itzuli

Unzurrunzaga, Patxi

    PATXI UNZURRUNZAGAREN SOSLAIA

    Patxi Unzurrunzaga (1906-1984) donostiarraren izena letra larriz idatzi behar diren horietako bat da euskal edizioaren munduan. Bere lan-ibilbideak XX. mendearen zati handi bat hartu zuen, eta berak sortutako Itxaropena argitaletxea (1932- ) Pizkundetik hasi eta frankismoaren amaiera arteko euskal liburugintzaren ikur nagusietako bat da.

    Unzurrunzaga gazterik hasi zen inprenta munduan lanean. Aurrena, Aldundiaren inprentan aritu zen, eta gero Zelaia eta Lagunak argitaletxean. Azken hau itxi zutenean, bertako beste bi langile eta lagunekin batera (Emilio Alkorta eta Bonifazio Illarramendi), inprenta berri bat martxan jartzea erabaki zuten. Horrela, tipografiaren zatia alokatu, eta Zarauzko Victor Pradera kalean (gaur, Herrikobarra) zabaldu zuten Itxaropena inprenta.

    Laster, 1934tik aurrera, Unzurrunzagak bakarrik jarraitu zuen enpresaren buru. Une horretan funtsezkoa izan zen Bernardo Estornesek emandako bultzada: hark animatu zuen Unzurrunzaga aurrera jarraitzera, eta Itxaropenaren kolaboratzaile handia izan zen urte luzez. Hain zuzen, Estornes hainbat argitalpen eta kultur proiektutan murgildua ibili zen beti (Zabalkundea elkarte kulturala, Beñat Idaztiak, Auñamendi, Academia errante, etab.), eta askotan jo zuen Patxiren atea, ediziokide edo inprimatzaile izan zedin.

    30eko hamarkan Euskal Pizkundea bete-betean zegoen, eta Itxaropenak garai hartako liburu nagusietako zenbait inprimatu zituen. Loraldi garai hura, ordea, 36ko gerran eta hari jarraitu zitzaion frankismoaren uztarpean galdu zen. Gerra lehertu zenean, herritar askok erbestera ihes egin zuten, baina Patxi Unzurrunzagak Zarautzen gelditzea erabaki zuen. Familia aurrera atera nahirik geratu zen herrian, eta hala, 1939an bertan bosgarren haurra jaio zen etxean.

    Giroa zaildu ahala, Unzurrunzagaren izena gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen da euskal letretan. Garai honetatik aurrera eguneroko ogia izango ziren zentsuraren jazarpena, salaketak, poliziaren bisitak tailerrera, mehatxuak, liburuen bahiketa… Euskal kulturaren zapalkuntza ikaragarria da esparru guztietan. Egoera orokor horretan, 40ko eta 50eko hamarkadak lur eremu izan ziren euskal liburugintzan, eta Itxaropena, dagoeneko argitaletxe lanak egiten hasia zena, liburugintzaren borrokari eutsi zion ikurretako bat izan zen. Eta zentsura zenbat eta gogorrago, ezinbestean, Itxaropenarenean gero eta bizkorrago: hainbat lan klandestinoki egin behar izaten zituzten, gauez eta ezkutuka, data faltsuekin atereaz liburuak, edo baita inprenta baimenik lortu gabe ere.

    Frankismo ilunenean, Patxi Unzurrunzagaren tailerra bilgune bihurtu zen Euskal Herrian geratu ziren idazle ezagun zenbaitentzat (Jon Etxaide, Luis Jauregi ‘Jautarkol’, Nemesio Etxaniz, Federiko Krutwig, Salbatore Mitxelena, Inazio Eizmendi ‘Basarri’, etab.), eta ez ziren gutxi izan haiek ezkutuan egindako bilerak, tailerraren alboko baratzan zegoen txabolan.

    50eko hamarkadan hasi zen euskal liburuaren mundua berrindartzen, eta Itxaropena argitaletxeak berebiziko garrantzia izan zuen une horretan ere. Hamarkadaren hasieran kaleratu zuten Nikolas Ormaetxea ‘Orixe’-ren Euskaldunak, eta ezin da aipatu gabe utzi 1952an sortutako Kulixka Sorta izeneko bilduma ere, non argitaratu ziren garai hartako euskal liburu garrantzitsuenetako zenbait (Jon Etxaideren Joanak joan, Salbatore Mitxelenaren Arraun ta amets eta Gabriel Arestiren Harri eta Herri,  besteak beste).

    Liburuen edizio eta inprimatze lanaz gain, Unzurrunzagak beste esparru zenbaitetan ere jardun zuen lanean. Zeregin horien artean daude Maria emaztearen laguntzarekin Nazioarteko Editoreen Kongresuetara egin zituen bidaiak: 1956an Erroman izan zen, 1962an Bartzelonan, 1968an Amsterdamen, 1979an Vienan, eta erakundearen baitan Euskal Herriaren bozeramaile izendatu zuten.

    Horrez gain, 1960 eta 70etan, Unzurrunzaga Jose Artetxeren inguruan biltzen zen idazle eta intelektualen solasaldietara joaten zen Donostiara. Pentsalari haietako zenbait La academia errante ezagunaren bueltan ibili ziren, eta han egosi ziren hainbat lan editatu eta inprimatu zituzten Estornestarren Auñamendi etxeak eta Itxaropenak; tartean, Artetxeren beraren El abrazo de los muertos eta Jorge Oteizaren Quousque tandem sonatuak.

    Ikusten den bezala, Patxi Unzurrunzaga editore eta inprimatzaile ez ezik, euskaltzale ekina ere izan zen. Hain justu, bere soslaia osatze aldera, MHLI ikerketa taldeak Ministerio de Información y Turismoko artxibategian kontsultaturiko dokumentu baten zatia ekarriko dugu hona. 1966an, legeak bultzata, argitaletxea erregistratzeko prozedura abiatu zuen Unzurrunzagak. Prozesu horren baitan, Alcalá de Henaresko AGAko dokumentuen artean ikus daitekeenez, poliziaren probintziako komisario-buruaren txosten konfidentzial bat jaso zuen Ministeritzak, zeinak honela dioen: “es persona de buena conducta en todos los aspectos, careciendo de antecedentes desfavorables en los Archivos de esta Comisaría. // Con anterioridad al G.M.N. era simpatizante del nacionalismo vasco, sin embargo no actuó en favor de los rojos-separatistas, ni evacuó de Zarauz. En la actualidad no se le controlan actividades de ninguna índole contrarias al Régimen” (AGA, 0002/05).

    1970eko hamarkadan, frankismoaren indarrek behera egin ahala, euskal liburugintzak gora egin zuen, argitaletxe berriak sortu ziren, eta Itxaropena inprenta-lanetara itzuli zen. Patxiren seme Sabinek hartu zuen orduan enpresaren gidaritza, eta gaur egun hirugarren belaunaldiko Pello du lemazain.

    Patxi Unzurrunzaga 1984an hil zen, baina, XXI. mendetik iraganera begira jartzen bagara, haren izena funtsezkoa da euskal liburuaren historian eta, batez ere, onarpen apartekoa merezi du faxismoaren urte beltzenetan euskal liburugintzari eusteko egindako lan eskergak.

     

    © Alexander Gurrutxaga Muxika

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Bibliografia

    ARCHIVO GENERAL DE LA ADMINISTRACION. “Libro de Registro de Empresas Editoriales”. In Cultura, 62/06372 kaxa, 0002/05.

    PADRON, Jose Luis. “Itxaropena, 75 urte”. In Pérgola (2007), or. 14.

    TORREALDAI, Joan Mari. Euskal idazleak, gaur: Historia social de la lengua y literatura vascas. Donostia. Jakin. 1977.

    SAN MARTIN, Juan. “Patxi Unzurrunzaga, Itxaropena argitaletxearen sortzailea”. In Egan, 3/4-1984 (1984), or. 5-6.

    UNZURRUNZAGA, Imanol. Patxi Unzurrunzaga. (Bidegileak bilduma). Gasteiz. Eusko Jaurlaritzaren argitalpen zerbitzua. 1999.

    ZUZUARREGI, Nagore. “Itxaropena: euskal letren kabi goxoa”. In RIEV Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria (2012), 57, 2., or. 457-472.

    Webguneak

    ESTORNÉS LASA, Bernardo. “Itxaropena”. In Auñamendi Eusko Entziklopedia. http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/itxaropena/ar-75306/ [2019-04-04].

    IBARLUZEA, Miren. “La edición en euskera”. In Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes – Portal Editores y Editoriales Iberoamericanos (siglos XIX-XXI) – EDI-RED, (2017). http://www.cervantesvirtual.com/portales/editores_editoriales_iberoamericanos/edicion_en_euskera/ [2019-04-04].

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Gurrutxaga Muxika, Alexander. (2019). “Patxi Unzurrunzagaren (1906-1984) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan. URL: https://mhli.net/artxiboa/unzurrunzaga-patxi/

    Deskargatu PDF-a

    Patxi Unzurrunzaga itsasontzi batean. Iturria: Oier San Martin