaondok 1976an idatzitako Oteiza y Chillida en la moderna historiografía del arte, Miguel Pelay Orozcok Oteizari eskainitakoa 1979an edo, Retana bera 2004an hil baino lehen, Ana Marin pintore nafarrari eskainitako liburua (2003an).

    Argitalpen ildo hau ez zen Euskal Herrira mugatu eta Kataluniara eta Galiziara ere zabaldu zen, asmo entziklopediko antzekoarekin. Horretarako bertako argitaletxeekin elkarlana bilatu zuten. Artearen alorrean eta Edicions Catalanesekin batera, Diccionario Rafolsen de artistas de Cataluña, Valencia y Baleares (1980) eta Guinovart, Tapies, Hernández Pijoan, Subirachs edo Durancamps artisten lan monografikoak argitaratu zituzten 80ko hamarkadan zehar. Baina argitaletxea ez zen artearen alorrera mugatu, Katalunia eta Galiziako kulturari buruzko hainbat eta hainbat liburu argitaratu baitzituzten: Francesc Carreras i Cardiren Geografía General de Catalunya (1980), Antoni Rovira i Virgiliren Catalunya i la Guerra Civil (1983), Ediciones Gallegasekin batera, Francesc Carreras i Candi katalanaren Geografía general del Reino de Galicia (1980) eta José Santiago Crespo historikoak idatzitako  Historia de Galicia (1983).

    Azpimarratzekoa da argitaletxeak heraldikari eskaini zion tartea, besteak beste Jaime Kerexetaren eta Jose Luis Vidaurrazaga Inchaustiren Diccionario Onomástico y Heráldico vasco (1974), Juan de Vitoriaren Nobiliario alavés (1975) Vidaurrazagaren ardurapean, Libro de Armería del Reino de Navarra (1974) eta José Santiago Cresporen Blasones y Linajes de Galicia (1982) argitaratu ziren, azken hori Publicaciones del Monasterio de S. Jaun de Puyorekin elkarlanean. Alor horretan egindako lanak zirela medio, Academie International d’Heraldique delakoaren saria jaso zuen 1976an.

    Ia liburu gehienak gaztelaniaz argitaratu bazituen ere, aipatu behar da euskaraz idatzitako liburuak argitaratzeko egin zen ahalegina, euskarazko liburugintzarako garai zailetan. Euskarazko aholkulari moduan Lino Akesolok egindako lana ere aipatzeko modukoa da.

     

    © Ismael Manterola Ispizua

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Manterola Ispizua, Ismael (2019). “La Gran Enciclopedia Vascaren (Bilbao, 1967-?) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/la-gran-enciclopedia-vasca/

    Deskargatu PDF-a

    Ismael Manterola