itzuli

Jaungoiko-Zale’ren irarkola

    JAUNGOIKO-ZALE’REN IRARKOLAREN SOSLAIA

    Jaungoiko-Zale’ren irarkola (1912-1936) 1912tik 1936an Espainiako Gerra Zibila piztu arte Jaungoiko-Zale Bazkuna elkarte erlijiosoak Zornotzan (Bizkaia) sortutako eta kudeatutako inprenta izan zen.

    Jaungoiko-Zale Bazkuna eta elkarteak berak sortutako inprenta Hego Euskal Herriko inprentak ugaldu eta egonkortu ziren garai bertsuan sortu ziren (XX. mendearen lehenengo hamarkadak). Oro har, elkarte erlijiosoek kudeatutako inprenta xumeak izan ziren, batez ere euskarazko obra txikiak (katiximak, otoitz-liburuak, kantutegi erlijiosoak eta abar), literatur obra kostunbristen eta moralisten berrargitalpenak, eta aldizkako zenbait argitalpen (ber)inprimatzea helburu zutenak.

    Jaungoiko-Zale’ren irarkolak argitaratutako obrak ere arestian aipatutakora moldatu ziren. Inprentaren helburu nagusia doktrina kristaua haurrengana, gazteengana eta helduengana zabaltzea izan zen, eta 1910eko hamarkadaren bukaeratik askotariko obra andana argitaratu zuen.

    Jaungoiko-Zale’ren irarkolak batez ere erlijio-gaiei lotutako obrak argitaratu zituen: testu orijinalak, itzulpenak zein egokitzapenak.

    Alde batetik, probintzia bakar batean bost katixima ezberdin erabiltzen ziren garaian, Gaspar Asteteren lana erreferentetzat harturik, elkarteak katixima bateratu bat plazaratu zuen katekesia eta hizkuntza bateratzeko zegoen beharrari erantzuteko. Lana gipuzkeraz (Kristabaren ikasbide edo doctrina, 1920) eta bizkaieraz (Vitoria-Eleizbar[r]utirako kristiñau-ikasbidea, 1921) argitaratu zen.

    Bestalde, Jaungoiko-Zale’ren irarkolak garaiko zenbait erreferente akademiko-kulturalen obrak ere argitaratu zituen, guztiak elizgizonak. Besteren artean, J.B. Eguzkitza euskaltzainaren Andra Maria’ren loretako illa (1919) lana, Gizarte-auzia: ugazaba eta langille arteko gora-berak (1935) saiakera eta hainbat hitzaldi akademikoren bertsio idatziak nabarmendu behar dira.

    Jaungoiko-Zale Bazkunaren argitalpenen artean F. Arrese Beitia bizkaitar poeta entzutetsuaren obren bildumak aurki ditzakegu: Olerki sortatxua (1930) eta Olerkiak (1933). Halaber, aipagarri dira M. Lekuonak eta J. A. Oar-Artetak prestatutako Manuale sacramentorum euskeraz (1934) obra, J.G. Ibargutxiren hainbat lan (adibidez, Jaungoikoaren legeko aginduak (1925), Eleiz Ama Deunaren ikurtonak edo sakramentuak (1932) eta Edesti deuna (1936)), bai eta P. Baltzolaren Argi donea, lehen aldiz 1924an editatu zen lan saritua etazenbaitetan berrargitaratua (1931 eta 1935 urteen artean hainbat aldiz argitaratu zen bertsio laburtu bat ez ezik, Eguzkitzak egindako bizkaierazko itzulpena ere izan zituen aipatu lanak), besteak beste.

    Belaustegiren Andoni Deunaren bizitza (1919), Goznarkera erraza (1921), Anboto’ko damia (1923), Gaizkane (1925), Oituraonuragiñak (1926) obrak, E. Marurikoaren Biotza abeslari lan poetikoa eta otoitz, bederatziurren eta abesti erlijiosoen zenbait bilduma ere nabarmentzekoak dira.

    Aipatu obra erlatiboki askoren argitalpenez haratago, Jaungoiko-Zale’ren irarkolak plazaratutako obra garrantzitsuena Jaungoiko-Zale aldizkaria izan zen: Zirilo Arzubiaga zuzendaria izanik, 1912an argitaratu zuten lehen alea (Jaungoiko-Zale Bazkuna sortu zen urtean, hain zuzen) eta 1932anazkena. Bien bitartean, G. Manterolak, P. Zamarripak, I. Enbeitak, E. Urkiaga “Lauaxeta”-k, F. Arrese Beitiak, K. Jauregi “Jautarkol”-ek eta T. Mujikak kolaboratu zuten, beste askoren artean.

    Bi hamarkadatan argitaratutako artikuluek kolaboratzaileen ideologiaren berri zehatza ez ezik, partekatu zituzten kezken berri ere ematen dute: erlijioa, euskara eta hizkuntza (Noci 1992, 110) landu ziren nagusiki aldizkarian. Autoreek, katixima euskaraz irakasteko beharraz ohartuta (ikus argitalpenaren azpititulua: Euzkeldunei euskeraz), hezkuntza erlijiosoaren eta euskaldunaren defentsa sutsua egin zuten.

    Jaungoiko-Zaleren ideologia Bigarren Errepublikarekin eta zenbait sektore sozio-politikoren aldarrikapen laikoekin batera sendotu zen. 1932an Ekin izena hartu zuen aldizkariak, eta Espainiako Gerra Zibila piztu arte G. Manterolak zuzendu zuen. Aldizkari berriak K. Sagarzazu “Satarka”, G. Sarasola “Lotsati”, E. Erkiaga, E. Bustintza “Mañariko”, K. Enbeita eta S. Onaindia idazleak ere izan zituen kolaboratzaile, betiereildo editoriala aldatu barik: erlijioaren eta euskararen defentsak eta sustapenak, bai eta hezkuntza-erlijiosoa bideratzeko hezkuntza sistemaren inguruko kezkek Ekin aldizkariaren orri gehienak hartu zituzten hau desagertu arte.

     

    © Eneko Zuloaga San Román

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Bibliografia

    DÍAZ, Javier. (1992). Euskarazko prentsa XX. mendean. Euskal kazetaritzaren sorrera eta garapena. Doktorego-tesi argitaragabea. Gasteiz. Euskal Herriko Unibertsitatea. http://www.euskara.euskadi.net/appcont/tesisDoctoral/PDFak/Javier_Diaz_Noci.pdf [17-01-2020].

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Zuloaga San Román, Eneko. (2019). “Jaungoiko-Zale’ren irarkolaren (1912-1936) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan. URL: Jaungoiko-Zale’ren irarkola – MHLI

    Deskargatu PDF-a

    "Jaungoiko-Zale" aldizkariaren ale baten azala (1921)