itzuli

Gordailu argitaletxea

    GORDAILU ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Gordailu argitaletxea (1976-1987) izen bereko irakasle elkarteak sortu zuen Frankismo amaieran, ikastolen zabalkunde betean, euskararen eta berrikuntza pedagogikoaren alde egindako lanak gizarteratzeko.

    Gordailu irakasle elkartea 1960ko hamarkadaren amaiera aldera sortu zen, ikastoletan berrikuntza pedagogikoaren alde egiten ari ziren lanak uztartzeko. Frankismoan erabateko nagusitasuna zuen eskola eredu tradizionala atzean utzi eta pedagogia aktiboen aldeko apustua egin zuten, Freinet, Freire edo Montessori bezalako pedagogoen ildoan. Haurrak hezkuntza prozesuaren erdigunean jartzea zen helburua; euren motibazioa eta interesa sustatzea, edukiak buruz ikasi beharrean, euren kabuz erantzunak bilatzen ikas zezaten.

    Horretarako, lehentasuna eman zioten irakasleen prestakuntzari eta euskarazko material egokiak prestatu eta zabaltzeari. Irakasleen bilgune bilakatu zen Donostiako Bergara kaleko bulegoa, eta biltegi, liburutegi eta multikopista zerbitzuak ere antolatu zituzten. Argitaletxe bihurtuta, irakaskuntzaren alorrera bideratutako liburu eta materialak argitaratu zituen Gordailuk: metodologia eta pedagogia liburuak, hiztegiak, Oinarrizko Hezkuntza Orokorrerako irakurgai eta ikasliburuak, eskolaurrerako materiala, mapak edota monografiak lau sailetan: gizarte eta natur zientziak, historia eta geografia.

    Gordailu: pedagogi aldizkaria ere argitaratu zuen elkarteak, pedagogiaren inguruko gaiak ikuspegi berritzaile batetik gizarteratu zituen aldizkaria. 1970 eta 1973 artean argitaratutako hemeretzi aleak Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekan daude eskura, Pako Eizagirreren dohaintzari esker.

    Irakasleen prestakuntzari dagokionez, eta Kataluniako Rosa Sensat bezalako mugimenduen laguntzaz, hainbat ikastaro antolatu zituen Gordailuk; baita egoitza edo erresidentziak ere, andereñogaiak trebatzeko, hizkuntzaren nahiz pedagogiaren aldetik. Ikastoletako haurrentzako udalekuak ere antolatu zituzten.

    Frankismo amaierako testuinguru gatazkatsuak, baina, maiz oztopatu zuen Gordailuren lana. Garai hartan euskal kulturgintzan jardun zuten gainerako eragileek bezala, erregimenak ezarritako hainbat trabari egin behar izan zion aurre: zentsurari, bulego miaketei eta materiala argitaratzeko edota ikastaroak antolatzeko jarritako bestelako eragozpenei. Baita arazo ekonomikoei ere. Baina maiz zaildu zuten bidea ikastolen mugimenduaren baitan sortu ziren barne-eztabaida politiko eta ideologikoek ere. Faktore horien guztien eraginez, indarra galduz joan zen Gordailu 1980ko hamarkadak aurrera egin ahala, eta argitaletxeak 1987an utzi zion liburuak argitaratzeari.

     

    © Izaro Arroita Azkarate

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Arroita Azkarate, Izaro (2019). “Gordailu argitaletxearen (1976-1987) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/gordailu-argitaletxea/

    Deskargatu PDF-a

    "Euskal Hiztegi Historikoa: Erdi Aroa eta Aro Modernoa"-ren azala (Murgil taldea, 1987). Jatorria: Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegia-Gipuzkoako Foru Aldundia.