itzuli

Mensajero argitaletxea

    MENSAJERO ARGITALETXEAREN SOSLAIA

    Mensajero argitaletxea (1915-)Jesusen Lagundiak sortu zuen Bilbon 1915ean. Argitaletxearen jatorrian,El Mensajero del Corazón de Jesúsaldizkaria dago; 1866an agertu zen Bartzelonan, eta Bilbora aldatu zen 1884an. Bi urte geroago hasi zen Tacocalendario del Corazón de Jesúsegutegi ezaguna argitaratzen. Ibilbide luzea egin du egutegiak, eta gaur egun, mugikorretarako aplikazio gisa ere argitaratzen dute. Aldizkariak zabaldu zituen bestelako lanen artean, Luis Coloma edota Remigio Vilariñojesuiten obrak ditugu, besteak beste.

    1915ean sortu zuten Mensajero argitaletxea eta, beraz, euskaraz ere argitaratzen duen argitaletxe zaharrenetakoa da, batez ere gaztelaniazko lanak kaleratu dituen arren. 1917tik 1936ra, Jesus’enBiotzarenDeyaplazaratu zuen, bereziki erlijioaren inguruko gaiak lantzen bazituen ere, narrazioei eta poemei ere tarte bat eskaintzen zien aldizkaria. 1960ko hamarkadaren amaierara arte, erlijioari lotutako argitalpenak nagusitu ziren; besteak beste, S. FranziskoXabierr’enbederatzurruneko irakurraldiak (Mendiburu, 1922), Gurutzea eta Kalbarioa (Van Tricht, 1936; Luis Isusik itzulia), Santu bizitzak (Manzisidor, 1958)edotaItun Zar eta Berria (Olabide, 1958).

    Jakina denez, 1960 eta 1970eko hamarkadetan, euskal kulturaren aldeko mugimendua indartzearekin bat, euskal argitaletxe berriak sortu ziren, euskarazko argitalpenak sustatzeko asmoz. Testuinguru horretan, “Etor Bidean Kultura” bilduma sortu zuen Mensajerok1970ean, euskal egileen lanak eta euskarara ekarritakoak plazaratzeko. 1972an, argitaletxe autonomo bilakatu zen Etor, eta Mensajerok “Gero-Mensajero” zigilupean jarraitu zuen euskarazko lanak argitaratzen. Beste askoren artean, saiakera lanak nabarmendu genitzake (Gotzon Garateren Marxen marxismoa, 1971, esaterako), edota euskara ikasteko metodoak (Patxi Altunaren Euskera, ire laguna!, 1967,kasu). Literatur lanei dagokienez, euskal idazle garrantzitsuen obrak kaleratu zituen Gero-Mensajerok; esate baterako, Nikolas Ormaetxea Orixe, Bitoriano Gandiaga, Xabier Lete, Mikel Zarate, Anjel Lertxundi edota Joan Mari Irigoienen lanak. Ordukoak dira beren ibilbidearen hastapenetan zeuden Lertxundiren Ajea du Urturik (1971) eta Goiko kale (1973) edota IrigoienenOilarraren promesa (1976).

    Haur eta Gazte Literaturaren arloan, “Kimu” sailak hamabi urtetik aurrerako irakurleentzako narrazioak bildu zituen, euskaraz idatzitakoak zein itzulitakoak (London, Verne, Melville edotaKipling bezalako klasikoenak, adibidez). “Kimu”-n argitaratu ziren, halaber, Zarauzko eta Elgoibarko ikastoletako ikasleen idazlanekin osatutako bildumak, Haurra ipuin denean eta Izarren begietan izenburupean.Antzeko sailak dira “Kimutxo” eta “Kolorezko Kimutxo”, baina zortzi urtetik aurrerako irakurleei zuzenduak. Bestalde, “Leku bat, gizonak, historia bat” sailak historiako pasarte ezberdinak aurkeztu zituen, modu argi eta didaktikoan, eta “Ortzadar”-ekeuskal historiari buruzko liburuak bildu zituen. “Noski”, berriz, eskolaumeentzako euskarazko testu errazen bilduma bat da.

    Haur eta gazteei zuzenduta, Tintinen album batzuk ere euskaratu zituen Gero-Mensajerok 1972tik aurrera. Halaber, Beleko eta biak (1975) komikia argitaratu zuen, eta baitairakurliburu eta komikiaren artean leudekeen Irakur 2, 3, 4, eta 5 ere. Azken horiek Erein argitaletxeak plazaratu zuenIpurbeltz euskal komiki ezagunaren aitzindariak izan ziren. Gogoan izan behar da, bestalde, Erein argitaletxea bera Gero-Mensajeron aritutako lantalde batek sortu zuela, Julen Lizundia, Anjel Lertxundi eta Antton Olariaga tartean zirela.

    Gaur egun, Mensajeroargitaletxea Jesusen Lagundiaren Loyola Komunikazio Taldeko kidea da, Sal Terrae eta Mezulari argitaletxeekin eta SJDigital bulegoarekin batera. Talde honen barruan, Mezulari zigilupean argitaratzen dituzte euskarazko liburuak eta bildumak, batez ere, haur eta gazteei zuzendutakoak.Loyola Komunikazio Taldearen argitalpen gehienak erlijio gaien ingurukoak dira, baina badira hezkuntzaren, psikologiaren edota autolaguntzaren alorretakoak ere, besteak beste.

     

    © Izaro Arroita Azkarate

    Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

     

    Dokumentu hau aipatzeko: Arroita Azkarate, Izaro (2019). “Mensajero argitaletxearen (1915-) soslaia”. In MHLI-Memoria Historikoa Literatur Iberiarretan URL: https://mhli.net/artxiboa/mensajero-argitaletxea/

    Download PDF

    "Goiko kale" (1973), Anjel Lertxundi. Jatorria: Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegia-Gipuzkoako Foru Aldundia.