itzuli

Mensajero argitaletxea

    MENSAJERO ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Mensajero argitaletxea (1915- ) Jesusen Lagundiak sortu zuen Bilbon 1915ean. Euskaraz ere argitaratzen duen argitaletxe zaharrenetakoa da, batez ere gaztelaniazko lanak kaleratu dituen arren. 1917tik 1936ra, Jesus’en Biotzaren Deyaplazaratu zuen, bereziki erlijioaren inguruko gaiak lantzen bazituen ere, narrazioei eta poemei ere tarte bat eskaintzen zien aldizkaria. 1960ko hamarkadaren amaierara arte, erlijioari lotutako argitalpenak nagusitu ziren; besteak beste, S. Franzisko Xabierr’en bederatzurruneko irakurraldiak (Mendiburu 1922), Gurutzea eta Kalbarioa (Van Tricht 1936; Luis Isusik itzulia), Santu bizitzak (Manzisidor 1958)edota Itun Zar eta Berria (Olabide 1958).

    Jakina denez, 1960 eta 1970eko hamarkadetan, euskal kulturaren aldeko mugimendua indartzearekin bat, euskal argitaletxe berriak sortu ziren, euskarazko argitalpenak sustatzeko asmoz. Testuinguru horretan, “Etor Bidean Kultura” bilduma sortu zuen Mensajerok1970ean, euskal egileen lanak eta euskarara ekarritakoak plazaratzeko. 1972an, argitaletxe autonomo bilakatu zen Etor, eta Mensajerok “Gero-Mensajero” zigilupean jarraitu zuen euskarazko lanak argitaratzen. Beste askoren artean, saiakera lanak nabarmendu genitzake (Gotzon Garateren Marxen marxismoa, 1971, esaterako), edota euskara ikasteko metodoak (Patxi Altunaren Euskera, ire laguna!, 1967, kasu). Literatur lanei dagokienez, euskal idazle garrantzitsuen obrak kaleratu zituen Gero-Mensajerok; esate baterako, Nikolas Ormaetxea Orixe, Bitoriano Gandiaga, Xabier Lete, Mikel Zarate, Anjel Lertxundi edota Joan Mari Irigoienen lanak. Ordukoak dira beren ibilbidearen hastapenetan zeuden Lertxundiren Ajea du Urturik (1971) eta Goiko kale (1973) edota Irigoienen Oilarraren promesa (1976).

    Haur eta Gazte Literaturaren arloan, “Kimu” sailak hamabi urtetik aurrerako irakurleentzako narrazioak bildu zituen, euskaraz idatzitakoak zein itzulitakoak (London, Verne, Melville edota Kipling bezalako klasikoenak, adibidez). “Kimu”-n argitaratu ziren, halaber, Zarauzko eta Elgoibarko ikastoletako ikasleen idazlanekin osatutako bildumak, Haurra ipuin denean eta Izarren begietan izenburupean.Antzeko sailak dira “Kimutxo” eta “Kolorezko Kimutxo”, baina zortzi urtetik aurrerako irakurleei zuzenduak. Bestalde, “Leku bat, gizonak, historia bat” sailak historiako pasarte ezberdinak aurkeztu zituen, modu argi eta didaktikoan, eta “Ortzadar”-ek euskal historiari buruzko liburuak bildu zituen. “Noski”, berriz, eskolaumeentzako euskarazko testu errazen bilduma bat da.

    Haur eta gazteei zuzenduta, Tintinen album batzuk ere euskaratu zituen Gero-Mensajerok 1972tik aurrera. Halaber, Beleko eta biak (1975) komikia argitaratu zuen, eta baita irakur liburu eta komikiaren artean leudekeen Irakur 2, 3, 4, eta 5 ere. Azken horiek Erein argitaletxeak plazaratu zuen Ipurbeltz euskal komiki ezagunaren aitzindariak izan ziren. Gogoan izan behar da, bestalde, Erein argitaletxea bera Gero-Mensajeron aritutako lantalde batek sortu zuela, Julen Lizundia, Anjel Lertxundi eta Antton Olariaga tartean zirela.

    Gaur egun, Mensajero argitaletxea Jesusen Lagundiaren Loyola Komunikazio Taldeko kidea da, Sal Terrae eta Mezulari argitaletxeekin eta SJDigital bulegoarekin batera. Talde honen barruan, Mezulari zigilupean argitaratzen dituzte euskarazko liburuak eta bildumak, batez ere, haur eta gazteei zuzendutakoak.

     

    © Izaro Arroita Azkarate

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Bibliografia

    CALLEJA, Seve. Haur literatura euskaraz. Lehenengo irakurgaietatik 1986ra arte. Bilbo. Labayru Ikastegia – Bilbo Bizkaia Kutxa. 1994.

    Webguneak

    AUÑAMENDI EUSKO ENTZIKLOPEDIA, “Gero”. http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/en/artikulua/ar-66071/ [2019-07-01].

    GRUPO DE COMUNICACIÓN LOYOLA, “Quiénes somos”. https://gcloyola.com/es/content/8-quienes-somos [2019-07-01].

    ZULOAGA, Eneko. “Historia editorial de Euskal Herria”. In Auñamendi Eusko Entziklopedia.  http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/historia-editorial-de-euskal-herria/ar-153819/ [2019-07-01].

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Arroita Azkarate, Izaro. (2019). “Mensajero argitaletxearen (1915- ) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan. URL: https://mhli.net/artxiboa/mensajero-argitaletxea/

    Deskargatu PDF-a

    Anjel Lertxundiren "Goiko kale" (1973) obraren azala