itzuli

Etor argitaletxea

    ETOR ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Eusko Kultur Era Gintza ETOR S. A. (1972-) (Etor-Ostoa gaur egun) 1972an sortu zen Bilboko Ediciones Mensajero-tik banandu ostean. Jakina denez, 1960 eta 1970eko hamarkadetan, euskal kulturaren aldeko mugimendua indartzearekin bat, euskal argitaletxe berriak sortu ziren, euskarazko argitalpenak sustatzeko asmoz. Testuinguru horretan, 1970ean, sortu zuen “Etor Bidean Kultura” bilduma Mensajerok, euskal egileen lanak eta euskarara ekarritakoak plazaratzeko. Honakoak ziren kontseiluko kideak: J. M. Aranalde, E. Ayerbe, M. Jone Azurza, E. Kortadi, J. A. Garmendia, J. Gastañaga eta J. Lizundia.

    Hainbat gairi buruzko lanak argitaratu zituzten bilduma honetan; besteak beste, hizkuntzalaritzari, historiari edota ekonomiari buruzkoak. Hogei bat lan argitaratu ostean, argitaletxe autonomo bilakatu zen Etor, eta Donostiara aldatu zuen bere bulegoa. Geroztik, euskal gizarteari eta kulturari buruzko obra ugari argitaratu du, Euskal Herriari buruzko ezagutza zabaltzeko asmoz: beste askoren artean, historiari, antropologiari, arteari, mitologiari, kirolari edota naturari buruzko lanak. Euskal literaturari dagokionez, nabarmentzekoak dira XX. mendeko klasiko batzuen berrargitalpenak; Txomin Agirre, Nikolas Ormaetxea Orixe, Estepan Urkiaga Lauaxeta edota Koldo Mitxelenaren lanenak, esate baterako.

    Nabarmentzekoa da, halaber, Etor-en funtsen digitalizatze lana. Kontuan izan behar da, argitaletxearen webgunean bertan ikus daitekeenez, funts hori Euskal Entziklopedia Tematikoaren Corpus garrantzitsu izatera iritsi dela: 400 idazle, 10.000 orri eta 40.000 irudi biltzen ditu. Argitalpen-funtsa formatu handiko 80 liburukitan eta formatu txikiko 100 liburukitan argitaratu dute. Funts horiek digitalizatu ahala, Etor Corpus Tematiko Digitala osatu dute, eta Etor-Ostoaren webgunean dago ikusgai. Euskal literaturari dagokionez, aita Santi Onaindiaren obra dago corpus digitaleko datu basean eskura; Euskal Literatura (1972-1990) sei liburukitan. XVI. mendetik XX. mendearen erdira arteko euskal idazleei buruzko lan zabala da, idazleen biografiaz eta obraz gain, iruzkin kritikoak eta bibliografia ere biltzen dituena.

     

    © Izaro Arroita Azkarate

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Arroita Azkarate, Izaro (2019). “Etor argitaletxearen (1972-) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/etor-argitaletxea/

    Deskargatu PDF-a

    "Ipuinak" (Txomin Agirre, 1990). Jatorria: Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegia-Gipuzkoako Foru Aldundia.